Haize kontra. Patxi Iturregi

Page 1

Haize kontra Patxi Iturregi

Hernani, Udal Liburutegia 2012 martxoa

http://liburutegiak.blog.euskadi.net/hernani


Patxi Iturregi (Laudio, 1952)

Itsas Nabigazio ikasketak egin zituen Portugaleteko Nautika Eskolan. Garai batean pilotu ibili zen petrolio-ontzi handietan eta gero, 1983tik aurrera, Laudioko Udal Euskaltegian lan egin du. Gaur egun, bertako zuzendaria da. Narrazioa da bere sormenaren ardatza, eta horren barruan ipuingintza du alorrik gogokoena. Hainbat sari irabazi ditu: Donostia Hiria ipuin lehiaketa eta Tene Mujika Debako ipuin saria, besteak beste. Itzulpengintzan ere aritua da.

Bere lanak 1997 Haize kontra | Elkar 2003 Behi eroak | Elkar 2006 Dioramak | Elkar Itzulitakoa 2000 Con el viento en contra | Hiru


Haize kontra

Itsasoa izan da betidanik literaturako iturri oparoenetakoa; gure letretan ere ez dira falta arrantzale-giroko istorioak, baina horien aldean berria da Patxi Iturregik dakarkiguna: merkataritzako nabigazioan mundu zabaleko portuetan dabiltzan marinelak edo itsasbazter urrunetan galdutako petroliuntziak, esaterako. Giro erakargarri horren atzean, berriz, gizon-emakumeek gorpuzturiko istorio samin eta indartsuak kontatzen dizkigu egileak: andrazko bat gizonezkoen untzi batera igo zenekoa, aspaldi ikusi gabeko marinelaren aurrean familiak sentitzen dituen gazi-gozoak, aspaldiko piraten gorabeherak eta itsasertzeko biztanleen larriminak.

Itsasoaren legea Javier Rojo Haize kontra izena jarri dio Patxi Iturregik bere lehenengo liburuari. Bertan bederatzi kontakizun biltzen ditu, bederatzi kontakizun desberdin baina lotura bat mantentzen dutenak: Liburuan agertzen diren bederatzi istorio horiek aldez edo moldez itsasoarekin zerikusia dute. Ez dira, ordea, itsasoan oinarritzen diren abenturazko istorio arruntak. Batzutan garraio-untzietan gertatzen diren gorabeherak kontatzen ditu; bestetan marinelen etxeratzea du kontagai, bueltatzean sortzen diren tentsioak eta guzti; baten bat, misteriozkoa da; eta noizean behin, itsasoa izkutuan bezala dagoen presentzia bat besterik ez da. Itsasoak, beraz, abentura harrigarriak gertatzen diren tokia izan beharrean, edo ekintza batzuen gertaleku arrunta izateaz gain, patuaren errepresentazio bat ematen du, batzutan urrun, bestetan hurbil, baina beti ere, bere legea ezartzen duelarik. Liburu honen merezimenduen artean, aipagarria da erabiltzen duen prosa. Aberatsa da, baina argia; erritmoduna, baina inolaz ere kontatzen duenaren gainean gailendu gabe. Begibistan dago idazleak estilo asmoa izan duela, baina, euskaraz sarri askotan gertatzen denaren aitzitik, estilo asmo hau ez da inoiz ere komunikaziorako oztopo gertatzen. El Correo, 1997-04-17

Itsasotik, heldua1 1

Kritika hau eta gehiago osorik irakurtzeko: http://kritikak.armiarma.com/? page_id=4003&non=oro&tes=haize%20kontra


Edorta Jimenez [...] Ipuinez ipuin joko banu ez nuke jakingo zeini ederren iritzi. Itsasoetako anaiartea izenekoaz zabaltzen da liburua eta, egileak berak aitortu duenarekin bat, liburua edozein ordenatan irakur daitekeen arren (besteetan ere eskubide hori berori omen dugu), hasierako horri ekinez hastea gomendatu nahi dut. Emakumezko bat, eder-liraina eta gaztea, gizonezkoen monopolioa den itsasontziko giroan sartuz gero, zer?, hara hor galdera; erantzunetako bat, aipatu narrazioa. Emakumezko bat gizonezkoena izan den giroan artegarri izan daitekeen era berean, edonor artegaraztekoa izan liteke itsasoan lehorrean baino tarte luzeagoak ematen dituen gizonaren etxeratzea. Ez ote dira zoratzen marinelak? Galde egin Iruzurraren tamaina izenekoan aurkezten zaigun mutikoari. Edo galde egin Atearen zein aldetan ezagutuko dugun emakumeari. Itsasoak bere legeak, eta horietako bat artez edo moldez bere semealabak tragatzen dituela da. Lehorrean gaizki konponduta nahiz ezelan ere konpondu gabe utzi dugunaz Hobe ez gogoratzea, esan dezake marinelak, liburuko laugarren ipuinaren izena errepikatuz, itsasoan den bitartean ezer gutxi egin baitezake gaitza konpontzearen alde. Agian dei bat, telefonoz? Konponduko al du ezer horrek? Hobe ez gogoratzea narrazioak horretaz dihardu, egileak hor erakusten duelarik giro edo ingurats bere-bereak sortzeko dohaia. Hurrengo ipuinak, Hondarreko distira ahantzi hura izenekoak, inguratsa baliatzen du giza-arimaren zirrikuetan must egiteko. Must egin, hots, uretara blausta egin, baina historiakoetara, Patxi Iturregik Egur harroa izenekoan egin du. Nik uste, ipuin horretan bada arnasa luzeagoko narrazioetarako abiaburu bat. Untzi zatikalekua izenekoak bihotzean ikutu nau, eta behingoan esan behar dut ez deritzadala liburuko onena, ez. Iraganaren minez dihardu horretan, Bilboko kresal-ibaia burdinazko birika eta bihotz elektriko haien zain oparoa zenekoaz. Bada, zer esan horretaz Erandio-Areetako errepideetan eldarnioaren ateetan sentitu izaten denak? Liburu honetako ipuin guztiak ez dira borobilak, ez, baina idazlea bera idazle heldu ageri zaigu, halako heldutasunen zamak inoren lepoan jartzea mesederako barik kalterako izan daitekeen arren esanda. Cypprus-en sekretua eta Ur biziak narrazioak misteriotsuak dira, eta magikoak. Patxi Iturregirengan eragina izan duten idazleen zerrenda bat osatzera ere iritsiko gara magikotasunaz eta misterioaz jardunez gero. Ez da halako zerrenda osatzeko egokiera; bai esateko, aldiz, hain gogoko ditudan liburu horietako batzuen alboan dudala Haize kontra hau. Euskaldunon Egunkaria, 1997-02-08


Patxi Iturregiri elkarrizketa2 [Dioramak bere hirugarren lana atera ostean] Zure hirugarren liburua da hau, Haize kontra eta Behi eroak-en atzetik. Denak ere ipuin-liburuak, baina joera sumatzen zaizu gero eta ipuin laburragoak egiteko... Hori egia da. Horrelakoxea izan da orain arteko nire bilakaera. Ia neurri berekoak izanda -180 orri ingurukoak-, Haize kontra liburuak bederatzi ipuin izan zituen, Behi eroak-ek hamabi bat eta oraingo Dioramak, aldiz, hirurogeita sei. Azken honetan ipuin laburrak eta hiperlaburrak dira nagusi. Egia esan, labur kontatu behar hori joera orokorra da, bai ipuingintzan bai literaturan bai gaur egungo arte langintza askotan ere. Gero eta unitate txikiagoak erabiltzen dira esparru guztietan. Horrek abantaila garbiak ditu. Adibidez, ipuinen kasuan, errazago topatuko duzu non argitaratu laburrak baldin badira, irratian, aldizkariren batean, egunkarian, telebistan... Luzeak badira, berriz, liburuaren aukera baino ez duzu. Oro har, tamaina luzea oso zurruna suertatzen baita. Bestalde, esan behar dut gustura nabilela formato txikian; izan ere, esperimentatzeko eta bide berriak jorratzeko parada ezin hobea eskaintzen dizu. Azkenean, eskema moduko bat eratzen duzu buruan, horrelako istorio laburrak harrapatzeko sare bat edo, eta berehala ikusten duzu zeure burua ehiztari gisa, eguneroko gertaera arrunten artean hurrengo kontagaia izan daitekeena atzeman nahian. Gainera, nolabaiteko hiltzaile sena garatzen duzu, istorioak jaio berritan “akabatzeko” antze berezia. Zein dira Iturregiren iturri nagusiak, literatura kontuetan? Nik, idazle guztiek bezala, hiru inspirazio-iturri nagusi ditut literatura kontuetan. Munduko errealitatea, barneko esperientzia afektiboa eta urteetan zehar irakurritako liburuek utzitako oroitzapen hondar hori, nolabait esateko. Idazleen arteko aldea, iturri hauek zein neurritan erabiltzen dituzten izaten da. Ni (aitortzea beste erremediorik ez dut), miope samarra naizenez, ez naiz errealitatearekin ondo konpontzen, eta aukeran nahiago dut barne esperientziaren eta literaturaren esparrutik jasotako elementuekin aritu. Gauzak erabat alda litezke liburu batetik bestera ordea. Ez dago jakiterik… Zaleen artean esan daiteke prestigiozko idazlea zarela; hala ere, ez zara komunikabideetan askorik agertzen. Zeuk hautatu duzu bakartze hori? Lagungarria gertatzen da sorkuntzarako? Zer esango dizut ba? Ni ez naiz idazle profesionala, beste lanbide batetik ateratzen dut bizimodua. Irakasle nabil euskaltegi batean. Bestetik aita familiakoa naiz. Hortaz, demagun nire denboraren heren batean edo idazle naizela. Egunero lerro batzuk zirriborratzen saiatzen naiz, baina ez dut beti nire helburua lortzen. Gainera, nahiko mantso idazten dut. Hiruzpalau urteren buruan liburu bat osatzen dut. Orduan etortzen zait komunikabideen aurrean agertu beharra, lana promozionatuko bada. Eta horrek egonezina sortzen dit, nire ohiko paperetik kanpo jartzen nauelako. Nik maiteago dut literaturaren beste aldea, aurpegi tradizionala, eguneroko irakurketak, presarik gabeko lana, bizitzaren gaineko hausnarketa lasaia... Horrek ematen dit benetan bizipoza. Ez naiz idazle “mediatiko” horietakoa, eta ez dut aldatzeko gogorik, ez nau komunikabideen distirak batere erakartzen.

2

Elkarrizketa osoa irakurtzeko: http://www.kontaizu.net/index.php? option=com_content&view=article&id=2034&catid=35:berba-bi&Itemid=55


Patxi Iturregi Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean3

3

Ipuin bakarrak / aukera eta sarrerak, Xabier Mendiguren

(1994)

Iturregi, Patxi (1952-)

Haize kontra / Patxi Iturregi

(1996)

Iturregi, Patxi (1952-)

Behi eroak / Patxi Iturregi

(2003)

Iturregi, Patxi (1952-)

Con el viento en contra / Patxi Iturregi ; traducción, Idoia Santamaría y Patxi Iturregi

(2000)

Iturregi, Patxi (1952-)

Dioramak / Patxi Iturregi

(2006)

Tene Lehiaketa (9º. 1992. Deba)

Tene Lehiaketa 1992 / Debako Kultur Elkartea, Debako Udaka

(1992)

www.katalogoak.euskadi.net/katalogobateratua


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.