105. Udala Informatzen

Page 1


2024ko

Atzean ez gelditzeko, mugitu gaitezen

Mugitu gaitezke leku batetik bestera joateko, eta mugitu gaitezke gauzak aldatzeko. Oiartzungo joan-etorri nagusiak dira auzoetatik kalera igo edo jaistea, erosketak egitera joatea, ikasturtean zehar haurrak ikastetxera eramatea eta, gero eta gehiago, lanerako herritik kanpora ateratzea ere.

Joan-etorri askoko herria da gurea eta, gaur gaurkoz, norberaren ibilgailu propioa da mugitzeko erabiltzen dugun garraiobide nagusia.

Pausoz pauso, kotxearen lehentasuna gutxitu eta, mugikortasun jasangarriago eta osasuntsuago baten alde egiteko garaia da. Oiartzungo Udalak azken legealdietan hasitako bideari jarraipena emateko unea. Urtez urte, udalak bidegorri sarea auzo guztietara eta poligonoetara zabaldu du, Xorrola eta taxi bus zerbitzua eskaintzen ditu, haurrak ikastetxeetara oinez joateko Oinbusa bezalako programak martxan jartzeko kanpainak egin ditu… Neurri horiek guztiak behar-beharrezkoak izan dira oiartzuarron garraio-ohiturak aldatzen hasteko. Izan ere, kotxeari lehentasuna kentzeko erabaki zorrotzak har daitezke, adibidez, parkinetan TAO/OTA jartzea, baina gure ustez herritarrek kotxea aparkatuta uzteko ezinbestekoa da lehenik eta behin garraio publikoa indartu eta bestelako alternatibak eskaintzea. Hori da erakunde publikoen eginbeharra, eta aurrerapauso berriak emateko osatu dugu mugikortasun plana. Plan honek ez du inolaz ere aurreikusten TAO/OTA jartzea, bai ordea bizikleten erabilera sustatzea eta garraio publikoa indartzea, besteak beste. Zorionez, udalak urteetan hartutako neurriei esker, Oiartzunen alde batetik bestera mugitzeko aukera asko dago beti kotxea hartu beharrik izan gabe eta, aurrerantzean ere, udaletik zerbitzu horiek indartzeko konpromisoa hartu dugu.

Horretara dator mugikortasun plana. Datozen bost urteetan udaletik bultzatuko diren mugikortasun politikak eta hartuko diren neurri berriak jasotzen ditu planak. Bidea lau ardatzen bueltan marraztu dugu: Oiartzungo ardatz aktiboak (bide nagusiak, alegia), garraio publikoa eszenatoki berrian, kotxearen zentraltasuna eraldatzea eta jarduera ekonomikorako eremuetan

Badugu bideorri bat herriaren barruan egiten diren joan-etorriak nolakoak izan beharko luketen jasotzen duena eta gure ohiturak aldatzeko udalak hartuko dituen neurriak eta egingo dituen inbertsioak zehazten dituena. Orain oiartzuarrak ekintzara pasa eta mugikortasun jasangarriaren aldeko herri mugimendua sortzea falta da, eta hori guztion esku dago.

Zeren mugitu, mugitzen den herria da Oiartzun.

Joana Mendiburu Garaiar, Oiartzungo alkatea

Oiartzungo Mugikortasun Plana osatu dute

Datozen bost urteetarako erronkak eta ekintzak zehaztu dituzte.

Lurraldean zehar mugitzeko dugun erak, paisaia eta egitura eraldatzeaz gain, ingurugiro osoari eragiten dio, mugitzeko kontsumitzen dugun energia eta baliabideen ondorioz. Nabarmen ugaritu dira azken urteotan mugikortasunak sortzen dituen kutsadura eta arazoak.

Kalte horiek murrizteko osatu du Udalak Oiartzungo Mugikortasun Plana. Gure mugikortasun ohituren eta honi lotutako espazio publikoaren erabileraren inguruan hausnarketa egin eta eraldaketak eta estrategiak proposatzen ditu, klima aldaketari aurre egin, energia aurreztu eta herri atseginagoa lortzeko. Ekaineko udalbatzarrean onartu zuten eta bost urteko iraunaldia izango du. Etorkizunari begira egindako plana da eta ziur daude mugikortasunean bilatzen dituen ohitura aldaketek jendearengan eragin positiboa izango dutela, herriarentzat eta herritarrentzat onuragarriak izango direlako.

_Urte luzez garraio publikoa eta oinezko bideak sustatzen

Osatu den lehen mugikortasun plana den arren, dozenaka dira azken urteetan autoen erabilera gutxitzeko eta oiartzuarrak toki batetik bestera modu jasangarriagoan joateko Udalak martxan jarri dituen zerbitzuak, azpiegiturak eta egitasmoak. Izan ere, kotxea gutxiago hartzeko, herritarrek alternatiba eroso eta merkeak behar dituzte ezinbestean, are gehiago auzoguneak hain sakabanatuta dituen Oiartzun bezalako udalerri batean.

Garraio publikoa sustatzeko sortu zituen Xorrola eta Taxibusa, eta zerbitzu hauek indartzen ari da etengabe (ordutegia asteburuetara eta gau berezietara zabalduz, Xorrola Mugi txartelaren barruan sartuz…). Nabarmen ari da handitzen auzoen arteko garraiobide hauen erabilera eta urtero 100.000 bidaiari izaten dituzte.

Joan-etorriak oinez edo bizikletaz egiteko inbertsio garrantzitsuak ere egin ditu Udalak. Bidegorri sarea auzo guztietara zabaldu du; espaloi berriak egin ditu auzoetan, auzo artean, ikastetxe inguruetan eta poligonoetan; errepideak peatonalizatu ditu; bizikletak uzteko guneak atondu ditu…

UDAL ALBISTEAK

_Aurrerapauso berriak emateko plan ausarta

Azken urteetan hasitako bidean sakontzeko osatu dute Oiartzungo lehen Mugikortasun Plana. 2022an herriko mugikortasunaren inguruan egin zen diagnosia izan dute oinarri, eta bertan ateratako ondorioen baitan zehaztu dituzte erronka eta ekintza berriak. Herritarrekin eta eragileekin egindako saio ezberdinetan jasotako proposamenekin borobildu dute.

Lau ardatz estrategikotan banatu dituzte datozen bost urteetan gauzatu nahi dituzten ekintzak. Hemen adibide batzuk:

• Oiartzungo ardatz aktiboak: Elizalden oinezko guneak zabaldu; Arditturriko bidegorria eta Karrikara doana lotu Altzibarren; Rafael Pikabea kalea birpentsatu; Makutso bidea eta Ozentzio kalea oinezkoago egin; Karrikan koexistentzia gunea sortu; bidegorrira sarrera berriak egokitu; bizikletentzat aparkaleku gehiago atondu…

• Garraio publikoa eszenatoki berrian: Arraguako plataforma intermodala bultzatu; Arraguako errepidean autobusek erabiltzeko erraila egin; Xorrola elektriko berria erosi; Taxibusa Mugi sisteman integratu; ibilgailuak partekatzeko aukerak sustatu…

• Kotxearen zentraltasuna eraldatu: Errepideak eta kaleak diseinatzerakoan oinezkoei lehentasuna eman; zenbait tokitan ibilgailuen abiadura mantsotzeko eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko lanak egin; espaloi berriak eraiki; zenbait errepide norabide bakarreko bihurtu…

• Jarduera ekonomikorako eremuetan eragin: Bidegorri sarea lantokietara luzatu; erosketak egitera bizikletan joatea errazteko neurriak martxan jarri; poligonoetako langileekin mugikortasun jasangarriaren inguruko lanketa egin...

_Bidegorria, lantokiraino

Industrialdea garrantzitsu asko dituen herria da Oiartzun eta mugikortasun sortzaile handiak dira eremu hauek. Toki egokian daude kokatuak: azpi bailara txikietan, lur nahiko lauetan, herrigunetik eta topo geltokitik gertu samar. Azpiegitura egokiak bermatuz gero, bizikleta mugikortasun modu oso aproposa izan daiteke poligonoetara joateko. Horregatik, zortzi auzoak bidegorriarekin lotzen bukatuta, sarea lantokietaraino luzatu nahi du orain Udalak.

Dagoeneko hasi da planak jasotzen dituen etxeko lanak egiten eta amaitu du Ugaldetxo poligonoraino doan adarra. Arditurriko bidegorria eta Errenteriakoak bat egiten duten zubitik hasi eta Arbide erreka jarraituaz, Ugaldetxo industrialdea zeharkatzen du bide berriak, Mamut atzetik. 700 metro luze ditu eta 752.000 €ko aurrekontua izan du proiektuak.

Gainontzeko poligonoak pixkanaka bidegorri sarearekin lotzeko, Iurrita eta Mamut artean egin behar den desbideraketa saihesteko bidea hobetzea aurreikusi du Oiartzun ibaiertzetik. Euskotrenen geltokitik Lanbarreneraino joateko bidegorria gauzatzeko proiektua ere landu nahi du, besteak beste.

Irakurri Mugikortasun Plana

Energia bulegoa ireki dute Itxura berria izango du Karla Lekuona futbol zelaiak

Faktura eta kontsumoa gutxitzeko aholkuak emateko, astelehenero dago zabalik, Mendiburu kalean.

Oiartzuarrei energia-aholkularitza integrala eskaintzeko bulegoa ireki dute Udalak eta Oarsoaldeko Garapen Agentziak, Argitturri Oiartzungo Energia Berriztagarrien komunitatearen eskaerari erantzunez. Astelehenetan ematen du zerbitzua, energiari lotutako edozein kontsulta egin eta informazioa eta aholkularitza jasotzeko.

Elektrizitate eta gasaren fakturak ulertzeko zailak izaten dira, kontzeptu eta termino tekniko konplexuz josiak, eta horrek zaildu egiten du energia-kontsumoa kontrolatu eta murriztea. Gainera, energia sektorean teknologia eta legedia etengabe berritzen denez, ez da erraza izaten aukera berri guztiak ezagutu eta sortzen diren baliabide eta tresnei etekina ateratzea. Zerbitzu berriarekin gai honen inguruan dagoen ezagutza eta trebetasuna handitzen lagundu nahi dute. _Kontsumoa eta fakturak murrizteko informazio praktikoa

Energiarekin lotutako gaietan informazioa, orientazioa eta laguntza praktikoa ematen dute. Fakturak interpretatzetik hasi eta energia-eraginkortasunari eta berriztagarriei buruzko aholkularitzaraino. Besteak beste, zerbitzu hauek eskaintzen dira bertan:

• Fakturak ulertzen lagundu.

• Energia-kontsumoa aztertu eta gutxitzeko aholkuak eman.

• Energia tarifei eta eskura dauden laguntza ekonomikoei buruzko informazioa eskaini, fakturak eta energia gastuak murrizteko.

• Etxebizitzen energia-eraginkortasunari eta berriztagarriei buruzko aholkularitza.

• Energia alorreko legediaren eta komunitateko ekimenei buruzko eguneratzeak.

_Astelehenetan, Mendiburu kalean

Energia bulegoko teknikariek aholkularitza zuzena ematen dute astelehenero, 9:00etatik 14:00etara eta 14:30etik 16:00etara. Mendiburu kaleko 3. zenbakian egongo da kokatuta bulego berria.

Doakoa da eta aurrez hartu behar da hitzordua, astelehenetik ostiralera 943 344 160 telefonora deituta edo energia@oarsoaldea.eus helbide elektronikora idatzita. Zerbitzuaren inguruko informazio gehiago nahi dutenek ere bide horiek erabili ditzakete.

Komunitate informatuago, efizienteago eta jasangarriagoa eraikitzeko urrats garrantzitsua da bulego berria. Energia-kontsumoari buruzko erabaki informatuagoak hartzeaz gain, ingurumena zaintzeko, etorkizun jasangarriagoa lortzeko eta etxeko ongizatean eta ekonomian laguntzeko tresna izango da.

Belar artifiziala jarri, argiteria aldatu eta sarrera berritzeko lanak abiatuko ditu Udalak.

Etxe berria izango du aurki Oiartzun Kirol Elkarteak. 49 urte ditu taldeak. Lehen bi urteetan Mamut inguruko zelaietan ibiltzen ziren entrenatzen eta kanpoan jokatzen zituzten partiduak. Bi urtera estreinatu zuten 47 urtez herriko futbolaren bihotza izan den zelaia.

Ia mende erdiz milaka korrika saio, erregate eta gol bizitu ditu espazioak eta honi ere iritsi zaio erretiroa hartzeko garaia. Gotorlekua ez dute tokiz mugituko, baina zelaia guztiz itxuraldatzeko proiektua martxan du Udalak, behar eta erabilera berrietara egokitzeko.

_Belar artifizialarekin ordezkatuko dute zelaia

160 emakume eta 315 gizon ibiltzen dira gaur egun futbolean OKEn. 21 talde ditu, alebinetatik hasi eta senior mailara bitarte. Ezin kabitu ibiltzen dira denak, belar naturaleko zelaia ezin baita nahi adina aprobetxatu. Erabilera gutxi behar izaten ditu belardiak bere kolore berdea galdu eta lokatz putzu bihurtzeko, eta horregatik partidu eta entrenamendu gutxi egiten dituzte bertan. Mantenu lan handia du gainera.

Kirol-instalazioa hobetu eta erabilera eta segurtasuna

handitzeko, belar naturala kendu eta belar artifizialeko zelaia egingo da. Futbol 11rako joko-eremu bat eta futbol 7rako bi markatuko dira. Ureztatze eta drainadura sistema berriak jarriko dituzte eta zelaia inguratzen duen hesia aldatuko da.

_Ekipamendu berriak eta autobusentzat aparkalekua

Belar berriari esker, nabarmen murriztuko dira mantentze-lanak eta kostuak. Zelaiaz gain, inguruko instalazioak ere eraberrituko dira. Lau argiztapen-dorre eraikiko dituzte, bakoitza led motako 4 proiektorerekin, energia-eraginkortasuna hobetzeko. Sarrerak eta leihatila berria egingo dira eta markagailua, babessarea eta taldeen aulkiak aldatuko dira.

Kanpoaldeak ere izango dira berrikuntzak: joko eremua eta errepidearen arteko itxitura atzeraeman eta lortutako espazioan espaloia eta autobusentzako aparkalekua gaituko dute.

1.834.000 €ko aurrekontua du eraberritzeak. Abuztuan hasiko dituzte lanak eta ondo bidean, zelai berria urte bukaerarako prest egongo dela aurreikusi dute.

Ibon Mitxelena Fernandez, Ekonomia Sozialerako Zinegotzia eta Xabier Sesma Korta, Oarsoaldeako Jasangarritasun Teknikaria
Edorta Fernandez eta Olaia Lasa, Kirol eta Ongizate zinegotziak

UDAL ALBISTEAK

200 lagunek hartu dute parte Arragua biziberritzeko parte-hartze saioetan

Urbanizazio proiektua egiterakoan kontuan hartzeko irizpideak adostu dituzte.

Arrakastatsuak izan dira Arragua biziberritzeko proiektua herritarrekin partekatu eta aberasteko saioak. Bilera horietan egitasmoaren historia luzea azaldu zuen udalak eta, ondoren, auzogune berria diseinatzeko irizpide orokorrak guztien artean adostu ziren. Bost bilera egin dituzte guztira, eta 200 lagunek hartu dute parte.

Pozik eta oso baikor azaldu da Udala jasotako erantzunarekin, urte hauetan guztietan egindako lana eskertu eta babestu baitute auzotarrek. Udalaren eta auzotarren arteko sintonia erabatekoa izan da eta hori oinarri ezin hobea da hurrengo faseei heltzeko.

_Behar eta erabilera ezberdinetarako espazioak

Auzotarren neurrira sortutako espazio berriak elkarrekin irudikatu dituzte, guztion gozamenerako eta erabilerarako aproposak izan daitezen:

• Plaza: auzo berriaren eta zaharraren arteko topagunea izango den espazio libre handi eta zentrala izango da, auzotarren elkargune berria eta nagusia. Erabilera askotarako espazio ezberdinak izango ditu.

• Berdeguneak eta errekak: ongizatea sustatzeko, jarduera anitzak eskainiko dituzten berdeguneak

egingo dira. Kokapenaren eta ezaugarrien arabera izaera diferenteak izango dituzte (irisgarriak, eserleku eta atsedenguneak txertatuz, elementu naturalekin harremanean dauden jolas guneekin…).

• Ekipamenduak eta zerbitzuak: herritar eta auzotarrek egunerokotasunean erabiltzeko zerbitzuak aurreikusiko dira, diseinuan auzo-eskala mantenduz. Aisialdirako lokalak, elkarbizitzarekin harremana duten jarduerak eta zerbitzuak…

• Mugikortasuna eta kaleak: kaleen diseinuaren bitartez trafikoa mugatu eta abiadura baretuko da. Kale naturalizatuak izango dira. Herrigunearekin zein eskualdearekin loturak oinez, bizikletaz, autobusez edo trenez egitea sustatuko da.

Azpiko QRan ikus daitezke ondorio guztiak.

_Hurrengo faseetarako abiapuntua ezarri da

Arraguako espazio publikoak hobetzeko aukera izango da biziberritze hau. Datozen hilabeteetan, auzoan aurkeztutakoa oinarri hartuta, proiektu honen parte diren promotorearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin plan desberdinak aztertu eta negoziatuko ditu Udalak. Lantzen eta onartzen azkena urbanizazio plana izaten da. Bertan jasoko da espazio publikoen nolakotasuna eta, beraz, hori izango da oraingo parte hartze prozesuan auzotarrekin landutako irizpideak txertatzeko unea. Proiektuaren zirriborroa izatean (2026. urte hasieran izango dela aurreikusi dute), auzoan aurkeztu eta partehartzeko saio berriak egiteko konpromisoa hartu du Udalak.

Emergentzien aurrean ahaldundutako herria

Oiartzuarrentzat formakuntza saioak antolatu dituzte Bizi-lagun taldeko kideek.

Oiartzun, edozein herri bezala, ez dago larrialdi egoeretatik salbu. Osasun emergentzien artean, bihotz-geldialdiak izaten dira denboraren menpekoen direnak. 75 bihotzgeldialdi ematen dira ospitaletik kanpo hilabetero Euskal Autonomia Erkidegoan. Geldialdi hauen % 70 norberaren etxean gertatzen dira eta % 17 kalean.

Larrialdiei aurre egiteko ardura profesionalek duten arren, haiek iritsi bitartean lekukoek duten jarrerak baldintzatzen du maiz emergentziaren emaitza. Oiartzundik gertuen ditugun anbulantziak Fanderiako oinarrizkoa eta Bidasoako medikalizatua dira. Oso azkar mugitu arren, nekez iritsiko dira 8-10 minutu baino lehen eta tarte horretan lekukoek egindako ekintzak eta lehen sorospenak berebizikoak dira. Oiartzuarrak bihotz-geldialdien eta beste emergentzien aurrean ahalduntzeko eta nola jokatu azaltzeko sortu zen Bizilagun taldea.

_Larrialdiei auzolanean aurre

Osasun eta larrialdietan eskarmentu handia duten hogeita lau oiartzuarrek sortu zuten 2018an Bizi-lagun.

Erronka eta helburu partekatu batekin hasi ziren biltzen: Oiartzun emergentziei aurre egiteko ahaldundutako herria izatea lortu. Auzolanaren bidez eta elkar harremana sustatuz egin nahi dute.

Udalaren babesari esker eskuratu zituzten prestakuntzetarako 20 panpina, desfibriladorea (bigarrena erosiko dute orain), beharrezko gainontzeko materiala eta lokala. Ordutik, oiartzuarrak larrialdien aurrean ahalduntzeko formakuntza tailerrak ematen dabiltza buru-belarri. 120 pertsona ingururi eman diete prestakuntza dagoeneko.

_Hurrengo saioetarako izenematea, zabalik

Emergentzien aurrean ahaldundutako oiartzuarren sarea zabaltzen jarraitu nahi dute eta datozen hilabeteetarako hiru prestakuntza saio berri antolatu dituzte.

Saio praktikoak izango dira. Bihotz-geldialdi baten aurrean nola erantzun landuko dute; egoera hauek antzeman, masajea nola eman eta desfibriladorea nola erabili. Osasun larrialdiez gain, beste zenbait emergentzia egoera ere izango dituzte aztergai: sute baten aurrean eman beharreko lehen pausoak ezagutu, su-itzalgailu bat nola erabiltzen den ikasi edota errepidean eta egunerokoan ematen diren larrialdi ohikoen aurrean jarraitu beharreko babes-pausoak landuko dituzte.

Formakuntzak irailaren 8an, azaroaren 20an eta urtarrilaren 22an egingo dituzte, 18:00etatik 21:00etara, Landetxe Kultur Aretoan. Oiartzuarrek oiartzuarrentzat prestatuak izango dira eta 60 lagunentzat dago tokia deialdi bakoitzean. Sarrerak.oiartzun.eus webgunean edo Landetxeko leihatilan eman daiteke izena.

UDAL ALBISTEAK

Oarsoaldeko enplegu zerbitzu berria, oiartzuarrentzat eskurago

Lartzabal auzora lekualdatu dute Oarsolan.

1993tik eskualdeko herritar eta enpresei lan esparruan laguntza eskaintzen dien Oarsoaldeko Enplegu Zerbitzuak aro berria hasi du. Zerbitzu osatuagoa eskaintzeaz gain, kokaleku berria izango du, Oiartzun eta Errenteria arteko mugan. Lartzabal kaleko 31. zenbakian ireki dute Oarsolan, Oarsoaldeko Enplegurako eta Inklusiorako Berrikuntza Zentroa. Oiartzuarrentzat eskuragarriago egongo da honenbestez zerbitzu berritua, Arraguako autobus geltokitik bi minutura.

Urteetan egindako bidearen emaitza da eraldaketa hau. Agentziak Oiartzungo herritarrei eta enpresei zerbitzu hobea emateko duen misioan mugarri bat da, berrikuntzan eta laneratzean ikuspegi berrituarekin.

_Pertsonen eta enpresen beharretara egokitutako aholkularitza

Eskualdearen garapen ekonomikorako motorra izaten jarraitzeko konpromisoa berretsi du Oarsolanek, enplegua bilatzen ari diren pertsona guztiei eta talentua behar duten enpresei laguntzen jarraitzeko esperantzan.

Izaera bikoitza du zentroak. Batetik, eskualdeko pertsonen enplegagarritasuna hobetu nahi du. Horretarako, lan bila dabiltzanentzat, lan hobe bat lortu nahi dutenentzat edo ekintzailetza prozesuan daudenentzat orientazio eta laguntza zerbitzua eskaintzen dute, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako aholkularitza, baliabide eta programekin.

Bestetik, enplegu eta inklusioarekin lotutako berrikuntza zentroa da, arlo honetan berrikuntza sustatzen duena. Berrikuntza irekia hauspotu nahi du, enplegu eta inklusio alorrean sortzen diren erronken aurrean batean eragileekin elkarlanean eta modu berri batean irtenbideak eta alternatibak landuz.

Eskualdeko enpresekin hartu-eman zuzena du Oarsolanek. Behar dituzten langileak formatzen eta lortzen laguntzen die, eta lehiakortasuna hobetzeko programak eta aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen ditu. Enpresen beharrak eta eskaintzak herritarrei gerturatzea du xede, enpresa eta pertsonen arteko zubi lanean.

_14 langilez osatutako funtzio anitzeko taldea

Herritarrentzat eta enpresentzat zerbitzu integrala eskaintzen du Oarsolanek. 14 langilez osatutako taldea du horretarako, tartean 10 enplegu teknikari, ekintzailetzara bideratutako teknikari bat eta tokiko enpresen beharrak aztertu eta erantzuteko beste bat.

Apirilaren 22an ireki zituen ateak eta dagoeneko 600 pertsonek jaso dute aholkularitza eta laguntza. Astelehenetik ostiralera dago irekita, 8:00etatik 14:30era. Zerbitzu eraginkorra bermatzeko, ezinbestekoa da hitzordua eskatzea (943 510 200 telefonora deituta edo oarsolan@oarsoaldea.eus helbide elektronikoan).

PLENOAK

2024/03/20.

Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokoloa onartu du Udalak.

Sexu-jazarpenaren, sexuan oinarritutako jazarpenaren eta bestelako jokabide diskriminatzaileen aurrean jarduteko I. Protokoloa onartu zuten martxoko udalbatzarrean, hautetsi denen aldeko botoarekin. Lan arloan, sexu-jazarpena eta/ edo sexuan oinarritutako jazarpena ikusezin bihurtu daiteke eta biktimen zaurgarritasuna eta babesgabetasuna areagotu. Gainerako politika feministekin eta lan-arriskuen prebentziorako politikekin batera, Udala ere diskriminaziorik gabeko lan-gune feminista eta berdinzalea izateko tresna izango da.

Uraren Euskal Agentziarekin hitzarmena egitea adostu zuten, uraren hiri-zikloaren digitalizazioa hobetzeko. 16.239 euroko inbertsioa egingo du Udalak eta Uraren Euskal Agentziak beste 59.736 € jarriko ditu. Uraren kudeaketa hobetzea lortuko dute horrela: hornidura-sistemaren digitalizazioak erauzitako emariak denbora errealean monitorizatzeko aukera ematen du, eta horrek aukera ematen duelako ur-masak babestuz jarduteko eta gerora gerta daitezkeen arazoak prebenitzeko. Gainera, sentsoreek eta kudeaketa adimenduneko sistemek hornidura-sisteman ihesak, galerak eta hondakinak identifikatzen lagunduko dute, ur-kontsumoa optimizatuz.

2023 urteko aurrekontuaren likidazioaren berri ere eman zuen alkateak. Oreka ekonomikoari eustea lortu zuen Udalak, ez baitzuen aurreikusitakoa baino gehiago gastatu eta gai izan baitzen diru-laguntza gehigarriak lortzeko. Honi esker, 2024an proiektu ezberdinetara bideratzeko 4.907.027,63 euroko gerakina izan du. Besteak beste, jasangarritasun energetikorako, kultur eragileen ekintzak diruz laguntzeko, Rafael Pikabea Hiribidea berritzeko edota Altzibarko frontoia egiteko erabiliko dute kopuru hau.

Martxoko protokolo gastuak 1.406,82 € izan ziren.

2024/04/24.

Yakovlev42 herriko musika taldearen eta Palestinaren aldeko bi mozioak, aurrera.

Oiartzungo mugikortasun behin-behineko plana aho batez onartu eta hilabetez jendaurrean jartzea adostu zuten, herritarren ekarpenekin aberasteko.

Yakovlev42 herriko musika taldearen aurka guardia zibilak jarritako salaketa dela eta, taldekideei babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan zieten udal ordezkariek. Erakunde publikoetatik artisten adierazpen askatasuna

babestu eta zaintzeko konpromisoa berretsi zuten, “demokrazia osasuntsu baten mesedetan, kultura eta artea iritziak eta ideiak plazaratzeko tresna baliotsuak” baitira.

Palestinaren alde aurkeztu Palestinarekiko Erantzukizuna Elkarteak aurkeztutako eta EH Bildu taldeak bere egindako mozioa ere izan zuten hizketagai. Maite Santamariak elkarteko kideak, Palestinan gertatzen ari den genozidioa salatu eta krimen hau eteteko neurriak hartzea eskatu zuen. “Espainiako Estatuko gobernuak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta tokiko administrazioek ere mundu osoan bakea mantentzeko eta giza eskubideak errespetatzen laguntzeko erantzukizuna dute. Eta horretarako, Israelek Palestinako herriaren aurka egiten dituen krimen sistematikoen aurrean duen zigorgabetasuna amaitu behar da”. Palestinan berehalako su-etena, bitartean Israelgo gobernuarekin harreman instituzional guztiak etetea eta gatazkaren egiturazko arrazoiak “okupazio koloniala” eta “apartheid-a” direla onartzea eskatu zuen. EH Bilduko hautetsien aldeko botoekin onartu zen mozioa.

Apirileko protokolo gastuak 1.023,26 € izan ziren.

2024/05/29.

Errenterian eraso matxista jasan zuen emakumeari babesa.

Oiartzungo Mugimendu Feministak Errenteriako eraso matxista salatu eta emakumeari elkartasuna adierazteko aurkeztutako mozioaren aldeko botoa eman zuten zinegotzi denek. Duela gutxi jakin da 2021. urtean Errenteriako indarkeria unitatean lan egiten zuen ertzain batek emakume bat erasotu zuela. Hiru eskaera egin zizkieten Mugimendu Feministako kideek udal ordezkariei. Lehena, erasotutako emakumeari elkartasuna adieraztea eta horrelako kasuen aurrean dauden baliabideak emakumeari iritsi zaizkiola ziurtatzea. Bigarrena, Errenteriako Ertzaintzako komisaldegiari herriaren ezinegona helaraztea, eta indarkeria matxistagatik erasotuak izan diren emakumeekiko harrera eta arreta protokoloak berbegiratu, eguneratu eta hobetzeko eskaera egitea. Eta hirugarrena, Udalak indarkeria jasaten duten emakumeak behar bezala artatuak izan daitezen bermatzeko urratsak ematea, horretarako beharrezkoak diren zerbitzuen eta protokoloen bidez. Aho batez onartu zuten mozioa. 2025ean udalerriko jai eguna zein izango den ere zehaztu zuten. Abuztuaren 4a (astelehena) izango da datorren urtean Oiartzungo jaiegun ofiziala, Done Eztebe eguna (abuztuak 3) igandea izango baita.

Maiatzeko protokolo gastuak 2.603,74 € izan ziren.

Lartzabal kaleko bulego berria

Oiartzungo bost

industrialde estrategiko biziberritu dituzte

7.000 lagunek egiten dute lan Oiartzungo industrialdeetan.

Herriko eta Oarsoaldeko enplegurako ezinbesteko eremuak dira, eta Oiartzungo Udalarentzat estrategikoa da bertan dauden enpleguak eta enpresak mantendu eta proiektu berriak erakartzea. Bide horretan diseinatu zuen herriko poligonoak biziberritzeko plan integrala.

Ugaldetxo industrialde osoa berritzeko lanak bukatu ditu berriki. Bi fasetan egin dute, eraberritze sakona egin behar baitzen. Herriko bost industrialdea garrantzitsu biziberritu ditu azken urteetan. Eremu hauetan jarduera ekonomikoa indartzeko 4.500.000 € inbertitu dira. 1.900.000 €ko ekarpena egin du Udalak eta beste administrazio publikoetatik lortu dituen dirulaguntzekin (2.000.000 €) eta bertako zenbait enpresen ekarpenekin (600.000 €) gauzatu du industrialdeen biziberritzea.

UDAL ALBISTEAK

Astean behin

Ttipi-Ttapa ibiltzeko

hitzordu berria

Jarduera fisikoa sustatzeko Udalak eskaintzen duen orientazio zerbitzua da Abittu. Kirola egiten ez duten herritarrak aktibo bihurtzea du helburu, bizi kalitatea hobetzeko. Abitturen ekimenez sortu zen 2018an Ttipi-Ttapa egitasmoa. Oiartzungo txoko eta mendietatik bi ordu inguruko txangoak egiteko elkartzen dira ostiralero 20 bat lagun.

Arrakasta ikusita, zerbitzua beste pertsona batzuetara zabaltzeko talde berria sortu dute Zaintzadi eta Petra Lekuona egoitzarekin elkarlanean. Behar ezberdinak dituzten pertsonetara iritsi eta ariketa egiteaz gain inklusioa ere landu nahi dute, harreman sareak sortzeko. Ostegunetan hasi da elkartzen talde berria, 10:30ean Done Eztebe plazan, eta ibilbide laburragoak egiten dituzte. Bueltaxka lasaiak dira, adineko pertsonek ere egiteko modukoak. Ibiltzeko autonomoa den edonork hartu dezake parte.

25 urte, urrutira jun gabe

Mende laurdena beteko du aurten Oiartzun Irratiak. 1998an jarri zen martxan proiektua, euskararen normalkuntzarako eta herriko albisteen berri izateko tresna gisa. 1999an Udalarekin hitzarmena sinatu eta uztailaren 7an emititu zen lehen irratsaioa. Urteak aurrera egin ahala, irratia handitzen joan zen, tresna eta taldekide berriekin. Ehundaka oiartzuar pasa dira irratiko mikrofono aurretik eta herriko eragile eta elkarteen bozgorailu nagusi bihurtu dira. Irrati-uhinen bidez Oiartzungo etxeetan sartu eta gure eguneroko konpainia izatea lortu dute.

Urte hauetan guztietan ondoan izan dituzten entzule eta kolaboratzaileekin ospatu nahi dute efemeridea, eta uztailaren 13an egun osoko egitaraua antolatu dute horretarako. Haurren txokoa, herri kirolen desafioa, ekitaldia, bazkaria eta kontzertua izango dira herriko plazan.

Ongietorri goxoa egin

zieten iaz jaiotako oiartzuarrei

69 haur jaio ziren iaz Oiartzunen eta komunitatera ongietorria emateko Atsolorra egin zuten ekainaren 8an. Garazi Urdampilleta alkateordeak egin zien harrera. Atsolorra haur jaioberriaren inguruan Euskal Herrian egiten zen erritua zela gogorarazi zuen. “Momentu honetan eta txarretan elkar eusteko konpromiso bat zen, elkar babesteko eta zaintzeko hautu bat finean. Eta konpromiso hori egikaritu nahi dugu gaur ere”.

Guztiongan hartu zuten haur hauek zoriontsu izateko ardura. “Gurekin ditugun haurrak sarean hezi nahi ditugu. Haur koloretsuak, zapore askotarikoak, anitzak, askeak eta ezinbestean zoriontsuak izatea nahi dugu”, esan zuen.

Olatz Mitxelenak ekitaldirako sortutako testua irakurri ostean, haurrei zapia jantzi eta argazkiekin 2023ko arbola osatu zuten. Talde argazkiarekin bukatu zuten ekitaldia.

‘Turismo Arduratsua’ bereizgarria lortu du Arditurrik

Erromatarren garaitik Arditurri meategian egin diren ustiaketa lanak 1984an amaitu ondoren, herriko historiaren zati garrantzitsu bat ezagutzera emateko gunea museo bihurtu zuen Udalak 2008an. Meategian turismo jasangarria eta iraunkorra bultzatzea izan du helburu, eta horretarako egindako lanengatik Basquetour-Turismoaren

Euskal Agentziak ematen duen ‘Turismo Arduratsua’ bereizgarria lortu du.

Oiartzungo paisaia eta aberastasun naturala, monumentala eta kulturala babestu, kontserbatu eta ezagutarazteko egindako lanaren aitortza da. Hainbat irizpide izan dituzte kontuan: parke naturala zaintzeko antolatzen diren txangoetan eta meategi barruko bisitetan aforoa kontrolatzea; bertako kultura zabaltzeko herriko eragile, elkarte eta beste museoekin elkarlanean eskaintza ezberdinak egitea; edota antolatzen diren jarduerak anitzak izatea, besteak beste.

Irulegiko aztarnategira

bisita berria antolatu dute, uztailerako

Irulegiko aztarnategira ibilaldi gidatua antolatu zuen iaz Udalak, Aranzadiko arkeologoen laguntzaz euskal ondarearen eta hizkuntzaren mugarri bihurtu den txokoa ezagutzeko. Azkar bukatu ziren ibilaldiko autobusean izena emateko tokiak eta izan zuen arrakasta ikusita, berriz antolatu du txangoa. Uztailaren 14an izango da (igandea da), eta iaz egindako ibilbidea errepikatuko dute. Manuel Lekuona bibliotekako geltokitik aterako da autobusa, 8:30ean, eta 14:30 aldera egingo du buelta. Ibilaldia doan da eta 59 lagunentzat dago tokia. Uztailaren 5a baino lehen eman behar da izena udaletxean, telefonoz edo emailez (943 490 142, oiartzun@ oiartzun.eus). Bide aldapatsua da eta gailurrera igotzeko 150 eskailera daudenez, mendiko arropa, oinetako erosoak, ura eta hamaiketakoa eramatea gomendatu dute.

1-3 Korrika / 4 Loratzen. Lartaun Abesbatzaren udaberriko kontzertua / 5 Oiarpeko 20. urteurreneko bazkaria / 6 Argazki zaharren erakusketa / 7 ‘Oiartzun Burujabe’ aurkezpen ekitaldia / 8 Etxera Eguna / 9 KantagiLtza: Lide Hernando / 10 Erroten Eguna / 11 Ku-ku Eguna / 12 ‘Gu ere bertsotan’ / 13-14 Arraguako festak / 15 Elizalde Eguna
16 Jubilatuen egun-pasa Biasterira / 17 Ar Redadeg lasterketa / 18 Urkabe BTT / 19-20 Sagardo Eguna / 21 Urmendi festa / 22 Ibargain Musika Eskolaren kontzertua / 23 HemenGuk udako azoka / 24 Ikastola Eguna / 25 Eskertza Eguna / 26 Intxixu Trail / 27 HM eskolaren kontzertua / 28 Antxin Ezkerro I. Memoriala / 29-30 Ergoiengo festak

Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.