12 minute read
XABIER BARANDIARAN
EUSKARA ETA EUSKAL KOMUNITATEAREN ETORKIZUNA
XABIER BARANDIARAN IRASTORZA
Advertisement
DEUSTUKO UNIBERTSITATEKO IRAKASLEA ETA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIKO ESTRATEGIA ARDURADUNA
Jarraian datozen lerro hauen helburua bikoitza da; alde batetik, XXI. mendeko lehen bi hamarkadek erakusten duten gizarte eraldaketen ardatz nagusiei erreparatzea, eta, bestetik, eraldaketa horiek euskal hiztunen komunitatean eta hizkuntzan bertan duten eraginaz hausnarketa egitea. XX. mendearen bigarren zatian, frankismoak euskal kulturaren eta hizkuntzaren erabateko gizarte ezeztapena gauzatzeko ahalegin indartsua egin zuen. Frankismoaren urterik ilun eta gogorrenetan, egitura publikoetan oinarri hartzen zuen espazio publikoan edota gizarteratze eragileetan gaztelera zen hizkuntza nagusitua eta bakarra, Espainiako nazio handi, banaezin eta askearen adierazle. Euskarak eta euskal kulturak etxeetan eta ondo saretutako euskarazko komunitateetan izan zuten gordeleku eta garapen-gune. Mende horretako 60ko hamarkadan, Espainiako estatuko egitura publikoetatik at, gizarte zibilaren baitan sendo saretuta zegoen Euskal Herriak garapen eta berpizkundea izan zuen kultura, gizarte eta ekonomiaren alorrean; garai hartako herri komunitatea ehuntzen zuten balioak tarteko, ikastolak eta kooperatibak sortu ziren, euskarazko literatura, artea, kantagintza eta abar berrindartu ziren. Hamarkada horretan ere bizi izan zuen euskarak berpizkunde-saiorik handiena: euskara batua. Franco jeneralaren diktadurak argiro erakutsi zuen herria eta egitura publikoak eta politikoak ez direla gauza bera. Sistema politikotik egindako erasorik bortitzenari ere euts diezaiokeela herri-izaerari oratzeko gaitasuna duen komunitateak. Herri baten erakundetzea edo espazio publikoaren erakundetzea ez baita estatuaren bitartez soilik egiten. Horrek ez du esan nahi, halere, egitura publikoak bere biziko garrantzia ez duenik komunitate baten garapenean. Trantsizio demokratikoak, aldiz, argitara ekarri zuen urteetan ilunpean bizitzera kondenaturik egon zen errealitate bat. Euskarak, neurri handi batean, espazio publikoa berreskuratu zuen eta euskararen herri eta gizarte balioa nahiz hizkuntzarekiko atxikimendua handitu egin ziren. Gernikako Estatutuaren bitartez, bereziki (Nafarroako Foruaren Hobekuntzaren kasuan, askoz gutxiago), euskara indarberritzeko tresna ugari jarri ziren martxan: Euskararen legea, EITB, euskaltegiak, hezkuntza sistema, bai eta erakunde publikoetatik at herritik sortutako hainbat ekimen euskaraz ikasi eta alfabetatzeko ekimenak, kulturgintzaren baitan, komunikabideen bitartez eta abar. Hainbat izaeratako ekimen horien guztien oinarrian dagoena euskaldunon bizinahia
eta ilusioa da: euskal hiztunon komunitatearen indarra. Euskal komunitatearen berreraikuntza hori komunitateen errealitatea, orokorrean, kohesio-maila nahikoa handia zeneko garaietan gertatu zen; komunitate izaerari eusteko baldintzen mugak zehaztuagoak eta mugatuagoak zeuden garaietan. Ondoko lerroetan adieraziko dudan bezala, komunitatearen garapen baldintzak anizten eta konplexuago bilakatzen diren neurrian, zailagoa da komunitatearen gizarte errealitatearen ekinbide kohesionatu eta bateratua egitea. Trantsizio politikoak, ordea, beste arazo nagusi bat ere jarri zuen mahai gainean: hizkuntzak herri garapenean duen esanahiari buruzko kontzeptualizazio desberdinak eta hizkuntza politikari buruzko estrategia kontrajarriak alderdi politiko nagusienen baitan. Euskal Herrian bizi izan dugun eta oraindik ere bizi dugun gatazka politikoaren erdian kokatu da euskara, eta estrategia politiko batzuen garapenean erabili da. Euskal alderdi politiko abertzaleetan, euskal hiztunen komunitatearentzat, euskara izan da euskaldun egiten gintuena edo gure herri izaeraren erakundetzerik garrantzitsuena; aldiz, euskal alderdi politiko abertzaleetan, erdal hiztunentzat, herri izaeraren ardatza ez da inoiz egon eta gaur ere ez dago hizkuntzan (naiz eta euskararekiko erabateko edo bestelako atxikimendua adierazi). Hizkuntzak herri definizioan hartzen duen esanahiak sekulako garrantzia eta eragina du herrigintzaren estrategia orokorrean eta haren ondoriozko hizkuntza politiketan (teorian eta, bereziki, praktikan). Hizkuntzak, euskarak, herri eta naziogintzan duen izaerari buruzko adostasuna falta izan da eta falta da Euskal Herrian; ez alderdi abertzaleen artean soilik, alderdi abertzale bakoitzaren barruan egon diren eta dauden hizkuntza komunitateen artean ere bai. Francoren diktadurak oso euskaltzale egin zituen euskal abertzale guztiak, baino indar hori ahultzen joan da geroago. Espainiako alderdi konstituzionalistek (izaera estetikoz erabili diren salbuespen gutxi batzuk kenduta) oso garbi eduki dute Espainiako hizkuntza gaztelera dela, eta euskararekiko jarrera ingurumari politikoaren arabera erabat baldintzatu eta instrumentalizatu da. Euskarari, nagusiki, euskal komunitatearen kontzientziak eta indarrak eutsi dio eta komunitate honen kultura politikoak alderdi abertzaleen baitan izan duen eragin erabakigarriak. Hizkuntza politikako estrategiari dagokionez, berriz, Gernikako Estatutuan funtsatzen ziren erakundeetatik sortutako ekimenek aurrez aurre eduki dute Ezker Abertzalea eta Ezker Abertzalearen euskal hiztunen komunitatea (gizarte ekimenetan murgilduta, neurri handi batean). Urte askotan, Ezker Abertzaleak bultzatu dituen euskararen inguruko gizarte ekimenak abertzaletasun historikoarekiko prozesu dialektikoa proposatzeko erabili dira; kontuan hartzen badugu, Ezker Abertzalearen baitan dagoen euskarazko komunitatea indartsua dela, euskara borrokarako tresna garrantzitsu bilakatu da. Horrek ez ditu berez herri ekimen horiek baliogabetzen; izan ere, ekimen horietako asko arnasgune garrantzitsuak izan dira euskararentzat, baina, sarritan, ekimenon inguruan baliatu den instrumentalizazioak mesede gutxi egin dio euskarak eskatzen duen herri integrazioari. ETAren amaiera eta Ezker Abertzalearen estrategiaren aldaketa etorri bitartean, Ezker Abertzalearentzat Gernikako Estatutua herri honek onartu ezin zuen eraketa zen eta, beraz, hortik sortzen ziren herri politikak ere ez (autonomiaren onarpenak Espainiako konstituzio sistema legitimatzen zuen neurrian). Hortaz, alderdi abertzaleen arteko antagonismo politikoak zatiketa ekarri du euskararen herri politiketara eta ezinezko egin du euskara biziberritzeko herri estrategia adostua. Ez gara ados jarri Euskal Herriaren garapen politiko sozial eta ekonomikoari buruzko ibilbide orrian, ezta hizkuntza politikan ere. Espainia mailako alderdiek esfortzu handiegirik egin beharrik gabe eutsi diote eurenari, gu geure arteko gatazketan burua txikitzen ari ginen bitartean. Hala eta guztiz ere, euskarak aurrera egin du, zalantzarik gabe. Baina gure hizkuntzak egun daukan egoera benetan zaila da, sekulako gizarte eraldaketa gauzatzen ari delako; nazio kulturalak eta nazio politikoak oinarritzen duten komunitatean eraldaketa sakonak gertatzen ari direlako. Erabat aldatu
dira esparru publikoan errealitatea sortu eta gizarteratzeko baldintzak; erabat aldatu da komunitateen oinarrizko kohesio maila; erabat aldatu dira gizarte-jokabideak eta erabat aldatu da gizakiok komunitatearekin dugun harremana (baita komunitate politikoarekin ere). Esfortzu handia egin dugu hainbat alorretan (hezkuntzan, administrazioan, komunikabideetan, herri ekimenean...), baina nazio kulturalaren garapena (eta, beraz, hizkuntzarenak) eraldaketa sakonak pairatzen ari da, globalizazioa tarteko. Egoera horrek komunitatearen garapen baldintzak birpentsatzera eraman beharko gintuzke herrigintzan. Arazoak arazo, euskarak garapen garrantzitsua izan du azken lau hamarkadetan erakunde publikoetan, hezkuntzan, komunikazio sisteman eta beste hainbat esparrutan. Baina, urte batzuetatik hona, pixkanana-pixkanaka, hizkuntzaren etorkizunari buruzko hausnarketan beste elementu berri batzuk ere agertuz joan dira: kaleko hizkuntzaren erabilerarekiko kezka, euskararen eraldaketa, Euskal Herrian izan diren aldaketa politikoak, euskal hiztunen komunitatearen baitan azaltzen ari diren balio eraldaketak… Hurrengo lerroetan, sakoneko gizarte aldaketa horiei erreparatu nahiko nieke. Aldaketa sakonak gertatzen ari dira gizarte industrializatu aurreratuetan, globalizazioaren ondorioz. Aldaketa horiek zerikusia dute garapen zientifiko eta teknologikoarekin (komunikazio eta informazioen teknologiekin, bereziki) eta merkatu askeko sistema kapitalistaren garapen ereduarekin ere bai. Demokrazia liberalaren garapena erabat lotzen zaio gertakari horri. Globalizazioak nazio-estatuaren eskala gainditu du eta, beste bizitza-eremu batzuk sortzeaz gain, aurrekoetan eraldaketa sakonak eragiten ditu. Globalizazioaren indar eragile nagusiak ekonomikoak dira, baina sistema politikoa eta sozio-kulturala erabat baldintzatzen ditu. Hala, egoera horrek estatuei eragiten badie, are eragin handiagoa du estaturik gabeko herrietan (bertako komunitateek egituratzeko eta babesteko gaitasun gutxiago dutelako). Merkatua eta kontsumoa elementu nagusi bihurtu dira gure gizarte bizitzaren eraikuntzan; horretara, merkatu eta kontsumoaren logika bizitzaren beste gizarte-esparruetara zabaldu da (tradizioz, merkatuaren logika barneratu ez den beste esparru batzuetara, adibidez, giza harremanen esparrura). Gizarte-arloko aditu gehienak bat datoz garapen eredu honek norbanakokerian oinarrituriko gizartea eraiki duela eta gizarte kapitala nahiz komunitate sareen beherakada sorrarazi duela baieztatzerakoan. Globalizazioak Euskal Herrian eta bertako hizkuntzan duen eragina azpimarratu nahiko nuke. Lau aldaketaz hitz egingo dut; euskal hiztunen komunitatearen indibidualizazio eta atomizazioaz, erakunde publikoen eraginaren ahultzeaz hizkuntza politikak garatzerako orduan, hizkuntza komunitatearen ekoizpen sistemaz (geroz eta konplexutasun handiagokoa) eta, azkenik, alderdi politikoen agendan eta beren legitimazio prozesuetan hizkuntzaren garrantziaren beherakadaz eta identitate kolektiboen pisuaren galera nabarmenaz.
1. EUSKAL HIZTUNEN
KOMUNITATEAREN
INDIBIDUALIZAZIO ETA
ATOMIZAZIOA
Kontsumoko gizarte indibidualistetan, komunitate-bizitzarekin edo eremu publikoarekin zerikusia duten elementuek garrantzia galdu dute gurean. Nola egiten diogu aurre gizakiok ditugun erronkei? Kontsumoko gizarteetan, galdera horren erantzuna honako hau da: norberak; norberak merkatuarekiko harremanaren bitartez truke-ordaineko logikaren moldez, edota zerga bitartez sostengatzen den administrazioak. Gizarte edo herri sareen bidezko erantzunak, komunitatearen bitartez eraikitako sareak, behera egin du. Gizatalde baten izaera komunitarioaren erakunderik garrantzitsuena, ordea, hizkuntza da. Elkarte-identitateak edo identitate komunitarioak behera egiteak esan nahi du txikitu egin dela gizabanakoak komunitatearekiko duen identifikazioa eta, beraz, komunitateak balio gutxiago duela giza jokabidea ulertu eta esplikatzeko orduan; gauza bera gertatzen da hizkuntzarekin eta euskararekin; euskara
ez da komunikazio tresna hutsa, baizik eta komunitate bateko kide izateko eta jokatzeko moduaren adierazpenik eta eragilerik nagusia (komunitate horretako hiztuna kultura jakin batean gizarteratzen eta bideratzen duena); dena dela, euskal komunitateak behera egin du bere izaera komunitarioan eta euskarak euskal hiztunen komunitatearentzat duen indarrezko balio eragilean ere behera egin du (ez balio estetikoetan, baina bai praktikan). Gizakiak diharduen gainontzeko sareetan ere (gizarte sareak, merkatua edo lanaren sistema) logika bera gailendu da, ez soilik etxean eta kalean. Bestalde, euskal hiztunon gizarte eta komunitate harreman esparruak (lana, etxea, aisia eta abar) eta harreman ereduak (zuzeneko komunikazioa eta soziala, gizarte sareen eta komunikabide ezberdinen bitartez garatzen dena) asko aniztu eta zatikatu dira eta espazio horien gizarte kontrola, gehienetan, beste hizkuntza batzuetan egiten da; horren eraginez, euskal hiztunen komunitatearen errealitatea gainditzen duen beste eremu batean ezartzen dira arauak. Duela urte batzuk, pentsatzen genuen euskarak (euskal nazioaren legitimitatea bitarteko) bere komunitate politikoa egituratzen zuenean “gizarteratze” eta “askatasun” esparru propioak sortuko zituela; egun, zoritxarrez, helburu horretatik urruti gaude eta Espainiako eta Frantziako egitura politikoez gain, euskal hizkuntza komunitatean beste interakzio sistema batzuk ere inor konturatu gabe sartu zaizkigu eta sistema horiek gure komunitatearen zatikatzea areagotzen eta baldintzatzen dute. Azaldutako egoeraren adibide garbia da gazteekin hezkuntza sisteman gertatzen ari dena: D ereduan diharduten ikasle askok irakaskuntza sistemako kodeekin identifikatzen dute euskara, ez komunitatearekin. Kalean edo gizarte sareetan gazteleraz egiten dute; komunikabideen espazioaren atomizazioarekin, aisialdiarekin edo lan eremuarekin ere gauza bertsua gertatzen ari da.
2. ERAKUNDE PUBLIKOEN
ERAGINAREN AHULTZEA HIZKUNTZA
POLITIKAK GARATZERAKO ORDUAN
Modernitatearen iraultzak, elkarte-identitatearen garapenak eta eraldaketak, nazio-estatuaren logika geureganatzera eraman gintuen eta, beraz, komunitate bakoitzaren garapen baldintzak estatuaren egitura publikoaren bitartez eratortzen direla pentsatzera. Globalizazioak, ordea, komunitatearen garapen eta eraldaketa baldintzak estatuz gaindi dauden izaera askotariko eragileetan ere kokatu ditu; egoera horrek estatuaren eta egitura publikoen eragin gaitasuna murriztu du eragile eraldatzaile eta demokratizatzaile moduan. Erakunde publikoek, sarritan, ezinezkoa dute lehiatzea beste egitura batzuekin zenbait balio eta esanahi gizarteratzerako orduan. Eusko Jaurlaritzak zerbitzu onak eman ditzake arlo ugaritan, baina Netflix-ek eragin handiagoa izan dezake euskal gazteek bereganatzen duten munduaren ikuskeran. Erakunde publikoen hizkuntza politikan eragiteko gaitasunak, beraz, beherantz egin du. Euskaltegietan, jendeak euskaraz ikasi dezake eta, bereziki, administrazio publikoa edo administrazio publikoaren mendeko beste egitura batzuk euskalduntzeko esfortzu txalogarria egiten da, baina gaurko erakunde publikoek ezintasun nabarmena erakusten dute hizkuntzaren gizarte balioa eta erabilera indartzeko eragile moduan. Makina bat kanpaina eta komunikazio ekintza martxan jartzen da, baina halakoen eraginkortasun maila benetako eraldaketa batek eskatuko lukeen beharretatik urruti dago.
3. HIZKUNTZA KOMUNITATEAREN
EKOIZPEN SISTEMAREN GEROZ ETA
KONPLEXUTASUN HANDIAGO BAT
Komunitatearen sorkuntza espazioek (iritzi publikoaren esparruak barne) sakoneko aldaketak dituztela adierazi dugu; gizarte eraikuntza esparruak aldatu egin dira eta gizarteratze esparruak ere bai. Komunitatearen ekoizpen sistemaren konplexutasunean, berebiziko eragina eduki dute komunikazioaren eta informazioaren teknologia berriek
eta, bereziki, gizarte sareetan burutzen ari den gizarte errealitatearen sorkuntzak. Teknologiak, gainera, esparru zabal eta berrien sorkuntza ahalbidetu du. Euskarak, euskal hiztunen komunitatearen dimentsioagatik (eta baita euskararekiko atxikimenduaren beherakadarengatik ere) sekulako zailtasunak ditu esparru ugaritan interakzio sistemak sortzeko. Oso desberdina da pertsona baten aisialdia Ataungo lagun-talde batekin Txindokirako igoera egiten badu edo Parisen eta Buenos Airesen dauden beste gazte batzuekin bideo jokoetan lehiatzen bada. Euskal hiztunen harreman esparruak zabaldu eta pluralizatzen diren neurrian, euskararen pisuak beherantz egingo du. Ez dezagun ahaztu, bestalde, gizarteratze egituren atomizazioak eta kontsumoan oinarritutako interakzioak garatzen dituen gizarte batek, gizarte harreman zatikatuak sortzen dituela eta horrek ere autoirudikapen partekatuak sortzea zaildu egiten duela. Bide batez, kontsumoaren logika “truke-ordaineko” logika da eta herri komunitatearen eraketako logika “izan-arazlea”; bi logikak oso modu desberdinetan eragiten diete gizabanakoaren balio eta jokabideei. Espazio komunitarioen hausturak, indibidualismoak eta espazio publikoaren pribatizazioak herritarrak urrundu egin ditu egitura publikoetatik; geroz eta zailagoa da lotuneak topatzea. Aniztasun horrek hizkuntza eta kultura eraketa ugari kinka larrian jarri ditu.
4. ALDERDI POLITIKOEN AGENDAN ETA
BEREN PROIEKTUEN LEGITIMAZIO
PROZESUETAN HIZKUNTZAREN
GARRANTZIAREN BEHERAKADA
ETA IDENTITATE KOLEKTIBOEN
PISUAREN ERLATIBIZATZEA
Herrigintzako eraldaketaren logikaren erdigunean kokatzen dira alderdi politikoak; alderdiei dagokie herri borondatearen irakurketa eta irakurketa horrek herritarren legitimazioa jaso ondoren, herri borondate hori herri politiketan gauzatzea. Demokraziaren liburutegietan, prozesu horiek modu idealean eta lineal batean marrazten dira baina errealitateak, gaur inoiz baino gehiago, prozesu konplexuagoa erakusten digu. Azken hamarkadetan, globalizazioaren baitan burutzen ari diren gizarte, politika eta ekonomia eraldaketan adierazgarriena demokrazia liberalaren krisia da eta krisi honen ezaugarri nagusiak hiru dira: herritarrek sistema politikoarekiko eta alderdi politikoekiko atxikimendurik eza, egitura publikoaren eragin mailaren beherakada eta iritzi publikoaren aniztasuna eta zailtasunak komunitatea sortzeko.
Demokrazia liberalaren krisiarekin batera, globalizazioak eragindako eraldaketek agenda politiko berria jarri dute mahai gainean: klima aldaketa, aniztasuna, berdintasun eza handitzea, populismoaren logikaren eragina sistema politiko eta mediatikoen funtzionamenduan… Aro berri batean bizi gara. Baina garai berri hauek alderdien eta herritarren arteko harreman eredua aldatu egin dute, bai formetan, baita edukietan ere. Alde batetik, alderdien harreman eredua herritarrekin hauteskunde prozesuetara mugatzeko joera nagusitzen ari da eta harreman hori kontsumoko logika bailitzan gauzatzen da, herritarrek hauteskunde garaian merkatuan eskaintzen diren narratiba eta produktuak bereganatzen dituztela (komunikazio prozesu horietan erabiltzen den hipersinplifikazioak goiburuen mugetan lekutzen du errealitatea). Bestetik, alderdien eta herritarren arteko harremanen edukiak bi baldintzetara mugatuta daude: kontsumo azkarreko eduki errazetara eta ahalik eta pertsona gehienen identifikazioa lortzeko moduko edukiak izatera. Geroz eta ingurune anitzago batean, identitatea eta kultura, atxikimendua sortzeko eragile moduan, bigarren mailan gelditzen ari dira agenda sozialaren mesedetan. Urte batzuetatik hona, hauteskunde kanpainetan ez da hizkuntzari buruz edo euskararen biziberritzeari buruz hitz egiten. Botoak eskuratzeko mapa eta euskararen mapa ez datoz bat.
EUSKARA BIZIBERRITZEKO ESTRATEGIA BERRIA EUSKAL HERRIAN
Aldaketa hauen guztien aurrean, euskararen egoeraren eta etorkizunaren gaineko
kezka handia da, bereziki, euskaltzaleen artean. Zer egin euskararen erabilera ziurtatzeko eraldaketa garai hauetan eta ziurtasunik gabeko agertoki konplexuetan? Ez dirudi inork irtenbide magikorik duenik euskararen etorkizuna ziurtatzeko, baina nik hiru gai aipatu nahi nituzke, azaletik ez bada ere: Lehenik eta behin, euskal hiztunen komunitatearen garapen sozial, ekonomiko eta politikoak baldintzatuko du euskararen etorkizuna. Euskaldunok, euskal hiztunok, gure kulturaren garapen esparruak ziurtatuko dituzten baldintzak sortu behar ditugu garai berri hauetan ere: egitura politikoaren ahalik eta babesik handiena lortu behar da, euskarazko kultura komunitateak mundu berrian sortzen ari den agenda geureganatu behar du (horrek esan nahi du agenda horretan lehiakorrak izan behar dugula, nor izan behar dugula) eta gure kulturaren ekoizpen sistema ziurtatzeko behar-beharrezkoak diren interakzio sistemetan parte hartu behar dugula. Euskal Herria bezalako herri txiki batek egitura politiko propioa izateak ez dio ziurtatzen euskararen etorkizuna, baldin eta euskal herritarrok gure hizkuntza eta komunitatea ekoizteko sare anitzen jabe ez bagara eta agenda politiko berriaren bitartez herritarren beharrei erantzuteko gaitasuna irabazten ez badugu; eta guk egiten ez badugu, beste norbaitek egingo du. Horregatik da horren garrantzitsua (herri ikuspegi batetik) zer eta nola egingo dugun erabakitzea; dena egitea ezinezkoa da eta. Bigarrenik, euskarak herri estrategia eskatzen du. Alderdien estrategiak gainditzen dituen herri estrategia behar da euskararen etorkizunaren inguruan. Kontua ez da euskararen inguruko adostasuna eskuratzea, adostasun horrek euskal hiztunen komunitatearen aurrerabidea ziurtatzeko baldintzak ezartzea baizik. Nire iritziz, ezinbestekoa da alderdi abertzaleen arteko bisio edo ikuspegi konpartitua alor honetan; esperientziak erakusten baitu Espainiako alderdi konstituzionalistek Espainiako nazioaren garapen baldintzak jartzen dituztela beti aurretik eta azkenean. Herri txikia izanik, ikuspegi partekaturik ezean, energia asko galtzen jarraituko dugu alferrik. Hirugarrenik, hizkuntzaren biziberritze prozesuan, bisio konpartituaz gain, ezinbestekoa da lankidetzazko gobernantza bideratzea erakunde publiko eta herri ekimenaren artean. Espazio publikoan izaten ari den zatikatzeari aurre egiteko modu bakarra lankidetzazko esparruak zabaldu eta sendotzea da. Baina, gurea bezalako herri txiki batean, hizkuntzaren garapenaren lidergoak eta ardurak herritarren baitan egon behar du eta erakunde publikoek hori ahalbidetzen lagundu behar dute, arau eta tresna batzuk baliatuz. Euskararen alorrean, herritarron jarrera baldin bada erakunde publikoek egin eta konpondu dezaketenaren zain egotea (zerbitzu ugaritan gertatzen den bezala) etxekalte arituko gara. Aldaketa garaiak dira, irakurketa egokiak egiteko garaiak, ekintzarako garaiak, elkarrekin mundu berri bati heltzeko garaiak.