Ekainak 20: Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna Migrazio eta babes arloko europar politikek, migratzaileen eta errefuxiatuen giza eskubideen errespetuan oinarritu ez eta erantzun solidario bat ematetik urrun, arrisku handian utzi dute milaka lagunen bizia, haietako asko eta asko emakumeak eta haurrak direla, Mediterraneo itsasoa munduko hobi komun handiena bihurtuz, azken 15 urteetan 25.000 pertsona baino gehiago hil baitira aipatu itsasoan. Iragan martxoaren 18an adierazpen bat sinatu zuten Europako agintariek Turkiarekin; lotsagarria eta legez kanpokoa izateaz gain, are egoera arriskutsuagoan jartzen ditu pertsona horiek Turkia bezalako herrialde batera itzulita, Turkiak ongi asko erakutsi baitu ez dituela giza eskubideak eta pertsona horiek merezi duten babes egokia bermatzen. Akordio horrek urratu egiten ditu Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Gutuna, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna, Giza Eskubideen Europar Hitzarmena eta Errefuxiatuen aldeko Ginebrako Konbentzioa, baita babesaren esparruko europar Zuzentarau batzuk ere. Akordio horrek Europa sozialaren hondoratzea ahalbidetzen du, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunaren Hitzaurreak hizpide dituen giza duintasunaren, askatasunaren, berdintasunaren eta elkartasunaren balioetan oinarritutako Europa sozialaren gainbehera ahalbidetzen du, askatasunean, segurtasunean eta justizian oinarritutako denontzako espazio bihurtzen duten balioak eta printzipioak bazter utzita. Akordio horrek, gainera, truke-txanpon gisa erabiltzen ditu errefuxiatuak interes ekonomikoei eta geoestrategikoei men eginez, nola EBk hala Turkiak legez eta nahitaez bermatu beharreko babesa eskaini beharrean. Ankerra, legez kanpokoa eta onartezina da errefuxiatuak ekonomia-trukeetarako salgai bihurtzea. Akordio horrek Europako mugetako militarizazio gero eta handiagoari gehitzen zaion beste jendarme bat bihurtzen du Turkia. Elkartasunaren adibide izatetik eta Europako proiektuaren euskarri izan ziren balioen arabera jardutetik urrun dagoen Europar Batasunak, iraganean porrot hutsa izan diren eta milaka hildako eragin dituzten errezetak sustatzen jarraitzen du. Akordio horrek eta babesa eskatzen dutenak beren lurraldeetan sartzea zailtzen edo galarazten duten estatu kideek beren aldetik hartutako neurriek ez dute irtenbide bat eskaintzen, eta errefuxiatuentzat arriskutsuagoak eta garestiagoak diren beste bide batzuk zabaltzea ekarriko dute, esate baterako Erdi Mediterraneokoa, munduko hilgarriena alegia.
1
Horregatik guztiagatik, honako hau EXIJITZEN DIETE elkarte sinatzaileek: EUROPAR BATASUNARI ETA ESTATU KIDEEI •
Migrazio- eta babes-politikak aldatzea, pertsonak eta beren eskubideak lehenetsiz.
•
Europako eta nazioarteko legeria betetzea. EBren eta Turkiaren arteko akordioa bertan behera uztea.
•
Legezko bideak eta bide seguruak antolatzea errefuxiatuek ez dezaten beren bizia bide arriskutsuetan gal.
•
Bereziki bermatu behar da emakumeak sexu- eta genero-indarkeria guztietatik salbu egotea, eta adingabeak eta bestelakotasun funtzionalak dauzkaten pertsonak babes egokia izatea.
•
Harrera duina eta osasun arreta eta Giza Eskubideen aurreko errespetua bilduko dituen babes egokia bermatzea, eta zentzu horretan onartutako konpromisoak betetzea, gerrek eta desberdintasunek eragindako giza erronkari erantzuteko moduko aurrekontuak eta baliabideak eskainita.
•
Errefuxiatuei laguntzen dieten elkarteen eta pertsonen babesa bermatzea. Oso konplexua da egoera, ezinbestekoa da pertsona horiek egiten duten lana, eta lan hori Europako erakundeek nahitaez egin beharreko lanen osagarria da.
•
Era aktibo batez egin behar zaie aurre diskurtso eta kontakizun xenofoboei. Egin ezean ondorioak oso arriskutsuak izan daitezke Europan ezinbesteko elkarbizitza eta gizarte-kohesioa eraikitzeko.
•
Europa mailako migrazio-politiketan gure hirietan eta auzoetan sortzen ari diren muga berri ikusezinak kudeatzeko xedea jasotzea, elkarbizitza eta kultura arteko elkarrizketa eraikitzearen aldeko apustu garbia eginez.
•
Amaiera ematea inguruko militarizazioari, are gatazka konplexuagoak eragin ditzakeelako herritarrei oso ondorio larriak ekarriz. Errefuxiatuen eta migratzaileen egoera larria arintzeko europar politikaren eta aurrekontu-politika bateratuaren alde egitea.
ESPAINIAR ESTATUKO GOBERNUARI •
EBren eta Turkiaren arteko akordioari emandako babesa kentzea, eta Europar Batasuneko beste Estatu Kideei babes hori behin betiko kendu dezatela eskatzea.
•
Errefuxiatuen harrera arintzea birkokatzeko eta beste leku bat emateko programen bidez.
2
•
Errefuxiatuei harrera egiteko sistema nazionala sendotzea beharrizanen bilakaerarekin bat etorriz eta beharreko baliabideak, plaza-kopuruak eta aurrekontuak jarriz.
•
Giza eskubideak zorrotz errespetatzea hegoaldeko mugan (bereziki Ceuta, Melilla, Kanariar Uharteak eta Marokoko kostaldeko mugetan) eta Europako gainerako mugetan.
•
Eragile politiko, ekonomiko eta sozialek migratzaileekiko eta errefuxiatuekiko mezu xenofoboak, diskriminatzaileak eta arrazistak erabil ez dezatela zaintzea, aipatu pertsonekiko aurreiritziak eta jarrera arrazistak eta bortitzak sorrarazten lagundu baitezakete horrelako mezuek.
•
Egungo larrialdi-egoeraren eta egoera horren arrazoien aurrean Espainiako iritzi publikoa sentsibilizatzeko eta informatzeko berariazko ekintzak egitea, betiere kontuan harturik nola Espainian hala jatorriko herrialdeetan errefuxiatuekin lan egiten duten gizarte zibileko eragileak.
•
Gizarteratzeko politika sendotzea, elkarbizitzaren, kultura arteko elkarrizketaren eta aniztasunaren kudeaketa positiboaren alde eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka egingo duen auzoetarako plan baten bidez.
•
Mugak kontrolatzeko pizgarri gisa edo konpentsazio gisa nazioarteko lankidetzarako funtsak erabili gabe, Europan babesa eta aterpea eskatzen duten pertsonei arreta emateko funtsa erabili gabe, ekintza humanitariorako eta garapenerako laguntzen funtsak gehiagotzea. Pertsona horienganako arreta berariazko funtsekin bermatu behar da, denboran iraungo duten funts nahikoekin, hain zuzen.
Europako erakundeetan gizartean nagusi den sentimendua islatuko duen jarrera babestea, eta beraz, legea eta migratzaileen eta errefuxiatuen giza eskubideekiko errespetua bete daitezela babestea. EAEko JAURLARITZARI ETA FORU ETA TOKIKO ERAKUNDEEI •
EBri eta espainiar estatuari aipatu neurriak bete ditzatela eskatzea
•
Neurri horiek aplikatzeko urratsak egitea, europar komunitateko zein espainiako agintarien borondate txarra, eraginkortasunik eza eta atzerapena aitzakiatzat hartu gabe.
•
Aipatu politikak txertatzeko beharrezko baliabide materialak abian jartzea.
•
Errefuxiatuen aurka jada gertatzen ari diren kanpaina matxistei, arrazistei, xenofoboei eta islamofobikoei aurre egiteko informazio eta sentsibilizazio kanpainak egitea.
3