Herritarren partaidetzari buruzko argitalpena, Administrazio publikoei zuzendua
Esperientziak partekatuz, sareak ehunduz
2009ko maiatza
Esperientziak partekatuz, sareak ehunduz Gure gizartean bakea eta bizikidetza lortzeko baldintzak sortzen lagunduko diguten elkarrizketa bide posible guztiak errazten saiatzen den elkartea da Lokarri. Bai Elkarrik hamahiru urtean zehar nola Lokarrik bere bizitzako hiru urtean zehar, herritarren partaidetzaren alde egin dute apustu beren etorkizun propioaren eraikuntzan. Bere eginkizuna honako printzipioetan oinarritu da: herritaren nahiak entzutea, herritarrei ahotsa ematea, ezberdinen arteko elkarrizketa esparruak sortzea eta konponbide partekatuak eta barneratzaileak bilatzea. Hau guztia egin da bakerako eta bizikidetzarako baldintzak sortzea helburu, elkarrizketaren aldeko herritarren sare bat ehuntzea helburu. Partaidetzarako bide egokiak bilatzeko jardunbide honetan, elkarrizketa metodo ezberdinak esperimentatu dira. Horietako batzuk biltzen ditugu argitalpen honetan. Eraginkorrak direla egiaztatu dugu urteetan zehar. Baina ezin da ukatu abian jarritako elkarrizketa-ekimen askoz gehiagotik ere ikaskuntzak lortu direla eta garatutako metodologiak hobetzen lagundu dutela. Honakoa da argitalpen honen helburua: hamasei urte hauetan metatutako esperientziak partekatzea, beste prozesu parte-hartzaile batzuk laguntzea eta ikaskuntzak batzea hobetzeko nahi sakon bati erantzunez. Era guztietako Administrazio publikoei zuzenduta dago argitalpen hau. Herritarren partaidetzaren alde apustu egitea demokrazian sakontzearen alde apustu egitea da, zilegitasunean irabaztea da. Baina uste dugu apustu hau egin aurretik argi eta garbi jakin behar dugula zer den eta zer ez den herri-partaidetza eta hausnarketa sakona egin behar dugula boterearen eguneroko kudeaketa-lanari ekar diezaizkion onura zenbaezinei buruz. Bukatzeko, honakoak eskaintzen ditugu: urteetan zehar garatu eta hobetu ditugun elkarrizketa metodologia batzu eta lankidetza proposamen zehatz bat alor publikoan prozesu parte-hartzaileak garatzeko orduan. Sinistuta gaude herri-partaidetzaren alde apustu egitea bizikidetzaren alde apustu egitea dela, pertsona guztientzako elkarrizketa esparru gehiago antolatzeak argumentuak kentzen baitizkie indarkeriaren erabilera koponbideak bilazeko tresna bezala justifikatu nahi dutenei. Bakearen eta bizikidetzaren bilaketan herritarrak horien azken hartzaileak dira eta, horregatik, bidezkoa da herritarrak beraiek izatea aipatu prozesuaren subjektu aktiboak.
2
1. Zergatik eta zertarako partaidetza 1. 1. zergatik egin apustu partaidetzaren alde? - Gizarteak gero eta gehiago eskatzen duelako herritarren ahotsa adierazia, entzuna eta kontuan hartua izatea. - Administrazio publikoek eta herritarren kolektiboek herritarrak gehiago inplikatu behar ditugulako beren nahi eta benetako beharrak ase nahi baditugu. - Prozesu parte-hartzaileek berarekin dakartzate hezkuntza eta prestakuntza prozesu inplizito bat. - Partaidetza tresna egokia eta baliagarria delako bereziki indarkeria adierazpen eta desadostasun politiko eta sozial larriak pairatzen dituzten gizarteetan. Izan ere, elkarrizketa bideetan sakontzen du, entzumen ariketa bizkortzen da, ezberdinen arteko enpatia bultzatzen da eta alternatiba baliagarria eta eraginkorra da indarkeriaren aurrean.
1. 2. partaidetza, zertarako? - Gatazkak aldaketarako motore bezala baloratzen ikasteko. Horiei esker, parte hartzen dutenen gaitasun eta ezaguera guztiak baliatu ahalko ditugu konponbide sortzaile eta partekatuak bilatzeko. - Elkarrizketa eta entzumen aktiboa bultzatzeko eta ezberdin pentsatzen dutenak elkarrengana hurbiltzeko. - Partaidetzari esker herritarrak informatuago egongo dira, hausnartzaileagoak izango dira eta baita inplikatuago ere, partaidetza mugiarazlea baita. - Partaidetza handiagoaren alde apustu egiteak gauza modu berri batez egitearen alde apustu egitea esan nahi du, erlazionatzeko modu berri baten alde, konfidantza sortzearen alde, herritarren sareak ehuntzearen alde. - Partaidetzak gizarte elkarrizketatzaileagoak egiten ditu, adostasunetara iristeko eta beren arazoak kudeatzeko prestatuagoak. - Konfidantza sortzen du herritarren artean, pertsonak aldaketaren subjektu aktibo bezala kokatzen ditu eta pertsona guztien erabakiei ematen die garrantzia, haien artean aldeak egonik ere.
3
2. Partaidetzaz zer ulertzen dugun eta arrisku zenbait 2.1. zer ulertzen dugu partaidetzaz? Herritarrek alor publikoan inplikatzea eta aktiboki eragitea da herri-partaidetza, dagokien gaietan eta prozesu parte-hartzaileen bidez. Herri partaidetzak, beraz, badu gatazka potentziala, izan ere, gizabanako ezberdinen arteko harremana bultzatzen baitu zenbaitzuetan interes kontrajarriak dituzten eta konponbide egokiena lortzeko akordioak hitzartzera behartuta dauden pertsonen artean. Konponbidea lortzeko ahaleginean herritarrak subjektu aktiboak diren neurrian, errazago jabetuko dira konponbide horretaz. Partaidetza ez da mugatzen ekintza puntual batera, prozesu baten izaera dauka. Partaidetzaren alde apustu egiteak gauzak beste modu batera egitearen alde apustu egitea da, erlazionatzeko beste modu baten alde. Partaidetzak izaera jarraia izan dezake, une ezberdinetan gauza daiteke eta pertsonei, mementoei eta finkaturiko helburuei egokitutako tresna ezberdinak erabiliz. Erlazionatzeko izaera nabarmena du partaidetzak. Interes komunak dituzten pertsonak elkarren artean hartu-emanetan jartzeko aukera ematen du eta harreman loturak, komunikazio sareak sortzekoa. Gainera, badu betekizun hezigarri garbia, beste modu batez erlazionatzen irakasten baitigu. Prozesu parte-hartzaileak ez dira inprobisatzen, bat-batean egiten. Plangintza bat, metodo egoki bat behar dute. Hasiera batean, pertsona talde bat izan ohi da prozesu parte-hartzailea bultzatu eta itxura ematen diona, hau da, prozesuaren talde sustatzaile bat. Erabakitzeko gaitasuna duten pertsonak izaten dira, partaidetzarekiko konpromisoa eta prozesuan parte-hartzera gonbidatutako eragileak zedarritzen dituztenak. Honakoa da talde sustatzaile honen betekizuna: beharrezko pausoak ematea eta prozesua errazteko balio duen guztia eskuragarri jartzea. Beraz, prozesua errazteko talde bat da. Garrantzitsua da profil eta gaitasun ezberdineko pertsonek osatzea taldea. Talde honetan sarturik dauden pertsona hauen pluraltasunak neurri handian bermatuko du parte-hartzaileen pluraltasuna prozesu parte-hartzailean.
2.2. zerk egiten du prozesu bat parte-hartzailea izatea? Hauek dira, gure ulertzeko moduan, parte-hartzailea dela esateko prozesu batek bete behar dituen ezaugarri batzuk, agiri honen 1. puntuan seinalaturiko helburuak lortzea ahalbidetuko duen kalitatezko partaidetza bermatzeko. 1. Informazioaren eta komunikazioaren garrantzia. Herritarren artean prozesu parte-hartzailea bultzatzen duenaren informazioak etengabea, egokia, bakuna, argia eta eskuratzeko erraza izan behar du. Izan ere, erabiliko dugun informazioaren arabera eraikiko baitugu gure iritzia eta ahalik eta gardenena izateak konfidantza sortzen baitu. 2. Deialdia. Gaian interesaturik dauden zein alor honetan eskarmentu gutxi duten pertsonen partaidetza erraztuko duten partaidetza bide egokiak eta hurbilerrazak eskaintzea. Irekia eta aktiboa izan behar du, partaidetza deialdiaren bidez bultzatu behar da, dagokion garrantzia eman behar zaio herritarren partaidetzari, elkarlanean aritzeak duen garrantzia helarazi behar da, bai eta herritarren inplikazioaren beharra ere. 3. Gardena izan behar du, deialdia nork egiten duen, zergaitik eta zertarako egiten duen azaldu behar du. 4. Prozesu parte-hartzaile bat etengabe dago ebaluaketapean. Prozesuan zehar eta prozesua bukatu ondotik ebaluatuko da finkaturiko helburuak betetzen ari diren edo bete diren, eta abian jarritako baliabideak eta metodologiak helburu horiei erantzuten dieten. Etengabeko hobekuntza lana da.
4
5. Joko-arau batzuk finkatzea, prozesu parte-hartzailean daudenen artean hitzarturiko lan-metodologia bat. Hitzartzeko edo akordatzeko gaiak: a. Komunikazio bide eta uneak. b. Inplikaturiko aktore bakoitzaren erabaki gaitasuna; prozesuaren muga teknikoak eta politikoak. c. Abian jarritako prozesuaren helburuak: zer bilatzen da?, zertarako jartzen da abian prozesu parte-hartzaile bat?. d. Elkarrizketa eta deliberazio metodologia. Elkarrenganako errespetuan, entzumenean eta konfidantza sortzeko garrantzian egon behar du oinarriturik, konponbide egokienak eta partekatuak bilatzeko. e. Prozesu parte-hartzailea ikusaraztea. f. Prozesu parte-hartzailearen ondorioak itzultzea eta etorkizunean eman beharreko pausoak zehaztea. g. Prozesu parte-hartzailean lorturiko ondorioen segimendua.
2.3. partaidetzaren arriskuak Herri-partaidetza modan den unean erraza da partaidetzaz baliatu eta modu desegokian eta mozkinak lortzeko baliatzea. Ez da herri-partaidetza herritarren erabakia aintzat hartzen denean soilik jarrera publiko puntualak berresteko. Horretarako, informazio soslaitua eman ohi da, herritarren babesa lortzea xede, eta bakarrik gonbidatu ohi dira berretsi beharrekoarekin ados dauden pertsonak. Herri-partaidetzaz makillatzea deitu ohi zaio horri. Ez da herri-partaidetza prozesua arestian aipaturiko berme guztiekin gauzatu eta, azkenean, prozesuaren sustatzaileak administrazio publikoak edo gizarte erakundeak direnean, beren konpromisoak betetzen ez dituztenean eta prozesu parte-hartzailetik eratorritako ondorioei ez dietenean ematen aurretik finkaturiko helburua. Ez da herri-partaidetza bere teilatua ongi zedarritu ez eta itxaropen irrealak sortzen direnean. Adibidez: herritarrei gai bati buruz deliberatu eta erabakitzea eskaintzen zaie eta, azkenean, esandakoa soilik kontuan hartzen da galdeketa moduan, baina ez du balio erabakitzailerik. Administrazio publikoek edo gizarte erakundeek partaidetza euren probetxurako erabiltzen duten kasu hauetan edo bestelakoetan herri-partaidetza deslegitimatuta geratzen da. Hau da, herri-partaidetza gauzak beste era batez egiteko, konfidantzazko erlazioak sortzeko eta prozesu publikoetan parte-hartzeko bide bezala, desitxuratuta geratzen da. Herritarrak gogaitzen dira ikusten dutelarik erabili egiten dituztela, bere esanahi guztia galtzen du partaidetzak eta erakunde sustatzaileak herritarren konfidantza galtzen du. Honengatik guztiarengatik, beharrezkoa da herri-partaidetzaren alde apustu egin nahi duten administrazio publiko guztiek honako osagaiak hartzea kontuan: 1. Abian jarri beharrezko helburua edo jomuga zedarritzea. Hots, administrazio publiko sustatzaileak prozesu parte-hartzailearekiko harturiko konpromiso politikoa definitu eta zehaztea. Zer egin behar da prozesuaren ondorioekin? 2. Prozesu parte-hartzailearen mugak zehaztea. Hau da, asmoa bada prozesu horren baitan iritziak jasotzea, alternatiba hoberenei buruz eztabaidatzea edo elkarrekin erabakitzea. 3. Zehaztu zein unetan zabaltzen den herritarren partaidetza; prozesuaren diseinuan, abiapuntu egoeraren diagnostikoan, alternatiba egokienen deliberazioan, erabakiak hartzeko orduan, hautaturiko jardueraren kudeaketan, segimenduan, hautaturiko jardueraren ebaluazioan. Herri-partaidetzaz hitz egiteko, prozesu parte-hartzaileek beren aldeko borondate politiko irmoak lagunduta egon behar dute.
5
3. Zergatik interesatzen zaio Administrazio publikoari partaidetzaren alde apustu egitea eguneroko gestio-lanean? Herri-partaidetzaren alde apustu egiteak demokrazian sakontzea esan nahi du. Herritarrei konfidantza ematea esan nahi du ez solik lau urtean behin. Herritarrak mahaiaren inguruan eserita edukitzea esan nahi du, eta ez barrikadaren beste aldean. Erabakiak konpartitzea esan nahi du, baina baita ardurak ere. Prozesu parte-hartzaile baten ondorioz hartutako erabakiak betetzeko edo proiektu bat garatzeko orduan, kudeaketa baketsuagoa da tartean parte hartzen ari diren herritarrek onartuagoa baitute. Administrazio publikoak eta herritarrak elkarrengana hurbiltzen ditu, konfidantzazko erlazioak loratzen diren heinean. Ezagutza hobea lortzen da administrazioaren barne funtzionamenduaz, bere zailtasun eta mugez, administrazioak eta administrazioaren eragileek sinesgarritasun handiagoa lortzen dute. Kudeaketa publikoa herritarrengana hurbiltzea dakar. Administrazioaren kudeaketa eraginkorragoa izan daiteke, jende gehiago inplikatzen delako, konponbide sortzaileagoak ateratzen direlako eta tartean jende gehiagok parte hartzen duelako jarduera hori betetzen. Administrazio publiko bakoitzaren ingurune soziala ezagutzeko sareak sortzen ditu eta horrek erraztu egiten du komunikazioa herritarrekin, bide egokiak ezagutzen direlako eta kasu bakoitzean hizketakide baliagarriak jada identifikaturik daudelako.
4. Lokarrik bere esperientzia eskaintzen du Adierazi dugun bezala, prozesu parte-hartzaileak ez dira inprobisatzen, planifikatzen dira eta metodologia zehatz bati erantzuten diote. Metodologia, gauzak nola egin, ezinbestekoa da herritarren partaidetza aktiboa bermatzen duten elkarrizketa esparruak sortzeko orduan.
4. 1. metodologiaren garrantzia Prozesu parte-hartzaile bati aurre egiteko orduan, honakoak hartu beharko ditugu aintzat: 1) metodologia egokiena finkaturiko helburuei, mementoari eta inplikaturiko pertsonei begira eta 2) hautatutako metodologia etengabe ebaluatuko da eta, horrenbestez, prozesuak aurrera egiten duen neurrian sortzen diren beharren arabera egokituz joan ahal izango da. Hamasei urtez bakerako eta bizikidetzarako baldintzak sortuz eta indarkeria ezaren, elkarrizketaren eta akordioaren aldeko herri-sareak ehunduz, Elkarri eta Lokarri metodologia parte-hartzaile ezberdinak sortuz eta aplikatuz joan dira. Ezaugarri komuna dute guztiek: herri-partaidetza aktiboa eta eraginkorra bermatzen duten elkarrizketa eszenatokiak sortzeko gaitasuna. Guztietan errepikatzen diren hainbat elementu: - Elkarrenganako errespetua - Konfidantza sustatzea - Batzen gaituena bilatzea eta bereizten gaituena identifikatzea - Konponbide partekatuak bilatzea - Entzumen aktiboa eta elkarrizketa oinarri bezala - Beharrezkoa da elkarrizketa moderatu edo erraztuko duen pertsona bat
6
- Inplikaturiko alde guztiek onarturiko joko-arau batzuetan oinarritzea. - Argia eta ulergarria izan behar du - Malgua - Landu beharreko gaiari buruzko ikuspegi posible guztiak biltzea
4. 2. metodologia eraginkorrak, esperientziaren bidez egiaztatuak Ondorengo lan-metodoak Lokarri eta Elkarriren esperientziaren bidez izan dira kontrastatuak. Zehazturiko helburuak lortzea bermatzen dute eta goian aipaturiko osagaiak dituzte ezaugarri. Baliagarriak dira lantzeko bai politika arloko gaiak, hala nola bakea eta bizikidetza, bai eta edozein gai soziala ere, gatazka mota guztien kudeaketan onarturiko giza printzipio unibertsal batzuetan oinarriturik baitaude.
Hiru Txandatan Metodologia hau Elkarrik sortu eta erabilia izan zen 1996an zehar bultzaturiko elkarrizketa pluralaren tokiko 100 Foro baino gehiagotan. Gatazkarekin eta bakearekin zerikusia zuten gaiei buruz hitz egiteko konpromisoa hartu zuten sentsibilitate ezberdineko pertsonek osatu zituzten Foro hauek. Modu eraikitzailean parte hartzeko elkarrizketa eszenatokiak sortzea ahalbidetzen du elkarrizketan eta entzumen aktiboan oinarrituriko metodologia honek. Egokia da gatazketarako edo egoera zehatzetarako konponbide partekatuak bilatzeko. Enpatia eta elkarrenganako errespetua lantzen ditu eta probatu egiten du entzumen aktiboa.
Etorkizuneko eszenatokiak 2004ko udazkenean egindako ia 60 Herrietako Parte-hartze Tailerretan eta etorkizuneko eszenatokien Mintegian erabili zen metodologia hau. Honakoa zen Herrietako Parte-hartze Tailer hauen helburu nagusia: euskal gizarteak pairatzen dituen indarkeria, politika eta bizikidetza arazoak konpontzeko aldi berri bat zabaltzen laguntzeko partaidetza sozial aktibo eta eraginkorreko kanal bat izatea. Egungo egoeraren diagnostiko bat adosteak izaten duen zailtasuna kontuan hartuta eta, beraz, bakea eta normalizazioa lortzeko pausoak identifikatzea, etorkizunerako planteatzen dugun bizikidetza eszenatoki ideala imajinatzea proposatzen du metodologia honek. Lortu nahi dugun eszenatoki ideal hori behin adostuta, aipatu konponbiderako eszenatoki hori lortzeko eman beharreko pausoak bilatzen eta adosten lagunduko gaitu.
Udal-elkarrizketa Foroak 2007-2008 urteetan Lokarrik Konpondu Ekimenaren Idazkaritza Teknikoan parte hartu zuen, metodologia eta dinamizazioa eskainiz. 100 foro baino gehiago egin ziren EAEren hainbat udalerritan. Honakoa zen aipatu foroen helburua: bakea eraikitzeko ekarpen ezberdinak biltzea eta ezberdinen arteko elkarrizketa-eszenatoki bat eratzea. Aipatu esperientzian erabilitako metodoa “Hiru txandatan� elkarrizketa eta entzumen metodologian oinarritzen zen, baina zenbait aldaketa gaineratuta ekimenaren helburuetara egokitzeko. Elkarrizketa eraikitzailea bermatzen du metodologiak. Aurretik finkaturiko eta guztion artean onarturiko joko arau batzuei esker, bai eta dinamizatzaile baten laguntzari esker ere, bermatu egiten da entzuna izatea eta gainerako pertsoen iritziak entzutea, azkenean entzundako iritzi garrantzitsuenak nabarmentzeko. Bestelako metodologiak aplikatzen ere parte hartu dugu, hala nola word cafe eta beste batzuk. Beste metodologi batzuen ahalmenak frogatzen ari gara ere, gehienbat gure barne-lanaren eremuan eta ekimen parte-hartzaile publiko batzuetan Gainera, Gernikan iragan azaroaren 9an kontsulta egin eta gero, herri kontsulta bat egiteko eman beharreko pausoen sistematizazio lan bat egin dugu. Esperientziatik ondorioztatutako ikaskuntzetan eta esperientzia horren ebaluaketan oinarrituriko sistematizazioa da.
7
5. Proposamen zehatza aholkularitza prozesu parte-hartzaileen diseinuan eta dinamizazioan
dinamizazioa jada abian diren prozesu parte-hartzaileen dinamizazioa
dinamizatzaileak bilerak modu parte-hartzailean moderatzeko
tailerrak herri-partaidetzari buruzko tailerrak eta tresnak
6. Nola jarri harremanetan gurekin Ekimen honi buruzko argibide gehiago lortzeko edo zalantzak argitzeko
943 000 600 telefono zenbakira deitu edo gipuzkoa@lokarri.org helbidera idatzi
www.lokarri.org
Egilea: Lokarriren Koordinazio Batzordea Argitaratzen duena: Lokarri Inprimaketa: Antza Lege gordailua: SS-630-2009