6 minute read

AINGERU EPALTZA

AHANZTURAREN ALDE

AINGERU EPALTZA

Advertisement

IDAZLEA, ITZULTZAILEA ETA KAZETARIA

Argituko dut geroko utzi gabe: ni ez nago ahanzturaren alde. Ez naiz hona etorri ahanztura erreibindikatzera. Idazle bat nekez egon daiteke ahanzturaren alde. Literatura, zerbait baldin bada, memoria da. Oroimena. Eta oroimenaren transmisioa.

Idazleak bizi duen guztiaz hornitzen du bere memoria. Irakurtzen duen guztiaz. Ikusten duen guztiaz. Entzuten duen guztiaz. Bere memoria pertsonalean lekua egin duen horrekin guztiarekin elikatuko du bere literatur lana. Gero, literatur lan horrek irakurlearen memorian bere arrastoa utziko du aldi berean. Irakurle aunitzekin hala gertatzen bada, memoria kolektiboa eraikitzen lagunduko du idazlearen lanak. Hain zuzen ere, literatura baten bizitasunaren eta osasunaren neurri ona dugu bere ahalmena memoria kolektiboa hornitzeko. Nortasuna sortzeko. Memoria nortasunarekin lotua dagoelako. Norbanakoaren nortasunarekin nahiz taldearen nortasunarekin.

Bistan dena, literatura idatzizko lekukotasuna, idatzizko fikzioa ez da oroimen kolektiboaren moldatzaile bakarra. Gure herri berriki arte alfabetatu gabean, ahozkotasunak eta tradizioak izan dute, noski, literatura kultuak baino garrantzi handiagoa, alde horretatik. Gaur egun, ikus-entzunezkoek gizentzen dute, bereziki, gure memoria. Gizentzen, edo argaltzen.

Memoria ez baita zerbait objektiboa eta finkoa. Memoria egiten da aldatu, egiten da berritu, egiten da galdu. Norbanakoaren ikuspegitik, kontzientziak aldatzen ditu norberaren gogoan gordetzen diren egitateak. Ahanzturaren arriskupean bizi da. Erran berri dut: memoria nortasunarekin lotua dago, norbanakoaren nahiz taldearen nortasunarekin. Trauma baten edo eritasun baten ondorioz pertsona batek oroimena

galtzen badu, erran ohi da nortasuna galdu duela. Hori, modu kolektiboan ere gerta daiteke, gertaera lazgarri bat tarteko.

“Non mina, han mihia” dio esaera zaharrak. Oinazeak berekin ekartzen du sufrimenduaren berri emateko isuria. Iritzi zabaldua da minak ernaltzen duela literatura. Kontrara ere gerta daiteke, ordea. Minak, batzuetan, egiten gaitu isilarazi. Gizarte batek, halako batean, uko egiten ahal dio gertaera batzuk memorian gordetzeari, bereziki lazgarriak edo traumatikoak direnean. Uko egiten ahal dio hurrengo belaunaldiei transmititzeari. Halakoetan, inork oroitu nahi ez duena oroitaraztea izan daiteke idazlearen lana.

Euskal idazleek halaxe jokatu dute gure gizartea nola edo hala inarrosi, kordokatu edo asaldatu izan duten gertakari historikoekin? Euskal idazleek elikatu dute, transmititu dute gure memoria kolektiboa? Hasieratik erran dut: ni ez nago ahanzturaren alde. Euskarazko literatura idatziak, berriz, zenbait garaitan bederen, ahanzturaren eta memoriaren artean zirt edo zart egin behar izan duenean, ahanzturaren alde egin du hautua.

Horra, konparaziorako, gure idatzizko ondare zaharrena. XVI, XVII, XVIII. mendeetako liburu eta izkribuetan bakanak dira halako gertakarien oihartzunak. Bere denboratik at kokatzen da gehienbat euskal literatura. Ez du bere garaiaren lekukotasunik ematen, pentsamoldeari dagokionez ez bada. Ez du iragan kolektiboaren interpretaziori lekurik egiten ere. Ez zaio interesatzen. Salbuespenak, Etxeberri Sarakoaren euskararen apologia, Mogelen pasarteren bat, Madariagaren dantzen kontrakoak, Iztuetaren lanak…

Noiz hasi ziren gauzak aldatzen? XIX. mendearen erdialdea mugarria da. Iparraldeko euskal idazleek garai hartako borroka politiko, gerla eta gorabehera sozialen lekukotasun zuzena utzi ziguten, eta halaxe egiten segitu zuten XX. mendea ederki sartu arte. Hegoaldean, berriz, memoriaren ikuspegitik, imitaziozko literatura bat loratzen da, erdarazko erromantizismo berantiarraren senide txiki eta landerra, euskaldunon balizko iragan mitikoa hauspotzeari emana. Ez dugu kontu bat ahantzi behar: euskaldunon memoria kolektiboa erdarazko literaturak elikatu izan du nagusiki.

Gezurra dirudi, karlistadek Hegoaldean hain erabakigarriak izanik eta hain itsatsirik egonik gure oroimen historikoan, zer hondar gutxi utzi duten gure literatura idatzian. Ez dakit horrek zer uzten duen agirian, traumaren tamaina edo literaturaren ahulezia. Ez da, behinik behin, osasunaren eta bizitasunaren neurri ona. 1876koak dira gerla hauen azken pindarrak. Mende erdia baino gehiago itxaron behar izan genuen, 53 urte hain juxtu, Orixek 1929an Santa Cruz apaiza argitaratu arte.

Iparraldean, aldiz, urte hartan berean 1929an, beraz argitaratu zuen Jean Barbier garaztarrak Piarres bere nobelaren bigarren partea, Gerla Handian girotua. Bada aldea, hala ere. I. Mundu Gerla 1918an bukatua zen, 11 urte lehenago.

Errepublikak eta Gerla Zibilak lorratza utzi zuten garaiko euskal prentsan. Literatur lan gutxi batzuk ere ondu zituzten gerraostean, hala nola Telesforo Monzonen Gudarien egiñak eta Joseba Eizagirreren Ekaiztpean. Geroago etorriko zen Martin Ugalderen Hiltzaileak. Lan horrek Francoren garaipenaren ondoko urteetako zapalkuntza giroa ere islatzen du. Hiru idazle horiek, jakina, erbestean zuten idatzi eta argitaratu. Hego Euskal Herrian ezin; zentsuraren mende zegoen argitalpena. Hala ere, bada zerbait deigarria: diktaduraren ahultzeak lehenbizi eta bukaerak gero ez zuen gaia nabarmen ugaritzea ekarri berekin. Ez berehala, behinik behin. Espainiako edo Kataluniako literatura ez ziren horren esperoan egon II. Errepublikaren garaiei zuku literarioa ateratzeko. Euskarazkoan, beraz, errepresioaren beldurrak ez du hasierako urritasun hori esplikatzen. Distantzia ideologikoa dago, nire ustez. Nago 60an-70ean euskal letretan loratzen den belaunaldiari nekeza zitzaiola bere burua identifikatzea gerla bizi izan zuenarekin. Kosta eginen zaio egitate, jende eta giro horiei dagokienez bere

MEMORIA NORTASUNAREKIN LOTUA DAGOELAKO. NORBANAKOAREN NORTASUNAREKIN NAHIZ TALDEAREN NORTASUNAREKIN

ikuspegia moldatzea. Geroxeago, lan batzuk hasi ziren bidea urratzen: Joxeagustin Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa, Joan Mari Irigoienen Poliedroaren hostoak, Koldo Izagirreren Euzkadi merezi zuten... Hortik aitzina, 30eko eta 40ko hamarkadak ohiko idazgai bilakatu ziren garai horiek zuzenean bizi izan ez zituzten euskal idazleendako. Gaiak indarrean segitzen du gaur egun. Osasun baten eta bizitasun baten adierazgarri.

Berdintsu joan dira gauzak gure azken indarkeria-aroarekin, bertzelako arrazoiengatik bada ere. Ramon Saizarbitoriak 1976an argitaratu zuen Ehun metro. Gero, isiltasun ia erabatekoa. 90eko hamarkadan sartu arte gatazka politiko zorionekoari, oro har, ihes egiten genion euskal idazleok. Guk ere bertzelako kezka estetiko eta literarioak genituen noski. Baita bustitzeko gogo eza ere. Ez baitzen giro hemen.

Tabua pixkana-pixkana hasi zen urratzen. Noizbait, parrastaka etorri zitzaizkigun mota guztietako lanak, denbora behar izan bagenu bezala zerbait umotzeko eta ontzeko. Giro horretakoak dira azken mende laurdenean euskaraz argitaratu diren lan hoberenetariko batzuk. Lehen aldiz, ez gara erdal idazleen ondotik ibili. Kontu honen gainean, euskal literaturak bere ahots propioa eskaini du, bere ikuspegi propioak landu ditu. Eta laguntzen ari da memoria kolektiboa eraikitzen.

2019an gaude. Indarkeria-aroa ofizialki bukaturik dago. Baina gaiak ez du gure liburuetatik alde egin. Bizi-bizirik dago. Dena dela, nabarmena da arrakala adin batetik gorako eta beherako idazleen artean. 70eko eta 80ko hamarkadetan bezalatsu. Idazlea zenbat eta gazteagoa izan, hainbat eta urriagoa gatazkaren oihartzuna haren lanetan. Uxue Alberdiren Janis Joplin salbuespenagoa da araua baino.

Ez nuke erranen idazle gazteek identifikazio arazoak dituztela aldez edo moldez “gerra” horretan ibili diren belaunaldiekin. Urruntasun bat badago, hala ere. Garbi dago, orain ere, bertzelako kezka estetiko eta literarioek bizi dituztela gaurko euskal idazle gazteak. Baina bertzelako kezka estetiko eta literarioekin batera, uste dut orri-pasa egiteko gogoa eta beharra gailentzen dela haien artean. Beharbada, gauza bera gertatzen ari zaio euskal gizarteari, orokorrean. Memoria baino areago, nolabaiteko ahanztura duela orain beharrago kontu mikatz batzuei dagokienez.

Alderdi onak ere baditu horrek. Gatazkaren azpilduretan ahantzitako bertze istorio batzuk berpizten ari dira literaturan. Konparaziorako, nobeletara eta antzerkira ekartzen ari dira 80 hamarkadako droga izurritea, indarkeria politikoak baino aise ere biktima gehiago eragin zituena. Hasieran erran dut: memoria berritzen ahal da, bertzeak bertze idazlea ahalegintzen bada.

Nik, nolanahi ere, dudarik ez dut. Orain gazte diren idazleek, noizbait, beren liburuetara eramanen dituzte gure berun-urteetan guraso edo anai-arreba zaharragoen eginak eta ez eginak. Eta guk baino modu hotzagoan eta zorrotzagoan eginen dute, hurrengo belaunaldiek beren oroimen kolektiboan txerta ditzaten. Ez gara libratuko. Zorioneko kontakizuna, zorioneko errelatoa, egiazkoa, haiexek eginen dute. Euskal gizartearen osasunaren eta euskal literaturaren bizitasunaren mesede.

RAIN GAZTE DIREN IDAZLEEK, NOIZBAIT, BEREN LIBURUETARA ERAMANEN DITUZTE GURE BERUNURTEETAN GURASO EDO ANAI-ARREBA ZAHARRAGOEN EGINAK... ORIONEKO KONTAKIZUNA, ZORIONEKO ERRELATOA, EGIAZKOA, HAIEXEK EGINEN DUTE. EUSKAL GIZARTEAREN OSASUNAREN ETA EUSKAL LITERATURAREN BIZITASUNAREN MESEDE

This article is from: