106. Udala Informatzen

Page 1


2024ko

BURUJABETZEN BIDEAN URRATS BERRIAK EGITEN

Kaixo bidelagun berriro ere, Duela urte bete, tribuna honetatik idazten nuen, Oiartzunen, herritarrak, eragile ekonomiko-sozialak eta udalaren artean prozesu parte hartzaile bat lantzen hasteko asmoa azalduz. Urtebeteko lanaren ondoren, prozesua, jada, martxan dugu eta Oiartzun Burujabe izena jarri diogu. Azpimarratu nahiko nuke Udala prozesu honen parte bat besterik ez dela eta gauden tokian gaudela herritar eta eragile askoren ideia, konpromiso eta lanaren ondorioz.

Oiartzun Burujabek, etorkizuna imajinatzeko aukera emango digu eta bertara iristeko bidea zirriborratu eta plangintzatzeko tresna izango da, gaurdanik hasita. Pasa den urte honetan zein arlo estrategikoetan lan egin nahi dugun erabaki dugu eta arlo bakoitzeko herri batzarrek erabaki dute zein izango den arloari dagokion ekintza plana. Hauek dira arlo bakoitzean, epe motz eta ertainean aurrera eramango ditugun ekintza garrantzitsuenak:

• Elikadura: Herriko jangela komunitarioekin lanketa egin bertako produktuen txertaketarako menuetan. Ustiategientzako lur emankorrak aztertu eta beraien publifikaziorako pausuak ematen hasi. Nekazari eta abeltzainei bizitza duintzeko, ordezkapen eta praktika programa indartu eta aztertu. Herriko abeltzainekin, haragia saltzeko, gertuko salmenta zirkuito sistema baten aukerak aztertu.

• Energia: Herriko energia berriztagarrien komunitatearekin elkarlana landu, sendotu eta zabalpenean lagundu. Ekoizpenerako instalazio berriztagarri berriak aurrera eraman. Oiartzun energia berriztagarrien bidez hornitzeko ahalmen eta aukerak aztertu. Aholkularitza energetikora bideratutako zerbitzua ematen jarraitu. Klima, energia eta mugikortasun planetan dauden udalerriko ekintzak lantzen hasi.

• Euskara: Kulturartekotasuna ardatz hartuta, herrian landu daitezkeen ekimen ezberdinak aztertu, diseinatu eta martxan jarri.

Zaintza: Herriko zaintza diagnostikoa eta mapa burutu. Zaintza komunitarioak indartu: lehen sorospenen brigada, Zaintzadi eta zaintzaile profesionalak saretuz. Helduen zaintzan jubilatuen txokorako dinamizatzaile figura landu eta ekintza sozio kulturalak sustatu. Etorkinentzako lehen harrera aztertu eta gida berri bat sortu.

Ekintza plan hauek aurrera eraman ahal izateko lanabes bat behar genuen, eta hori arloko mahaia izango da. Udala, eragile eta herritarren partehartzearekin arlokako mahaiak sortu ditugu eta hauen zeregina planaren jarraipena eta betekizuna bermatzea izango da.

Bukatzeko, aipatu, prozesuan murgildurik izan garenok, burujabetzak, jasangarritasuna eta pertsonak erdian izango duen ekonomia bat dastatzen hasteko aukera izan dugula eta sentsazio hori gozada bat izan dela. Horregatik, Oiartzun Burujaberen izenean gonbidapena luzatu herritar guztiei prozesu ilusionagarri honetara batzera, merezi du eta gaurdanik, etorkizuneko Oiartzunez gozatzea.

Ibon Mitxelena Fernandez, Burujabetzen zinegotzia

Oiartzun Burujabe, garapen eredu jasangarriagoa lortzeko herri proiektua

Aberastasun ekonomikoa herritik eta herriarentzat eraikitzea bilatzen du prozesuak.

Herri proiektu bat da Oiartzun Burujabe; herriko ehun ekonomiko, sozial eta instituzionala barnebiltzen dituen egitasmoa. Herria burujabetza klabeetan berrantolatzeko saiakera bat da. Zibilizazio krisiaren aurrean, bizitza posible egiten duten sektore estrategikoen gaineko kontrola berreskuratu eta eredu jasangarriago baterantz urratsak emateko Oiartzungo herriak proposatzen duen alternatiba praktiko bat.

Gaur egungo eredu ekonomikoa xahutzailea eta ekologikoki jasanezina da eta ezberdintasunak besterik ez ditu sortzen. Kapitala metatzea eta ahalik eta etekin

handiena ateratzea ditu helburu nagusi, zuzenean edo zeharka gizartean eta ingurumenean eragiten dituen ondorioak aintzat hartu gabe.

Bidegurutze horren aurrean, beste norabide bat hartzeko jaio da Oiartzun Burujabe. Proiektu herritarra da, eta estrategikotzat jotzen diren esparru guztiak, planifikazio komunitarioan eta kudeaketa kooperatiboan oinarrituta, herrian bertan garatzea da prozesu honekin lortu nahi dena.

_Planifikazio modu berri bat

Herriari burujabetza tresnak itzultzeko bide honek epe luzerako ikusmira eta gauzak egiteko beste modu bat eskatzen du. Oiartzun Burujabe prozesua, beraz, gobernantza eredu berria lortu nahi duen udalgintza egiteko modu berri bat da. Sektoreka landuko da bidea; mahai sektorialetan erabakiko dira arloari dagozkion erabaki estrategikoak, taktikoak eta plangintzak. Era berean, mahai horietan definituko dira planak aurrera eramateko beharko diren baliabideak, kontutan hartuz bitarteko horiek herritarrek, eragile ekonomikoek edota udalak eskaini ahal izango dituztela.

Epe luzerako ikusmira eta inplikazioa eskatzen dituen proiektua da Oiartzun Burujabe. Ahalduntzea bilatzen duen prozesu partehartzailea, sektoreetako profesionalak eta udaleko giza baliabideak ere inplikatuko dituena. Aberastasun ekonomikoa herritik eta herriarentzat eraikitzea bilatzen duen prozesua da, baldintza egokiko lanpostuak sortzea ahalbidetuko duena.

_Hiru hankez osatutako eredua

Herritarrak, udala eta eragile ekonomikoak dira proiektuaren hiru hankak, denek ekonomia sozialaren printzipioak oinarri hartuta. Triangelu gisa irudika daiteke, beraz, Oiartzun Burujaberen egitura.

Proiektuaren erpinetako bat dira herritarrak, elkarteak eta eragileak, komunitateari ahotsa eta partaidetza ematen zaiola bermatzen dutenak, herritarrak ahaldunduz eta erabaki ekonomiko-politikoetan duten protagonismoa indartuz. Haiek dira objektu eta subjektu, lurralde garapena herritarren beharrek zehaztuko baitute, demokratikoak izango diren erabaki esparruen bidez.

Beste erpin batean udala dago. Sektore publikoak lagundu behar du eremu estrategikoen bitartekoen jabetza herritarrei itzultzen, herritar guztiek izan dezaten oinarrizko beharrak asetzeko modua. Udalaren partehartzearekin bermatu nahi da unibertsaltasuna, jendarte osoarentzat baliagarria den eredua izatea, herritar guztiek izango dituztela irisgarritasunerako aukera berdinak.

Azkenik, erpin ekonomikoa dago, tokiko garapenarekin konprometituta dagoen ehun sozio-ekonomikoa.

UDAL ALBISTEAK

Eragile ekonomikoen parte-hartzearekin bermatu nahi da prozesuan zehar sortzen den aberastasuna bertatik eraikia izango dela eta bertan geldituko dela. Ekonomia sozialaren printzipioak kontutan izanik, jarduera ekonomikoak “izpiritu kooperatiboa” jarraitzen duen kudeaketa eredua bilatuko da. Zenbait kasutan, eragile ekonomiko berriak sortuko dira, “herri kooperatibak”, gehiengoaren behar sozialak modu demokratikoan ase ahal izateko.

_Anitza eta eraldatzailea

Prozesu honetatik sortuko diren proiektu edota egitasmoak, baita prozesua bera ere, anitza eta transbertsala izango da, herritarren gehiengoari ekarpen materiala egingo diona eta logika/mekanismo esplotatzaileak ezabatzeko bidea markatzen duena.

Trantsizio ekosoziala helburu, inguruarekiko jasangarria izango da, ikuspegi feministaduna eta botere harreman oro deuseztatzeko urratsak eman nahi dituena. Komunitatean guztiz txertatua dagoen prozesua izanik, gure hizkuntza eta kultura izango ditu oinarrian eta munduari irekia izango da herriaren aniztasuna eta

aberastasuna balioan jartzeko. Halaber, Euskal Herri mailara proiektuak eskalatzeko ahalegina egingo da prozesuan zehar, antzeko logikan lanean ari diren herriekin elkarlan-aukerak aztertuz.

_Orain arteko bidean sakontzen jarraitzeko proiektua

Lan egiteko eredu hau ez da berria Euskal Herrian. Proiektu eta ekimen asko jarri ditugu martxan sektore askotan logika honetan oinarrituz (hezkuntzan, elikadura sektorean, energiaren alorrean, komunikabideetan…).

Oiartzunen ere bide luzea egina dugu dagoeneko. Egitasmo eta proiektu ugari ditugu herrian bertan, herritar askoren inplikazioari eta parte-hartze zuzenari esker sortu direnak.

Horren adibide ditugu Labore Oarso, Elika Kooperatiba, Arraztalo elkartea edota HemenGuk ekimena lehen sektorean, Argitturri Energia Berriztagarrien Kooperatiba energiaren alorrean, baita aisialdi, hezkuntza, kirol, kultur zein ongizate esparruetan antzeko logikarekin urteak martxan daramatzaten proiektuak ere.

Oiartzunen abiatu berri den prozesuak, beraz, logika hori sistematizatzea bilatzen du. Tokiko sozioekonomiaren sektore estrategikoen planifikazioa guztiz komunitarioa izatea bilatzen da, eta horrek, udalgintza egiteko ereduan sakoneko aldaketak eskatzen ditu.

_Lau mahai sektorial

Burujabetzen bidea urratzen jarraitzeko, Oiartzunen dagoeneko proiektu eraldatzaileak martxan dauden sektore estrategikoetatik ekitea erabaki da. Lau nagusietan batzar irekiak egin dira, eta bertan adostutako proiektu eta ekimenak gauzatzeko mahai sektorialak sortu dituzte: energian, zaintzan, euskara eta

kulturartekotasunean, eta elikaduran. Mahai horietan elkartzen dira hilero hiru erpinak -sektoreko eragileak, ehun ekonomikoa eta udal ordezkariak-, batzarretan adostutako proiektuak gauzatzeko. Helburu, dinamika eta erritmo propioa izango du lan-talde bakoitzak.

Ekosistema eta lan egiteko modu berri bat da martxan jarri dutena, harreman logika ezberdinak sortzeko ariketa kolektibo bat. Etengabe eraldatzen joango da prozesua, dinamika berriak sortuz, mahai sektorial gehiago txertatuz, praktika horietatik ikasiz eta burujabetzen bidean sakonduz.

_Guztion konpromisoa, ezinbestekoa

Burujabetzen gaia jendarteratu, herriko eta inguruko esperientzia eraldatzaileak ezagutu eta martxan jarri diren lau mahai sektorialak aurkezteko Burujabetza Jardunaldiak egin zituzten urriaren 17tik 19ra. Prozesuaren nondik norakoak zabalduta, komunitatea eta ekosistema berrian sakontzen jarraituko dute. Horretarako, ezinbestekoa izango da geroz eta herritar eta eragile gehiagoren konplizitatea.

Bizitzarako beharrezkoak diren jarduerak tokian toki modu autoeratu, kolektibo eta komunitarioan planifikatu eta kudeatzea da prozesu honek bilatzen duena, herritarrak ahaldunduz, egitasmoen jabe eta partaide eginez. Herritar edota eragile gisa gure eguneroko erabakiek garrantzia handia dute, inguruko ekonomia eraldatzeko gaitasuna dugu. Egin gaitezen gure inguruko ekonomiako erabakien jabe, gure lan eta bizitzen burujabe.

Ikusi Burujabetza Jardunaldien laburpen bideoa

20.398.752 euroko aurrekontua izango du Udalak 2025ean

Legealdiko ildo estrategikoetan sakontzeko proiektuak aurreikusi dituzte.

20,4 milioi euroko aurrekontua onartu du Udalak 2025erako. Legealdiko bigarren urtea izanik, ildo estrategikoetan sakontzeko urte gisa definitu dute heldu den hau.

Oiartzuarren bizitzak hobetzeko helburuarekin egingo du lan Udalak eta, horretarako, ezinbestekoa izango da komunitatea indartu eta herritarrekin elkarlana sendotzeko. Horrez gain, mundu mailako krisi egoerei erantzungo dieten tokiko politika ausartak abian jartzeko legealdia izatea ere aurreikusten da, hala nola, klima aldaketari lotutako krisia, krisi demografikoa eta krisi ekonomikoa. Helburu horiek erdiesteko ekintza hauek lehenetsi dira 2025eko aurrekontuetan:

• Energia trantsizioa. 2024. urtean energia plan berria onartu zen aho batez eta datozen urteetan, bertan jasotako ekintzak gauzatzen joango da Udala. Horrek eragin zuzena du udal aurrekontuetan gordetzen diren partidekin. Azpimarratzekoa da, 2025ean herritarren energia komunitatea diruz laguntzeko udalak aho batez hartutako konpromisoa.

• Mugikortasuna. Mugikortasun plana ere 2024ean onartu berri da eta, energiaren kasuan bezala, arlo

honetan ere plan horrek markatuko ditu datozen urteetan egin beharreko inbertsioak eta hartu beharreko neurriak.

• Euskara. Kulturartekotasuna eta etorkin berriak euskarara hurbiltzea da gaur egun euskalgintzaren erronka handia. Euskarak politika ausartak eta berritzaileak behar ditu eta, zentzu horretan, Udalak haur etorri berriekin lanketa bereziak egitea aurreikusten du horretarako beharrezko finantzazioa bermatuz.

• Kirol eta elkargunerako instalazioetan inbertsioak. 2024ean bezala, 2025ean ere kirol instalazioetan inbertsioak egitea aurreikusten da. Hain zuzen ere, 2024ean Ugaldetxoko futbol zelaia berritzeko lan inportanteak egin baziren, 2025ean Altzibarreko gune estali berria egingo da. Gune hori aisialdirako izango da eta auzotarren erabilera anitzeko gunea izatea aurreikusten da.

• Osasuna eta ongizatea. Ongizate sailetik bideratzen diren ohiko zerbitzuei bi berri gehitu zaizkie: kale egoeran dauden herritarrentzako gune berriaren sorrera eta hotzaren aurkako neguko plana. Horrez

gain, urtean zehar gazteen ongizaterako programa propio bat martxan jartzea ere mahai gainean dago. Azkenik, herriko eragileekin elkarlanean, 2022an abiatu zen zaintzaren inguruko diagnostiko eta lanketarekin ere jarraituko da eta kulturartekotasuna lantzeko proiektu berri bat martxan jarriko da.

• Administrazioa herritarrei hurbiltzea. Herritarrentzako harrera gune berria udaberrian jarriko da martxan.

PROIEKTU ZEHATZ BERRIAK

‐ Altzibarko gune estalia: 700.000 €

‐ Eskualdean bazterkeria arriskuan dauden pertsonei bideratutako zentroa: 96.300 €

‐ Elkarlanean antolatzen diren kultur ekintzetarako: 85.000 €

‐ Elizalde eskolako eraikinean inbertsioa: 81.300 €

‐ Herri bideak konpondu: 80.000 €

‐ Kiroldegiko egokitzapena energia aurrezteko: 50.000 €

‐ Merkatari txikiei laguntzeko dirulaguntza lerro berria: 35.000 €

‐ Energia trantsiziorako proiektua: 20.000 €

‐ Zuntzaren zabalpena: 12.000 €

‐ Bizikleta sarea: 10.000 €

‐ Kultur aniztasuna lantzeko proiektua: 10.000 €

‐ Energia berriztagarrien instalazioak: 10.000 €

_BI milioitik gora herriko elkarte, eragile eta norbanakoen proiektuak sustatzeko

Udal aurrekontuaren %10 baino gehiago Oiartzungo eragileek herri berdinzalea, bizia, jasangarria eta euskalduna izateko borondatez gauzatzen dituzten egitasmoak diruz laguntzera bideratuko dituzte.

2.100.000 eurotik gora jaso dituzte dirulaguntza lerro ezberdinetarako: garapen ekonomiko jasangarria eta enpleguaren sustapena (63.000 €); hezkuntza parekidean berrikuntza hauspotzea (458.700 €); euskararen erabilera eta ezagutza indartzea (312.600 €); kultur-ekitaldiak antolatu eta herriko ondarea berreskuratzea (620.800 €); ingurumena zaindu eta lehen sektorea sendotzea (104.000 €); oiartzuar guztien ongizatea bermatzea (388.500 €); gazteen aisialdirako ekintzak bultzatzen dituzten herriko eragileentzat laguntza (6.000 €); herritar aktiboak eta osasuntsuak hazi eta kirolaren bitartez oiartzuarren ongizatea bermatzea (152.300 €); ikuspegi feminista bultzatzen duten herriko eragileen ekintzak laguntzea (7.000 €); eta bizikidetza sustatu eta Oiartzunen egon diren giza eskubideen urraketa ikertzea (15.000 €).

_Gizarte-kohesioa oinarri duen aurrekontu orekatua

Herritarrei kalitatezko zerbitzua emateko eta proiektu berrietarako aurrekontu orekatua osatu dute. Udalak ez du zorrik eta zuhurtziaz jokatu dute dirusarreren aurreikuspena egiterakoan. Udal zerga eta tasak KPIaren igoeraren azpitik eguneratuko dituzte herritarren ekonomian ahalik eta gutxien eragiteko; %2, orohar.

Urtero onartu ohi diren zerga ordenantzak goitik behera aztertu dituzte aurten, azken urteetan fiskalitate justuagoa lortzeko hartutako neurriak proposamen berriekin indartzeko. Udalak eskaintzen dituen zerbitzuetarako diru-sarrerak lortzeko bidea ez ezik, zerga ordenantzak tresna ezin hobea dira Udalaren helburu estrategikoetan eragiteko: kohesio soziala areagotzeko, familia zaurgarriak babesteko, trantsizio ekologikoa sustatzeko, etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko eta tokiko ekonomia suspertzeko. Horregatik, Oiartzungo egoera sozio-ekonomikoaren azterketa egin du Aztiker enpresak. Emaitza horiek izan dituzte oinarri zerga eta tasak zehaztu eta hobari eta pizgarri ezberdinak proposatzeko.

HOBARI ETA SALBUESPENAK

Gizarte-kohesiorako hobariak

‐ Familia zaurgarrienak hondakin eta ur tasak ordaintzeaz salbuetsita

‐ Familia zaurgarrientzat udako igerilekua doan

‐ Familia zaurgarrientzat kiroldegian prezio murriztua

‐ 65 urtetik gorakoentzat kiroldegian prezio murriztua

‐ Desgaitasuna dutenentzat kiroldegia doan

Trantsizio ekologikorako neurriak

‐ Eguzki panelak jartzeagatik %50 IBIan

‐ A eta B energia-efizientzietarako obra tasan %95

‐ Komunitateetan bizikletak aparkatzeko guneetarako obra tasan %95

‐ Trakzio mekanikoen zergan hobariak CO2 isurien arabera

Etxebizitza hutsak merkaturatzeko pizgarriak

‐ Etxe hutsen IBIaren gainkargua %75etik %100era

‐ Etxe hutsak alokairu sozialera bideratzeagatik hobariak

Ezagutu hobari eta salbuespenak
Auzo bileretan jasotako ekarpenekin aberastu dute 2025eko aurrekontua.

UDAL ALBISTEAK

336 eguzki plaka jarri ditu Elorsoron udalak, bertako argindarra sortzeko Bazen behin liburutegi bat

150 kWp-ko instalazio fotovoltaikoa eraiki du kiroldegiko teilatuan.

Kiroldegian 150 kWp-ko instalazio fotovoltaikoa egiteko lanak bukatu ditu Udalak. Autokontsumorako elektrizitate berriztagarria sortzeko erabiliko du Elorsoroko teilatua. Trantsizio energetikorako duen planean urrats garrantzitsua da, orain arte martxan jarri duen instalakuntza berriztagarri handiena baita. 336 plaka jarri ditu 741 m2ko eremuan, kiroldegiko elektrizitatea tokian bertan eta modu garbian sortu, eta energia burujabetzarako bidean aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Orientazio egokia eta itzalik ez duen tokia denez, eguzki panelek urtean 151.363 kWh sortuko dutela aurreikusi dute. Elorsoron erabiliko da guztia eta kiroldegiak kontsumitzen duen elektrizitatearen %27 sortuko du. 92.500 €ko inbertsioa egingo du Udalak.

_Kiroldegia ere, jasangarriagoa

Energia gehien kontsumitzen duen udal instalakuntza da kiroldegia. Urtean 1.361.497 kWh erabiltzen dira bertan (elektrizitate eta gasa), herriko argiteria eta eraikin publikoetako kontsumo osoaren %37. Horregatik, herri jasangarriagoa izateko Udalak abian duen energia planean hainbat ekimen jaso dituzte kiroldegiko energiakontsumoan eragiteko.

Kirol guneko sektorizazio osoa gauzatzeko proiektua gauzatzen ari da, elektrizitate eta gasaren erabilera espazioz espazio aztertu eta kontsumoa gutxitzeko neurri ezberdinak hartzeko. Energia kontsumoa murrizteko egiten ari diren lanketez gain, erabiliko den elektrizitatearen zati handi bat era garbian sortuko dute eguzki plaka hauekin.

_Argiturri energia komunitateari ekarpena

Oiartzungo etxebizitza eta enpresek ere trantsizio energetikoan aurrerapausoak ematea bultzatu nahi du Udalak.

Bide horretan funtsezko zeregina dute Argitturri bezalako Energia Komunitateek, herritarren ekimen kolektiboak antolatzeko modua baitira, norbanakoak ere energia aldaketaren sustatzaile aktibo bihurtzeko. Oiartzungo energia berriztagarrien komunitateak dagoeneko jarri du martxan bere lehen instalakuntza berriztagarria, hainbat azterketa egin ditu herrian eta eta beste hainbat egitasmo ere baditu esku artean. Horregatik, Argitturri Energia kooperatiba hauspotzeko 50.000 €ko ekarpena egingo du Udalak, 25.000 € 2024an eta beste hainbeste 2025ean.

Udal liburutegia eraldatzeko prozesu partehartzailea martxan da.

Oiartzungo herritarrek behar duten liburutegi eredua modu kolektiboan birpentsatu eta diseinatzeko prozesua jarri dute martxan Udalak eta Ku-ku Haur eta Gazte Literatur Ekimenak. ‘Bazen behin liburutegi bat’ deitu diote gogoeta eta eraldaketa ekimenari.

Oiartzungo liburutegi imajinatua eraikitzeko herri prozesua diseinatu dute. Egungo liburutegiaren funtzio, zerbitzu eta espazioak ikuspegi komunitarioago batetik formulatu nahi dituzte; biblioteka eragile komunitario eta azpiegitura sozial gisa ulertu eta askotariko herritarren beharretara eta prozesu sozial eta kulturalen zerbitzura egongo den egitasmoa izateko.

_Parte hartzeko bide ezberdinak

10 hilabeteko lanketa partehartzailea abiatu dute, irailetik ekainera. Metodologia eta parte hartzeko bideak askotarikoak eta egoera eta kolektibo bakoitzari egokituak izango dira. Horretarako, elkarrizketa sakonak, espezifikoak, informalak, taldekoak, bakarkakoak nahiz galdetegi ezberdinak baliatuko dira.

Hilabete bakoitzean, sektore, eragile edo kolektibo zehatz batzuengana zuzenduko dira, ziurtatzeko herriko aniztasuna ordezkatzeko adina ahots eta ikuspegi biltzen dituztela. Bereziki erdigunean kokatu nahi dituzte kolektibo zaurgarrienak, liburutegiaren erabiltzaile potentzialak direnak, eta prozesuko ohiko deialdietan bestela parte hartuko ez luketenak, izan hizkuntzagatik, ordutegiagatik edota halako markoen ezaugarriengatik.

Adarretako eztabaida horiez gain, hiru hilabetean behin, eztabaida enborrak izango diren herri eztabaidak egingo dira liburutegian, orokorragoak izango direnak eta liburutegiaren nahiz prozesuaren gaineko ikuspegi zabal bat eskainiko dutenak.

_Koordinaziorako talde motorea

Prozesua koordinatzeko talde motore bat osatu dute udalak, Ku-ku eragileak, Juntura arkitektoen kooperatibak eta Aise prozesuen fazilitaziorako kooperatibak. Talde motorearekin, lehen geruza izeneko markoa arituko da, prozesuaren kalitatea eta ordezkaritza zabala bermatu

eta sektore edo eragilekako eztabaiden eta galdeketen artikulazio eta dinamizazio lana egiteko.

Hamarnaka oiartzuar gerturatu ziren irailaren 20an Arizmendieneako lorategian egin zuten gogoeta eta eraldaketa prozesuaren aurkezpen publikora. Datozen hilabeteetan egingo diren partehartze saio ezberdinetan haien ekarpenak egitera animatu zituzten herritarrak.

Ikusi kiroldegiko instalazioa

UDAL ALBISTEAK

Bi urte bakardadearen aurkako sareak josten

2022an proiektua martxan jarri zenetik bide garrantzitsua egin du Zaintzadik.

Hautazkoa ez den bakardade egoeran dauden Oiartzungo helduen bizi kalitatea hobetzeko Zaintzadi proiektu publiko-komunitarioa jarri zuen abian Udalak 2022an. Zaintzaren gaia landu eta eredu berriak sortzea zen helburua.

Adinekoen bakardadeaz hitz egiten dugunean, familiarik gabeko pertsonak datozkigu burura. Gizarteak zaintzarekiko ardura familian jartzen du ia beti. Adineko pertsona gehienen sostengu sarea familia izaten da, baina horrek ez du bakardadea ekiditen. Bi urte hauetan Zaintzadik egin duen lanketak eta ezagutu dituen oiartzuarren bizipenek ere berretsi dute familia izate hutsak ez duela zertan bakarrik ez sentitzea eragin.

Zaintzaren sozializazioa familiara bakarrik ez mugatzea beharrezkoa da. Hautazkoa ez den bakardadea arazo soziala den heinean, komunitateak izan beharko luke zaintzarekiko zer esana. Izan ere, komunitateak eskaintzen duen pertenentzia sentipena ordezkaezina da. Garrantzitsua da bakoitzak ardura beregain hartu eta zaintza erdigunera eramatea; bizilagunari nola dagoen galdetu, zerbait gerturatzea behar duen galdetu, hizketaldi bat izan... Denok izan beharko genuke zaintzarekiko sentsibilizazioa eta begirada aktiboa, guztion beharra eta ardura delako.

_Bizitza komunitarioan parte hartzeko espazio eta ekintza berriak

Hori izan da Zaintzadik bi urte hauetan egin duen lan nagusia: zaintzaren garrantzia sozializatu eta zaintza komunitariorako espazioak sortu. Herriko beste eragileekin elkarlanean hainbat ekintza komunitario jarri ditu martxan. Zaintzaren begirada presente dagoen espazioak dira, konfiantzazkoa den eta elkar laguntzeko prestutasuna dagoen inguruak. Harreman berriak erein eta sareak sortzea bilatu nahi dute horrela.

Bizitza komunitarioan parte hartzea, baliabide egokiak izatea edota osasun egoera onean egotea bezain garrantzitsua da bizi kalitate ona izateko. Bide horretan

jarri dituzte martxan hainbat ekimen: ariketa mentaleko tailerra HELTArekin, bi hilean behin zaintzaren gaia lantzen duten pelikulak proiektatu Zineforumean, erritmo lasaian paseoak emateko Ttipi-Ttapa talde berria Petra Lekuonarekin elkarlanean, hilean behin kafe tertuliak Landetxeko egongelan Gazte Izanak Jubilatuen elkartearekin batera, hitzaldiak, tailerrak…

_Hurrengo erronka: auzoak

Espazio hauek indartzen eta herritarrek bertan partehartzea sustatzen jarraituko dute. Elkar ezagutzeko gune berriak ere jarri nahi dituzte martxan. Elizalden ez ezik, auzoetan ere Zaintzadi ezagutzera eman eta elkar zaintzeko ekimenak ere proposatzen hasi nahi dute, herri kohesioa eta ongizatea oinarri duen komunitatea eraikitzeko.

Maialen Oiartzabal eskiatzaileak jaso du 2024ko Kirol Saria

Lau aldiz irabazi du Espainiako txapelketa eta brontzezko domina lortu zuen Europakoan.

Maialen Oiartzabal Mendibilentzat izan da IX. Kirol Saria. Eskiatzaile akrobatikoaren ibilbide profesionala nabarmendu nahi izan du UKABek, herriko kirol elkarteetako ordezkariak eta Udala biltzen dituen Kirol Aholku Batzordeak.

Omenaldi-ekitaldia egin zioten urriaren 25ean. Edorta Fernandez Kirol zinegotziak eman zion IX. Kirol Saria, herri guztiaren izenean. Oiartzabalen ibilbide bikaina goraipatu zuen udal ordezkariak, eta bere kirol garaipenez gain, beste hainbat meritugatik ere saria jasotzeko arrazoiak dituela nabarmendu zuen: “Bere kirol ametsa betetzeko Andorrara joan zen emakumea da Maialen. Kirol minoritario batean, banakako kirolean, oztopo handiak gainditu ditu. Oiartzuarrontzat eta etorkizuneko belaunaldientzat kirolari emakume erreferentea bilakatu zara. Gaur, herriak saria eman dizu, baina zalantzarik gabe, zuk askoz gehiago eman diozu herriari”.

Hunkituta jaso zuen garaikurra Oiartzabalek. Esker oneko hitzak izan zituen udalarentzat, herriko kirol klubentzat eta ekitaldira hurbildu ziren lagun eta herritarrentzat. “Guztiz eskertuta nago bizitako esperientziagatik, ikasitako guztiagatik eta ezagutu dudan jendeagatik”. Bereziki azpimarratu eta eskertu zuen etxekoengandik jasotako babesa. “Oso zorioneko sentitzen naiz bide eder hau zuekin partekatzeko aukera izan dudalako. Mila esker”.

_Eski modalitate ezberdinetan txapeldun

Txikitatik datorkio Oiartzabali eskiarekiko zaletasuna eta 12-13 urterekin probatu zuen lehen aldiz freestyle-a. Ordutik, eskiatzera joatean eski modalitate hau landu eta entrenatu eta lehiaketa txikitan parte hartzen hasi zen, Slopestyle modalitatean gehien bat. 2-3 jauzi eta akrobazia ezberdinak egin behar dira lehiaketa hauetan, zirkuitu moduko batean.

2017an aurkeztu zen estreinakoz Espainiako txapelketara eta lehen postua lortu zuen. Garaipenak indartuta, nazioarte mailan lehiatzen hasi zen hurrengo denboraldian. 2018an egin zuen bere lehen Europako kopako lehiaketa. 2019an Andorrara joan zen bizitzera, elurretik gertuago egon eta egunero entrenatu ahal izateko.

Hainbat garaipen eta domina ditu bere palmaresean. Lau aldiz irabazi du Espainiako txapelketa eta Europa mailan hirugarren postua eskuratu zuen 2020an Slopestyle modalitatean, denboraldi horretan Europako Liga nagusian hirugarren geratzea lortuz.

Maialen Oiartzabal urriaren 25ean egin zioten omenaldian.
Kafe-tertuliak antolatu dituzte hilean behin.

UDAL ALBISTEAK

Gure telefonoa erabil dezakezu!

Herriko 200 komertzio, taberna eta udal eraikinetako telefonoak haur eta gazteen eskura jarri dituzte.

Altxa Burua Oiartzun taldea sortu dute haur eta gazteek mugikorraz egiten duten erabileraz arduratuta dauden hamarnaka guraso oiartzuarrek. Lehenengo mugikorra 16 urterekin izatea gomendatzen dute adituek, baina gaur egun, haur zein nerabeek askoz lehenago eskuratzen dute bat. Non dauden jakiteko, zerbait gertatzen bada etxera deitu ahal izateko, lagunek dagoeneko badutelako edo beste hainbat arrazoi tarteko, geroz eta ohikoagoa da 12, 10 edo 8 urteko haurrak kalean eta ikastetxeetan mugikorrarekin ikustea.

Inguruko zenbait herritan abiatu duten lanketa oinarri hartuta, teknologiaren erabilera egokia bultzatu nahi du Altxa Burua Oiartzunek. Haur eta gazteei interneterako sarrera duten gailuak ematea atzeratzea, ikastetxeak telefono mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzea edota helduak eta seme-alabak erabilera egokian trebatzea lortu nahi dute, besteak beste.

_Udaleko eta herriko komertzioetako telefonoak erabiltzeko aukera

Mugikorra goizegi erosteko arrazoiak aldatu nahi ditu Altxa Burua taldeak, eta Udalarekin eta herriko merkatariekin batera abiatu dute lehen ekimena.

Herriko hainbat komertzio, taberna eta udal eraikinetako telefonoak haur eta gazteen eskura jarri dituzte, behar dutenean eta azalpenik eman gabe erabili ditzaten.

“Guria ibilli posible zu” leloa duen pegatina berde batekin identifikatu daitezke toki hauek. 200 baino gehiago dira dagoeneko, eta telefono sarea zabaltzeko lanean jarraitzen dute.

Helduei eskaera ere luzatu diete antolatzaileek: inguruan dituzten haur eta gazteei pegatina honen berri emateko.

“Animatu, lotsarik gabe, behar duten unean pegatina ikusten duten komertzioetan telefonoa eskatzera.

Deitzeko aukera bermatuta, mugikorra erosteko arrazoi bat gutxiago izango dugu”.

Gaiaren inguruan zalantzaren bat duten herritarrek edo ekimenean parte hartu nahi duten establezimenduek oiartzun@altxaburua. eus helbidera idatzi dezakete.

Ongi etorri herrira!

Azken 12 hilabeteetan Oiartzunera bizitzera etorri diren 275 herritarrei ongietorria emateko ekitaldia egin zuten urriaren 27an. Urrutitik eta ez hain urrutitik etorritako auzokide berriak, betitik edo aspalditik Oiartzungo herritarrak direnak, haurrak, helduak, gurasoak, udal ordezkariak… Arizmendieneako lorategian elkartu ziren denak, dantza eta musikaren laguntzaz harrera egin, elkar ezagutu eta errealitate eta bizipen ezberdinak partekatzeko.

Oiartzuar berriek hunkituta jaso zuten auzotarrek eta udal ordezkariek prestatutako ongietorria. Guztion artean elkartasun harremanak eraiki eta komunitate kohesionatua eta anitza osatzeko konpromisoa hartu zuten. Oiartzun elkarrekin eraikitzen eta aberasten jarraituko dutela adierazi zuten.

Jubilatuentzat merkeagoa izango da kiroldegiko kuota

65 urtetik gorako kiroldegiko bazkideentzat abonu mota berri bat sortu du Udalak. Urtarriletik aurrera hilean 15,14 €ko kuota izango da jubilatuentzat, ohikoa baino %40 merkeago. Jubilatuek ariketa fisikoa egitea sustatzeko sortu dute abonu berria, zahartze aktiborako eta ongizaterako ezinbestekoa baita. Bidegorriz eta mendiz inguratuta gauden arren, eguraldia ez dugu beti lagun izaten. Gainera, zahartze osasuntsurako garrantzitsuak diren beste zenbait ariketa egiteko aukera ere eskaintzen ditu kiroldegiak; indarra lantzeko giharketa gela edo igerilekua, besteak beste. Elorsoro harreman sareak indartzeko topagunea ere bada, eta jubilatuek zerbitzua gehiago erabiltzea bultzatu nahi du Udalak.

Dagoeneko bazkide direnei prezio berria zuzenean aplikatuko zaie eta urtarrilekoan ikusiko dute gutxiago kobratu zaiela. Orain arte bezala, familiek, familia ugariek, guraso bakarreko familiek eta gazteek ere merkeagoa izango dute kiroldegia.

Lanbarrengo Arañaburu errepidea, eraberrituta

Oiartzungo poligono garrantzitsuenetarikoa da Lanbarren. Hiru eremu ditu: Elbarrena, Arkotz eta Arañaburu. Azken honetako jarduera nagusia logistika da eta garraio enpresa handiak daude bertan. Trailer eta ibilgailu handien joan-etorria etengabea izaten da, eta trafiko intentsiboaren ondorioz zoladuran kalte handiak sortu ohi dira.

Eremua egoki mantentzeko Arañaburu kaleko 1 eta 3 zenbakien arteko zatia guztiz eraberritu du Udalak. Egungo 15 zentimetroko zoladura kendu da, 35 cm hondeatu eta 10cm-ko zahorrazko geruza eta gainean 25cm-ko hormigoizko zolata jartzeko. Kutxeta inguruak konpondu eta errepide zatia pintatu dute. 136.000 €ko inbertsioa egin du proiektua gauzatzeko eta abuztuan egin zituen lan garrantzitsuenak, bertako enpresen jardunean ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko.

UDAL ALBISTEAK

Arritxulon jolas parkea egin du Udalak

Arritxuloko belardian haurrentzako parke berria jarri du Udalak.

Egurra eta sokekin pasabideak eta etxolak sortu dituzte, jolasa, natura eta ingurunearekiko errespetua uztartzeko. Aterpetxeak inguruaz eta aisialdiaz gozatzeko eskaintzen dituen aukerak zabaltzeko egin dute jolaslekua.

Arritxuloko argiteria aldatzeko lanak ere egin ditu Udalak. Led sistemako argiak jarri ditu, efizientzia handitu eta energia kontsumoa gutxitzeko. 20.000 euro inbertitu ditu bi hobekuntza hauek egiteko.

Elizaldeko kaleak

eta plazak ikuspegi feministatik garatzeko prozesu parte-hartzailea

Hiriak eta herriak ikuspegi maskulino batetik diseinatu izan dira, nahiz egunerokoan, plazak eta kaleak emakumezkoek gehiago okupatzen dituzten. Orain arteko hirigintza ereduak ez ditu emakumeen eta kolektibo zaurgarrien premiak erdigunean jarri izan.

Hirigintzan eta hiri-diseinuan hartzen diren erabakiek guztioi eragiten digutelako Oiartzungo gune nagusia den Elizalde hainbat ardatzen arabera aztertu eta proposamenak egiteko prozesua egin du Udalak. Hainbat partehartze saio eta galdetegi bat egin dituzte, ongizate indibiduala eta kolektiboa, irisgarritasuna, mugikortasuna, zaintza, kontziliazioa eta erasoekiko segurtasuna

Elizalden nola hobetu aztertzeko. Tolarieta eta hilerri arteko lurretan hurrengo urteetan garatuko den etxebizitza berrien antolaketa egiten hasi berri da Udala eta partaidetza prozesuko ondorioak baliatuko dituzte hiri inklusiboagoa egin eta Elizalde orokorrean hobetzeko.

Beloaga

gaztelua inauguratu dute

Azken urte hauetan Beloaga gaztelua berreskuratzeko lanetan ibili dira Beloaga Bizirik elkartea eta Udala. Oiartzungo bailara bostehun bat urtez babestu zuen Erdi Aroko gazteluak, eta gure herriko ondare historiko hau balioan jarri nahi izan dute. Egitura nagusia berreraiki, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetu eta herritarrei eta bisitariei gotorlekuaren historia ezagutzera emateko panel informatiboak jarri dituzte. Gaztelura eta Arkalen dauden beste interes puntuetara (barrakoira, bunkerretara eta hilarrira) iristeko seinaleak ere markatu dituzte.

Berreskuratze lanak bukatuta, urriaren 5ean egin zuten inaugurazio ekitaldia. Beloaga Bizirik-eko Joxe Mari Iturriotzek kontatu zuen gazteluaren historia. Gero, Jose Etxezurietak Beloaga Bizirik elkartearen bidea azaldu zuen. Udalaren izenean, Ibon Mitxelena zinegotziak azken urteetan egindako proiektuak ere azalduko zituen.

Arditurriko eta Karrikako bidegorria lotuko dituzte Altzibarren

Arditurriko bidegorria Karrikara egindako adarrarekin lotzeko lanak hasi ditu Udalak. Martintxo kaleko zubitik hasi eta erreka ondotik joango da bidegorria, Olako Zubira arte. Ongizaterako eta aisialdirako ez ezik, herri barruko mugikortasunerako baliabide estrategikoa da bidegorria. Horregatik, herriko txoko ezberdinak sarearekin lotu eta adarren arteko joan-etorriak erraztu nahi ditu Udalak, Oiartzungo ardatz aktibo garrantzitsuenaren erabilera areagotzeko eta oinezko eta bizikleten segurtasuna hobetzeko.

Bi bidegorriak konektatzeko lanekin batera, Klarene plazako aparkalekua berrantolatuko dute. Ibaitik gertuen dauden plazak kenduko dituzte bidegorria egiteko, eta belardiaren zati batean toki berriak sortuko dituzte. Autoentzako 26 aparkaleku berri eta motoentzako bi gune egingo dituzte. 174.000 €ko aurrekontua du proiektuak.

Frankismoak errepresaliatutako emakume oiartzuarren bizipenak argitara

Udalak bultzatuta, 1936tik 1978ra Oiartzunen giza eskubideen urraketak, errepresioa eta motibazio politikoko beste indarkeria batzuk jasan zituzten emakumeen historia berreskuratzen hasiko da Aranzadi Zientzia Elkartea. Kartzelako egoera penagarriak, ile mozketak, umilazioak, bortxaketak, erbeste behartua, gerra kontseiluak… Estalitako historiaren parte hori erakusteko egingo dute ikerketa, emakume oiartzuar haiei guztiei izen-abizenak jarri eta beraien memoria berreskuratzeko.

Ione Zuloaga Aranzadi Zientzia Elkarteko historialariak egingo du ikerketa. Oiartzuarren ekarpena ezinbestekoa izango da horretarako. Izan ere, familiartean gelditu izan diren kontakizunak izango dira ikerketaren abiapuntu nagusia. Hala, herritarrak animatu dituzte etxeko edo gertukoengandik iritsi zaizkien gertaerak, bizipenak edo argazkiak partekatzera (izuloaga@aranzadi. eus-era idatzita edo 943 46 61 42 zenbakira deituta).

Euskararen erabilera areagotzeko plan berria du Udalak

Udalean euskararen erabilera areagotzeko plana osatu dute, UEMAren laguntzarekin. Datozen lau urteetarako erronkak zehaztu dituzte, euskara lan-, sortze- eta zerbitzu-hizkuntza izan dadin. 1990an onartu zuen Udalak lehen plan estrategikoa, eta zazpigarrena izango da hau. Egindako bideari esker, udal funtzionamendua ia erabat euskalduna da.

Urrats berriak zehazteko egoeraren analisia egin zuten lehenik, 100 langilek betetako galdetegiarekin. Emaitzek berretsi dute euskararen aldeko konpromisoa erabatekoa dela. Zailtasunak ere detektatu dituzte. Adibidez, ikusi da euskara lan- eta zerbitzu-hizkuntza den arren, ez dela beti sortze-hizkuntza izaten. Euskararen kalitatean ere jarri dute azpimarra. Irizpide eta erronka berriak udal langile guztien artean lantzeko saioak egin dituzte urrian. Izan ere, zeharkakotasunez landu beharreko gaia izango da, udala osatzen duten guztien ardura izango baita planean jasotakoa betetzea.

16

2024/06/26.

Osakidetzan kalitatezko arreta bermatzeko eskatu du Udalak.

Duintasuna, Oiartzungo Pentsiodunen Elkarteak Osakidetzaren inguruan aurkeztutako mozioa landu zuten ekaineko udalbatzarrean. Jubilatu taldeko kideek azaldu zuten “kezkatuta eta haserre” daudela Osakidetzaren egoera “jasanezina” bihurtu delako. “Geroz eta zailagoa da medikuarekin aurrez aurreko hitzordua lortzea, espezialistarenera joateko itxaron-zerrendak amaigabeak dira…”. Horregatik, Udalari eskatu zioten Osasun Sailera lau eskakizun igortzeko; besteak beste, herritarrei kalitatezko arreta ziurtatzeko eskatzea Oiartzungo osasun etxean, ordutegi eta txanda guztietan. EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin onartu zuten eskaera. EAJ-PNVkoak abstenitu egin ziren.

Hiri Antolaketako Plan Orokorraren (HAPO) lehenengo aldaketa puntualaren prozedurari ekitea ere adostu zuten. 2015etik dago indarrean HAPOa, eta urte hauetan zehar egokitzapen txikiak egiteko beharra sortu da, hiri-lurra eta lur ez urbanizagarriaren arteko zenbait muga zehazteko. Adibidez, Altzibarko biribilgune ondoko aparkalekuaren zati bat landalurrean dagoenez, ezin da asfaltatu. Prozesu honekin aldatu nahi dute eremu horren kalifikazioa, aparkalekua atontzen bukatzeko. Guztira sei dira egin nahi dituzten egokitzapenak.

Ekaineko protokolo gastuak 890,69 € izan ziren.

2024/07/24.

Udalbiltza Oiartzungo Udalera egongo da atxikitua.

1999an sortu zen Udalbiltza, Euskalduna Jauregian (Bilbo), zazpi euskal lurraldeetako ia 2.000 udal hautetsi bilduta. Euskal Herriaren zatiketa administratiboa gainditu eta herri burujabe bat eraikitzeko bidean, lurralde artikulazioa, garapena, udalen arteko elkar ezagutza eta lankidetza instituzionala bultzatzeko tresna da. Lurralde eta kolore ezberdinetako 91 udal daude ordezkatuta egun bertan.

Estatutuek bere egoitza soziala Oiartzunen finkatu zuten, eta aurrerantzean Oiartzungo Udalera egongo da atxikitua. Hala adostu zuen Udalbiltzak eta ontzat eman zuen Oiartzungo Udalak uztaileko plenoan, EH Bilduko zinegotzien aldeko botoarekin.

EAJ-PNVko zinegotziak abstenitu egin ziren, haien ustez Udalbitzak “duplizitatea” dakarrelako. “Euskadiko udalak udalen federazio eta elkargoetako partaideak dira: EUDEL EAEn, NUKF Nafarroan, eta Euskal Hirigune Elkargoa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan. Elkargo anitzak eta transbertsalak dira, udalen artean informazioa partekatu eta laguntza emateko. Udalbiltzak ez duela bestelako ahalbiderik; sare bat gehiago da gauza berdinerako”, azaldu zuen Rafael Bergaretxe hautetsiak. Aipatutako hiru elkarteak eta Udalbiltza “osagarriak” diren

PLENOAK

IRUDITAN

erakundeak direla erantzun zion Joana Mendiburu alkateak. “Ez dituzte ez helburu berdinak ezta funtzio eta eginkizun berdinak ere. Udalbiltzak proposamen berri eta interesgarriak luzatzen dizkie udalei, burujabetzan pausoak emateko, energia komunitateak eratzeko, edo euskal kultura eta sortzaileak hauspotzeko, besteak beste”. Udalbiltzan Euskal Herri osoko udalak daudela nabarmendu zuen. “Euskaldun bezala, badagokigu euskal lurraldea zatitzen duten hiru eremu administratiboetatik haratagoko elkarte bat sortu eta bultzatzea. Aberatsa eta ezinbestekoa da”.

Uztaileko protokolo eta ordezkapen gastuak 137,82 € izan ziren.

2024/09/25.

Oiartzungo Klima eta Energia Plana onartu dute.

Aho batez onartu zuten Oiartzungo Klima eta Energia plana. Oiartzungo trantsizio ekologikoa hauspotzea du helburu. Energia-trantsizioan eredugarri izan nahi du Udalak, eta bide honetan Oiartzungo sektore ezberdinen bidelagun izan.

2025. urterako zerga ordenantza berritua ere onartu zuten EH Bilduko hautetsien babesarekin. Orohar, KPIa igoko dena baino gutxiago igoko dituzte udal zergak eta tasak aurten ere; %2. Hobariak eta salbuespenak ere egongo dira. EAJ-PNVko zinegotziak abstenitu egin ziren, Janire Mitxelena bozeramaileak azaldu zuenez, ordenantza berriaren “zati batzuekin ados” egon arren, hondakinen tasa “modu progresiboan” igo beharko litzatekeelako. Tasa honen ordainketan familia zaurgarriak babesteko neurriak faltan bota zituela salatu zuen. Oihana Irastorza Ogasun zinegotziak gogorarazi zion diru-sarrera gutxi dituzten bizikidetza unitateak hondakin eta uraren tasak ez dituztela ordaindu behar, eta aurten 100 familia inguruk ez zaizkiela tasa hauek kobratu.

Protokolo gastuak 140 € izan ziren abuztuan eta 404,82 € irailean.

2024/10/30.

Datozen hiru urteetarako dirulaguntza plan estrategikoa onartu du Udalak.

2025etik 2027ra indarrean egongo den Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aho batez adostu zuten. Bi milioi eurotik gora banatuko ditu Udalak urtero, herri berdinzalea, bizia, jasangarria eta euskalduna izateko egitasmoak sustatzeko. Gardentasuna eta objektibitatea bermatzeko onartu dute plana, diru publikoaren banaketan berdintasuna ziurtatzeko.

Udal Ikastola Partzuergoaren 2024ko ekarpena berraztertu zuten. Urmendira Haur Eskolara 860.516,14 € bideratuko ditu Udalak aurten.

Urriko protokolo gastuak 1.009,99 € izan ziren.

1-2 Altzibarko festak / 3 Udalekuak / 4 Mugaldeko udaleku ibiltaria / 5 Kanterri, Euskaraz kantatzen duen herria / 6 Oiartzun Irratiaren 25. urteurren festa / 7 Tio Teronen Semeak, ‘Haurreskolari’ / 8 Arditurri Eguna / 9 Irulegira bisita / 10 Lartaun Abesbatzaren kontzertua / 11-12 Iturriozko festak / 13 Harri Beltzak antolatutako kontzertua

/ 14 Xanistebanetako kultur ekitaldia / 15-29 Xanistebanak / 30-31 Karrikako festak / 32 Oiartzungo poesia egunak / 33 KantagiLtza: Erramun Martikorena / 34 Erdi Aroko jardunaldiak / 35-36 Ugaldetxoko festak / 37 Beloagaren inaugurazioa
/ 38 ‘Indarkeriaren Oi(h)artzunak’ filma eta solasaldia / 39 Garagardo Azoka / 40 Zea Maysen kontzertua / 41 KantagiLtza: Izaro Andres / 42 Kirol Astea / 43 Artikutzako trenaren bidean ibilaldia / 44 Gau Beltza / 45 Hitzen Lihoa

Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.