TXIRRINGA UDAL SISTEMA HOBETZEKO PROPOSAMENA Garraiobide jasangarrien erabileraren sustapenak etengabekoa izan behar du, baita erakundeetatik ere. Bizikleta horietako bat da. Getxoko Udaletik zenbait neurri hartu dira azken urteotan bizikleta, ez soilik aisialdirako tresna gisa, baizik eta herri barruan mugitzeko zein kanpora joateko garraiobide gisa sustatzeko. Hala ere, oraindik asko dago egiteko bizikleta garraiobide pribatu eta kutsakorren (kotxeak, motorrak etab.) alternatiba erreala izan dadin Getxon. Getxo Bizi, bizikleta mailegu zerbitzua, aurretik aipatutako neurrietako bat da. Gaur egun, zerbitzuaren informazioa emateko orrian adierazten denaren arabera, 12 mailegu gune ditu Getxo Bizik. Egoiliarrek, urtean 10 euroko kuota besterik ez dute ordaindu behar bizikletak erabili ahal izateko. Gehiengoaren esku dagoen zerbitzua dela esan daiteke eta horregatik positiboki baloratzen dugu. Datuek erakusten dute gainera, erantzun ona izan duen zerbitzua dela, 2400 erabiltzaile baino gehiago lortu baititu, 2009. urtean martxan jarri zenetik. Hala ere, badago garraiobide bezala erabiltzeko oztopoa diren baldintzak: ordutegia, inguruko beste herri batzuekin konektatzeko ezintasuna eta bizikleten egoera. Gaur egun, Getxo Bizi zerbitzua 7:00etatik 21:00etara erabili daiteke. Hori oztopoa da ordutegi honetatik kanpo bizikletak garraiobide bezala erabili nahi dutenentzako; izan ere, asko dira ordu hauetatik kanpo lanetik ateratzen diren emakume-gizonak edo herri barruan etxera bueltatzeko mugitzen diren gazteak. Badaude zerbitzua ordutegia luzeagoan edo 24 orduz ematen duten herriak Euskal Herrian zein hemendik kanpo: Burgos (24 orduz), Mula (24 orduz), Donostia (24:00ak arte) etab. Bestalde, Getxon ordu betekoa da bizikleta erabiltzeko epe muga eta aipatutako herrietan zein beste askotan, gehiagokoa. Horrez gain, asko dira ere Uribe Kostako beste herrietara (Berango, Sopela, Urduliz‌) mugitzen direnak edo horietatik gurera lanera zein unibertsitateko autobusa hartzera etortzen direnak. Horiek ez dute zerbitzua erabiltzeko aukerarik, nahiz eta badauden gure herriak elkarren artean lotzen dituzten bidegorri sareak. Azkenik, zenbait erabiltzailek jakinarazi digutenez, bizikleta batzuen egoera kaskarrak, horien erabilera zailtzen du distantzia luzeak egiteko. Mugikortasun jasangarria bultzatzeko helburuaz martxan jarritako zerbitzua denez, ziur gaude zerbitzua kudeatzen duen Emaus taldearekin landuz gero edo Udalak giza edo bestelako baliabide gehiago jarriz gero aipatutako arazoei aurre egin ahal zaiela. Horregatik ondoko proposamena luzatzen diogu Osoko Bilkurari onartua izan dadin:
1. 2. 3.
Osoko Bilkurak Gobernu Taldeari eskatzen dio, Getxo Bizi zerbitzuaren ordutegia zabaltzea, bai ordutegia luzatuz, 24 orduz edo, gutxienez 24:00ak arte, eta ordu beteko erabilera epemuga zabalduz. Getxo Bizi zerbitzua Uribe Kostako beste herriekin lotzeko beharrezkoak diren arazo teknikoak konpondu eta tramiteak egingo ditu Udalak. Bizikletak uneoro egoera onean egon daitezen neurriak hartuko ditu, Emaus eta beharrezkoak diren eragileekin landuz.
Getxon, 2013ko Apirilaren 30an Maitane Nerekan Umaran Bildu Getxo Udal Taldearen Bozeramailea