Saguzarra Nolakoa da Saguzarrak edo gau-enarak (Chiroptera) ugaztun hegalariak dira. Saguzarren aurreko besoak hegal gisa garatu dira eta horregatik hegal egiteko gai diren ugaztun bakarrak dira, planeatzeko gai diren beste batzuekin alderatuta. Hegan egiteko modua hegaztien ezberdina da, ez baitituzte besoak mugitzen, baizik eta behatzak. Behatzen artean mintz fin bat dago, patagio izenekoa. Kalkulatzen da 1.100 bat espezie daudela mundu osoan zehar, hau da, ugaztun guztien %20a gutxi gora behera. Gorputzaren zati handi bat hartzen duen bihotz erraldoia dute, hegan egiteko energia ugari behar baitute. Euskal Herrian 25 espezie inguru daudela estimatzen da. Txikienek 29-33 mm. artean neurtzen dute eta 2 gramoko pisua dute; handienek berriz 1,5 metroko tamaina eta 1,2 kilogramoko pisua. Landare tropikal batzuek behar-beharrezkoa dute saguzarrak egotea, euren haziak hedatzeko modu bakarra eurek hedatzea delako.
Bizitokia Bizitokiak saguzar espezieen arabera aldatzen dira. Hiru portaera nagusitzen dira: urte osoan zehar leizeetan bizi direnak (haitzulotarrak), urteko garai batzuk soilik pasatzen dituztenak kobazuloan (erdi-haitzulotarrak) eta urte osoan zehar kanpoan bizi direnak (kanpotiarrak).
Arriskuak Saguzarrak desagertzeko zorian daudela eta, babestutako animaliak dira. Hauek dira kiropteroek aurkitzen ahal dituzten arrisku nagusiak:  Gai
toxikoak: Tratamendurako produktuak irensteak norbanako zein kolonia oso batzuen heriotza eragin lezakeela ohartu gara. Animaliak pestizidek edo/eta ongailu kimikoek intoxikatutako intsektuak jatean, pozoia gantzean edo amaren esnean geratzen da. Hori dela eta, batez ere hibernazio garaian (haien koipea soilik kontsumitzen dutenean) eta edoskitze garaian (amaren pozoitutako esnea edaten dutelarik) hiltzen dira gau-enarak. Bestalde, behiei ematen zaizkien zizareen aurkako botikak, digestio aparatuan dauden parasitoak akatzen dituztenez, behi kakan aurkitzen dira eta saguzarrek jaten dituzten intsektuak kutsatu litzakete.
 Biziguneen
itxiera: Eraikuntza zaharren berrikuntzak, irekidura zein sotorik ez duten eraikin modernoen garapenarekin eta ganbarak edo ganerrak logela bihurtzearekin batera, saguzarrei usaian erabiltzen dituzten eremuak kentzen dizkie (teilatupeak, elizadorreak, ganbarak, zubiak...). Meatze eta harrobien lurpeko zatiak segurtasunagatik isten dituztenean, espezie haitzulotarrek bizitokia galtzen dute. Horrez gain, zuhaitz zaharrak eta basoak mozteak zuhaitzetan bizi diren gau-enarei etxea kentzen die.  Ingurumenaren
aldaketa: Intsektuentzat lagungarri diren biotopoen desagertzeak (hesiak, eremu hezeak, zuhaiztiak...) saguzarrei beharrezkoa zaien janari iturria murrizten du. Erretxina duten landareak eta zuhaitzak landatzeak eragin berdina du.
Javier Ayerra Informazioa: Wikipedia