Ondorioak 2019ko abenduaren 27an prentsari emandako informazioaren arabera, trop pleinean eginiko lan honen helburuak ziren “Armintxe barruko inundazio-mailaren babesa bermatzea�, eta “galeriak leiho-sare batez ixtea, segurtasunarengatik�. Orain arte komentatutako guztiekin, bistan da lehen helburua ez dela bete; labar-artea hondatzen ari den arazo nagusia lehengo bestean dago, txartoago ez bada. Bigarren helburua, berriz, sobran dago: balizko indusle furtiboek, saiatuta ere, ez bailukete izango nora sartu (harri horien azpian ez baita galeriarik ageri). Gauzak horrela, hurrengo uholdeetan Armintxeko urek lehen baino maila altuagora iristeko aukera handiak daude. Hori gertatuko balitz, orain arte uholdeetatik libratu den labar-artea ere (Panelaren Gela famatukoa) hondatuko litzateke; eta ez zorigaitzeko halabeharrez, baizik eta gaizki planifikatutako lan batzuen ondorioz. Europako aztarnategi arkeologiko garrantzitsuenetakoa babesteko gai izan ez den Administrazioa ez litzateke leku onean geldituko.
Figura 18: Armintxe inguruko arro hidrografikoen egitura, 3D irudikapenean.
Izan ere, Armintxeko kasu hau arazo estruktural baten adierazpena baino ez da: lurpeko ondarea kudeatzeko Administrazioaren ezgaitasun historikoarena, hain zuzen ere. Kasu honetan, Armintxe ikertzen ari den talde multidisziplinarrean ere diziplinen arteko koordinazio faltaren zantzu nabarmenak dakusaguz. Esate baterako, arkeologiaz arduratzen ari den taldeak ez dio arazo hidrologikoari behar den beste garrantzia eman (2018ko uztaileko uholdeko gertakariak; bide bazterreko erretenak eragindako erosioa...). Hori baino larriagoak dira hidrogeologiaz arduratzen ari den enpresaren gabeziak, Armintxeko karstaren eta bereziki IS-100 kobazuloaren geomorfologiaren ezezagutzarekin lotuak. Izan ere, Foru Aldundiaren aginduetara diharduen taldeak ez du oraindik 19