bildu gatika 17 zenbakia 2014ko urtarrila
INFORMATZEN
Udal zerga eta tasak, %1,9 igoko dira 2014an (abuztutik abuzturako KPIa da kopuru hori). Zaborrak ez dira hor barruan sartzen. BILDUk bat egin zuen gobernu taldeak egindako proposamenarekin, oraingoan bai, bi konpromiso hartu zituelako: alde batetik, errenta baxua duten herritarrei IBIa bezalako zergak ordaintzen laguntzeko 4.500€ erabiltzea; eta beste alde batetik, laguntza horiek arautuko dituen ordenantza lantzea.
Gatikako Udalak 24.157,48€*-ko defizita dauka herriko zabor solidoen bilketari dagokionez, zerbitzu horrek 83.926,48€* balio du eta udalak 59.769€* baino ez ditu errekuperatzen tasen bidez. (*2012ko datuak). Horregatik, eta kudeaketa eraginkor bat bilatu nahian, BILDUk aspaldi esan du herrian dugun zaborraren bilketa-sistemaren gainean hausnartu behar dela udalean. Zentzu horretan pausurik eman gabe, udal gobernuak 2014rako zabor tasen igoera inportantea proposatu zuen urrian: EAJren proposamen berriarekin 18.488,60€ gehiago batzea espero da, eta oraindik ere 5.668,88€-ko desfasea geratuko litzateke datozen urteetan orekatzeko. Baina, tasak igotzea da irtenbide bakarra?
HERRI BATZARRA, Urondon Urtarrilaren 25ean, 11etan
ZER GERTATZEN DA SORTZEN DITUGUN HONDAKINEKIN? Beira eta plastikoa duten produktuak erosten ditugunean, euren birziklatzea ere ordainduta daukagu. Diputazioak hitzarmenak ditu horretaz arduratzen diren enpresekin, beraz, udalak ez du beira eta plastikoaren bilketa eta tratamenduagatik ordaindu behar. Beste hondakinen kudeaketa Uribe Butroeko beste herri batzuekin mankomunitatearen bitartez egiten dugu. Papera eta kartoiaren kasuan, udalak 2.248€-ko urteko kuota ordaintzen du bilketagatik, baina birziklatzen dugun tona bakoitzeko 22€-ko deskontua izaten du udalak. Zenbat eta kartoi eta paper gehiago birziklatu, orduan eta gutxiago kostatuko zaio, 0 izatera ailega daitekeelarik. Gatikako Udalak 38.704,49€ ordaintzen ditu zaborra biltzeagatik (kontenedore berdea), kantitate hori kamioak egiten duen ibilbidea eta hustutzen dituen kontenedoreen kopuruari dagokio; eta 45.221,99€ ordaintzen ditu zabor hori tratatzeagatik (errausketa/zabortegia), diru hori tratatzen diren zabor tonen araberakoa da. Zehazki, 2012an, Gatikak 478.514 kg bidali zituen zabortegira (tamaina handiko hondakinak kontuan izan barik, ez baitugu horien inguruko daturik), hau da, 298,7kg gatikar bakoitzeko. Horrek, kostu handia izateaz gain, ingurugiroari arazo handia sortzen dio.
Zenbat eta tona gehiago bota kontenedore berdera, orduan eta handiagoa da gastua. Gure helburua sortzen dugun zabor tona kopurua gutxitzea da, hori posiblea delako eta ingurumenarentzat eta gure ekonomiarentzat beharrezkoa delako.
Gatikan, sortzen dugun zaborraren %25 baino gutxiago birziklatzen dugu. Birziklatzen ez duguna (%75) kontenedore berdera doa, parte gehiena birziklagarria izan arren eta birziklatzeak kostu txikiagoa izanik. Honetaz ohartu behar gara: hondakinen %90a birziklagarria da. Eta hondakin guztien %40a organikoa da.
BIRZIKLAPENA HANDITU ETA ORGANIKOA KONPOSTATU BILDUkook ez dugu nahi udalak zaborren kostua dela eta zulo bat izatea. Gastuak eta diru-sarrerak orekatzeko ahalegina egin beharko genukeela uste dugu, baina ez dugu onartzen tasak igotzea eta orain arte bezala jarraitzea zaborrekin dugun arazoari aurre egin barik. Birziklapena handituko bagenu eta sortzen dugun materia organikoa konpostatuko bagenu, kontenedore berdera doana murriztuko genuke, eta horrek ekarriko luke alde batetik, inpaktu txikiagoa ingurumenean eta bestetik, bilketa eta tratamendu merkeagoak. Eta zaborra biltzeko eta tratatzeko zerbitzua merkeagoa balitz, gatikarrok ordaintzen dugun zabor-tasa ere txikiagoa izango litzateke (edo behintzat, hurrengo urteetan igoera txikiagoa izango litzateke), udalak tasen bitartez ezin baitu zerbitzuak duen kostua baino gehiago kobratu.
Horregatik, BILDUk Gatikan “zero zabor� helburua lortzeko bidean pausuak ematea proposatu zien gainontzeko udal taldeei; birziklapena, baita autokonpostaia eta auzokonpostaia ere, bultzatuko duten ekintza konkretu batzuk aurrera eramateko benetako konpromisoa eskatu genuen; horrela, sortzen dugun materia organikoa konpostatzeko aukera izango genuke gatikar guztiok, eta gure lurretan ongarri moduan erabili ahal izango genuke.
2013KO AZAROA EAJk tasak igotzeko egin zuen proposamenaren aurrean, BILDUk Gatikan sortzen dugun zaborra murrizteko proposamena aurkeztu zuen, eta tasen igoera onartzeko prest azaldu ginen gure proposamena onartuko balitz. Hurrengo loturan gure proposamena, 12.000â‚Ź-ko aurrekontua suposatuko duena, eta Gatikan 2014ko urtarriletik aurrera ordainduko ditugun zaborren tasak ikusi ahal izango dituzue; biak azaroaren 13an egindako ez-ohiko plenoan onartu ziren EAJ eta BILDUren bozkekin. http://gatika.ehbildu.net/2013/11/15/zergak-eta-tasak-2014/ Oso garrantzitsutzat jotzen dugu, udaletik egingo den lanarekin bat eginez, herritarrok gai honetan inplikatzea, parte hartzea eta sortzen dugun zaborraren tratamendua eta murrizketari jarraipena egitea.
GATIKAKO BILDU ESPANIAR BANDERA JARTZEKO AGINDUAREN KONTRA Gatikara ere UDALETXEAN ESPANIAR BANDERA JARTZEKO AGINDUA heldu da. Baina bandera hori ez da gatikarrok geure sentitzen duguna. Agindu hori ez betetzearen ondorioetako bat alkatearen inhabilitazioa da. Beraz, agindu horrek, gure herriaren borondatearen aurka joateaz gain, Gatikako alkatea bandera ipintzera behartuko du. BILDUkook argi eta garbi inposaketa horren aurka gaude. Inposaketa ez da soilik alkatearentzat, guztiontzat baizik. Horregatik, Estatutik espainiar bandera gure udaletan ezartzeko datorren inposizio uholdeari erantzun sendoa ematea dagokigu. Herria eta herritarrok gure desadostasuna erakutsi behar dugu. Gure kultura, gure hizkuntza, gure ekonomia eta gure ikurren alde lan egin behar dugu, euskal herritarron erabakitze eskubidearen alde.