2 minute read

Labayru Fundazioa

Next Article
Mujeres pioneras

Mujeres pioneras

San Jurgi, artoak ereiteko goizegi; san Markos, artoak ereinda balegoz

Nekazaritzako lanei erreparauta, euskeraz esaera askok gogoratzen deuskue artoa apirilean erein behar dala. Adibidez, San Jurgi, artoak ereiteko goizegi; san Markos, artoak ereinda balegoz. Edo beste hau: San Markos astea, atzekoa baino aurrekoa artoa ereiteko hobea.

Artoa gure herrian guztiz sustraitutako landarea bada be, jatorriz Ameriketakoa da. Badirudi XVI. menderako lantzen hasi zala gure artean, baina zabalkundea geroagokoa da, XVII. mendean hasi eta XVIIIenean guztiz orokorra zan, indar handiz gainera, artatxikiaren kaltean.

Ameriketatik ekarritako artoari, gaztelaniaz mijo mayor, mijo de las Indias edo maíz esaten jakon. Euskeraz arto handia geratu zan Ameriketakoa izentetako, artatxikia bertako ale txikiagoarentzat itxita.

Artoa isurialde atlantikoko nekazaritzan iraultza bat izan zan: beste ale batzuk baino hobeto egokitzen zan bertako eguraldiaren baldintza hezeetara; etekina gariarena baino bi edo hiru bider handiagoa zan; lurra askoz be gitxiago agortzen eban eta, gainera, erabilera bikotxa eukan, bai ganaduentzat bai personentzat. Horrez gainera txortenak eta orriak hainbat gauzatarako erabilten ziran (erregai modura, koltxoiak beteteko...).

Arto-uruna oso egokia zan ogiak, euskaraz artoak esaten jakenak, morokila eta taloak egiteko. Taloa orain hamarkada batzuk, oinarrizko elikagaia zan gure etxeetan; gaur egun, ostera, ohikoa da azoka eta merkatuetan. Elikagai sendoa izanik, urdai eta beste jenero batzukaz nahastean, ikazkin, egurgile, nekazari eta beste askoren jatekoa izan da, lan gogorrari aurre egiteko lagungarri.

“En abril, siembra tu maíz”

Artoaren zikloa azarora arte

Udabarrian ereiten da, apirilean eta maiatzean; orokorrean naboa batu dan lurretan. Indabeagaz batera ereiten da, holan indabearen landarea artoaren zurtoinera kiribilduta hazten dalako.

Artoaren zikloa urri-azaroan amaitzen da, artaburuak batu eta sikatu daitezan, hilabete batzuetarako kamaran gordeten diranean. Lehenago, neguan beste lan batzuk egin behar izaten ziran, gehienetan familia alkartuta: kapaxa edo arta-zorroa kendu, eta gero eskuz garandu, artaburua garanduta egoan beste buruxka bategaz igurtzita. Artagaraua zakuetan gordeten zan, harik eta labesua egin eta ostean, artourun gozoa egiteko, errotara eroaten zan arte •

This article is from: