PASEALEKUA–PARTE HARTZE PROZESUAREN PROIEKTUA
AURKEZPENA TESTUINGURUA HELBURURUAK KOMUNIKAZIO ESTRATEGIA METODOLOGIA FASEAK PROZESUAREN ARRAKASTARAKO BALDINTZAK PROZESUAREN EGITURA
+
PASEALEKUA–PARTE HARTZE PROZESUAREN PROIEKTUA AURKEZPENA Txosten honen bitartez, Gernikako Kultura Batzordeak bultzatutako Pasealekuaren inguruko Parte Hartze Prozesuaren proiektua aurkeztu nahi da. Pasealekua espazio zabala da, fisikoki zein sinbolikoki. Pasealekua eraikinak dira, parkea da, igarobide, arkupeak, elkargunea, zerbitzuak, ‌ gauza ugari hartzen ditu bere baitan. Gernikako biztanleen topagunea da eta bertako aniztasunak herri mailako garrantzia ematen dio gune honi. Hori dela eta hirigintzak eta partaidetzak bat egiten dute Parte Hartze Proiektu honetan. Bi arlo horiek, partaidetza eta hirigintza, bateratzen dituen partaidetza talde teknikoa eratu da prozesu honen oinarri izango den proiektuari forma emateko, M-etxea arkitekturaren ikerketa taldeko arkitektoak eta Gernikako bi soziologoz osatua. M-etxea arkitektura eskolatik sortutako taldea da eta espazio-arkitektonikoa eta hiri-espazioa erabiltzailearen ikuspuntutik abiatuz ikertzea du helburu. Azken bi urteetan erabiltzen ez diren espazioak eraldatzeko antolakuntza eta garapen ekimenetan dihardu, hala nola Har-Etxea espazioen aktibatzaile modulua, Berreibar eraikin industrialen berrerabilpen proaktiborako proiektua eta Eibarko Errebaleko parte hartze prozesuan. Taldearen beste atala Gernikako bi soziologok osatzen dute, batetik adituak diren soziologia arloko ikuspuntua eta bestetik bere herriarekiko ezagutza eskainiz Parte Hartze Prozesu osoari. Talde tekniko honek Pasealekuko Parte Hartze Prozesurako garatutako proiektuaren emaitza adierazten da txosten honetan.
TESTUINGURUA Pasealekua, bere kokapenagatik, historiagatik, izandako erabileragatik eta bere izaeragatik gernikarrentzako oso espazio esanguratsua da. Herri erdian kokatua, 1937ko bonbardaketa ondoren zutik iraun zuena, urte askoan eskola izandakoa, eta beti herritarrentzako topagunea; ume, heldu zein nagusi.
2006 urtetik, hainbat izan dira herrian entzun eta udaletik proposatu diren erabilera posibleak. Pasealekuan klasea ematen zuten umeak Allende Salazar Eskolara igo zirenetik erabilera gabe geratu diren eraikinentzako hainbat proposamen planteatu eta garatu izan dira. Gernikarren beharrizanei erantzuna bilatu nahian hutsune ezberdinak identifikatu izan dira eta ideia horiek proiektu bilakatu ere kasu askotan. Herriaren hainbat sektoretatik ere Pasealekua biziberritu eta erabilera publikoa izateko eskakizuna egin da.
HELBURUAK Prozesu honekin lortu nahi den helburu nagusia argia da: Pasealekuarentzako herritarren partaidetzaren bidez adostutako erantzunak lortzea. Puntu horretara heltzeko ordea, aurre lanketa bat ezinbestekoa da, pausoz pauso gaur egungo egoeraren azterketa kritikoa egin, aurrera begiratu eta etorkizuneko eszenatoki hori irudikatu ahal izateko. Horregatik, hainbat helburu espezifiko identifikatzen dira, prozesuaren garapena ahalik eta egokiena izan dadin: 1. Bide berri bat zabaldu: Pasealekuaren etorkizuna azken urteetan, modu intermitentean bada ere, herriko instituzio, agente, zein norbanakoen ahotan egon izan den gaia da. Parte hartze prozesu honek zerotik abiatzea du beharrezko, eszenatoki berri horretara heltzeko bide berri bat izan nahi du, orain arte eraikitakoa aintzat hartuz eta barne hartuz. 2. Zubiak eraiki: Instituzioak, eragile/talde eta herritarrak batuko dituen topalekua sortzeko tresna izatea Parte hartze prozesua. Ikuspegi, interes, ekiteko ahalmen edo ideia ezberdinek topaleku bat behar dute, elkarri entzun, eztabaidatu eta akordio zabaletara heltzeko. 3. Herri osora heldu: Pasealekuarekiko harreman zuzenagoa edo zeharkakoagoa duten sektoreak izango dira herrian, eta honek agenteen inplikazio mailan eragingo du, baina herritarren erabakia balizkoa izan dadin, beharrezkoa izango da partaidetza zabala bermatzea. 4. Pasealekua biziberritu: parte hartze prozesu honek Pasealekua berraktibatzeko tresna izan nahi du, herritar eta instituzioen begirada gune honetara erakarri eta guztien elkarlanaren bitartez berau aktibatu eta antolatzeko estrategiak adosteko. Parte Hartze Prozesuak berak Pasealekua biziberritzeko lehen akzioa izan nahi du. 5. Pasealekuarentzako jarduera eta lehentasunak adostu: Pasealekuaren bilakaera eragingo duten ekimen-bideak eta ardatz estrategikoak adostu nahi dira, hauen lehentasun mailak eta faseak definituz.
PASEALEKUA–PARTE HARTZE PROZESUAREN PROIEKTUA PASEALEKUKO EGUNGO ERABILTZAILEAK Egun Pasealekuan 2 kolektibok dute euren egoitza, jubilatuek eta Elai Alai dantza taldeak, eta eskualdeko Berritzeguneren bulegoak eta Babesleku enpresa ere bertan kokatzen dira. Zuzeneko erabiltzaile bezala, ezinbestekoa ikusten da euren partaidetza prozesuan, beraien ikuspegia partekatu dezaten eta euren behar eta nahiak prozesuari batu daitezen.
KOMUNIKAZIO ESTRATEGIA Pasealekuaren Parte Hartze Prozesuan oinarrizkoa da prozesu hau herritarrei eta herriko sektore guztiei zabaltzea eta bertan parte hartzeko deialdia egitea. Horretarako prozesu honen helburu eta nahiak adierazten dituen logoa sortu da (txosten honen lehen orrian agertzen dena, hain zuzen). Bihotzaren irudiak esanahi bikoitza edukiko luke: batetik, Pasealekua Gernikaren bihotza dela esan daiteke, herri erdialdean kokatzen baita eta herritarren topaleku nagusienetako bat baita; eta bestetik, prozesu honen helburuaren adierazle izan nahi du, Pasealekua biziberritzearena alegia, taupada berriz betetzea Gernikako bihotza.
METODOLOGIA Parte hartze prozesuaren lanketa aurrera eramateko bidean, akordeoiaren mugimenduak irudikatzen dituen ereduaz baliatuko ginateke, hau da, irekitze aldiak eta itxiera aldiak uztartzeaz hain zuzen ere. Hala nola irekitze aldian, informazioa, nahiak, expektatibak, frustrazioak eta jende ororen proposamenak pilatuko genituzke. Itxiera aldian bestalde, adostasun puntuetara iristea litzateke zeregina. Hori dela eta, garatu nahi den metodologiak, akordeioaren mugimenduak gogoraraziko ligukeen zabaltze eta uzkurtze aldiak jarraituko lituzke. Zabaltze aldiak, aukeren eta posibilitateen abaniko zabal bat barne hartzea luke xede, bidean gelditzen diren ñabardurak ahaztu gabe, gerorako erebakietan ondoriorik izan ez dezaten. Behin, ekarpenen eta proposamenen emariak gehiagorako ematen ez duenean, uzkurtze/itxiera aldiari emango genioke bide, non sakabanaturik gelditu diren proposamen horiek sailkatzera igaroko ginatekeen. Hots, adoste guneak identifikatzearekin bat (ardatz estrategikoak), programak/egitasmoak azaleratuko lirateke (lehentasunezko ekintzak) dagozkien gauzatze proposamen zehatzekin (ekintzak).
FASEAK 0 FASEA: PROZESUAREN DISEINUA – azaroa/hilabete bat Fase honetan prozesuak izango dituen oinarrizko baldintza eta ezaugarriak finkatuko dira. Prozesuan inplikatu eta prozesuaren bultzatzaile izango diren agente guztien arteko gune eta espazioak adostu eta egituratuko dira. Agente hauen mahai/foroaren funtzioak eta betebeharrak eta prozesuan izango duten papera adostuko dira. 1 FASEA: DIAGNOSTIKOA – abendua-urtarrila/2 hilabete Prozesuaren abiapuntu bezala Pasealekuaren gunea eta honekin harremanetan dauden aspektu guztien azterketa kritikoa egingo da. Fase honetan proposamen fasearen oinarriak definituko dira. 2 FASEA: PROPOSAMENAK– otsaila-martxoa/2 hilabete Diagnostikoan bildutako ondorioetatik abiatuta, atzemandako hutsuneei erantzuna emateko proposamenak partekatuko dira. Fase honetan Pasealekuaren bilakaera eragingo duten ekimen-bideak eta ardatz estrategikoak definituko dira, baita hauen lehentasun mailak eta faseak ere. 3 FASEA: ONDORIOAK– apirila/hilabete bat Prozesu guztiaren konklusioak bilduko dituen fasea izango da. Tailerretan adostutako puntu eta emaitza guztiak batuko dira. Ondorio hauek prozesuan parte hartutako guztiei aurkeztu eta eztabaidatuko dira, Pasealekuaren bilakaera estrategia bat definituz. Amaieran estrategia hau azalduko duen txostena idatzi eta aurkeztuko da.
PROZESUAREN ARRAKASTARAKO BALDINTZAK Prozesu honen helburuak lortzeko funtsezkoa da instituzioen parte hartze eta konpromisoa. Prozesuaren hasierako pausuetatik, herri gune honen erantzule diren eta Pasealekuaren etorkizunean inplikazio zuzena duten instituzioen aldetik Parte Hartze Prozesu osoarekiko konpromisoa lortu nahi da, behar diren pausoak emateko borondatea eta adostasun zabalena lortzeko lankidetza; azken finean prozesutik ateratako emaitzak aintzat hartzea etorkizuneko erabakietan.
PASEALEKUA–PARTE HARTZE PROZESUAREN PROIEKTUA
PASEALEKUA–PARTE HARTZE PROZESUAREN PROIEKTUA PROZESUAREN EGITURA Prozesuaren egituran hiru talde hauek bereizten dira: a) TALDE ERAGILEA (TE): partaidetza talde teknikoak osatua (soziologoak eta arkitektoak), prozesua diseinatu, definitu eta aurrera eramateaz arduratuko dena. Honez gain, Kultura Batzordetik sortutako aparteko Laguntza Lantaldea egongo da, prozesuari bide guztian laguntza eskainiko diona. Talde hau arduratuko da prozesuak bizirik iraun eta funtzionamendu egokia izan dezan arlo ezberdinak lantzeaz: komunikazioa, difusioa... Fase guztietan aurkituko dugu Talde Eragilea, beste taldeekin etengabeko elkarlanean. Parte Hartze prozesuan beharrezkoa den inpartzialtasuna eta erabateko gardentasuna eskainiko ditu, horretarako beste taldeekin informazio fluxu konstantea mantenduz. b) JARRAIPEN TALDEA (JT): Pasealekuaren arduradun eta zuzenki inplikatutako agenteek osatua. a. Udaleko alderdi politiko guztiak: herri gune eta ekipamenduen kudeatzaile diren heinean eta Pasealekua udal jabetzako gunea izanik, beraren erantzule zuzenak. b. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila: Pasealekuko eraikinen esleipena duena eta Pasealekuan kokatuta dagoen Berritzeguneren arduraduna. c. Kultur Etxea: herriko kultur entitate instituzionala. d. Kultura Batzordea: herriko kultur taldeen bilkura eta prozesu honen bultzatzailea. Jarraipen talde honetako kideek zeregin bikoitza izango dute, prozesuan parte hartu, baina baita hau zaintzeaz arduratu ere. Prozesua arrakastatsua izan dadin modu “pro-aktiboan� jardun dezaten nahi da, espazio eta bideak erraztuz, eta herritarren modura erabakitze prozesu parte hartzailearen parte izanez. Jarraipen talde honetan agente guzti hauek biltzearen helburuetako bat, Talde Eragilearen gardentasuna eta inpartzialitatea bermatzea da. Talde motorrak diseinatutako prozesua hauekin partekatzea da asmoa, diseinu hau kontrastatu eta balioztatu dezaten, informazio fluxu iraunkor baten bitartez.
c) HERRITARRAK (H): norbanakoz zein elkarte/eragilez osatutako taldea, interesa duen orori irekia. Prozesuaren diagraman espaziorik handiena okupatzen duen talde honek tailerretan parte hartu, ideiak, proposamenak landu eta eztabaidatuko ditu; azken finean, Pasealekuaren etorkizuna adostasunez irudikatuko du.
+