Etnologiaren nozio giltzarriak AZTERKETAK ETA TESTUAK Marie-Odile GĂŠraud Olivier Leservoisier Richard Pottier Laguntzailea: GĂŠrald Gaillard
Etnologiaren nozio giltzarriak 5
16/6/11 13:29:00
Liburu hau Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren laguntzaz argitaratu da.
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA DEPARTAMENTO DE EDUCACIÓN, UNIVERSIDADES E INVESTIGACIÓN
Debekatuta dago liburu hau osorik edo zatika kopiatzea, bai eta berorri tratamendu informatikoa ematea edo liburua ezein modutan transmititzea, dela bide elektronikoz, mekanikoz, fotokopiaz, erregistroz edo beste edozein eratara, baldin eta copyrightaren jabeek ez badute horretarako baimena aurretik eta idatziz eman. UPV/EHUko Euskara Zerbitzuak koordinatutako itzulpena Itzultzailea: Iñaki Iñurrieta Labaien Hizkuntza-begiralea: Juan Garzia Garmendia Begirale teknikoa: Pio Perez
Lanaren egilea eta jatorrizko izenburua: © Les notions clés de l’ethnologie. Analyse et textes Armand Colin Publisher, 2007, 3e © Etnologiaren nozio giltzarriak. Azterketak eta testuak 2011, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua www.argitalpenak.ehu.es – editorial@ehu.es
ISBN: 978-84-9860-569-3 Lege Gordailua: BI-2899-2011 Fotokonposizioa: Ipar, S. Coop. Zurbaran, 2-4, 48007 Bilbao Inprimatzea: Itxaropena, S.A. Araba kalea 45, 20800 Zarautz (Gipuzkoa)
Etnologiaren nozio giltzarriak 6
26/10/11 18:11:39
Oharra: Zenbakitutako kapitulu guztietako sarreren erantzukizuna gurea da. Gérald Gaillard-ek, etnologiako maître de conférences* Lille I.eko Unibertsitatean, aipatzen ditugun testu batzuen hautapena eta —batzuetan— itzulpena bermatu ditu. Gure esker ona adierazi nahi diogu bere lankidetza baliotsuagatik. ikurrek idazlaneko beste sarrera batzuetara bideratzen dute irakurlea.
* Frantziako unibertsitateetako irakasle-maila bat, irakasle titularraren baliokidea gutxi gorabehera.
Etnologiaren nozio giltzarriak 7
26/10/11 18:11:40
Etnologiaren nozio giltzarriak 8
9/6/11 17:53:05
Aurkibidea Aitzinsolasa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
11
LEHEN PARTEA
Aztergaia eta metodoak 1. kapitulua. Etnologia . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
15
2. kapitulua. Metodoak I . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
29
3. kapitulua. Metodoak II . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
45
4. kapitulua. Gizarte tradizionalak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
59
5. kapitulua. Etnia . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
71
6. kapitulua. Etnozentrismoa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
83
7. kapitulua. Kultura . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
95
8. kapitulua. Akulturazioa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
109
BIGARREN PARTEA Korronte nagusiak 9. kapitulua. Eboluzionismoa. . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
123
10. kapitulua. Difusionismoa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
133
11. kapitulua. Funtzionalismoa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
141
12. kapitulua. Kulturalismoa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
151
13. kapitulua. Estrukturalismoa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
159
14. kapitulua. Antropologia dinamikoa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
167
HIRUGARREN PARTEA Esparru nagusiak 15. kapitulua. Gizarte-egitate osoa. . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
177
16. kapitulua. Ahaidetasuna . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
191
17. kapitulua. Antropologia politikoa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
217
18. kapitulua. Segmentariotasuna . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
241
19. kapitulua. Gizarte-estratifikazioa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
255
20. kapitulua. Antropologia ekonomikoa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
269
Etnologiaren nozio giltzarriak 9
26/10/11 18:09:32
10 • Aurkibidea
21. kapitulua. Inguruneak eta teknikak . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
285
22. kapitulua. Erlijioaren antropologia . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
301
23. kapitulua. Mitoa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
319
Autoreen aurkibidea . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
331
Etnia- eta leku-izenen aurkibidea . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
337
Gaien aurkibidea . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
341
Hiztegia . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
349
Euskara-Frantsesa . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
349
Frantsesa-Euskara . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
357
Laukian sartutako testuen taula . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .
365
Etnologiaren nozio giltzarriak 10
21/11/11 09:11:43
Aitzinsolasa Liburu hau etnologiaren hasi-masiak ezagutu nahi dituztenentzat da, eta lehen zikloko ikasleentzat bereziki. Beste liburu askok ere helburu bera dute (aipa dezagun Jacques Lonbard-en Introduction à l’ethnologie bikaina), baina gure asmoa ez da, noski, haiekin lehian sartzea. Gure nahia haiek osatzea da, eskuliburuen beste formula bat proposatuz, gu hiruron eskarmentu pedagogikotik zuzen-zuzenean sortua. Autore nagusiak irakurtzea da, ezbairik gabe, unibertsitatean ikasten hasi diren ikasleek aurkitzen duten zailtasun nabarmenenetariko bat. Zalantza izaten dute jatorrizko testuei ekiteko, edo, arrisku hori hartuz gero, testuok itxuraz duten konplexutasunak atzerarazten ditu maiz, eta, horrenbestez, joera izaten dute irakasleen edo eskuliburuetan irakurtzen dituztenen iruzkinak nahikotzat jotzeko. Lan gidaturik denean, halakoetan baino ez dute izaten, batzuetan, etnologiaren literaturara sartzeko aukera. Horregatik da ezinbestekoa irakaspen-hitzaldiak eta lan gidatuak txandakatzea, inork ez baitu auzitan jarriko halakoen garrantzi pedagogikoa. Txandakatze hori irudikatu nahi izan dugu, hain zuzen, lan honetan. Eskulibururik gehienak irakaspen-hitzaldiaren eredura eginak badira ere, guk hobetsi dugun formulan leku berezia gorde diogu autoreen diskurtsoari. Aztertzen dugun sarrera bakoitza, ondorioz, hiru partetan banatuta dago: Sintesi gisako saiakera, ikasleak liburuak kritikoki irakurtzera prestatzeko. Bibliografia bat, zeinean gairen batean sakondu nahi duen ikasleak behar-beharrezko dituen erreferentziak aurkituko baititu. Pedagogiaren on beharrez, erraz eskura daitezkeen liburuak edo, autorea atzerritarra denean, frantsesezko itzulpena dutenak lehenetsi ditugu. Azkenik, jatorrizko testuen zatiak. Ezinezko osotasun-sakontasunak xedetzat hartu ordez, nahiago izan dugu Cursus bildumari arrakasta ekarri dioten printzipioetara moldatu: argitasuna, irakurgarritasuna, erabilgarritasuna. Jorratutako gaien hautua, beraz, beste zenbait baztertzearen ondotik dator. Mugatuko ahal genuen baztertzeon arbitrariotasuna, sistematikoki eman baitiegu lehentasuna ikertzaileen artean egungo eztabaidetan nagusi diren nozioei. Jarraitu dugun plana ere erdibide bat bilatu izanaren ondorio da: batetik, betebehar didaktikoen eta, bestetik, aurkezpen arrazoituak berekin dakartzan eskakizunen arteko erdibidea, hain zuzen. Lehen partearen edukiak (Aztergaia eta metodoak) berez behar duela deritzogu: sarrera gisako lan batean, nahitaez hasi beharra dago jakintza-arloa definituz, metodorik
Etnologiaren nozio giltzarriak 11
16/6/11 13:29:01
12 • Aitzinsolasa
funtsezkoenak deskribatuz eta jakintza-arloaren oinarri diren nozioei buruz (etnia, kultura, tradizioa) galderak eginez. Bigarren eta hirugarren parteen izenburuak, berriz (Korronte nagusiak eta Esparru nagusiak), ia derrigor ezarri ditu unibertsitate-usadioak, zaila baitzen usadio horrekin haustea irakurleari kezka sorrarazi gabe. Egia esan, bigarren parteak jite historikoa duten sarreren multzoa biltzen du, bai etnologiak Frantzian izan duen historiari dagokionez, bai paradigma handiei dagokienez (eboluzionismoa, difusionismoa, funtzionalismoa, kulturalismoa, estruturalismoa). Erakutsi nahi izan dugu autore handien pentsamendua zenbait paradigmaren zordun izan ohi dela gehienetan, eta horrek galarazi egiten duela autoreok hertsiki sailkatutako «eskola» edo «pentsamendu-korronte»etan sartzea. Gisa berean, hirugarren partean bildu dira, hizkuntza naturaletako terminoen bidez izendatutako sarrerak ez ezik —«jakintza-arlo»tzat dauzkagunei dagozkien terminoen bidez, hain justu (politika, ekonomia, erlijioa, inguruneak eta teknikak)—, baita etnologiaren beraren hiztegikoak diren terminoak ere (edo definizio etnologikoa adiera arruntetik nabarmen urrun dutenak), hots, antropologia-gogoetak eraikitako objektuak izendatzen dituztenak (mitoa, segmentariotasuna, gizarte-estratifikazioa). Gairako sarrera gisa, «gizarte-egitate osoa» nozioari esker, esparru edo objektu horiek elkarrekin duten lotura azpimarra daiteke. Aurkeztutako testuen1 hautua ere bazterketen edo erdibide bat bilatzearen ondorio da. Batzuetan, jakintza-arlo honetako klasiko handietatik aldatutako zatiak ditugu, hots, ikastaroetan nahitaez aipatu ohi diren autore eta lanetatik, ikasleek beti aintzat hartzen ez badituzte ere. Beste batzuetan, aitzitik, idazlan bitxietako edo Frantzian argitaratu gabeetako zatiak hautatu ditugu, iruditu baitzaigu nahitaez eman behar zaiela irakaskuntzan merezi duten lekua. Kasu guztietan, nolanahi ere, aipaturiko autoreen ikuspuntuak azaltzen saiatu gara, maiz elkarren kontrakoak, edo autore bat beraren pentsaeraren alderdi osagarriak. Azkenik, zenbait aurkibide datoz eskuliburuaren osagarri, ikasleei kontsulta bizkorra egiteko aukera emateko xedez, halako edo halako autorearen nahiz nozio baten edo bestearen inguruan informazio bila dabiltzalarik.
1 Ematen ditugun zatiak irakurgarriago egiteko xedez, ezabatu egin ditugu jatorrizko testuetan zetozen oharrak.
Etnologiaren nozio giltzarriak 12
9/6/11 17:53:06
LEHEN PARTEA
Aztergaia eta metodoak
Etnologiaren nozio giltzarriak 13
9/6/11 17:53:06
Etnologiaren nozio giltzarriak 14
9/6/11 17:53:06
1. kapitulua
Etnologia
Etnologia gizarte exotikoen zientziarekin lotu ohi da gehienetan. Azkenaldiko ikerkuntzek, hiri-ingurunean eginak izan arren, adibidez, ez dute erabat baliogabetu gehienen pentsaeran ondo errotutako ideia hori: asko jota, Mendebaldeko populazioak tribu bihurtzeko modu jostagarri bat ikusi du jende gehienak saio horietan. Baina alferrik da jakintza-arloaren irudi zaharkitu hori salatzea, galdera itxuraz sinple honi erantzuteko ez bada: zer da etnologia? A priori, honako hauen arteko batura litzateke: aztergai gailen bat —gizarte tradizionalak—, metodo bat —lekuan lekuko ikerlan iraupen luzekoa—, eta, batez ere, problematika klasikoak —esate baterako, erritu eta sinesmenei, ahaidetasun-egiturei edo gizarte-antolamenduari dagozkienak—. Mito amerindiarren esanahiari buruzko azterketak, edo afrikar tribu bateko klan-egitura, etnologikotzat joko dira besterik gabe. Baina ez dago hori eta horrenbestez askiesterik: etnologikotzat hartzen diren ikerketa eta hurbilpenak jakintza-arloaren eremu klasiko argi zehaztu hori baino askoz harago doaz. Ez dago inolako debekurik beste gizarte-zientzia batzuek ere, hala nola soziologiak, erritoen edo nambikwara indigenen gainean lan egin dezaten. Eta beste jakintza-arlo askorenak ere badira etnologiak darabiltzan paradigma zientifiko gehienak. Beraz, erabat eginkizun dago etnologia plano teoriko eta metodologikoan ezaugarritzea; hainbat gehiago, jakintza-arlo horren garapena testuinguru nazional desberdinetan eta pentsaera-tradizio jakin batzuetan errotuta dagoelarik. Urruneko gizarteen alderako interesa ez da nahitaez bideratu araketa antropologikotik. Mendebaldean, gizarte tradizionalei eskainitako zientzia-eremu bat agertu baino askoz lehenago ere, izan da bidaien kontakizunik eta objektu exotikoen erakusketarik. Bestalde, europar folkloristek XIX. mendean nekazari-gizarteei buruz egiten zituzten ikerketak ez ziren beti argi eta garbi lotzen hasi-masietan zen etnologiarekin: beren tradizio intelektualaren ildotik zihoazen; aspalditik zetozen ikerketok (batzuetan, XVIII. mendeaz geroztik), eta jakintza-elkarteen eta argitalpen espezializatuen inguruan garatzen ziren. Gerora, azterketa folkloriko horiek europar landa-etnologiaren hasikin gisa agertu izan dira —hainbat erresalburekin—, baina horien autoreek beren gain hartutako egitasmoak leku gutxi ematen zien urruneko populazioei. Bestalde, tradizio alemanak bi termino gorde ditu bereizketa hau egiteko: Volkskunde, herri germaniarrei baino ez dagokien eremua, eta Völkerkunde, herri primitiboen azterketa, hots, Fran-
Etnologiaren nozio giltzarriak 15
9/6/11 17:53:06
16 • Aztergaia eta metodoak
tziak etnologia izendatu zuena (Frantziako eta Alemaniako tradizio etnologiko konparatuez, ikus Chiva eta Jeggle, 1987). Bestalde, desberdin instituzionalizatu da jakintza-arloa ingurune anglosaxoian eta Frantzian. Estatu Batuetan, oso goiz sortu zen azterketa-eremu espezializatua, F. Boas-en eraginpean, zeina antropologiako katedraz jabetu baitzen 1899an (antropologia fisikoa eta gizarte- eta kultura-antropologia bilduz); Frantzian, aldiz, etnologia askoz geroago bihurtu zen eremu espezializatu. M. Mauss, Frantziako etnologiaren sortzailetzat joa arrazoi osoz, soziologia durkheimdarraren eskolakoa zen. Azterketa etnologikorako lehen erakunde ofiziala, Institut d’Ethnologie delakoa, 1925ean sortu zen, eta 1943ra arte itxaron behar izan zen Frantzian etnologia orokorreko lehen katedra sor zezaten: M. Griaule-k Sorbonan beretu zuena, hain zuzen. Etnologia ala folklorea, etnologia ala antropologia, antropologia ala soziologia, gizarte primitiboa ala gizarte modernoa, populazio exotikoa ala populazio hurbila: galdera horiek guztiak hor zebiltzan jada, ernamuinean, jakintza-arloaren lehen urratsen historian; ondotik etorritako hautuak, behin-behinekoz bederen, areago egin ziren tradizio intelektualen eta iritzi instituzionalen ondorioz, benetako aukera epistemologikoen ondorioz baino.
Etnologia, gizarte primitiboei buruzko zientzia? Historikoki, beraz, etnologiaren gaia «gizarte primitibo»en azterketaren inguruan eratu da; izan ere, Errenazimentuaz geroztik (garairik behinena kontinente berriak eta herri berriak aurkitzeari zegokionez), gizarte primitibook, modu batera edo bestera izendatuta, gizarte «zibilizatu»ei kontrajarri zaizkie. Gizarteen ikuspegi dualista horretatik sortu ziren soziologiaren eta etnologiaren jakintza-arloak, batak gizarte konplexuak (modernoak) eta besteak gizarte tradizionalak zituztela azterkizun. Etnologia aspaldi bihurtu zen gizarte primitiboetara hurbiltzeko bide ezin hobea. Gizarte primitiboek corpus idatzi handirik eskaintzerik ez zutenez, ez eta, maiz, arkeologia-aztarna monumentalik ere, tradizio erudituak albo batera utzi zituen, «zibilizazio handiak» aztertzeari begira jarria baitzen, antzinakoak zein garaikideak (arabiarra, txinatarra, indiarra, eta abar). Etnologiak, berak bakarrik edo ia bakarrik (aipamen berezia merezi du hizkuntzalaritzak), bere ikerkuntza-metodo bereziei esker, gizarte tradizionalak aztertzeko bidea ematen zuen, eta hartara zientzia-objektu bihurtzen ziren; ez, hala ere, jakintzaren egoerari astindu ederra eman gabe. Etnologia hasieran populazio exotikoen zientzia izan bazen, populazio haiei buruz diskurtso aditu bakanetako bat eskaintzen zuelako gertatu zen horrela.
Etnologiaren nozio giltzarriak 16
9/6/11 17:53:06
Etnologia • 17
Gaur egun, etnologiaren aztergaiak, tradizio historiko batek zehaztu duenez, ez du balio jakintza-arloa definitzeko, eta arrazoi bat baino gehiagorengatik. Lehenik eta behin, batera hartuak izateko arazoak ageri dituzten gizarteetara mugatzearen auzia dugu; hainbesterainokoa, non G. Lenclud-ek zera esan baitu berriki, ez ironiarik gabe: «Gizarte primitibo guztiek duten ezaugarri komun bakarra etnologoek aztertu izana da» (Lenclud, 1986: 154). Bigarrenik, antropologoek gizarte konplexuak aztertzeko berriki hartu duten joerak, batez ere hiri- eta industria-antropologiaren eremuetan, berriro jarri du auzitan gaia gizarte tradizionaletara mugatzea. Azkenik, «mundializazio»aren fenomenoek leku txarrean utzi dute jakintza-arlo hau alderdi geografikotik definitzeko saio oro, eta berretsi dute hemendik aurrera tradizioaren gizarteak ez direla aztertu behar kultura bakartu gisa, eta horren ordez tokikoaren eta globalaren artikulazioa aztertu behar dela, horixe bihurtu baita antropologia-azterketen joera nagusietariko bat (Appadurai, 1990). Etnologoak bat datoz bi gizarte mota horiek funtsez desberdintzat ez hartzean, baina, hala ere, zenbaitek jakintza-arlo tradizionalari atxikita jarraitzen dute, alteritatearen izenean. Alteritatearen esperientzia etnologiaren ibilbidearen bihotzean izan da beti, eta aldez aurretiko baldintzatzat hartu ohi da behatzaileak aztergaiarekiko tartea har dezan: gizarte arrotz baten aurrean, gaiago izango da, hartara, gizarte-errealitatea objektibatzeko. Hori dela eta, A. Testart-ek (1986) uste du antropologiaren gaia gugandik urrunen diren «gizarte primitiboak» aztertzeari atxiki behar zaiola batez ere. Hala, «gizarte konplexu»etan egindako azterketak gero eta gehiago ugaritu direla eta, zalantzatsu eta ezkor ageri da; horrek, haren ustez, antropologiaren irudi lausoa emateaz gainera, kolokan jartzen du jakintza-arlo horren betiko gaia. Halako jarrera, gutxienez, bitara uler daiteke, zeren eta aditzera ematen baitu alteritatea gizarte mota jakin baten ezaugarri intrintsekoa litzatekeela, eta gizarte hori ezin dela inola ere definitu geografiaren arabera. Jakina, alteritatea ez da beti intentsitate beraz bizi izaten: ez dira gorabehera berak agertuko goi-mailako klaseen ingurunea ikertzean eta ehiztari biltzaileen taldeak aztertzean, bigarrenen unibertso sinbolikoa eta antolaera oso urrun baitaude gureetatik. Baina alteritate hori, azken batean, bertan diren parte-hartzaileei dagokie. Gisa denez, beraz, ezin du balio aztergai bat zedarritzeko —aztergaia gizarte mota batekin identifikatuko litzateke hala—, eta are gutxiago etnologiaren eta soziologiaren arteko bereizketari eusteko —zeinaren arabera etnologoak gizarte arrotz batekin lan egingo lukeen, eta soziologoak, berriz, bere jatorrizko gizartearekin—. Lenclud-ek azpimarratzen duenez, kontrakoan setatzeak esan nahi luke «ez dagoela alteritate «onik» etnikoa besterik, eta etnikoki bestelakoak diren gizarteak baino ez liratekeela antropologiaren gaia» (Lenclud, 1986: 155), eta hori, gutxienez —bat etorri behar Len-
Etnologiaren nozio giltzarriak 17
9/6/11 17:53:06
18 • Aztergaia eta metodoak
clud-ekin—, alteritate nozioa gehiegi murriztea da. Halako ikuspegi arbitrario batek, R. Deliège-k (1992: 112) emandako adibidea errepikatuz, «soziologiko»tzat joko lituzke Srinivas etnologo indiarrak bere herrialdeaz egindako lanak, haren nazionalitatea hori zela eta! Jakintza-arloaren gaia gizarte tradizionaletara baino ez mugatzea, baina, antropologiaren egitasmoaren argitan ageri da batez ere arazotsu, haren zertarakoa gizakiaren batasunaz hausnartzea eta batasun hori ulertzea baita; gizakiaren batasuna, nahiz eta kulturak, kultura guztiak, askotarikoak izan. Hori dela-eta sartzen da bete-betean gizarte konplexuen azterketa antropologiaren egitasmoan (Lenclud, 1986).
Etnografia, etnologia, antropologia: hiru izen jakintza-arlo berarentzat? Etnografia hitzak lekuan lekuko lanean hartutako lehen datuen transkribapena adierazten du. Etnologia-ikerketa guztiaren hasierako fasetzat jo ohi da, gehienetan, etnografia. Hala, bada, etnografia / etnologia / antropologia hirukoak argi bereizitako metodologia-etapak osatuko lituzke: lehenik, behaketa eta deskribapena (etnografia); bigarrenik, datuen interpretazioa (etnologia); eta azkenik, orokortzea eta konparazioa (antropologia). Zientzia-gogoeta, bistan denez, ezin da horrelako segidan paratu: etnografia oro etnologia da jada; behaketa oro, interpretazio. Etnologoek aspaldi utzi zioten zientzia-«egiteko»en banaketa hain modu sinplifikatzailean irudikatzeari, berez ezin baita egin halako banaketarik. Baina oraindik ere erabiltzen dira hiru terminook etnologia-lanak une jakin batean hartuko duen forma jakin bat adierazteko: oraindik ere etnografiaz hitz egiten da, esate baterako, lekuan lekuko lana ezaugarritzeko; eta etnologiaz edo antropologiaz, berriz, ikerketaren ekarpen teorikoaren azalpen-ahalegina nabarmentzeko. Orain artean berdin-berdin erabili ditugu etnologia eta antropologia, horixe baita usadioa Frantzian, eta baztertu dugu termino bakoitzaz eman litekeen definizio espezifikoa. Guztiarekin ere, kasu honetan, merezi du etnologia eta antropologia terminoak zehaztea eta bi zientzia-tradiziorekin lotzea: bata, frantsesa; anglosaxoia bestea. Antropologiaren definizio etimologikoa «gizakiaren zientzia» da. Antropologia hitzak batera adierazten ditu antropologia fisikoa edo gizakien ezaugarri somatiko orokor zein bereizgarrien azterketa, batetik, eta gizarte- edo kultura-antropologia, bestetik. Frantzian den Gizakiaren Museoa, hain zuzen, ikuspegi orohartzaile horren ondorio da. Hiru sailek osatzen dute: historiaurrea, antropologia (zehatzago, antropologia fisikoa) eta etnologia, ustez gizadiaren askotarikoaren berri ematen dutelakoan, eta batez ere ahozko tradizioa duten popu-
Etnologiaren nozio giltzarriak 18
9/6/11 17:53:06
Etnologia • 19
lazioak aztertzeko bidea, edo corpus idatzirik ez duten eta, ondorioz, azterketa historikoetatik kanpo geratzen diren populazioak. Frantzian, etnologia terminoa erruz erabili zen, XIX. mendearen hondarretik XX. mendeko berrogeita hamarreko urteak arte, gizarte primitiboen zientzia izendatzeko; antropologia terminoa, berriz, zehazki antropologia fisikoa izendatzeko erabili ohi zen. Ingurune anglosaxoian, kontrakoa gertatu zen: antropologia hitzari eman zitzaion lehentasuna sistematikoki, bere konotazio globalizatzailearekin, eta etnologia, berriz, herrien historiaren azterketa espekulatibora mugatu zen, eboluzionistek batik bat landua zuten bidetik. Antropologia britainiarrari, oso interes berezia agertu baitzuen gizarte tradizionaletako —batez ere administrazio kolonialaren mendean zeudenetako— instituzio politikoez eta gizarte-antolamenduaz, gizarte-antropologia deitu zitzaion maiz; amerikar antropologia, aldiz, kulturalismoak eta kultura-nortasunen azterketak markatua baitzen, kultura-antropologiatzat hartzen zen. Bereizketa hori ez da funtsezkoa inola ere; britainiar eta amerikar etnologiak beren historiaren aldi jakin batean izandako norabide desberdinak islatzen ditu. Bigarren Mundu Gerraren biharamunean, tradizio anglosaxoiaren eraginpean, gizarte-antropologia terminoa hedatu zen Frantzian. Bi pertsona ospetsuk izan zuten zerikusia horretan, C. Lévi-Strauss-ek eta G. Balandier-ek, baina arrazoi desberdin samarrengatik. Balandier-en aburuz, batez ere, etnologiaren gutxiespen-kutsua desegitea zen kontua, gehiegi berdintzen baitzen gizarte primitiboen eta ez besteren zientziarekin, eta, bestalde, babestu beharra baitzeukan kolonizazioarekin lotutako historiatik. Tradizional zeritzen populazioei buruzko etnologiatik jasotako ideiekin hautsi nahian, eta gogoetaren muinean deskolonizazioak Afrikan eragindako gizarte-nahasmenduak ezartzeko asmoz, bere lana antropologia dinamiko eta politikotzat jo beharrean gertatu zen Balandier. Lévi-Strauss-en aburuz, berriz, beste zerbaiti zegokion antropologia terminoaren erabilera: hedadura handiko egitasmo intelektual bat, xedetzat gizartean bizi den Gizakiaren azterketa konparatiboa zuena, eraikitzeko borondateari. Antropologia hitzak egokiagoa zirudien programa horren nahi teorikoari eta asmo orohartzaileari erantzuteko (Lévi-Strauss, 1958).Gaur egun, etnologia, antropologia edo gizarte-antropologia terminoak sinonimoak dira gutxi gorabehera. Izendapen horietako bata edo bestea erabiltzea, edo norberaren burua «etnografo» hustzat jotzea, jakintza-arloaren barruan gertatzen diren bereizketa-jokoei dagokie; aldatu egin daitezke, ikertzaile bakoitzaren inguruabarren arabera edo posizio teoriko, tematiko eta instituzionalen arabera, baina ez dute auzitan jartzen etnologia-ikerkuntzaren (edo, nahiago izanez gero, antropologia-ikerkuntzaren) batasuna.
Etnologiaren nozio giltzarriak 19
9/6/11 17:53:07