4 minute read

Foro Soziala: Konfinamenduak etorkizunerako irakaspenak utzi dizkigu

Teresa Toda Iglesia.

Foro Sozial Iraunkorreko kidea.

Advertisement

Koronabirusak tunel luze eta ilun batean sartu gintuen negua bukatzen ari zenean. Eta beste tunel batzuk zeharkatu beharko ditugu ondorengo hilabete zein urteetan. Ziurgabetasunez beteriko bidea. Eta galdera erraldoia: Nola egingo dugu?

Ezer baino lehen, joan bedi gure dolumina hilabete hauetan gehien sufritu dutenentzat, baita gure eskerrik onenak ahalegin nekaezinetan ibili diren milaka eta milaka langileentzat.

Konfinamendu zorrotzaren tunela zeharkatzen joan zaigu udaberria. Arnas pixkat hartzeko betarik gabe, bigarren tunelaren sarbidean gaude, oztopoz beteriko bidea. Momentuz krisi sanitarioa apalduta ere, krisi sozioekonomiko larria garatuko da, bere ondorio latz eta zabalek begirada berriak, erantzun berriak, exijituko dituzte.

Euskal jendarteak pandemia aurretik zituen arazo eta kezkak ez dira desagertu, ez dira konpondu. Orain, datorkigunaren tamaina ikusita, arazo eta kezka hauek erdi-lurperatuak geratzeko arriskua hor dago, egoera larri batzuk enkistatuz. Adibidez, “Konponbiderako agenda”, hamarkadako gatazkak utzi dituen ondorioak behin betirako konpontzeko. Eremu hori da Foro Sozialaren lanaren ardatza, eta ezinbestekoa da etorkizunerako.

Lau urteko ibilbidea beteko du aurten Foro Sozial Iraunkorrak. 17 entitatek osatzen dute, STEILAS horietako bat dela. Armagabetze zibila eta ETAren desegitearen ondoren, 2018tik hiru arlotan antolatu gara: Biktimen eskubideak eta memoria; preso, iheslari eta deportatuak; beste esperientzietatik ikasi, baita ere genero ikuspegiko zeharlerroa. Lan arlo orokorra, ardatz guztian aplikatzen dena, eragile ezberdinekin harreman iraunkor eta emankorrak landu eta kudeatzeko ezinbestekoa. Orain arte egindako lanak emaitzak izan ditu, bereziki biktimen eta presoen arloan. Kontaezinak dira maila guztietako instituzioetan, edota eragile ezberdinen artean, lortutako akordioak -bereziki azpimarratzekoak dira euskal sindikatuen artekoak- espetxe politika aldatzeko premiari buruzkoak. Beste adostasun batzuk lortu dira ere, adibidez, biktima guztiei eskubide berdinak onartu behar zaizkiela, edo tortura eta Estatuek bultzatutako indarkeriak salatzea.

Azken bi urteetan, biktimen eskubideak izan ditugu ardatz nagusietako bat. Zentzu horretan, Hitzorduak antolatu ditugu biolentzia ezberdinetako biktimen artean, eta beraien jarrera eskuzabala ekarpen garrantzitsua da eraiki behar dugun bizikidetza demokratikorako.

Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesuan, hiru dira oraindik askatzeke dauden korapiloak: • Biktima guztien egia, justizia eta erreparazio eskubideak onartu eta gauzatzea inongo diskriminaziorik gabe. • Salbuespenezko espetxe politikari bukaera ematea, legedia arrunta aplikatuz; hasteko, premiazkoa den gerturatze prozesua martxan jartzea. • Kontakizun guztiak errespetatuko dituen Memoria kritiko inklusiboa lantzea.

Hitzorduak antolatu ditugu biolentzia ezberdinetako biktimen artean, eta beraien jarrera eskuzabala ekarpen garrantzitsua da eraiki behar dugun bizikidetza demokratikorako.

Aipatu denez, lehenengo bi puntuetan adostasun zabala eta sendoa dago euskal alderdi, sindikatu eta eragile sozial gehienen artean. Hirugarrena, ordea, harrapatuta dago “memoriaren batailan”, interes ezberdinen talkan. Bizikidetza orekatuaren oinarriak ezartzeko, eztabaida hori gainditzea eta guztion kontakizunak onartzea beharrezkoa da.

Konfinamendu garaian, Foroa ez da geldirik egon. Barne dinamikan, aukera izan dugu garai berezi horren ondorioak aztertzeko, baita datorkigun egoera berri eta ezezagunari begira jartzeko ere. Eta Foroak egoera eta horren ondorioz egiten duen irakurketa sareetan partekatu dugu.

Zentzu horretan, eta gertakizun ilunago batzuk aparte utzita, Foroaren ustea da lehentasun humanitarioen agenda berri batekin aterako dela gizartea konfinamendutik. Horrek agendan pendiente dauden korapiloak askatzeko baldintza hobeak sortuko ditu, gure ustez. Hilabete hauetan elkartasunaz ikasi dugu. Subjektu handiagoaren parte izatea modu bizian sentitu dugu. Eta, batez ere, modu kolektiboan ikasi dugu pertsonen arteko bizikidetza, gizarte-kohesioa eta osasuna izan behar direla gure bizitzako balio nagusiak.

Sinetsita gaude beti azpimarratu dugun gizarte zibilaren paper aktiboa aurrerantzean are garrantzitsuagoa izango dela. Eta adierazle horiek gure azterketetan eta eztabaidetan sartu behar ditugu datozen hilabeteetan.

Hala ere, dena ez da positiboa, puntu kezkagarriak ere azaldu baitira : Lehenik, eskubide urraketen eta jarrera autoritarioen irudiak, baita “justifikazioak” ere, ikusi ditugu egunotan. Bigarrenik, buruzagi politiko asko- ren aldetik, gerra erretorika neurririk gabe baliatu da; eskubide zibilen murrizketak ekarriko dituen kultura sozial belizista indartzeko.

Eta esperientziaz ondo dakigu beti bidezkoa den eztabaida politikoa gogortzeak ondorio zuzenak dituela indarkeria-zikloaren ondorioak konpontzeko. Beraz, beste momentutan egin duen bezala, Foro Sozial Iraunkorrak gomendio batzuk plazaratu ditu, egoera berriari hobeto ekiteko lagungarria izango direlakoan:

1. Premiazkoa da hitza armagabetzea. Eztabaida politikoan ere jaiste prozesua gauzatu behar da, dauden adostasun horiek beren potentzial osoa garatu dezaten eta konponbidea oztopatzen ari diren beldurrak atzean utzi eta eragile guztiak horietatik aska daitezen.

2.Premiazkoa da bizikidetza demokratikoa eraikitzeko dinamiketan sakontzea, gizarte kohesiorako helburu eta tresna gisa. Berdintasuna, inklusioa eta pertsona guztien giza eskubideekiko erabateko errespetuaren balioak funtsezkoa dira gaur egun.

3. Premiazkotzat jotzen dugu biktimen eskubideen gaia edo presoei politika normalizatua aplikatzeko beharra (urruntzearen amaiera, lehen fase honetan) alderdien arteko gatazkatik ateratzea, eraginkortasunez ekin ahal izateko.

4. Espero dugu gai honetan erantzukizuna duten eragile guztiek (gobernuek, alderdiek eta sindikatuek) ireki den aukera hau ulertzea eta baliatzea.

Bere sorreratik bultzatzen duten asmo eta helburuei eutsiz, baita egoera berri honen hasiera gogorrak utzi dituen baldintzak kontuan hartuta, Foro Sozial Iraunkorrak lanean jarraituko du, Foroa osatzen duten partaide guztien ekarpenekin bere ibilbidea sendotzen, eta eztabaidak, proposamenak, gomendioak gizartera eramaten akordio eta konponbideak lortzeko asmoan.

Bukatu aurretik, biziki eskertu nahi genuke 2016an sortu zenetik Foro Sozial Iraunkorrarekin STEILASek izan duen eta mantentzen duen konpromisoa.

This article is from: