Foro Soziala: Konfinamenduak etorkizunerako irakaspenak utzi dizkigu Teresa Toda Iglesia. Foro Sozial Iraunkorreko kidea.
K
oronabirusak tunel luze eta ilun batean sartu gintuen negua bukatzen ari zenean. Eta beste tunel batzuk zeharkatu beharko ditugu ondorengo hilabete zein urteetan. Ziurgabetasunez beteriko bidea. Eta galdera erraldoia: Nola egingo dugu? Ezer baino lehen, joan bedi gure dolumina hilabete hauetan gehien sufritu dutenentzat, baita gure eskerrik onenak ahalegin nekaezinetan ibili diren milaka eta milaka langileentzat. Konfinamendu zorrotzaren tunela zeharkatzen joan zaigu udaberria. Arnas pixkat hartzeko betarik gabe, bigarren tunelaren sarbidean gaude, oztopoz beteriko bidea. Momentuz krisi sanitarioa apalduta ere, krisi sozioekonomiko larria garatuko da, bere ondorio latz eta zabalek begirada berriak, erantzun berriak, exijituko dituzte. Euskal jendarteak pandemia aurretik zituen arazo eta kezkak ez dira desagertu, ez dira konpondu. Orain, datorkigunaren tamaina ikusita, arazo eta kezka hauek erdi-lurperatuak geratzeko arriskua hor dago, egoera larri batzuk enkistatuz. Adibidez, “Konponbiderako agenda”, hamarkadako gatazkak utzi dituen ondorioak behin betirako konpontzeko. Eremu hori da Foro Sozialaren lanaren ardatza, eta ezinbestekoa da etorkizunerako. Lau urteko ibilbidea beteko du aurten Foro Sozial Iraunkorrak. 17 entitatek osatzen dute, STEILAS horietako bat dela. Armagabetze zibila eta ETAren desegitearen ondoren, 2018tik hiru arlotan antolatu
gara: Biktimen eskubideak eta memoria; preso, iheslari eta deportatuak; beste esperientzietatik ikasi, baita ere genero ikuspegiko zeharlerroa. Lan arlo orokorra, ardatz guztian aplikatzen dena, eragile ezberdinekin harreman iraunkor eta emankorrak landu eta kudeatzeko ezinbestekoa. Orain arte egindako lanak emaitzak izan ditu, bereziki biktimen eta presoen arloan. Kontaezinak dira maila guztietako instituzioetan, edota eragile ezberdinen artean, lortutako akordioak -bereziki azpimarratzekoak dira euskal sindikatuen artekoak- espetxe politika aldatzeko premiari buruzkoak. Beste adostasun batzuk lortu dira ere, adibidez, biktima guztiei eskubide berdinak onartu behar zaizkiela, edo tortura eta Estatuek bultzatutako indarkeriak salatzea. Azken bi urteetan, biktimen eskubideak izan ditugu ardatz nagusietako bat. Zentzu horretan, Hitzorduak antolatu ditugu biolentzia ezberdinetako biktimen artean, eta beraien jarrera eskuzabala ekarpen garrantzitsua da eraiki behar dugun bizikidetza demokratikorako. Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesuan, hiru dira oraindik askatzeke dauden korapiloak: • Biktima guztien egia, justizia eta erreparazio eskubideak onartu eta gauzatzea inongo diskriminaziorik gabe. • Salbuespenezko espetxe politikari bukaera ematea, legedia arrunta aplikatuz; hasteko, premiazkoa den gerturatze prozesua martxan jartzea. • Kontakizun guztiak errespetatuko dituen Memoria kritiko inklusiboa lantzea.
43