Herri euskaldunak eta eskola txikiak

Page 1

Herri euskaldunak eta eskola txikiak Paula Kasares / Irakaskuntza / 2011-09-01 / 09:30

Euskararen berreskuratze sozialaren prozesuak hizkuntzaren hiritartzea ekarri du. Azken mendean euskara hiritik baztertuta egon da eta bereziki landa eremuetako mintzaira izatetik, nekazalgo eta arrantzuaren bizimolde tradizionalei lotuta egotetik, modernitateari eta hirietako bizimoduari egokitu zaio gutxi-asko. Egun, euskaldun gehienak hirietan bizi dira eta oso ehuneko apala baino ez, aldiz, herri txikietan.

Bestalde, jakina da herririk euskaldunenak, IV. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, biztanleen % 80tik gora euskaldunak dituztenak, txikiak izaten direla. Hala bada, ikuspegi kuantitatibo batetik euskararen egoerarako herri txiki euskaldunak ezer gutxi badira ere, kualitatiboki, hizkuntzaren bizitasunerako berebiziko garrantzia dute. Herri euskaldun horietako eskolei erreparatu nahi diet, herri txikietan eta auzoetan egoten diren landa eremuetako eskola txikiei. Zergatik merezi dute arreta hezkuntza errealitate ñimiño horiek? Hizkuntzaren ikuspegitik, hiztun kopuru urria izanagatik, herri euskaldunetan euskara bizi-bizirik dago, belaunaldi guztietako herritarren mintzaira izaten da eta ohiko harremanetan erabiltzen da. Herri txiki horiek hizkuntzaren bizitasunerako beharrezkoak dira, Joshua A. Fishmanen hitzetan «demographically concentrated and intergenerationally continuous» («demografikoki kontzentratuak eta belaunaldien artean jarraiak») baitira. Horregatik, «heartlands of minority languages» deitu izan zaie, hots, hizkuntza gutxituen oinarriak. Gurean, Mikel Zalbide euskaltzainak "arnasguneak" erabiltzen du euskara gizarte harremanetan ohikoa duten herri-eskualdeei esateko. Herri euskaldun horietan euskarak bertako mintzamolde eta erregistro jatorrak (hitanoa, soziolektoak...) garbien eta bizien atxiki ditu. Herri txikien ikuspegitik, eskolak bizia ematen dio herriari, haien bihotza eta bizipoza dira. Haurrak herrian dabiltza egun osoan eta eskolak bertako kulturari eta ohiturei eusten die, haurrak bertako kultura ohituretan sozializatuz: inauteriak direla, Olentzero, Orakunde (Ostegun Santuko haurren eguna), Santa Ageda, festak... Eskola txikiek beste eskola eredu bat izan nahi dute. Bestalde, eskolak, zerbitzu gisa, biztanleak herrixkan geratzen laguntzen du. Familien eta haurren ikuspegitik, ikasleak herriari estuki lotutako eskola batean hazten dira, herriaren bizitzan errotuak. Adin desberdineko haurrak biltzen dira ikastalde


berean eta horrek elkarreragina eta kooperazioa era naturalean sustatzen ditu. Gainera, eskola txikietan gurasoen inplikazioa handiagoa izaten da. Beraz, herri txikietan eskolak hizkuntzari ez ezik herriko bizimodu, ohitura eta kultura eusteari ere eragiten dio. Jacqueline L. Urla antropologoak eta Jakoba Errekondo nekazaritza-ingeniariak honela idatzi dute Zerain herriaz eta hango eskolaz: ÂŤOne of the first steps locals took to preserve their community was to create a school in town for their younger children. Keeping children close to their families and neighbours during their early socialization was regarded by residents to be essential for the transmission of local culture, language, and customs as well as the formation of closer life long bonds with their peersÂť. Hau da, Zerainen tokiko garapen iraunkorrerako lehen urratsetako bat herriko haur txikientzako eskola sortzea izan zen. Izan ere, zeraindarrek haurrak herrian, haien familia eta auzokideekin atxikitzea funtsezkotzat jo dute herriaren kulturaren, hizkuntzaren eta ohituren transmisiorako, baita tokian errotutako bizimodua bermatzeko ere. Herri txikietako edo auzoetako eskolak gure hezkuntza sistemako errealitate kuantitatiboki txikia baina kualitatiboki garrantzitsua dira. Azken hamarkadetan teknologia berriek eskola txikien arteko elkarlana eta koordinazioa erraztu dute. Adibidez, Gipuzkoako eskola txikien sarea 1987. urtean abiatu zen. Irakasle talde bat, eskola txikien balioaz jabeturik, elkartzen hasi zen. Egun Gipuzkoako eskola txikiak 26 dira eta mila bat ikasle biltzen dira horietara. Bizkaian 24 eskola txiki daude. Araban herrietako eskolen arazoei aurre egiteko Landa Eskolen Foroa sortu berri dute. Nafarroan landa eremuko eskolak 79 dira baina hemendik aurrera bat gutxiago. Izan ere, duela aste batzuk amaitu den ikasturtea azkena izan da Nafarroako Mendialdeko Eratsungo herriko eskolarentzat. Heldu den ikasturtean neska-mutiko eratsundarrek Doneztebeko ikastetxe publikora bildu beharko dute. Herriak eskolari eusteko ahaleginak eginagatik ere, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eskola ixteko erabakia aurrera eraman du gutxienez 5 ikasle behar baitira eskola zabalik izateko. Eskolen itxiera behin betiko izaten da. Hau da, behin itxiz gero eskolak ez ohi dira berriz zabaltzen nahiz eta haur kopurua hazi. Hala gertatu da Eratsundik hurbil dauden Zubieta eta Elgorriaga herrietan (Malerrekan) eta Anizen (Baztanen), baita Arabako Bernedo herrian ere. Herriak bere eskola galtzen duenean, nolabait bizia ere galtzen duela diote.

(PAULA KASARES "afarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartua da) •

Estreinakoz www.gipuzkoaeuskara.net webgunean argitaratua (2011-8-22)

Artikulura bueltatzeko: http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1314862470


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.