Lasai, ez da ezer gertatzen Ana Malagon
Paper batean Nire bizikletaren saskian norbaitek utzitako paper batean irakurri dut. “Kaixo, Eneko: Naroa gaixo egon da eta ez da komeni izerditzea, oraindik ez dago guztiz sendatua. Mila esker.â€? KaligrafĂa polita du Naroa gaixoak. (153. or.)
Hernani, Udal Liburutegia 2014 abendua
Ana Malagon Zaldua (Donostia, 1978) Ikus-entzunezko komunikazioa ikasia. Proiektu digitalen diseinuan lan egiten du. “Lasai, ez da ezer gertatzen� da bere lehen liburua.
Mina da kontatzen den istorioaren muina
1
[Elkarrizketa] Idazle gazte baten lehen liburua dugu hau, baina zure belaunaldikide batzuk aspaldi hasi ziren argitaratzen. Zergatik orain? Baldintza jakin batzuk eman behar ziren. Idazte lanean ganoraz aritzea, nire gaitasunean eta idazten ari nintzen horretan gutxieneko segurtasun bat edukitzea eta, azkenean, norbaitek hau argitaratzeko interesa edukitzea. Orain arte, bi lehenengoak falta izan zaizkit. Eta, zorionez, bi baldintza horiek eman direnean, hirugarrena ere bete da. Jackpot. Internetetik papererako saltoa eman duzu: pauso natural bat da? bi eremu desberdin? nola ikusten duzu? Niretzat naturala izan da, azken finean interneten idazten nituen ipuin laburrak argitaratu baitira. Orokorrean pauso naturala den, ez dakit, baina desio naturala badela esango nuke. Are gehiago fikzioa idazten duenaren kasuan. Interneten idazten den fikzioa nahiko gutxietsia dagoela iruditzen zait, eta badirudi serio hartzeko apaletara pasatzea beharrezkoa dela. Ez bakarrik besteen iritzian, baita norberak bere lanarekiko duen iritzian ere. Bidezkoa ote den? Nire zalantzak ditut. Bi eremu ote diren? Baliteke batean eta bestean gauza desberdinek funtzionatzea, irakurketa baldintzak desberdinak direlako eta bitartekaritza eta filtroak desberdinak direlako. Zure ipuinetan, umorea oso presente dago, baina ez da algaraka hasteko umorea, irri ironiko bat pizten duena baizik. Ironia presente dago mina presente dagoen neurrian. Liburu honetan nahiko loturik dauden bi ideia dira. Ironia distantzia hartzeko modu bat bezala agertzen da, eta, distantzia horrekin, pertsonaiek autodefentsarako modu bat aurkitzen dute‌ nolabait. Insatisfazioa motor hobea al da sormenerako asetasuna baino? Bakoitzak ikusiko du. Nik asebetea existitzen denik ere ez dakit, askotan konformismoarekin nahasten baita eta, bestetan, erabat asetzea ere ez den erlatibizatzearekin. Gaur egun bizi dugun errealitate honetan insatisfazioak istorioak sortzeko abiapuntu, gai eta motibazio kopurua nahiko mardula ematen duela esango nuke, hori bai. 1
[2014-11-07]: http://postdata.elkar.com/es/2014/02/21/ana-malagon-mina-da-kontatzen-den-istorioarenmuina/
Zein dira artean zure erreferentzia, eragin, iturri nagusiak, laburtzea posible bada? “Lasai, ez da ezer gertatzenâ€?en kasuan iturriak asko eta anitzak izan dira. Urteetan zehar formatu askotan jaso izan dudan materiala da, hor gelditu dena, modu nahiko amorfoan, nire buruan. Erreferente kulturalez ari bagara, ba ez nuke jakingo zer esan, zeren niri gustatzen zaizkidanak gero ez ditut islatuta ikusten. Zoritxarrez. Eta zergatik mikroipuinak? Beste generoren bat probatu duzu edo probatzeko asmorik? Alde batetik, kontatu nahi nituen istorioak kontatzeko formaturik egokiena zela iruditzen zitzaidan. Bestetik, azken urteotan lantzen joan naizen formatua ere bada. Ipuin luzeagoak idatzi izan ditut eta behin, gaztetan, nobela labur bat idatzi nuen gazteleraz. Bestelako formatu bat probatzeko asmoa istorioek eragingo dute. Zure estilo eta gaiei buruzko iritzi batzuk botako dizkizut, komentatu nahiko bazenitu. Enfasiari ihes egiten diozu. Erredundantziari beldur handia diot eta berez istorioak nahiko enfatikoak direla -drastiko xamarrak akaso- iruditzen zitzaidan eta enfasitan ibiltzeak ez ziola ezer gehitzen, alderantziz. Sentimentalismoari ere bai. Pertsonaiak badira sentimentalak eta emozionalak, kasu askotan. Beharbada ez dute publikoki agertzen, eta batzuetan hori da duten gatazka, baina irakurleak badaki hala dela. Edo behintzat, susmoa izan dezake. Haurtzaroa oso maiz agertzen da. Errealitatearekin ditugun arazoak haurtzaroan hasten dira, non irudimena eta idealak oraindik oso presente dauden, baina, pixkanaka, irudikaturiko horrekin zerikusirik ez daukaten eta gehienetan kontra egiten dioten gauzak agertzen doaz. Hemen hasten da frustrazioarekin dugun idilioa. Berdin heriotza. Bizitzaren mugarri nagusiena dela esango nuke. Hil egingo gara. Ezagutzen ditugun pertsonak hil egingo dira. Horrek errealitatearekin, gure ingurukoekin eta geure buruarekin dugun harremana baldintzatzen du. Eta baldintza horietatik istorioak sortzen dira. Pertsonen arteko komunikazioa gaizki-ulertuz beterik dago? Jaramon ezak gaur egungo giza harremanetan jokatzen duen papera garrantzitsua da. Gaizki-ulertua ez da horren ondorio bat besterik. Maitasuna beti zaputzean amaitzen da? Beno, nire inguruan kontrakoa adierazten duten kasuak ditut, zorionez‌ momentuz behintzat.
Lasai, ez da ezer gertatzen Bakardadearen mapa moduko bat da liburu hau, Iban Zalduak hitzaurrean dioenez. Frustrazioaren koordenadak erakusten dizkigu bere orrietan, insatisfazioaren eta inkomunikazioaren kartografia. 162 mikroipuin idatzi ditu egileak, inoiz orria gainditu gabe, eta neurri murritz horretan unibertso pertsonal bat eraiki du: hiritarra, gaurkoa, gure egunerokotasunari ironiazko begirada bat eskaintzen diona. Haurtzaroa ageri da kontakizunotan, ez idealizatua baizik porrot txikiz osatua; heriotza ez tragikoa baizik eta ia etxekoa, misteriotsu baina aldi berean irrigarria; maitasun ez poz betezko baizik ahitua, askotan jaio orduko usteldua. Idazkera sobrio eta zehatza darabil Malagonek, apaingarriei eta enfasiei ihes egiten diena, eta –bistan denez– luzamendutan galtzen ez dena.
Aitormena2 [Liburuko zatia] Berrogeita hamalau urte ditut eta ez nuen inolaz ere neure burua honelako egoera batean irudikatzen. Ez mezu hau bidaltzen. Ez esan nahi dizkizudanak esaten. Zaila egiten zait. Ez naiz inoiz bereziki trebea izan harreman sentimentalen arloan. Lotsa deitu izan diot beti baina baliteke beste zeozer izatea. Ezintasuna. Zintzoa izan nahi dut oraingoan. Zurekin inorekin baino gehiago, Edurne. Orain inoiz baino gehiago. Hala merezi duzulako. Hala behar duelako. Hau da nire aitormena. Ez dut zu bezalako inor ezagutu. Ez dut zu ezagutu zaitudan bezala inor ezagutu. Eta ez dut ezagutuko. Ez dut hala nahi izango. Ez da hala izango. Elkarrekin igaro ditugun momentuak bakarrak izan dira. Hala behar dute. Esan dizut lehenago. Ez naiz trebea harremanetan. Lotsa deitu izan diot beti baina baliteke beste zeozer izatea. Nazka. Eta orain, utz nazazu bakean. Alde egin betiko. Ez segitu berriz. Ez deitu berriz. Mesedez.
2
Hemendik hartuta: http://samulasaitasuna.tumblr.com/
Kritikak3 I’m a loser baby Amaia Alvarez Uria Ana Malagonek idatzitako lehen liburu honetan mikroipuinak topatuko dituzu, orrialde laurden, heren edo erditik gutxitan pasako direnak. Narrazio labur gehienek bertsoen egitura dute, kolpea amaieran baitator. Kolpea diot, baina batzuetan ukabilkada izaten da, (ironiaz hornitutakoa zenbaitetan), irakurlea identifikatu daitekeelako bertan agertzen diren hainbat konturekin, batez ere, belaunaldia, jatorria eta klasea konpartitzen baditu egilearekin, erreferentzia eta bizipenak errepikatzen direlako (edo ez?) eta bizitza, heriotza, maitasuna eta gorrotoa bezalako gai unibertsalez diharduelako testuotan, eta bestetasunaz. Ipuinotan, hitzaurrea idatzi dion Iban Zalduak dioen moduan, “bakardadearen koordenadak� agertzen dira, eta gehiago edo gutxiago, XXI. mendeko Mendebaldeko kulturako klase ertaineko biztanle zuriok inoiz izan dugun gaitza da hori; hurbila(goa) eta ezaguna(goa) zenbaitentzat, zenbaitetan. Hala ere, honekin batera, bizitz(e)ak eragiten duen minaren erradiografia egin eta ahots marjinal edo marjinatuen berri eman digula ere esango nuke nik. (...) Izenburuan gezurra esaten digu egileak gu lasaitu nahian, gauza asko gertatzen dira eta liburuaren orrialde hauetan. Ez dira denek ikusi, entzun edo sumatu ditzaketen gauzak, eta hori izango da narratzailearen lana, guri haien berri ematea, ikusgarri egingo dituelako hango eta hemengo hirietan bizi den jende bakartiaren gorabeherak; ahotsa eta protagonismoa emango dielako lehen munduko jendarteko galtzaileei, haien odol, izerdi, heste eta dardarak paper gainean ipiniz. Argia, 2014-07-06
Gertatzen dena Ibon EgaĂąa Ezin esan proposamena ausarta ez denik: 160 bat mikroipuin ditu Ana Malagonek lehen liburuan, oso eite desberdinekoak; gehitu horri generoak berak duen arriskua: asko jokatzen baitu egileak orrialde (paragrafo) bakarrean, irakurlea poltsikoratzeko bigarren aukerarik gabe. Ez nuke esango guztietan asmatu duenik, baina narraziorako zolitasuna eta sena begi bistan daudela uste dut 160 narraziootan. (...) Mikroipuinak zehaztasuna duke ezaugarri behinena; soberako hitzik ez izatea, lerro gutxitan mundu narratibo osoa eraikitzea, eta irakurlea espero ez duen bazterretik harrapatzea. Mikroipuinaren definizio zurrunenari bete-betean atxikitzen zaizkion testu ugari ondu ditu Malagonek; teknika, ikuspegi eta egitura narratibo franko maneiatzen ditu, inoiz liburuari katalogo itxurarik eman gabe. Lehen lerrotik ipuinari dagokion giroan eta ahotsean sartzen du idazleak irakurlea, eta sarritan ustekabean harrapatzen azken lerroarekin(...) 3
Osorik irakurtzeko [2014-11-07]: http://zubitegia.armiarma.com/?i=905
Aniztasunean badu batasunik liburuak: giro urbano eta globaletan kokatuak dira, motibo eta erreferentziak errepikatzen dira, narratzaile anitzen ahotsek badute antzekotasunik (eszeptizismoaren eta ironiaren artean) eta, finean, bada begirada etsitu eta eszeptiko bat testu gehienak zeharkatzen dituena. Ipuin askoren atzean, izan ere, munduak norberagandik espero duenera egokitu ezina dago, lekurik aurkitu ezina, eta horren ondoriozko bakardadea. Mundu-ikuskera propio bat, beraz, narrazio-molde ugaritan emana. Ez da gutxi lehen liburu baterako.
Deia, 2014-03-15
Desilusioa Javier Rojo
Ana Malagonek euskal literaturan liburu formatuan egin duen aurkezpena interesgarria da oso. Liburuak “Lasai, ez da ezer gertatzen� du izenburua eta, nonbait sailkatzekotan, mikroipuinen alorraren esparrukoa dela esan genezake. Hainbat atal laburrez osaturik dago liburua eta atal horietako askok ipuinen ezaugarriak gordetzen dituzte, labur bada ere, istorio bat kontatzen baitute funtsean. Beste batzuek, ordea, mikroipuinak narratibari lotzen dizkion ezaugarri hori (istorio bat kontatzea alegia) oso lausotuta dute, eta egoera baten aurkezpena edo fikziozko subjekturen baten hausnarketa azaltzen zaizkigu bertan. Ipuinak izan edo ez (kontu nominalistak absurdo xamarrak dira), liburu honetan irakur ditzakegun atal gehienak paradoxa baten aurkezpenean oinarritzen dira, eta bizitzan ilusioek nola egiten duten huts erakusten digute. Gizakiak, desilusiora daraman ibilbidean berehala sartzen direnez gero, Ana Malagonen liburuan askotan agertzen zaigu haurtzaroko mundua. Eskola kontuek, pertsonaiak haurrak zireneko familia gorabehera txikiek leku handia hartzen dute liburuan, lehenengo urte horietan eskolak eta familiak aurreneko desilusioen ingurua eskaintzen baitute. Azken finean, eskola desilusioaren eskola ere bada, eta bertan ikasten dugu desioak ez daudela betetzeko. Egoera honetan, pertsonaien eta inguruaren artean nolabaiteko lubakia irekitzen da. Pertsonaiak isolatuta daude, eta besteekin dituzten harremanak ezinezkoak edo mingarriak suertatzen zaizkie. Halako osagaiekin osatutako liburua ezkorra da, eta batzuetan umorerako joeraren bat aurkezten badu ere, umore nahiko mingotsa agertzen da, etsipenez beteta dagoen aldetik. Izan ere, gizakiak berehala ikasten du desiratzen duenak ez daukala gero errealitatean aurkituko duenarekiko antz handirik. El Correo, 2014-03-15