Zergatik ezin dugu herritarrok Xabier Galdeano omendu? GALek erail eta 27 urtera ekitaldia debekatu dute lehendabiziko aldiz
Arratsalde on eta mila esker hurbildutako guztioi: Martxoaren 30ean, Algortako Telletxe plazan omenaldia egin behar zitzaion orain 27 urte GALek eraildako Xabier Galdeano "Egin" egunkariaren sortzaile, administrazio kontseiluko kide eta kazetari algortarrari. Toki horretan beste ekitaldi bat egiten ari zirela agertu zen Ertzaintza, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, bata zein bestea galaraziz. ETAko 15 preso gaixoren alde Algortan egitekoa omen zen mobilizazioa zen salaketaren oinarria. Horrelakorik, ordea, ez zegoen deituta. Lehen aipatu bi ekitaldiok Herrizaingo Sailaren oniritzia zeukaten arren, Auzitegi Nazionalaren aginduari men egitea erabaki zuen Getxoko ertzain-buruak. Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Getxoko Udalak biktima bezala onartuta daukate Xabier Galdeano. Eta toki administrazio getxoztarrak behin baino gehiagotan egin du kazetari algotarra gogoratzeko ekitaldia, ETAk hildako getxoztarrei zein Getxo udalerrian hildako lagunei gorazarre egitearekin batera. Zergatik ezin dugu herritarrok Xabier Galdeano omendu? Argudio berberak erabiliz debekatu zuten, Algortako Herrira bilguneak deituta, Galdeanoren omenaldiaren aurretik egiten ari zen euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea; hilabete bakoitzeko azken ostiral guztietan egiten den ekitaldia, alegia. Ez al digute utziko preso edo erbestean dauden gure herrikide, lagun zein senideen eskubideak aldarrikatzen? Baina, azken gertaerak, urak gainezka egiteko falta zen tanta besterik ez dira izan: •
Urtarrilaren 20an, Algortan, Aitor Elortza Unanue zenari, hil eta sei urtera egitekoa den oroit ekitaldia debekatu egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak; aurreko urteetan arazorik gabe egin ahal izan denean. Aitor bere herritik kanpo bizitzera zigortua izan zen, nahiz eta egindako epaiketan absoluzioa eman zioten. Ezin diogu herritarrok elkartasuna adierazi, herrira, hil zenean baino ez zuten bueltatzen utzi Algortako semearen senide eta lagunei?
•
Ezin da herriko presoen aldeko urtebetetze jairik egin. Besteak beste, 2011ko martxoaren 4ean, Xabi Gallagaren urtebetetze jaia eragotzi zuen Ertzaintzak, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta. Lagun artean, toki itxi batean —Amnistia tabernan— egitekoa zen ospakizuna. Hala ere, debekatu egin zuten. Presoen lagun eta senideek ez al dute eskubiderik, espetxean dagoen algortar horren ordez, kandelei putz egiteko; eta guztion artean argazkia atera eta bere lagun zein senideari bidaltzeko?
•
Etxerat presoen senideen elkarteak astegun guztietan egiten dituen kontzentrazioetan agertzen ari da Ertzaintza, egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Presoen argazkiak aitzakia bezala hartuta, pertsona bakoitzak bere senide presoaren irudia baino ezin duela hartu ere esan diete noizbait poliziek, agindu horrek inolako oinarri juridikorik ez duenean. Ez al dute presoen senideek beraien seme-alabak, anai-arrebak, aitaamak... etxetik gertuago ekar ditzatela eskatzeko eskubiderik?
Gatazkaren konponbidea eta bakea helburu, galdu ezinezko aukera zabaldu zaigu azken hilabeteotan Euskal Herrian. Hala ere, orain arte gertatu ez direnak ikusi ahal izan ditugu azken aldian Algortan. Lehen aipatu bezala, lehen aldia da Xabier Galdeanoren aldeko omenaldia debekatzen dutela; baita Aitor Elortzarena ere. Urteak dira presoek senideak Algortako Etorbidea eta Telletxe arteko kale kantoian batzen direla eta, azken astetara arte, ez dute gorabeherarik izan. Preso eta iheslarien eskubideen aldeko kontzentrazioari dagokionez, hilabete bakoitzeko azken ostiral guztietan egin izan da, trabarik gabe. "Biolentziarik ezean, dena posiblea" zela esaten zuten batzuek. Egiaren ordua iritsi denean, borondaterik ba al daukate konponbideari heltzeko? •
Ez al dago kalean, era baketsuan, aldarrikapenei bidea emateko eskubiderik?
•
Beti ere errespetua irizpidetzat hartuz, ez al dago adierazpen askatasunik?
•
Nork eta zertan oinarrituta erabaki behar du biktima batzuk edo besteak diren, edo ze ekitaldi egin daitekeen?
Honen guztiaren aurrean erantzukizunak eskatu beharrean gaude. Xabier Galdeanoren omenaldiari ezarritako debekua aipagai, Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Getxoko Udalak biktima bezala onartuta daukate kazetari algortarra. Ezer esatekorik ez daukate? Bitartean, gu ez gara besoak gurutzaturik geldituko. Horregatik, eskubide zibil eta politikoen alde, larunbat honetan egingo dugun ekitaldira deitu nahi ditugu herritar eta eragile ezberdinak. Eguerdiko ordu batean izango da Algortako Telletxe plazan. Eskubide zibil eta politikoen urraketarik ez! Konponbidea behar dugu!
DEITZAILEAK: KALTETUEN BATZARRA ATXIKIMENDUAK: ALGORTAKO TXALAPARTARIAK, UKBERRI.NET, GAZTE AUZIPERATUAK, LAB, SENIDEAK, BILDU, ARALAR, OIHUKATUAK MUSIKA TALDEEN KOLEKTIBOA, EZTABAIDA GUNE ANTIAUTORITARIOA, ITSASORUNTZ EKIMENA, GETXO RUGBY TALDEA, ALGORTAKO GAZTE ASANBLADA, TXORIMALO GAZTETXEA, GORRONDATXE ABESBATZA