haizetara 7 BIDAIA ALDIZKARIA
KATAROEN OINATZAK
MIDI-PYRÉNÉES
Nafarroa
Gerra Zibilaren paisaien barnako laugarren ibilbidea
little bighorn
Jatorrizko herriek irabazitako batailaren 125. urteurrena
dinder parkea Sudaneko mirari naturala eta hauskorra
srinagar
Kaxmirrek ezkutatzen duen perla
Azaleko argazkia: Sergi Reboredo
Argitaratzailea: Astero. Herritar Berri SLU. Editorea: Amaia Ereñaga Argazkigintza eta diseinua: Conny Beyreuther Egoitza: Portuetxe, 23 -2.A 20.018 Donostia e-posta: zazpihaizetara@astero.net tfnoa: 943 31 69 99 www.zazpihaizetara.com LEGE GORDAILUA: SS-238-2008 INPRIMATZEN DU: Printek Inprimategia. Zamudio
04 22 32
46
40 18
aurkibidea148
18 Taiwan Indigenei ezarritako ehizamurrizketak arazo orokor baten muturra baino ez dira Taiwanen. Horien kultura ez onartzea da benetako gakoa.
32 Little Bighorn AEBetako mendebaldearen konkistako gertakari historiko garrantzitsuenetako bat da Little Bighorn-eko bataila. 125. urteurrena betetzen da aurten.
22 Midi-Pyrénées Tarascon-sur-Ariège udalerritik Saint-Cirq-Lapopie herrira egin dugun bidaian historiaz eta tragediaz blaitutako lurraldeetatik igaroko gara.
40 Dinder parkea Etiopiako mugaraino hedatuta, Sudango iparraldean errotutako parke nazional honek aparteko flora eta fauna ditu.
46 Srinagar Kaxmir munduko gunerik bortitzenetakoa den arren, kultura-altxor zoragarri bat gordetzen du bere baitan: Srinagar hiria.
04 Nafarroa eta 36ko gerra Ohikoa da Nafarroan ez zela gerrarik egon entzutea. Egia da ez zela ez fronterik ez borrokaldi irekirik izan. Baina gerra isil bat egon zen, kanoikadarik gabea baina odoltsua, bere geografia osoko arekak bete zituena, gutxienez 3.500 pertsona erailda, gehienak lehen hilabeteetan. Horien lekuko, Argaitzeko harrobia, Urbasa, Valdecarderako hobia...
52 Proposamen tematikoa Musukorik gabe bisita daitezkeen tokiak. 56 Pandemia garaiko hitzorduak Jaialdiak, kontzertuak, «online» proposamenak. 58 Liburuen txokoa Lonely Planetek Pirinioen lehen gida kaleratu du. 60 Gogoan hartu Ford Fundazioko basoa. 61 Zinema bidaiaria «The Last Bus» 62 Laburrak 3
Gerra Zibileko paisaiak Euskal
Herrian (IV)
NAFARROA: OROIMENAREN IBILBIDEA Testua eta argazkiak: Xabier Bañueños
«Izu-giro bat sortu behar da, nagusitasun sentsazioa utzi behar da, guk bezala pentsatzen ez duen oro eskrupulurik eta zalantzarik gabe eliminatuz. Inpresio handia sortu behar dugu; Fronte Popularraren defendatzaileak, agerikoak zein isilekoak, fusilatu egin behar dira». Emilio Mola jenerala, Instrukzio erreserbatua 5. zb 1936ko uztailaren 19a.
NAFARROA: OROIMENAREN IBILBIDEA hikoa da Nafarroan ez zela gerrarik egon entzutea. Duela urte gutxira arte, ohikoena zera pentsatzea zen, Molak antolatutako estatukolpeak arrakasta izanik eta herritarren gehiengoa kontserbadorea izanik, Erresuma Zaharra jomuga erraza izan zela gerra latzaren erdian. Irakurketa hori, ordea, egiatik nahiko urrun dago. Egia da ez zela ez fronterik ez borrokaldi irekirik izan. Baina Gerra Zibila ez zen soilik borroka-eremuetako gatazka armatuetara mugatu. Gerra baten bilakaerak hainbat alderdi biltzen ditu, artilleriaren burrunbaz, aire bonbardaketez, itsas borrokez edo blindatuen eta infanteriaren erasoez harago. Soldaduak hil egiten dira eta erail egiten dute lehen lerroan, baina gerra era askotara izan daiteke odoltsua. Eta horietako bat, agian makurrena, babesik gabeko populazio zibilaren aurkako errepresio antolatua eta sistematikoa da. Errepresio hori Apokalipsiko laugarren zaldizkoak zamalkatutako zela horia bezala erortzen da. Disidentzia errotik moztea du helburu errepresio horrek, armen bidez boterea bereganatu dutenen aurkako pertsona guztiak fisikoki akabatuz. Eta horixe gertatu zen.
O
Testuingurua 36ko otsailean Iruñeko gobernadore militar izendatu zuten Mola. Fronte Popularraren maniobra bat zen, Gobernuaren aurka konspiratzeaz susmagarri ziren armadako agintariak botere-zentrotik urrundu nahian. Ez zuen ezertarako balio izan. Molak, hasieratik konplotean egoteaz gain, “Zuzendari” papera hartu zuen. Bere agindupean kantonatutako soldadu-taldeen leialtasuna zuen eta Nafarroako karlistak atxikitzea lortu zuen. Horretaz gain, joera tradizionalistako biztanleria zegoen, 36ko hauteskundeetan botoa eskuinari eman ziona. Horiek horrela, agintari errepublikanoek eta zilegitasun errepublikanoarekiko leial zirenek ez zuten inolako aukerarik edozein ekintza armaturen aurrean legezkotasuna defendatzeko. José Rodríguez-Médel-ena izan zen oposizio militar bakarra. Garai hartan Guardia Zibilaren Komandantziaren buruzagiak altxamenduan parte hartzeari uko egin zion, eta bere gizonek hil zuten hilaren 18an. Uztailaren 19an Molak gerraegoera deklaratu zuen. Ez zen zaila asmatzen zein emaitza izango zuen altxamenduak lurraldean. Traizioa gauzatu aurretik, Mola hasia zen bere “jarraibide erreserbatu” ospetsuak idazten. Horietan argi utzi zuen zer bide hartu behar zuten matxinatuek: izu erregimen bat ezartzea, edozein aurkaritza-zantzu sistematikoki ezabatuko zuena. Horrek, praktikan, ondokoa esan nahi zuen: beren kausarekin bat ez egiteagatik susmagarria zen pertsona oro eliminatzea, fusilatzea,
Tafallako Hirigoien auzoko Jose Ramon Urtasunen monolitoa. Aurreko orrialdean, goitik behera, Artesiagako gainean Mikel Iriartek eginiko «Bidegabeko bidea» monumentua; Olabeko hobiko oroigarria; Sartagudako oroimen monumentuen parkeko sarreran Jose Ramon Andaren «Atariaren besarkada» eskultura. Erreportajea zabaltzen, Joxe Uribarrenaren eskultura ikusgarria.
7
NAFARROA: OROIMENAREN IBILBIDEA Lerroon azpian, Artaxoa. Ondoan, Iruñean fusilatutakoen oroigarria, Azkoieneko emakumeen omenezko monumentua eta Iberoko monolitoa.
sexu, adin, baldintza edo zenbaki mugarik gabe. Nafarroan gerrarik izan ote zen galderari erantzun bakarra eman dakioke: bai. Gerra isil bat, kanoikadarik gabea baina odoltsua, bere geografia osoko arekak bete zituena, gutxienez 3.500 pertsona erailda, gehienak lehen hilabeteetan. Memoriaren ibilbidea Toki gutxi libratu ziren errepresio zuzenetik edo hobiak izatetik. Hainbat hamarkadatan, agindua isiltasuna izan zen. Adiskidetzearen pantomima bat eginez,
ahanztura behartu nahi zen; errepresioaren gaineko errepresioa. Baina oroimena indartsuagoa izan da eta oroitzapenak ezkutuan iraun du. Gorpuen lehen desobiratzeak 70eko hamarkadan gertatu ziren, baina azken urteetan ugaritu egin dira, justizia eta espazioa aldarrikatuz. Pixkanaka, jendea eta erakundeak historiari ahotsa ematen ari dira. Askatasuna defendatzeagatik kendu zizkigutenen aztarnen bila, Nafarroa iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera zeharkatzea bidaia politiko eta sentimentala da, bihotza ukabil batean sarrarazten
duena, dolura garamatzana eta arima faxismoarekin aurrez aurre jartzen diguna. Nafarroako Gobernuak, orain arte ofizialki 13 gune aitortu ditu, gerrarekin zerikusia duten oroimen toki gisa. Babestu beharreko espazio enblematikoak dira. Beran Argaitzeko harrobia aurkitzen dugu. Bertan gutxienez 130 disidente fusilatu zituzten, gehienak Ondarretako kartzelatik ateratakoak. Hegoalderantz eginda Urbasara iritsiko gara, non Otsoportilloko leizea dagoen ezkutuan, pago artean. Hamalau lagunen gorpuak jaurti zituzten bertan; besteak beste, Mauri-
9
NAFARROA: OROIMENAREN IBILBIDEA
Erreniegako Hobien Memoriala, Peio Iraizozek kiribilean egindako harrespilarekin.
NAFARROAKO BESTE TOKI BATZUK Ezkaba mendia Bere gailurrean San Kristobal gotorleku itzela dago, kartzela gisa erabilia eta 1938ko maiatzaren 22ko ihes handia gertatu zen tokia.
Iruñea Hainbat leku, hala nola Iruñeko Probintzia Kartzela. Orube horretan daude egun Intsumisioaren Parkea eta monumentua. Gotorlekuaren atzealdean 298 lagun fusilatu zituzten, eta gaur egun oroitzapenezko plaka bat dago. Udal hilerrian Panteoi Errepublikanoa eta José Rodríguez-Médel-en hilobia daude, Lerena-Ochoa familiaren panteoian. Soldadu frankisten hilobi asko ere badaude. Eta Maravillas Lambertoren oroimenez bi toki daude, Lezkairun duen plaza eta Alde Zaharreko Maravillas Gaztetxea.
Artesiagako gaina Mikel Iriartek eginiko “Bidegabeko bidea” monumentua, Irurita-Eugi errepidea eraiki zuten Francoren esklaboei eskainia.
Aritxulegi Lesaka eta Oiartzun arteko errepidea, presoek eraikia.
Pilatosen balkoia Urbasan; dozenaka disidente jaurti zituzten handik behera.
Lizarra Eskualdeko kartzela, egungo Gustavo Maeztu museoa, non dozenaka pertsona garbitu eta fusilatzeko atera zituzten.
Elizondo Erbesteratuen omenezko “Babesaren muga” eskultura, Mikel Iriartek egina. Berako udaletxe plazan egile berberak eta arrrazoi berarengatik eginiko beste lan bat dago.
Tafalla Garai hartako espetxea gaur egungo epaitegietan zegoen. Jose Ramon Urtasunen monolitoa Hirigoien auzoan.
Tutera Balsaforada (Bardea) eta Fontellas (Los Llanos) makina bat ateratzeren, fusilamenduren eta hobi komunetako lurperatzeren agertokia izan zen.
11
NAFARROA: OROIMENAREN IBILBIDEA Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekua. Ondoko orrialdean, Pilatosen balkoia Urbasan; Lizarrako kartzela zaharra, eta Larragan kokatutako Maravillas Lambertori eskainitako memoriala.
12
cio Rodríguez, Miguel Gil eta Bernardo Domingorenak; hots, Arabako Gordoa, Zalduondo eta Galarreta herrietako maisuenak. Jose Ramon Andaren eskultura batek babesten du, eta inoiz ez dira loreak falta, enborrei lotuta edo sarrera ixten duten burdin hesiei helduta. Sartagudara goaz orain. Fronte Popularrak arrakasta izan zuen herri bakarretakoa izan zen eta errepresio gogorra jasan zuen; 90 bat hilketa izan ziren. Hortik datorkio “Alargunen herria” izena. Alargun horiek, gainera, irainak, bortxaketak, espoliazioa eta eskarnioa jasan zituzten. Nafarroako oroimen-monumenturik garrantzitsuena da, eta 3.400 izen jasotzen dituen mu-
rru bat eta hainbat egileren (Joxe Ulibarrena, Nestor Basterretxea eta José Ramón Anda) eskulturak ditu. Hortik abiatzen da herriko hainbat tokitara garamatzan ibilbidea, eta hilerrian amaitzen da, “faxismoak 1936an hil zituen demokratei” eskainitako panteoiaren aurrean. Hegoalderago Peralta dago; bertan Jose Ramón Urtasunek egindako eskultura batek emakumezko biktimak eta erresistenteak ohoratzen ditu, zeintzuen gonek hobi komunetatik eta Saturrarango espetxeko murruetatik ekarritako kantuak gordetzen dituzten. Ez oso urrun, Cadreitara, Valdecarderako hobira, hur-
NAFARROA: OROIMENAREN IBILBIDEA
Etxauriko parkea eta Peio Iraizozen monolitoa. Ondoko orrialdean, Eloko Tejeriako hilobiaren memoriagunea. Lehen planoan, Patxi Aldunatek diseinatutako altzairuzko teilak.
14
bildu ginen. Han, 36ko abuztuaren 23an, Iruñeko Probintzia Espetxetik 53 preso atera zituzten fusilatu eta lurperatzeko. Haien gorpuzkiak 1959an lapurtu zituzten, Erorien Haranera eramateko. Ipar-ekialdera joko dugu, Igari-Bidankoze errepidera. Monolito batek, bi eraikinen hondarrek eta berreraikitako barrakoi batek gogorarazten digute bortxazko lanak egitera kondenatutako 2.354 presok eraiki zutela. Hil ez zirenak umiliatzeko eta menderatuta izateko modu bat zen. Orain, herrialdearen bihotz geografikora joango gara, lehenik Elo-Monrealeko Tejeriako hobia bisitatzera. Bertan eraildako ehun pertsona baino gehiagoren gorpuak daude; besteak beste, Tafallako kartzelatik atera eta fusilatutakoak, 1936ko urrian. Erreniegako Hobien Memoriala ikusteko, izen bereko mendira igoko gara jarraian. Hegoaldeko hegalean, haize-erroten babesean, Peio Iraizozek kiribilean egindako harrespil batek gogora ekarri dizkigu 1936 eta 1937 bitartean mendi hauetan fusilatutako 92 pertsonak. Biribilean jarraituko dugu Iberoko Hiru Gurutzeen Gaineko hobiraino eta Etxauriko Oroimenaren Parkeraino.
Lehenengoa inguru horretan dauden hobi ugarietako bat da, eta bigarrenak Iruñeko Probintzia Espetxeko atxilotze-zentroetatik presoak fusilatzeko ateratzen zituztenekoa gogorarazten digu. Gutxienez 124 hilketa izan zirela ziurra da. Zirkulua hiriburuaren iparraldetik itxiz, GR-225 errepidera iritsiko gara; hain justu, Jovino Fernándezek San Kristobal gotorlekutik ihes egin ostean egin zuen ibilbidea da hori. Bera izan zen ihes egin zuten 795 iheslarietatik helburua lortu zuten hiruretako bat. Gainerakoak atxilotu egin zituzten, eta 206 erail. Lau etapa daude: San Kristobal-Olabe gotorlekua, Olabe-Saigots, Saigots-Sorogain eta Sorogain-Urepel. Lehenengoak eta bigarrenak Olabeko hobia dute, Olaibarren, elkargune gisa. Gotorlekuko ihesarekin loturik, exhumatu duten hobi komun handiena da. Ilargierdi formako zulotik 16 gorpu atera zituzten. Gobernuak aitortutako tokiez gain, beste asko daude. Gutxienez horietako hirutan geldituko gara. Lehenengoa Larraga da, non Vicente Lamberto eta bere 14 urteko alaba Maravillas Lamberto Yoldi atxilotu zituzten.
Neskatoa hainbat aldiz bortxatu zuten taldean, eta aitarekin batera erail eta gorpua zakurrentzat utzi zuten. Maravillas faxismoak egindako basakerien sinbolo bihurtu da. Bera bizi izan zen kaleak bere izena du egun, bere etxea izan zen eraikinean, eta Oroimenaren Parke txikian dagoen monolitoak bere eta beste 44 pertsona fusilatuen irudia betikotzen du. Oso bestelako arrazoiengatik hurbildu gara Artaxoara, agian biktimarik izan ez zen Nafarroako herri bakarra delako. Hango biztanleek eta agintariek uko egin zioten heriotzaren eskuadroiei laguntzeari, eta ez zen ez inor salatu ez inor entregatu. Hori bai, hilerrian panteoi bat dute, “1936-1939 Gurutzadan eroritako bertako herritarren” oroimenez. Azkenik, Loiti gainean geldialdia egingo dugu, Iruñea-Esa errepide zaharrean. Hildako dozenaka pertsona lurperatu zituzten bertan. Oroimen Historikoaren Tenpluak gogorarazten ditu horiek, Mikel Iriarte eskultoreak sorturiko dolmen eta harrespil formako multzo eskultorikoak, zeinean hau jartzen duen: «Loiti Ixilpeko Herria / Loiti Cementerio Clandestino».•
Gerra Zibileko paisaiak ezagutzeko ibilbideen hurrengo atalak: Bosgarren atala eta azkena: Ipar Euskal Herria eta Gurs. Uztail-abuztuko udako zenbakian, Barkoxetik gertu dagoen Gurseko kontzentrazio esparrua izango da protagonista nagusietako bat.
Argitaratutako atalak: Bizkaia: Lemoatx eta Burdin Hesia. Martxoko 7 Haizetaran.
Gipuzkoa: Saseta Lerroa, Ziardamendi eta Intxorta. Apirileko 7 Haizetaran. Araba: Beratza eta Legutioko frontea. Maiatzeko 7 Haizetaran.
15
KALAAT M’GOUNA Arrosen Haraneko oparotasuna aiatz hasieran, bilketa garaia iristen denean, Marokoko jai ezagunenetako bat izan ohi da, Arrosen Jaialdia izenekoa. Irudia Kalaat M’Gouna herri gotortuan hartua da, Arrosen Haraneko hiriburuan. Tinehir probintzian kokatuta, Atlas Garaiko mendien magalean dago, 1.450 metroko altueran. Bertan “damascena” barietateko arrosa, edo Damaskoko arrosa, lantzen dute. Bere loreen lurrin finagatik, arrosa-olioa egiteko biltzen da, lurrinak prestatzeko eta arrosa-ura egiteko. Eskuz jasotzen dute, batez ere emakumeek eta haurrek, lore hauskorra delako. Biltegi batera eramaten dituzte lurrun bidezko destilazioa egiteko, herri horretan baitago Marokoko arrosadestilategi handiena. Lan eder bezain gogorra: ia 7.000 libra petalo behar dira kilo bat olio egiteko.
M
Argazkia: Fadel Senna
16
Munduari begirada
17
Taiwan EHIZAREN ETA KULTURAREN ARTEKO LOTURA
18
Taiwango auzitegi nagusiak erabaki berri du Konstituzioaren aurkakoak direla herritar indigenei ezarritako ehizamurrizketetako batzuk, eta horrek uhartean giroa zertxobait lasaitu du. Ehizaren kontua, ordea, arazo orokor baten muturra baino ez da: komunitate horien kultura ez onartzea da benetako gakoa. Izan ere, XVII. mendean iritsitako han txinatar gehiengoarengandik baztertu eta diskriminatuta sentitzen dira Taiwanen bizi diren hamasei tribuak. Testua: Marian Azkarate Argazkiak: Sam Ye
19
TAIWAN aiwango mendira etxean egindako erriflearekin abiatu aurretik, Tama Talumek otoitzak kantatzen ditu maiz, eta arroz-ardo eta betelintxaur eskaintzak egiten dizkie espirituei. 62 urte ditu, eta maiatzean Mala Hodaigian jaialdian parte hartu zuen bunun tribuko ehunka kideetako batekin batera. Ehiztariak eta animalia basatiak ohoratzen dituzte, urtero egiten den jaialdi horretan. Taiwango komunitate indigenentzat oso mingarriak bihurtu dira ehiza-murrizketak; izan ere, “han” gehiengo txinatarrarengandik baztertuta sentitzen dira, eta murrizketok horren beste adierazgarri bat dira. Taiwango auzitegi nagusiak maiatzaren hasieran ebatzi zuen uharteko biztanle indigenei ezarritako ehiza-murrizketa batzuk Konstituzioaren kontrakoak
T
zirela, baina ez zuen erabat babestu aktibistek bultzatutako arauen berrikuspen osoa. Gaur egungo arauen arabera, komunitate indigenek etxean egindako errifleen bidez bakarrik ehizatu ahal izango dute jaialdiko egun jakin batzuetan, eta agintariek aldez aurretik beraien onespena eman beharko diete. Hori da, hain zuzen, auzitegiak Konstituzioaren aurkakoa dela dioena. Baina borroka ez da hor bukatu. Izan ere, jokoan daude bai Tama Talum-en beraren askatasuna, bai komunitate hauetan hain sustraiturik dauden ohiturak. «Guretzat ehizak bizirik irautea esan nahi du, gure kultura baita», adierazi du Talumek berak uharteko hegoaldean dagoen Taitung konderriko bere etxe bukolikotik. Erretiroa hartuta, barazkiak landu eta 99 urteko ama zaintzen du Talumek.
Duela zortzi urte hasi ziren bere buruhausteak, amarentzako janari bila joan zenean. Ama ehizakiak jaten ohituta zegoela dio. Atxilotu egin zuten, bi animalia basati hiltzeagatik errifle aldatu batekin. Legez kanpoko arma bat izatea eta horrekin espezie babestuak ehizatzea leporatu zioten. Hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Horrek haserrea eragin zuen uharteko komunitate indigenen artean, eta beren tradizioak hondatu dituzten legemurrizketa modernoak baztertzen hasi ziren. Kanpainak animalien eskubideen defendatzaileak eta kontserbazionisten kezka eragin du. Baina talde indigenek oreka bat lor daitekeela diote. «Jateko ehizatzen ditugu, ez ditugu saltzen dirua irabazteko», azaldu du Talumek. 11 urte zituela hasi zen aitarekin ehizan.
Taiwango hamasei tribu indigenak milaka urte zeramaten hemen, XVII. mendean Txina kontinentaletik etorkinak iritsi baino lehen. Australiako herri bat dira: hizkuntzak, kulturak eta tradizioak askoz estuago lotuta daude Asiako hego-ekialdeko eta Ozeano Bareko herriekin Txinarekin baino. Australiako eta Ameriketako Estatu Batuetako herri indigenak bezala, diskriminazio historia luze bati egin behar izan diote aurre, bai Japoniako kolonia izan zirenean, bai Kuomintangen diktaduran. Orain, Taiwango 23 milioi biztanleetatik %2,5 baino ez dira, eta marjinatuta daude; soldata txikiagoak, langabezia-tasa handiagoa eta osasunadierazle eskasagoak dituzte. Eta zer gertutako da Tama Talumekin? Borroka ez da hemen amaituko, itxura denez, ezta kartzelatzeko mehatxua ere.•
Mala Hodaigian jaialdiko irudiak. Etxean egindako armak erabil ditzakete baimen bereziarekin indigenek.
21
Midi-Pyrenees MENDIARI ITSATSITAKO OKZITANIA Okzitaniako Pirinioak bertako paisaia ikusgarriek, gordetzen dituzten historiaurreko aztarnek, ontziz egiteko ibilbide ederrek, bizitzaz betetako hiriek, eta, noski, tokiko gastronomia apartak egiten dituzte liluragarri.
Testua eta argazkiak: Sergi Reboredo
23
MIDI-PYRENEES irinioek osatzen duten muga edo igarobide naturalaren erdi-erdian dago Estatu frantseseko Okzitania eskualde administratiboa, 2016an sortu zena ordura arteko LanguedocRoussillon eta Midi-Pyrénées eskualdeak elkartuta. Azken eskualde hori benetako harribitxia da, bai paisajistikoki bai kulturalki. Erdi Aroko hiriak, artez betetako herriak, museo ospetsuak, hiri erabat kosmopolitak, haran ikusgarriak, ubideak, ibai dotoreak... aurkituko ditugu aire zabalean egiteko jarduera mordoa eskaintzen dituen eskualde ederrean. Zalantzarik ez izan, bisitatu beharreko lekua da. Historiaurreko Parkean hasiko dugu gure ibilbidea, Tarascon-sur-Ariège udalerrian. Madeleine aldiko bizitzari eta arteari eskainita dago parkea eta 13 hektarea hartzen ditu guztira. Bisita pedagogikoa eta ludikoa da aldi berean, eta historiaurreko arteari eskainitako espazio museografiko bat bisitatzeko aukera eskaintzen du, baita Niaux udalerriko kobazuloaren eta orain dela 12.000 urteko bertako labar margoen erreplika ere. Bisita borobiltzeko, erakustaldi eta tailer interes-
P
Foixeko ikuspegi ederra, atzean gaztelua ikusten dela. Ondoko orrialdean, SaintCirq-Lapopie herriko kalexkak. Estatu frantseseko herritarrek berek herrialdeko herri politena hautatu dute berau.
garriak izango ditugu aukeran; horma-arteari, arkeologia indusketari, erreminten taillaketari, suari, propultsiozko jaurtiketari... eskainitakoak besteak beste. Eskala errealean egindako animalien erreplikek mamutak, estepetako bisonte erraldoiak edo haitzuloetako lehoiak benetan nolakoak ziren irudikatzeko aukera emango digute. Hori bai, parkean arrakasta duen jarduera bat baldin badago, geziak gure arbasoek bezala jaurtitzen ikasteko tailerra da zalantzarik gabe. Kataroen aztarnen atzetik Bidaian aurrera egin eta Foix eta bertako gaztelu ikusgarria bisitatzera gerturako gara. “Kataroen ibilbidea” bezala ezagututako Okzitanian zeharreko ibilbide turistiko eta kulturaleko ezinbesteko geltokia da Foix. Ibilbideak aitasantutzak gupidarik gabe jazarri eta desagerrarazitako XII. mendeko sekta kristauaren berri eskaintzea du xede, eta Carcasona, Peyrepertuse edo Montségur bezalako leku enblematikoetatik igarotzen da. Foixeko gaztelua harkaitz baten gainean eraikita dago, Ariège eta Arget ibaien artean, eta ipar-ekialdetik
MIDI-PYRENEES Erdi Aroko Conques herriko kaleak. Bertako eliza abadia ere bada.
26
hego-aldera orientatutako hiru dorreei esker hiri guztia kontrolpean izatea ahalbidetzen du. Gaztelua 1000. urtean eraiki bazen ere, XIX. mendean zaharberritu zuten; lehen begiratuan, askoren haurtzaroko jolasetako gotorlekuak ekartzen ditu gogora. Gaur egun zaharberritutako hiru dorretako bi bisitatu daitezke: 32 metroko altuera duen Dorre Borobila eta Dorre Karratua. Iragana ezagutzeko leku zinez interesgarria izatetik harago, gaztelua bisitatzea beti da aukera aparta dituen Foix hiriaren ikuspegi ikusgarriak direla-eta. Foixetik ez oso urrun, betiere “Kataroen ibilbidea”
alboratu gabe, Roquefixadeko gaztelua bisitatuko dugu hurrena. Gaur egun iraganean kataroei babesa eskaini zien gotorlekuaren hondakin gutxi batzuk baino ez dira geratzen. Gotorlekua egundoko harkaitz baten gainean eraiki zuten, eta, hain zuzen ere, hortik datorkio izena. Militarki leku estrategikoan zegoen kokatuta gaztelua, Foixetik igarotzen zen ibilbide guztia zaintzeko aukera ematen baitzuen. Bisita udako solstizioarekin bat eginez gero, hau da, ekialdera begirako irekiguneetatik eguzkia sartzen denean, argi izpi batek dorrea nola zeharkatzen duen eta mendebaldeko irekigune bikietatik nola irteten den ikus daiteke. Kon-
dairaren arabera, argi izpi horrek kataroen “altxorra” zer norabidetan dagoen adierazten du. Noski, hori kondaira hutsa besterik ez bada ere, benetan da bitxia urtero ekainaren 20aren inguruan ematen den fenomeno optikoa bertatik bertara egiaztatzea. Gaztelura bidean edo bertatik itzultzean, beti da gomendagarria Auberge des Troubadours jatetxean geldialdia egitea. Kanpotik ohiko mendiko aterpetxe bat besterik ematen ez badu ere, estetika oso zainduko barnealdean tokiko jakiekin egindako plater zaporetsuak aurkituko ditugu. “Kataroen ibilbidean” aurrera jarraitu eta Montsé-
gurko gaztelura helduko gara. Zalantzarik gabe, ibilbide guztiko leku esanguratsuena da: 1.207 metroko altueran zintzilikatuta, eliza kataroaren azken gotorlekua izan zen Montségur. Gotorlekua 1244. urtean konkistatu zuten, baita barnean zeuden 200 lagunak bizirik erre ere, Montségur betiko zapalkuntzaren aurkako erresistentziaren sinbolo bihurtuz. Cahors eta Lot ibaiaren harana Lot ibaiaren haranaren meandro batean kokatuta, “Artearen eta historiaren hiria” bezala ezagututako Cahors patxadaz gozatzeko moduko lekua da. Valentré
Goitik behera, eta ezkerretik eskuinera, Tarasconsur-Ariègeko parkea, Lot ibaian zehar egindako txangoko irudiak eta L’Auberge des Troubadours jatetxea.
27
MIDI-PYRENEES LanguedocRousilloneko zaintza-dorrea eta, ondoan, Pic du Midi de Bigorreko gailurra. Behean, Carcasonako ikuspegia.
zubia da hiriaren ikurra eta gotortutako bere hiru dorreekin Lot ibaia zeharkatzen du. Donejakue bidearekin lotutako aitortzen baitan, Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen zubi ikusgarria. Galtzada-harrizko kaleetan barna egindako paseoetan, adreiluen gorriak, kareharriaren grisak eta gresaren okreak bat nola egiten duten egiaztatuko dugu, egunaren une jakinetan argazkietan betiko gordetzeko moduko harmonia ederrak sortuz. Erdi Aroko kalexka ederretan galtzean, plaza txiki ederrak eta hiria apaintzen duten “ezkutuko 26 lorategiak” aurkituko ditugu. Platanondoen gerizpean, XIX. mendearen oinordetza gisa geratutako Gambetta bulebarrak bertan kokatutako taberna ugarietako batean erlaxatzeko gonbidapena luzatuko digu. Cahorsera egindako bisitak asteazkenarekin edo larunbatarekin bat eginez gero, goizeko merkatura hurbiltzea beti da gomendagarria. Saint-Étienne katedralaren atarian egiten da eta aukera aparta izango dugu Rocamadourreko gaztak, Quercyko bildotsak eta meloiak, Périgordeko intxaurrak eta foie grasa, Cahorseko ardoak... dastatzeko. Behin ardoez hitz egiten hasita, ezin dugu ahaztu Cahorsek mahastizaintzari eskainitako eskualde oso bati ematen diola izena Frantzisko I.aren garaitik. Malbec mahats barietatea da nagusi lurrotan eta ardogintzari eskainitako upategi mordoxka bisita daitezke, ardoak dastatzeko aukera eta guzti, noski! Cahorsetik autoz 30 minutu eskasera dago Bouzies herriko ontziralekua, Lot ibaian zehar txango bat abiatzeko toki paregabea. Ibaiaren ibilbidea apetatsua da oso, meandro sigi-sagatsuz josia eta meseta karetsuan zizelkatua. Guztira 50 pertsona inguru igo gara lurrotan ohikoak diren egurrezko gabarretako batera. Paisaia al-
GIDA PRAKTIKOA Non lo egin Hotel Domaine de l’Isle Basse. 1000 route des Iles, 46230 Fontanes.
Zaharberritutako XVIII. mendeko landetxe batean kokatuta dago hotela. Gelek landetxeen ohiko diseinua eta ukitu modernoa uztartzen dute, eta guztiek dute dutxadun bainugela pribatua eta egongela txiki bat. Hotelak bi logelako basetxe independente bat ere badu. Goizero buffet gosaria eskaintzen du. Era berean, tokiko produktuekin egindako sukaldaritza tradizionaleko otorduak ere eskaintzen dira, betiere, aldez aurretik eskaera eginda. Hotela A20 autobidetik 10 minutu eskasera dago autoz. Doako aparkaleku pribatua dago bezeroentzat. Hotel Le Saint-Cirq. Saint-Cirq-Lapopie, 46330 Tour-de-Faure. Causses du Quercy eskualde mailako natur parkearen barnean kokatuta dago hotela, Saint-Cirq-Lapopie parez pare duela. Hotelak igerileku estalia, turkiar bainua eta sauna dituen osasun zentroa du, baita aire zabaleko igerilekua eta parkearen eta Erdi Aroko herriaren ikuspegi bikainak eskaintzen dituen terraza ere. Bezeroentzako doako aparkaleku pribatua ere badago..
Informazio gehiago Midi Pyrénées eskualdeko turismo bulegoak: www.france-voyage.com www.ariegepyrenees.com/ www.sites-touristiques-ariege.fr www.tourisme-lot.com/es
Parc de la Préhistoire: https://www.sites-touristiques-ariege.fr/parc-de-la-prehistoire/
Arieteko leku turistikoen inguruko informazioa eskaintzen duen webgunean Historiaurreko Parkearen gaineko informazio osatua aurkituko dugu.
29
Albi hiria zeharkatzen duen Tarn ibaia. Ondoko orrialdean, goitik behera, Avignon herri ederraren ikuspegia eta Rocamadour herri esanguratsua.
dakorra da oso, labar ikusgarriz betea, adibidez SaintCirq-Lapopie herriaren oinetan dagoena; Cahorsetik mendebaldera, mahasti ederra ere aurkitu dugu ibaiaren ezkerreko ertzean. Noizean behin, ontzia desbideratu egiten da ibaiaren desnibelei aurre egiteko aukera ematen duten esklusetarantz; gainontzean ezinezkoa litzateke aurrera egitea. Txangoa benetan atsegin eta erlaxagarria da, batik bat paisaiak gorentasunera heltzen diren ilunabarretan. André Breton bidaide Zalantzarik gabe, Saint-Cirq-Lapopie herriak bisita patxadatsua merezi du. Pentsa, Estatu frantseseko herritarrek beraiek herrialdeko herri politena bezala aukeratu dute Lot ibaiaren ibilguaren gaineko labar batean eraikitako herrixka. Ibaia baino 100 metro gorago dago Saint-Cirq-Lapopie eta haran guztiko leku ederrenetarikoa da. Gotortutako ateekin itxitako herriko kalexketan, harrizko fatxadak edo egurrezko armazoia duten antzinateko etxe dotoreak aurkituko ditugu, gehien-gehienak XIII. mendetik XVI. mendera bitartean eraikitakoak. Etxe estuak dira nagusi, teila lauko eta malda handiko teilatuak dituztenak ezaugarri. Lapopie
30
harkaitzaren oinetan, errotek, urmaelek, ontziralekuek, esklusek eta zirga-bide batek txaluparien jarduera oraindik ere oparoa zen garaiak ekartzen dituzte gogora. André Breton mugimendu surrealistaren buruak Saint-Cirq-Lapopie izan zuen bizileku bere bizitzako azken udetan. Lehen begi-kolpeko maitasuna izan zen Bretonek herriarekiko sentitu zuena. Autoz ordubete eskasera dago Rocamadour. 700 biztanleko herria “hiri santua” bezala da ezaguna eta pelegrinazio toki entzutetsua da. Hori bai, santutasunak alboratuta ere, berez da leku liluragarria Rocamadour. Harrian zizelkatutako etxeek Alzou ibaiaren eta inguru guztiaren ikuspegi paregabeak eskaintzen dituzte. Herriko eraikin historikoetako bat Notre Dame eliza da, labarraren hormetan bertan inkrustatuta dagoena. Herriaren kanpoaldean La Forêt des singes basoa dago, aske bizi diren 130 makakoren etxea. Makakoek turistekin duten gertutasuna harrigarria suertatzen da, gose direnean ez baitute inolako lotsarik bisitariengana palomita eske gerturatzeko. Ez da ez leku txarra Okzitaniako lurretatik egindako txango paregabeari amaiera emateko.•
31
Little Bighorn ERRESISTENTZIA INDIGENAREN BIDEAN Testua eta argazkiak: Urtzi Urrutikoetxea
AEBen mendebaldearen konkistaren gertakari historiko garrantzitsuenetakoa da Little Bighorn-eko bataila. Zineman behin baino gehiagotan erakutsi da, hainbat ikuspuntutatik; Ipar Amerikako jatorrizko herriek XIX. mendean izan zuten garaipenik esanguratsuenetakoa izan zen, handik gutxira zurien aurka askatasuna galdu arren. 33
LITTLE BIGHORN ittle Bighorn-en bertan ikus daiteke nola eraldatu den memoriaren gune hori urteetan zehar, zurien armadaren memorial militarista bat izatetik, txeieneak eta lakotak ere (siux baino nahiago dute lakota izendapena) aintzat hartzen dituen gune bihurtzeraino. Baina hori ibilbidearen amaieran dator. Gunearen sarreran, aparkatu eta berehala, Ameriketako Estatu Batuetako bandera handi bat, gurutze zuriak lerro-lerro ordenatuta, eta oroitarri bat “Yellowstone barrutia etsai indiarrez garbitzen ari zirela eroritako soldaduen omenez”. Izan ere, Yellowstoneren arroan dago Bighorn; Missouri ibaira isurtzen den ibairik luzeenetakoa da, eta haren bideari jarraituz iritsi gara, edozein bidek izan dezakeen iturburu zoragarrienetik abiatuta. Estatu Batuetan –eta munduan, diotenez– izendapen hori jaso zuen lehen parke nazionala izan zen Yellowstone, artean lurralde hauek guztiak eremu federalean sartutako estatuak ere ez zirela, eta lakota, txeiene, arapaho eta beste herri batzuk oraindik libre zebiltzala bisonte taldeen ehizan. Munduko lekurik txundigarrienetakoa da Yellowstone, ur-jauzi, baso eta geiser ezagunak miresten egunak eta egunak eman litezke. Bide honen amaiera izateko ere leku ezin hobea da, ekialdetik mendebaldera eginez gero, baina gure abenturak ekialderantz garamatza, Yellowstone ibaiari jarraiki. Wyoming eta Montana arteko mugalde menditsuan eta zelai zabaletan bisonte taldeak dabiltza bidearen erditik, ibaira edo belardietara bidean edo larreetan bazkan. Halaxe doa bidea Montanan barna Billings hirira eta I-90 errepidera heldu arte. AEBetako bide luzeena da: ia 5.000 kilometro ditu Atlantikotik Pazifikoraino, Bostonen hasi eta Seattlen amaitu. Montanan, Crow erreserban barna doa errepidea: ia Euskal Herriaren erdia da azaleran, baina hamar mila biztanle inguru dira; gutxi izan arren, hizkuntza osasuntsuen daukaten herrietako bat ere badira. Atera kontuak nola diren besteak.
L
Bakerako deia Crow Agency da erreserbako “hiriburua”. Hemendik abiatzen da txeieneen erreserbara eta Dakotara zuzenean doan errepidea, eta bidegurutze berean dago Little Bighorn-eko batailaren monumentu nazionala ere. Leku honek oso leku berezia dauka estatubatuarren 34
Gudu zelai guztian daude oroitarriak. Zuriak dira AEBetako armadaren eta haren aldeko crow gidarienak, eta harri gorrietan daude idatzita egun hartan eroritako borrokalari txeiene eta lakoten izenak. Ondoan, Little Bighorn-en eraikitako azken monumentua eta bisonteak.
memorian. Custer’s Last Stand da askorentzat: Custer jeneralaren azken borroka izan baitzen. Zalditeriako Zazpigarren Erregimentuaren burua estatubatuar zuri askoren heroi eta mitoa izan zen, eta “Botak jantzita hil ziren” (Raoul Walsh, 1941) bezalako filmek kondaira hori handitu zuten. 145 urtetan aldatuz eta egokituz joan da mitoa, horratik, eta zurien heroia bertako herrien militar ankerra ere bada. Museo txiki batean 1876ko testuingurua azalduta, oinezko ibilbidea hasten da. Ibaiaren meandroak ikusten dira goitik, eta lakoten eta txeieneen kanpalekua irudikatzen duzu, milaka tipi ibaiaren beste aldean, askatasunean bizi nahi zuten andre-gizonak, eta filmek goraipatu arren historiako porrot handiena jasan zuen Zalditeriako Zazpigarrenaren erasoaren bideari heltzen diozu. Marcus Reno ofizialak ez zuen ibaiaren hegoaldetik prestatuta zeukaten erasoa burutu: jarrera defentsiboa hartu zuen, eta batailaren nondik norakoa aldatu zen. Zaldi Eroren gerlariek iparraldetik jo zuten orduan, Custerren mendeko soldaduen artean izua zabalduz, azken garaipeneraino. Ibilbidean, Estatu Batuetan hain ondo azaltzen dakiten gisan ezagutu dezakezu ekaineko egun hartan gertatutakoa, eta geroztik ere nola aldatu den historiaren interpretazioa. Solemnitate guztiz, 1876ko guduaren uneak bizitzeko aukera berariaz prestaturiko gunea da, baina bataila hartan galtzaile baina gerra nagusian irabazle izan zirenen omenaldi soil izatetik, alde guztiak aintzat hartzeko urratsak egin dituzte azken urteotan. 250 soldadu estatubatuarren eta haien crow gidarien omenez egindako monumentuarekin batera, borroka hartan hildako 75 txeiene, arapaho eta lakotei ere leku egitea erabaki zen duela 25 urte, izan zen protestarik orduan ere supremazista zurien aldetik. Bost urte lehenago gune honi buruzko erabaki garrantzitsuenetakoa hartu zen: Custer jeneralaren izena kendu zion Kongresuak, eta batailarena bakarrik geratu zen. Ibilbidea biribiltzen laguntzen dute, inondik ere “Zazpi su-tribuen” (Oceti Sakowin, lakoteraz), monumentuan dauden azalpenek, eta Zaldi Ero edo Zezen Eseriren inguruko argibideek. Aurretik, hilarri zuriak ageri dira behin eta berriz zelaian, banaka edo mul-
LITTLE BIGHORN Yellowstone parke nazionala, AEBetan zabaldutako lehena, izen bereko ibaiaren iturburuan, munduko lekurik berezienetakoa da, eta bertako geiserrek egin dute ezagun.
tzoka, soldadu estatubatuarrak edo haren aliatu crowak hilik eroritako lekuan. Gorriak badira hilarriak, borrokan hartan bizia galdutako txeiene edo lakota gerlarienak dira. Borroka zelaia utzita, iluntzen ari du, oskorria zeruan. I-90a hegoalderantz doa, Wyomingera bidean, handik Hego Dakotarantz jotzeko. Buffalo herrian gelditu gara gaua igarotzera, euskal komunitate txiki bat dauka herriak eta Johnson konderriak, eta ikurrinaren gainean eratu zuten bertako bandera, honaino etorritako artzain baxenabartarrak gogoan.
Black Hills Little Bighorneko bataila da, zalantzarik gabe, gerra indiarretako azkena izan zen mendekurako aitzakia eman zuen gertaera: Wounded Knee-ko sarraskia, 1890ean. Bospasei orduko bidea da autoz, eta erdian, Black Hills mendiak. Azken gerra ekarri zuen azken promesa hautsia izan zen. Ezaguna da formatua: lehen kontaktua eta istiluak zurien eta indiarren artean, indiar herriei askatasuna eta lurraldea eman dien bake hitzarmena AEBekin, eta handik gutxira estatubatuarrek agindutakoa hautsi. Custer jenerala agertzen da
horrelako uneetan historian, Gobernuak agindutakoa urratu eta indiarrak zapaltzeko unean. Fort Laramieko hitzarmena hautsi eta hegoaldeko txeieneen sarraskiaren buru izan zen 1868an, eta handik gutxira Black Hills lakoten mendi sakratuetan urrea zegoen mezua zabaldu zuen kolono zurien artean. Gaur egungo Hego Dakota, Wyoming eta Montana estatuetako mugan dago Black Hills mendikatea, eta mundu osoan ezagun diren Rushmore mendia da euretako ezagunena. Lakota herriaren bihotzean eta estatubatuarren aurkako erresistentziaren erdigunean,
lau presidenteen aurpegiak zizelkatu zituzten, betiko gogorarazteko noren mendeko lurraldea zen. Rushmorera baino lehen, ordea, beste mendi monumentu bat ikustea erabaki dugu: handik gertu dago, izan ere, Zaldi Eroren omenez zizelkatzen ari diren mendia ere. Oso sentimendu kontrajarriak sortzen dituen lekua da, berez hain ederra den lekua txikitu baita horrelako oroitarri erraldoiak eraikitzeko. Hala, mendiak utzita, muinoak lautada bihurtzen dira, Badlands-etako paisaia sinestezinera iristen zarenerako. Nomadland filmak ere famatu ditu hutsaren
Ezkerrean, goitik behera, Rushmore mendia eta Zaldi Eroren irudiarekin zizelkatzen ari diren mendia. Eskuinean, Wounded Knee-ko hilobi xumea eta Custerren omenezko oroitarria.
37
LITTLE BIGHORN sinonimo diren eremu hauek; lehorrak, eta haizeak eta urak higatuta. Hauxe da Pine Ridge-ko erreserbako ataria ere. Estatu Batuetako lekurik kolpatuena da, bazterkeriak bere esanahirik larriena hartzen duen lekua. Horregatik, bisita errespetuz eta, ahal dela, bertako gidariekin antolatuta egitea komeni da, lehen eskutik ezagutzeko bai historia, bai egungo egoera. Eta miseriarik gogorrenaren erdian, nola pizten diren lakoterazko haur eskola bezalako mirariak. Wounded Knee Hala jakin dugu Black Hills-ekin 15 urte lehenago gertatu bezala 1889an AEBek berriz ere hitzarmen bat hautsi eta Badlands eremua ere kendu zietela oglala lakotei. Little Bighorneko batailaren ostean, Kanadan erbesteratu ziren batzuk, eta astiro-astiro itzuli zirenen artean, izpirituen dantza (Ghost Dance) hedatuz joan zen Badlandsen, bisonteak itzularazi eta hildakoen arimekin bat egiteko erritu izpirituala zen, baina ezjakintasunak eta arrazismoak bat eginda, Estatu Ba-
Pine Ridge, Hego Dakotako hegoaldean eta Badlands-en ertzean, lakota indigenen erreserba da; bertan dago Wounded Knee (goian, ezkerreko argazkia). Arazo sozial oso larriak ditu, eta garapen bidean dauden herri askok baino datu okerragoak, baina baita hizkuntza, kultura eta komunitatea indartzeko ekimenak ere, Iyápi Glukínipi Owáyawa lakoterazko haur eskola kasu.
38
tuetako gobernuak debekatu egin zuen dantza ere. Lakotek eutsi egin zioten, dantza baino ez zen, arbasoekin lotura izpirituala, sinkretismo berezi bat, ez besterik. Baina askoz gehiago zela ulertu zuten zenbaitzuek: Zezen Eserik dantza hura matxinada bihurtuko zuelakoan, atxilotzeko agindua eman zuten, haren bila joan zirenean tiroka hil zuten. Handik bi astera, Wounded Knee ( ha kpé Ópi Wakpála lakoteraz) ibaiaren inguruan zegoen kanpamendua inguratu zuen Zalditeriako Zazpigarrenak. Ordu gutxira, ia 300 lakota ume, emakume zein gizon hilik zeutzan. Ezin kontraste handiagorik aurki Little Bighorneko solemnitatearen eta detaile txikienarekin egindako monumentu baten eta Wounded Knee-n ia oroitarririk ere ezin aurkitzeak ematen dizun sentipenarekin. Erresistentzia eta turismotik urrundutako memoriarako gunea da hau, Estatu Batuetan beste inor baino gehiago jipoitu duten herriaren bihotzean. Baina horregatik ere, merezi du honainoko bideak, filmetako iruditik errealitatera dagoen jauzia ulertzeko.•
GIDA PRAKTIKOA Nola heldu Little Bighorn-eko monumentu nazionala Montana estatuan dago, Wyoming-etik gertu, I-90 errepidearen aldamenean. Errepide bidaia ederra egin daiteke AEBetan barna. Osterantzean, Billingsek aireportu txiki bat dauka; urrunxeago, Salt Lake City eta Denver hiriek badituzte Europara konexioak.
Nola mugitu Norbere ibilgailua da Estatu Batuetako eremu honetan ibiltzeko era bakarra. Asko dira furgoneta edo autokarabana alokatzen dutenak, eremua oso isolatua baita, eta ez dira asko ostatu eta hotelak.
39
40
Dinder parkea SUDANEKO MIRARI HAUSKORRA Testua: Marian Azkarate Argazkiak: Abdulmonam Eassa
41
DINDER PARKEA
Afrikako Dinder edo Al-Dinder parke oparoa da, ederra, naturaren indarrez betea... baina, aldi berean mehatxupean dago, goseteak bultzatutako gizakien beharren mende. Dinder ibaiaren ertzean –hortik datorkio izena– eta Etiopiako mugaraino hedatuta, Sudaneko iparraldean errotutako parke nazional honek aparteko flora eta fauna gordetzen ditu bere baitan. Halere, basozainen eguneroko lana parkeko lurrez jabetu nahi dutenen kontrako borroka isila bihurtu da.
42
oka gaitezen Afrikako mapan: Afrikako hirugarren herrialdearen aurrean gaude, Sudanen. Hego Sudan, Egipto, Afrika Erdiko Errepublika, Etiopia, Eritrea eta Txadekin muga egiten du. Sudan herrialde idorra da. Idorra eta oparoa, aldi berean, lau parke nazionalek herrialdeko baso, kostalde eta hezegune garrantzitsuenak babesten dituztelako. Parkeak hauexek dira: Radom izenekoa –Darfurren hegoaldean dago–, Suakin artxipelagokoa –Itsaso Gorrian kokatutako uharte sarean dagoen itsas erreserba babestua–, Sudd Wetlands hezegunea –Nilo ibaiaren arroan dagoen ur gezako hezegune handiena– eta, han-
K
diena, Dinder parke nazionala, Sudaneko iparraldean. 10.000 kilometro koadroko zabalerarekin, Khartum hiriburutik 400 kilometrora dago, Sahelgo zelaien eta Etiopiako Altash parke nazionaleko basoen artean. 4.000 landare espezie inguru biltzen ditu eta Afrikako espezie ikoniko garrantzitsuak bizi dira bertan. Sabana eta eskualde basotsuak aintziraz zipriztinduak daude, eta inguru hau oso ibilbide garrantzitsua da hegazti migratzaileentzat. «Parkean Sudango faunarik aberatsena dago», dio Albadri Alhassanek, Dinder parkeko garapen zuzendariak. «Baina gizakiek gero eta [arau] urraketa gehiago egiten dituzte, eta horrek arris-
Handian, pelikanoak parkearen barnean dagoen aintzira batean, eta ondoan, basozain bat eta inguruko herrietako animaliak.
DINDER PARKEA Ezkerretik eskuinera, eta goitik behera, parkera iritsitako bisitariak, Omar Mohamed, eta parkeko irudiak.
44
kuan jartzen du biodibertsitatea», haren esanetan. Parkea erreserba natural babestua izendatu zuten 1935ean, oso populazio txikia zuenean. Baina azken hamarkadetan, inguruko herrixketako eta eremuetako biztanleen kopuruak gora egin du, eta gero eta lur gehiago behar dute laborantzarako. Pixkanaka inguru hauetako larre tradizionalak zelai bihurtu dira, eta abeltzainak parkeko lurrei so daude. «Erreserbarako mehatxu handia da», dio Omar Mohamedek, Dinderreko biodibertsitateari buruzko ikerketa zentroko buruak. Lurra
eskuratu nahi duten gizakion eraginez, esaterako, jirafak desagertzen hasi dira. Bertakoek diote ahal duten guztia egiten dutela parkeak eskatutako arauak betetzeko, baina laborantzarako lur falta arazo larria bihurtu da. Abubakr Ibrahim nekazaria da eta Mai Caraton bizi da. Herria Rahad ibaiaren mendebaldeko ertzean dago, parkea zeharkatzen duen ibaiaren ondoan, alegia. «Nekazaritza tradizionala mantentzen dugu eta ez dugu uzten gure animaliak herrixkatik kanpo bazka dezaten», dio. Halere, haren
arabera, arau batzuk «oso gogorrak dira eta ez dira oso praktikoak». Mai Caratok, esaterako, 2.000 biztanle inguru dituen arren, 5 kilometro karratu besterik ez ditu. «Eta ez da nahikoa! Erreserba handia da, leku gehiago emango baliguke inori ez lioke kalterik egingo!», dio haserre. Omar Mohameden ustez, ordea, «edozein hedapenek min izugarria egingo lioke erreserbari, bertako faunari kalte egin eta baliabideak murriztuko lizkiokeelako». Haren hitzetan, hobe litzateke «herrixka horiek hobeto
konektatutako eta hobeto hornitutako lekuetara eramatea». Biztanle batzuek, goseak bultzaturik, suak piztu dituzte erleak urrundu eta eztia biltzeko, parkean debekatuta dagoen arren. Basozainak erreserban patruilatzen ari dira etengabe, baina «sarritan ihes egiten dute gu iritsi baino lehen», batek aitortu digunez. Sei hilabete arteko kartzela zigorra ekar dezakete sute horiek. «Erreserbaren bioaniztasunari eustea lortu dugu», dio Omar Mohamedek, «nahi dugun guztia dagoen bezala mantentzea da». Hor dago talka.•
GIDA PRAKTIKOA Kokapena Sudaneko hegoaldean dago, Etiopiaren mugatik gertu. 400 bat kilometrotan hedatzen da eta ekologiaren ikuspegitik garrantzi handia du.
Informazioa Ez dago informazio larregirik, eta lotura gutxi aurkituko dituzue Interneten. Dinder parke nazionaleko kideen Facebook orrialdea dago (www.facebook.com/Di nderpark.org/). Diotenez, joan aurretik egonezina sortzen duten herrialde horietakoa da Sudan; gero, bertan egondakoan, pena handia ematen du bertatik alde egiteak.
Nola iritsi Planetako herrialde beroenetarikoa da Sudan; hori dela eta, bidaiari gehienek negua nahiago izaten dute hara gerturatzeko, azarotik otsailera. Ohikoena errepidez iristea da, Egipto edo Etiopiatik.
45
Srinagar KAXMIRKO PERLA Testua eta argazkiak: Xabier Amoros Oskoz
SRINAGAR
Kaxmir munduko gunerik gatazkatsuenetakoa da. Dena den, gezurra badirudi ere, imajina dezakegun paisaia eta kultura altxorrik zoragarrienetako bat gordetzen du. Hiri eder eta aktibo bat, aintzira liluragarri baten ondoan kokatua eta mendi berdez inguratua Himalaiako mendigune zoragarriaren ertzetan. Srinagar da eta zalantzarik ez izan: ezagutu ondoren ez duzu inoiz ahaztuko.
48
ew Delhitik datorren hegaldian Srinagarrera iriste hutsak argi erakutsiko digu zein errealitate gordinarekin egingo dugun topo. Kaxmirrera hurbildu ahala, basoak eta mendiak gero eta gehiago ikusiko ditugu airetik. Bidaiaririk trebeenari ere eragiten dio ikuspegiak airetik Indiako Kaxmirko hiriburuan lurra hartu aurretik. Aireportura iristean, lurreratzeko pistan bertan, hesi eta barrikada militarrek lurreratzeko pista okupatzen dute. Adierazgarria oso. Indiako Armadak aireportua guztiz blindatuta du, eta tankeek lurreratze pistak ere hartzen dituzte. Ez ha harritzekoa ere, bidaiaria gerran edo etengabeko alarma egoeran dagoen lurralde batera iristen ari baita. Ez dezagun ahaztu: Kaxmirren sartzear gara, munduko gatazkagune aktiboenetakoan. Harrituta, hegazkinetik jaitsi eta giro guztiz militarizatua aurkitu dugu hasierahasieratik; tenperatura, giroa, berriz, New Delhin atzean utzitakoa baino askoz atseginagoa da... Kaxmir gatazka gordina jasaten duen lurraldea da. 1947an britainiar kolonia zaharra bi herrialde berritan
N
banatu zen urtean hasi ziren amaierarik izan ez duten liskarrak. Pakistan (gehiengo musulmana) eta India (gehiengo hindua) sortu ziren. Une horretan ez zen Jammu eta Kaxmirren estatusa zehaztu. Laster gatazka armatuak hasi ziren eta bi herrialdeek euren tropak mobilizatu zituzten. Pakistanek Kaxmirren herena okupatu zuen eta Indiak gainontzeko bi herenak. Bi herrialdeek Kaxmirren gaineko kontrola berenganatu nahi izan dute ordutik. Bertako biztanleria nagusiki musulmana da eta Pakistanen eta Indiaren sorreratik bertatik gatazka ugari sortu dira lurrotan, inoiz itzali ez direnak eta gaur egun ere erabat indarrean daudenak. Horri guztiari nazioarteko hirugarren aktore bat gehitu beharko zaio: Txina. Izan ere, askok ez jakin arren, Txinak ere Kaxmirko zati txiki bat kontrolatzen du. Osagaiak, beraz, ezin hobeak dira gatazka iraunkorra, errepikakorra eta bortitza eten ez dakin. Srinagar eta Dal lakua Kontrola erabatekoa da Srinagar hiriburuan: militarrak
nonahi ikusiko dituzu Kaxmir zapaltzen duzun unetik bertatik. Baina, oztopoak oztopo, zalantzarik gabe, Kaxmir bisitatzea benetako luxua da; aukera izanez gero, bidaiari orok bizitzan behin egin beharreko ezinbesteko bidaia horietakoa da. Srinagar hiri handia da oso, baina guk hiru ardatz nagusitan oinarrituko dugu gure bisita. Hiri Zaharra, Dal aintzira eta Mogolen Lorategiak. Srinagar Indiako Kaxmirko hiriburua izanik, bertan era zuzen eta bizian aurki ditzakegu tokiko kulturaren ezaugarri nagusiak. Horretarako hurbilduko gara Hiri Zaharrera, bertako arkitekturaz gozatzeko. Gune historikoa Hari Parbat gazteluaren oinetan zabaltzen da. Kaleko dendatxoek, etengabeko mugimenduak eta nonahi aurkituko dugun jendetzak berehala argituko digute hiriaren bihotzean gaudela. Kaxmirko arkitektura tradizionalaren laginak ere aurkituko ditugu, egurrez eta adreiluz egindako eraikin ederrak. Zoritxarrez, baina, kultur ondare hori ez dute behar bezala zaintzen. Askoz gehiago zaintzen dituzte meskitak. Eta erlijio ondareaz solas eginez gero, bi dira nagusiki bisitatu beharreko
Ezkerreko orrialdean, Srinagarko alde zaharra. Azpian, saltokiz betako hiriaren erdiguneko kale bat, Hari Parbat gaztelua atzealdean dela. Erreportajea zabaltzen, Dal lakua «shikara» tradizionalez gainezka.
Goian, Kanqah-eMoulla meskita. Ondoko orrialdean, Dal lakuko goizeko merkatuko irudiak.
50
guneak: Jama Masjid –Kaxmirko meskitarik handiena– eta Khanqah-e-Moulla –kolorez betetako Kaxmirko meskita tradizionala–. Eraikuntzotan egurrean egindako lanak ikusgarriak dira zinez. Dal lakua Srinagarreko harribitxia da. Lakuaren inguruetan eta baita barruan ere jendea bizi da. Aintziran bertan, lurrok Ingalaterrako kolonia ziren garaiko house boat txundigarriak aurkituko ditugu; hori bai, “txalupa-etxe” ederretan ez ezik, jendea, denda, saltoki ibiltari, jatetxe, gasolindegi eta abarretan ere bizi da “ur gaineko hirian”. Uraren gainean eraikitako hiria da, baina lakuari irabazitako eremuetan baratzeak ere badituzte. Milaka kilometrotara ere, Mexikon, antzeko guneak aurki ditzakegu, azteken garaitik nekazaritzarako erabiliak. Mundu erabat ezberdinak diren arren, antzeko soluzioak aurkitu dituzte batean eta bestean ur gaineko bizitza aurrera eramateko. House boat liluragarriak aparteko mundu bat dira Srinagarren. Kolonia ingelesaren garaiko ondare, egun turisten ostatu dira asko. Tamaina handiko etxe flotatzaileak dira, hotelen zerbitzu guztiak eskaintzen dituztenak gabarrotan. Zurez eginda daude eta apaindura oso landuak dituzte, baita izen exotikoak ere: Canberra, Aristotle, Quebec, Hong Kong, Royal Orchid... Shikara txalupak pasatzen ikuste hutsa ere benetan harrigarria da: bihotz itxurako arraunak eta kolore ikusgarriak dituzte ezaugarri. Txalupotan, esertzeko modua bera ere berezia da, ohikoena erdi etzanda joatea baita; hedonismoaren gailurra ote...
Mogolen Lorategiak Kaxmir, eta bereziki Srinagar, udarako toki izan da urruneko garaietatik. Pentsa, Mogolen dinastian horrela zen dagoeneko. Garai horretakoak dira, hain zuzen, aintzira inguratzen duten lorategi ederrak. Mogolen Lorategi ospetsuak terrazadun muinoak dira, duela 400 urte Mogol dinastiako enperadoreek sortutako lorategi botaniko ikusgarriak. Izan ere, eremuotan, euren lurralde zabalaren hegoaldean, Agrako Taj Mahal enblematikoaren inguruan kasu, aukitzen ez zuten udako freskura aurkitzen zuten enperadoreek. Hainbat lorategi daude, eta den-denek dituzte ezaugarri ura, loreak, arbolaldiak, ikuspegi ederrak, eraikuntza historikoak... Parimahal Mughal Garden, Nishat Mughal Garden eta Shalimar Mughal Garden dira lorategi gomendagarrienak. Hori bai, kontuan izan sarrera ordaindu beharra dagoela. Koloniaren garaian, britaniarrak ere Dal lakuaren ertzetan biltzen ziren Indoko lautadetako bero itogarritik ihesi. Egun ere, Srinagarrek ez du oporleku izatearen izaera galdu, eta, gatazkaren gorabeherek ahalbidetzen dutenean, Indiatik iritsitako turista ugari hartzen ditu, bertako klima leunaz eta naturagune pribilegiatuaz gozatzera iritsiak guztiak ere. Srinagarri agur esateko unea iritsi da. Ladak aldera joanen gara jarraian, sentimendu gazi-goxo batekin joan ere. Hori bai, inoiz ez dugu ahaztuko eguzkia Dal lakuaren gainean nola jartzen den guztia laranja kolorez tindatuz.•
SRINAGAR GIDA PRAKTIKOA Nola iritsi Kaxmirrera joan aurretik, uneko egoera politikoaren berri jakin behar da. Eskualdea etengabeko gatazka egoeran murgilduta dagoela ahazterik ez dago. Horri pandemiak eragindako egoera kezkagarria ere gehitu behar zaio uneotan. Srinagarrera iristeko modurik errazena New Delhin hegazkina hartzea da.
Nola mugitu Dal lakuaren barrenean mugitzeko «shikara» txalupak aurkituko ditugu nonahi. «Lurreko hirian», berriz, Srinagarreko puntu interesgarrienak bisitatzeko aukera emango diguten «rikshaw» edota taxiak nonahi aurkituko ditugu.
Hotelak eta jatetxeak Hiriko erakargarri turistiko nagusia Dal lakua izanik, bertako «house boat» ugarietako batean ostatu hartzea da gomendagarriena. Ostatu flotatzaile ikusgarriok oinarrizko sukaldaritza zerbitzuak ere eskaintzen dituzte.
51
proposamen tematikoa
UDAN MUSUKORIK GABE NORA JOAN GAITEZKE? Txertoei esker covid kasuak nabarmen jaitsiko direnez herrialde askotan, datozen hilabeteetan bidaien etorkizuna argixeago ikusten da. Gauzak poliki-poliki bere horretara itzultzen ari diren heinean, eta tentu handiz, aurreikus daitezke zeintzuk izango diren helmuga seguruenak. Hona hemen jetcost.es hotelen bilatzaileak aukeratu dituen batzuk. Testua: Enrique Sancho Argazkiak: Open Comunicación
Zipre Erresuma Batuan txertatutako turistak izan dira Zipre bisitatzera gonbidatu dituzten lehenak, berrogeialdirik eta testik egin gabe; gainerakoentzat, agintariek beste sailkapen erregimen berezi bat ezarri dute. Adibidez, kategoria gorriaren barne daudenak (Espainiako eta Frantziako estatuak), askatasun osoz sar daitezke, baldin eta txertatuta badaude edo bestela bidaia hasi baino 72 ordu lehenago egindako PCR test negatiboa badute. Azken hauek, gero bigarren proba bat egin dezakete Larnakako edo Pafoseko aireportuetara iristen direnean. Testaren emaitza lortu arte, isolamendua. Antzeko zerbait egiten du Greziak.
52
Egipto Egiptok muga gutxi jarriko dizkio turismoari. Faraoien herrialdea bisitariei erraztasunak ematen saiatzen ari da. Ez da berrogeialdirik pasatu behar, baina “osasun publikoko txartela” aurkeztu behar da iristean eta PCR proba negatiboa egin. Piramideak bizilagun berriaren zain daude bien bitartean: Egiptoko Museo Handia, munduko arkeologia museorik handiena. Ziurrenik 2021ean inauguratuko da.
Thailandia Pixkanaka irekitzen ari da. Hasieran, Phuket “helmuga pilotu” gisa jarri dute; zazpi eguneko berrogeialdia egin ondoren bisita dezakete txertatutako turistek. Horretarako, 100.000 dolarrerainoko bidaia-asegurua eta hoteleko erreserba finkoa beharko dute. Hurrengoak Krabi, Phang Nga, Ko Samui, Pattaya eta Chiang Mai izango dira. “Entry Thailand” online zentroan informazio eguneratua dago.
53
proposamen tematikoa Kroazia Herrialde kaltetuenek baino bi aldiz covid-19 kasu larri gutxiagorekin, Kroazia helmuga segurutzat har daiteke. Jatorrizko herrialdearen arabera moldatzen dituzte Kroazian sartzeko neurriak, semaforo mapa antzeko bat baitute. Dena den, txertoa jarrita badaukazue, txertaketa ziurtagiria baino ez da aurkeztu behar. Ia herrialde osoa normaltasunez ari da lanean. Kontuan hartu beharko da maskarak nahitaez erabili behar direla garraio publikoetan eta leku itxietan.
Seychelleak Seychelleak munduko herrialde bakarra da, Israelekin batera, gaur egun biztanleriaren erdia baino gehiago txertatuta duena. Bi dosi hartu dituzten turistei zabaldu dizkie mugak, betiere azken ziztadatik bi aste igaro badira. Gainera, PCR negatiboa, aseguru medikoa eta ostatu erreserba aurkeztu behar dituzte. Beste leku askotan aplikatzen diren neurri gehigarriak dira. 54
Portugaleko uharteak Estatu espainolaren eta Portugalen artean bidaiatzeko murrizketak indarrean dauden arren, bitxia bada ere, Portugaleko bi artxipelagoak dira covid aroan bidaiatzeko lekurik seguruenak. Hori bai, ontziratu aurreko azken 72 orduetan egindako PCR negatiboa aurkeztu behar da. Madeiran, gainera, ez da nahitaezkoa hondartzetan maskara erabiltzea.
Polinesia Frantsesa Pandemiak ekarri digun infernuari aurre egiteko, paradisu txiki bat bezalakorik ez dago. Horixe da, hain zuzen, Polinesia Frantsesa. Tahitiko kutsatze tasa hexagonokoa baino hiru aldiz txikiagoa da, gainera. Onartu berri den protokoloari esker, txertatuta dauden turistak iritsi ahal izango dira. Hala ere, 21.00etan ixten da dena. 55
pandemia garaiko hitzordu eta proposamenak ARGAZKILARITZA PhotoEspaña Pandemiaren menpe egindako azken edizioaren ondoren, PhotoEspaña argazki-jaialdia itzuliko da berriro ere. Gaurkotasun handia duten gai sozialei leihoa irekitzen dien programazio batekin dator eta, argazkigintzako maisu handien erakusketekin batera, aurten egile afrikarren eta emakume argazkilarien proiektuak (Isabel Muñoz, esaterako; guk aukeratutako argazkiaren egilea) izango dira, batez ere, protagonista. Jaialdiak 376 artistaren lanak erakutsiko ditu ekainaren 2tik irailaren 30era, 86 erakusketatan banatuta Estatu espainolean zehar. Hori bai, egoitza nagusia Madrilen egongo da. www.phe.es
OPERA Zirku Nagusian, Erroman Karakalaren termetan egin beharrean, Erromako Operak bigarren urtez jarraian eramango du bere udako denboraldia Zirku Nagusira, segurtasun distantziak bermatze aldera. Mila bat ikusle sartzen dira bertan. Agertoki handi bat eraiki dute Zirku Nagusian, garai inperialean koadriga-ikuskizunak eta lasterketak hartzen zituen zabalgune handian. 26 gauetarako prestatutako egitarauari ekainaren 15ean emango diote hasiera, Giuseppe Verdiren "Il Trovatore"-ren bertsio ikusgarri batekin, Daniele Gattik zuzendua (uztailaren 6ra arte).
ZINEMA JAIALDIA Malagan, ekainaren 3tik 13ra. Gaztelaniazko filmez hornitzen da Malagako Zinema Jaialdia, bai Estatu espainolekoez bai Latinoamerikan egindakoez. Aurten ere “zuhurtziaz” jokatu nahi izan dute, eta eredu tradizionalari uko egin diote, bigarren urtez jarraian, ekitaldi sozialaren gainetik zinema lehenesteko. Ez da alfonbra gorririk egongo, ez eta jende pilaketak sor ditzakeen beste edozein ekitalditako alfonbrarik ere, aretoak seguruak izango direla bermatzeko. https://festivaldemalaga.com 56
ZINEMA
MUSEOA
David Lynchen unibertsoa David Lynchen unibertso onirikoa islatuko dute bereziki girotutako espazioetan Madrilen eta Bartzelonan, bere filmez gozatzeko, mundu anglosaxoian "pop up cinema" gisa ezagutzen den ekimenean. Avalon ekoiztetxearen ekimena formatu txikiagoan Estatuko beste hiri batzuetara ere iritsiko da, hala nola Iruñera, Donostiara eta Bilbora. Ekainaren 10etik aurrera, zuzendariari buruzko hitzaldiak eta jarduerak izango dira, "Mulholland Drive"-en berrestreinaldiarekin batera.
François Pinaulten museoa Aurreikusitakoa baino urtebete beranduago, Pinault Bildumako artelanak Parisko Merkataritza Burtsan daude ikusgai. Arte garaikideko museo berria da, eta Tadao Ando arkitekto japoniarrak birmoldatu du egoitza. François Pinault enpresaburua Estatu frantseseko pertsona aberatsenetakoa da; Kering luxuzko marken taldearen jabea da (Saint Laurent, Gucci, Bottega Veneta, etab.) eta berrogei urtean 10.000 artelan inguru bildu ditu. Mende honen hasieran Parisen erakusteko saiakera zapuztu zenean, bilduma Punta del Doganako jauregi veneziarrean jarri zen ikusgai. Orain erakusketa-gune iraunkorra du Frantziako hiriburuan, antzinako Merkataritza Burtsaren egoitzan, oinplano zirkularreko eta burdinazko kupula duen eraikin ikusgarrian.
ANTZERKIA La Cubanaren mundu zoroa “Teresina SA” telesail ezaguneko atrezzoa, ordezko hortzak, ileordeak, argazkiak eta prentsa-albisteak bildu dituzte "Un viatge del 'no res' al 2021" izeneko erakusketan, La Cubana antzerki konpainia katalanaren 20.
ERAKUSKETA Frida eta Diego “Frida Kahlo & Diego Rivera: A Love Revolution” erakusketa ireki berri dute Herbehereetako Arte Modernoko Cobra Museoan. Amstelveenen dago eta uda honetan ikusgai izango diren Frida Khaloren margoak bereziak dira, bilduma pribatu batetik datozelako. Herbehereetan lehen aldiz erakutsiko dira artelan hauek, baita artista bikote handi honen argazkiak ere. cobra-museum.nl
BIDEO-JOKOAK
urteurrena dela eta. Erakusketa ekainaren 17tik aurrera ikusi ahal izango da Sitgeseko Miramar kultur aretoan (hiru solairu eta terraza atondu dituzte) eta, konpainia honen kabaret zoro eta koloretsuen antzezlanak bezala, «ez da konbentzionala izango, ezta diseinu minimalistakoa ere», zehaztu dutenez.
Summer Game Fest 2021 Ekainaren 10etik abuztuaren 29ra bideo-jokoen zaleek begiak pantailetan iltzatuta izango dituzte. Ohi denez, Geoff Keighleyek emango dio hasiera bideo-jokoen hitzordu planetario honi 19.00etan (Estatu espainoleko ordutegian). Merkatuan laster salgai egongo diren zenbait bideo-joko berriren aurrerapenak emango ditu eta Weezer musika taldearen kontzertua izango da, besteak beste. 57
liburuen TXokoA
PIRINIOAK LONELY PLANETEN LEHEN ALDIZ
Lo mejor de los Pirineos. Experiencias y lugares auténticos, Jordi Monner, Giacomo Bassi, Olivier Cirendini, Hugues Derouard eta Émilie Thièse. Lonely Planet, 2021. Gazteleraz. 284 orrialde. 25 euro.
urten gutariko askoren oporren helmuga bihurtuko dira Pirinioak seguruenik. 430 kilometrotan zehar hedatzen dira Bizkaiko golkotik Creusko lurmuturreraino eta hesi natural bat osatzen dute Iberiar penintsularen eta Europako gainerako kontinentearen artean. Turismo segurua eta kalitatezkoa, mendiko paisaia ederrenez gozatzeko aukera, aire zabaleko jarduerak, ongi kontserbatutako landa bazterrak eta mendiz inguratutako hiri lasaiak... ba al dago gehiago eskatzerik? Nazioarteko bidaietako gida turistiko ospetsuenak, Lonely Planetek alegia, gida berri bat argitaratu du eta lehenbizikoz Pirinioei buruzkoa da. Argitaletxeak gune hauetan banatu du gida hau: Euskal Herriko Pirinioak, Aragoiko Pirinioak, Kataluniako mendebaldeko Pirinioak, Andorra, Kataluniako ekialdeko Pirinioak, Pirinio katalan frantsesa, Arriege eta Comminges herrialdea, Pirinio Garaiak, Ipar Euskal Herriko Pirinioak eta bearnotarrak eta transpirenaikak.
A
ITALIAKO GIROAREN ISTORIO HARRIGARRIAK
ITSASOTIK IDATZITAKO MUNDUKO HISTORIA
Frantziako Tourrari buruz idatzi zuenaren ostean (“Plomo en los bolsillos”), Ander Izagirre donostiar kazetariak sekulako arrakasta lortu du Italiako Giroaren historian barna egin duen ibilbide dibertigarri eta bitxi honekin. Bottecchiak, bere altzairuzko bizikletarekin, Alpeetan gora metrailadore bat nola garraiatu zuen jakingo dugu, Charly Gaul eta Johan Van der Velde txirrindulariek ekaitz polarrak zeharkatu eta nola galdu zuten burua irakurriko dugu, edo, Marco Pantanirekin batera, infernuraino igoko gara.
Liburu honek eskala handian eta oso ikuspegi desberdinetik aztertzen du historia: ez lurretik, gehienetan bezala, itsaso infinitutik baizik. Wolfson History Prize 2020 sariaren irabazlea, orrialde hauetan giza elkarrekintzaren historia marrazten zaigu planetako urmasa nagusien bitartez, eta ozeanoekin dugun harremana aztertzen du, lehen bidaiarietatik hasita, alegia, lehen itsas komunitateetatik: Ozeano Bareko polinesiarrak. Konpasa asmatu baino askoz lehenago nabigaziotrebetasun intuitiboak zituzten polinesiarrek.
Cómo ganar el Giro bebiendo sangre de buey. Ander Izagirre. Libros del K.O., 2021. 488 orrialde. 21,90 euro.
AMERIKETARA JOAN ZEN MAIA Maiak Euskal Herria utzi eta urtebeteko abentura hasi du Ameriketako Estatu Batuetan. Dena ongi doa, baina halako batean gelakide batek begitan hartu, eta beste kide guztiak aurka jarri zaizkio. Ayla estatubatuarra da, eta Maia ezagutu bezain laster bihurtu da honen lagun. Baina zer egin bere lagun minetako batek Maiarekin hitz egitea debekatu dionean? Betiko lagunak alde batera utzi eta Maiaren alde jarri ala injustiziari aurre egingo dio? Lagunen arteko harremanak ditu ardatz irakurle gazteei zuzendutako eleberri honek. Etxetik Ameriketara. Enara Garmendia. Erein, 2021. 136 orrialde. 15,00 euro
Un mar sin límites. David Abulafia. Crítica, 2021. 1.392 orrialde. 38,90 euro.
UHARTE BATEAN BIZI DEN NESKATXOA Iazko Mikel Zarate haur literatura saria irabazi zuen lana pandemiagatik ez da orain arte argitaratu. Lan honekin gazte literaturara itzuli da Lekeitioko idazlea eta bertan abentura, misterioa eta magia barneratu ditu. Uharte batean gertatzen den istorioak Elora du protagonista: 13 urteko neskatxa honi ama hil zaio eta bizimodu berri bati ekin beharko dio, Brigita amonaren basetxean. Elora lanean hasiko da, umezain, Galantenea jauregian, eta laster estutuko du harremana bertako Ariane txikiarekin. Itsasoaren atea. Miren Agur Meabe eta Maite Gurrutxaga. Elkar, 2020. 104 orrialde. 12,00 euro.
59
Gogoan hartu
FORD FUNDAZIOA BASO BAT NEW YORKEN BIHOTZEAN Bitxia bada ere, New Yorkeko eraikin onenetako batek hamabi solairu besterik ez ditu, eta barnean bitxi bat ezkutatzen du: Ford Fundazioaren egoitzak baso bat du barruan. 1963an, Ford Fundazioak bere egoitzaren proiektua egin zezatela eskatu zien Kevin Roche arkitektoari eta John Dinkeloo ingeniariari, 42. kaleko ekialdean orube bat hartzekoa baitzen, Nazio Batuen erakundearen egoitza nagusiaren eta East River-eko moilen ondoan. Ford Fundazioa ez da ohiko korporazioa; irabazi asmorik gabeko erakundea da, «helburu zientifiko, hezigarri eta karitatezkoekin, ongizate publikorako funtsak jaso eta administratzeko» sortua, bere sorrerako aktaren arabera. Hau da, pobreziaren aurkako eta hezkuntzaren, giza eskubideen eta arteen garapenaren aldeko proiektuak sortu eta finantzatzen ditu. Erai-
60
kina ez da bereziki nabarmentzen, nahiz eta 44 metroko altuera izan; besteak beste, Manhattango hiriinguruneak askoz eraikuntza handiagoak dituelako. Barruan, beirazko kutxa eder batean gordetako baso bat dago, kale baten amaieran ezkutatuta. Katedral gotikoa bezain altua, eta mundu guztiari irekia, edonork bisita dezakeelako. Dan Kiley paisajista handia arduratu zen Manhattango lorategirik ederrena egiteaz, eta, duela gutxi egindako berrantolaketan, Raymond Jungles paisajista arduratu da Manhattango txoko hau egokitzeaz, oasi izaten jarrai dezan.
zinema bidaiaria
«THE LAST BUS» IRAGANERAKO AUTOBUS GELTOKIA Tom Harper (Timothy Spall aktore ingeles ezaguna; Mike Leighen “Mr. Turner” filmeko protagonista) 90 urteko gizona da. Emaztea hil berri zaio eta bidaia zirraragarri batean barneratu da “road movie” hunkigarri eta dibertigarri honetan. Tomek duela berrogeita hamar urtez geroztik bizileku duen Eskoziako herri isolatua, uharteko iparraldeko muturrean dagoena, atzean utziko du, bere jaioterrira bidaiatzeko. Helmuga herrialdearen hegoaldeko muturrean dago, Cornwalleko Land’s End-en eta, hara iristeko, erretiratuen doako autobus-txartela erabiliko du. Protagonista ausart honek aurre egingo dio eguraldiari, adinari eta patuari, Mary emazteari (Phyllis Logan; Hughes anderea “Downton Abbey” telesailean) emandako hitza bete nahi duelako. Bere iraganera egingo duen itzulian, Tomek ordura arte ezagutzen ez zuen mundu modernoa eta kultura aniztasun britainiarra ezagutuko ditu. Bidean, ezagutu eta lagunduko dioten pertsona asko aurkituko ditu eta, bidaiaren amaieran, nahi gabe, sare sozialen ‘celebrity’ bihurtuko da gure protagonista. Hunkigarria, dibertigarria, Ingalaterrako paisaiez bustia. Zinema ingelesak hain ondo josten dakien istorio horietakoa da honakoa. Bidaia honetan bere barnean oraindik gazte eta maiteminduta sentitzen den gizon baten lagun bihurtuko gara.
Testua: Fermin Lusarreta
«The Last Bus» («El inglés que cogió una maleta y se fue al fin del mundo», gaztelaniazko bertsioan). Zuzendaria: Gillies MacKinnon. Herrialdea: Ingalaterra. Protagonistak: Timothy Spall, Phyllis Logan… Estreinaldia: Ekainak 18. 61
mundua laburrean
PACAYA SUMENDIAREN EDERTASUN BASATIA Guatemalako hiriburutik gertu (47,5 kilometrora zehazki) kokatutako Pacaya sumendiak irudi ikusgarriak utzi dizkigu. Ez al da beldurgarria baina, era berean, zirraragarria su eta garrez osatutako laba-ibai horien jaitsiera? Erupzio-jarduera otsailetik maiatzera arte luzatu da eta, ziur gaude, inguruko herriko biztanleei ez zitzaiela hain ederra irudituko. Amatitlan udalerrian dago eta Antiguatik igotzen da.
hutsa
BIRUSARENTZAT EZ DAGO GAILURRIK Pandemia sekula igo edo eskalatu behar izan duten mendirik zailena gerta daiteke Nepaleko xerpentzat. Everesteko hegoaldeko kanpamentu nagusia 5.364 metroko altitudean dago, eta denda batean konfinatuta egon beharra ez da erraza izango.
HERRI MAMUA, TURISTEN HELMUGA Al Madam herria, Arabiar Emirerri Batuetan, basamortua “jaten” ari den herria da. Dubaitik autoz ordubete baino gutxiagora kokatuta dago eta zirrara berriak maite dituzten bisitarien grina piztu du. Zurrumurruek diotenez, Al Madam “herri mamua” da, bere biztanleek korrika alde egin behar izan zutelako naturaz gaindiko indarretatik ihesi.
hutsa
«CHEVY»-EN ERREGEA Pedro Manso du izena eta Placetasen bizi du, Kubako erdiguneko herri batean. 1955 eta 1957 arteko Chevrolet autoen “maisua” dela esan daiteke, jatorrizko piezen kopiarik onenak egiten baititu. Kubatik eta mundu osotik jasotzen ditu eskaerak.
62
hutsa
hutsa
NATURARA ITZULTZEKO ERABAKIA Hau ez da turismo-ostatu gisa hain modan jarri diren “tipietako” bat. Hau familia frantses honen etxea da. Chasteauxen daude, Corrèze departamenduan, Okzitanian. 800 biztanle dituen herri honetara etorri aurretik, Jonathan Attias eta Caroline Perez Parisen bizi ziren beren bi haurrekin. Baina bizimodua aldatu nahi zuten. Orain, beste hamar familia bezala, lurrak ematen duenarekin bizi dira Chasteauxen. Alkateak bertatik botatzea erabaki du, ordea, etxeak landa-lur ez urbanizagarrietan jarri dituztelako.
hutsa
OREKA BIKOITZA Bali uharteko Sanur hondartzan, yoga ikastaro honetako ikasleek oreka dosi handia izan behar dute, nahi eta nahi ez; taula gainean oreka mantentzeko ahalmena eta, era berean, barne oreka propioa, so dituzten astunei buila ez egiteko.
NAFARROAKO ZUBIRI HERRIA, SARIDUN Esteribar eskualdeko Zubiri herriaren Done Jakue bideko zubiaren ondoko eraikina berritzeko proiektuak –kultura zentro bihurtuko dute– Driehaus lehiaketa irabazi berri du. Sari honekin, AEBetako finantzariak arkitektura tradizionala berreskuratzen lagundu nahi zuen. Aurten Zubiri, Valpuesta (Burgos) eta Buitrago del Lozoya (Madril) izan dira irabazleak.
hutsa
hutsa
IRAGAN MESOPOTAMIARRA DESAGERTZEAR Kirkuk eskualdeko (Irak iparraldean) gune historikoak oso hondatuta daude, gerraren eta klima-aldaketaren ondorioz. Lur oparoa da, hemen petrolioa borborka ateratzen baita, baina hainbat hamarkadan Bagdadeko gobernu zentralaren eta Arbileko autonomoaren (Kurdistango hiriburu irakiarra) arteko gatazka iturri izan da. Klima-aldaketa gogorren pairatzen duen herrialdeetako bat da Irak. Basamortuak %50 hartua duenean, leku mesopotamikoek babes falta nabaria dute. Hauts bihurtzen ari dira. 63