Elkartasun astea, Elkartasun uholdea Euskal Herriarekin V nazioarteko elkartasun astea bukatzear dagoelarik, berriz ere aurreko urtetako markak gainditu direla esan ahal dugu eta ez zen erreza. Orain dela 4 urte elkartasun astea abiatu zenean 5 herrialde izan ziren eta hamar bat ekimen, iaz 18 herrialde eta 80 ekimen, eta aurten 22 herrialde eta 120 ekimen. Herritarren partaidetza ere handituz joan da urterik urte, oraindik ekimen batzuk egiteko daudelarik (Andaluziako elkartasun astea, Venezuela, Uruguai eta Argentinakoa eta Milanoko manifestazio handia, adibidez) 4.500 bat lagunek hartu dute parte hitzaldi, bideo-emanaldi, elkartaratze, erakusketa eta abarretan. Nabarmentzekoa da elkartasun astea berotze aldera Euskal Herriaren Lagunek 'Euskal Preso Politikoen argazkiak kalera!' ekimena egin zutela eta munduko 31 lekutan izan zirela euskal presoen irudiak. (Milano, Berlin, Argentina, Roma, London, Uruguay, Breizh, Torino, México, Barcelona-Gracia, Firenze, Lisboa, Scotland, Dublin, Derry bloody sunday, Madrid, København (Kopenage), Friuli, Livorno, Pavia, Switzerland, Barcelona-Sants, Lille, Norway, Korsika-Toulon, Korsika-Ajaccio, Sinn Féin photo, Ográ Sinn Féin photo, Bologna, Napoli, Cork).
Guztira, beraz, 150 ekimen baino gehiago eta 5000 baino gehiago lagunek hartu dute parte 22 herrialdetan. Euskal Herria ukatzen eta zapaltzen duten espaniar eta frantses estatuek eragotzi nahi dute nola edo hala Euskal Herria ezagun izatea munduan. Pentsarazi nahi digute bakarrik gabiltzala munduan, baina urterik urte eta asterik aste Euskal Herriaren Lagunak gehiago dira eta hobeto egiten dute lan, gero eta ezagunagoak dira eta gero eta zabalduago daude.