2 minute read
Estatuaren biolentziaren biktimen aitortza helburu
Egiari Zor Fundazioa.
Advertisement
Egiari Zor Fundazioa 2012. urtean sortu zen. Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan Estatuen biolentziak hildako pertsonen senideek, zaurituek eta tortura jasandakoek osatzen dugu.
Euskal gatazka garaikidearen jatorria 1936. urteko altxamendu faxistan kokatzea beharrezkoa dela uste badugu ere, memoria historikoaren alorrean lanean diharduten elkarteek lan aparta egiten dute dagoeneko estatu kolpearen osteko urteetako biktimen eskubideen defentsan. Hori dela eta, konfrontazio armatuaren hasiera hartzen dugu gure jardunaren abiapuntutzat.
Orduz geroztik, Estatuak forma anitzetan erabili izan du indarkeria. Modu anitzetan urratu ditu herritarron giza eskubideak: batzuetan biolentzia modu zuzenean baliatuz (gerra zikina, poliziaren indarkeria, errepresioa, tortura...); eta zeharkakoan besteetan (dispertsioa, salbuespenezko espetxe politika, deportazioa...). Hortaz, askotarikoak dira Estatuaren biolentziaren biktimak:
• 366 pertsonen heriotzen arduraduna da Estatua.
Baina 88k bakarrik jaso dute soilik nolabaiteko aitortza ofiziala.
• Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak praktikatutako 4.113 tortura kasu frogatutzat jo zituen Eusko Jaurlaritzaren EAEko torturaren txostenak. Baina horien guztien artetik, 103 pertsona izan dira soilik aitortuak.
• Azkenik, egundo ez dago Estatuaren biolentziak zauritutako pertsonen errolda ofizialik.
Beraz, diskriminazioa eta kategorizazioa nagusi dira oraindik Estatuaren biolentzia jasan duten biktimen kasuan. Giza eskubideen urraketa berdinak jasan dituzten pertsonek tratu oso ezberdina jasotzen dute instituzioen eta erakunde ofizialen aldetik, gehiago erreparatzen zaiolako jasandako biolentziaren eragileari, jasandako eskubide urraketari baino.
Hori guztia dela eta, gure fundazioaren xedea da lan egitea biktima horien eskubideen defentsan, aipatu diskriminazioa behingoz gainditzeko, giza eskubideen urraketa berdinak jasan dituzten pertsona guztiei aitortza maila berbera ziurtatzeko eta gatazkaren testuinguruan gertatutako guztia ezagutu eta ezagutzera emateko.
Horretarako, bada oinarrizko eskubide bat guretzat: egia. Egia itzaletik argira ateratzeko dihardugu lanean, gure izenak aditzera ematen duen bezalaxe. • Egia da pairatutako tragedia berriro ez errepikatzeko bermerik onena. Gertatu dena ezagutu eta ezagutzera emanda lortuko dugu berriro ez errepikatzea.
• Gatazka ikuspuntu integraletik jorratzea ere, oinarrizkoa da. Euskal Herriko gatazka politikoa interpretatzeko ikuskera anitzak daude. Guztien arteko elkarbizitzan eta errespetuan dago gakoa. Betiere, bermatuta ikuskera anitz horiek gertatutako guztia aintzat hartzen dutela, ikuspegi kritiko eta autokritiko batetik, eta argazki osoari erreparatzen diotela, ezer borondatez edo ezjakintasunagatik albo batera utzi gabe. Hori guztia, egiaren bidez soilik da posible.
• Biktima anitzen ezagutza, aitortza eta erreparazio osoak ere, egia du oinarri.
Hortaz, egiak zauriak ixten ditu. Pairatu dugun tragedia berriro ez errepikatzea posible egiten du. Ehunka eta ehunka pertsonak bizi izandako mina aitortzeko
pausoa da; biktimak erreparatzeko eta duintzeko ezinbesteko tresna.
Guretzat, finean, egia justizia da. Justizia, injustiziaren aroan. Zigorgabetasuna oraindik ere nagusi den unean.
Demokrazia espainiarraren oinarrian daude inpunitatea eta biolentzia. Horien gainean eraikia izan baitzen: erregimen militar faxistak eragindako krimenak sekula gertatu ez balira bezala jarri zen abian “trantsizio” delakoan.
Gaur da eguna ez zaiona inolako eskakizunik egiten oraindik indarrean dirauen biolentziaren arduradunei, Estatuari, hain zuzen. Tamalez, eztabaida politikoan pil-pilean den autokritika egiteko exigentzia ez da bakeari eta giza eskubideen defentsa irmoari lotutako konbikzio moraletan oinarritzen, interes politiko zehatz batzuetan baizik.
Gatazkaren ondorioak behin betiko gainditzeko, eta bermatzeko horrelako ezer errepikatzea ez dela
etorkizunean posible izango, beharrezkoa da sustraiei erreparatzea, eragindako minaren ardura politikoak nork bere gain hartzea, eta hausnartzea zergatik izan den posible, zein testuingurutan izan den posible, Estatu batek krimenak aurrera eraman ahal izatea. Jasaten dugun inpunitatea ere, itzaletik argira atera behar da.
Pluraltasun ideologikoari diogun errespetutik, eta kontziente izanik etorkizuneko bakea eraikitzeko, ezinbestean, iraganean gertatutakoaren inguruan jardun beharko dugula, horrek sorrarazten dituen korapilo guztiekin, gure determinazioa da lanean gogor jarraitzea egun ezberdintasunak diren horiek topagune bilaka daitezen.
Elkartzen gaituen horri heldu behar diogu elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko, bakea eta giza eskubideak oinarrian izango dituena, eta bermatuko duena pertsona oro dagozkion eskubideen jabe dela.
Egia bide, askatasuna amets.