Aldizkaria 18 1 ekaina

Page 1

bildu gatika 18 zenbakia 2014ko ekaina

INFORMATZEN

1,687 MILIOI EUROKO AURREKONTUA 2014RAKO

PLENOAK NORMALTASUNEZ GRABATZEN ARI DIRA

APIRILEKO PLENOAREN OSTEAN, AUZOTARREK LIBERON MUNA BAT KENTZEA ESKATU ZUTEN

ZEBRABIDEA ELEIZALDEN... BAZEN GARAIA!


2014 KO AURREKONTUA Apirilaren 9ko plenoan onartu zen 2014ko aurrekontua. Aldeko botoak 6 izan ziren (4 EAJ eta 2 BILDU) eta kontrako botoak 2 (GTIko bi zinegotzi).

► AUZOETAN KONPONKETAK EGITEKO KONPROMISOA Udal gobernuak, BILDUk hala eskatuta, auzoetako errepideak eta bideak konpontzeko konpromisoa hartu du. Horretarako, “azpiegituren konponketa” diru-partidaz baliatuko da.

► LOKALAK EGOKITZEKO, 3.000€-KO PARTIDA Diru hori bi lokaletan erabiliko da: batetik, Urondoko goiko lokaletan proiektorea eta pantaila ipiniko da; bestetik, Udal Gela berregituratu eta txukundu egingo da. Lokalak atontzeko sortuko den partida berri hau txikia izan arren, urte amaieran “azpiegituren konponketak” partidan dirua sobratuz gero, lokalak atontzeko partidara gehitzeko konpromisoa hartu du udal gobernuak. Akordio hau aurrerapausu garrantzitsutzat jotzen dugu, BILDUk herriko lokalak gehiago erabiltzeko egin duen planteamenduaren bidean.

► BEHAR GEHIEN DUTENEI LAGUNTZEKO, 4.500€ Errenta baxua duten herritarrei IBIa, ibilgailuen zerga eta zaborren tasa ordaintzen laguntzeko 4.500€-ko partida jasotzen du aurrekontuak. Laguntza horiek arautuko dituen ordenantza ere apirilaren 9ko plenoan onartu zen BILDU eta EAJren bozkekin. Ordenantza zuen eskura jartzen dugu ondorengo lotura honetan: www.gatika.ehbildu.net/eu/ordenantzak/ Diru-laguntza horiek behar dituzuenok, edo informazio gehiago behar izanez gero, udaletxera hurbiltzera animatzen zaituztegu.


2014 KO AURREKONTUA ► HONDAKINEN KUDEAKETA HOBEA EGITEKO, 12.000€ Agenda 21en bitartez, martxoaren 25ean, Gaztetxokoan egin zen hondakinen inguruko partehartze-foroan, datu kezkagarri bat eman ziguten: Gatikan, hondakinen %13 baino ez da birziklatzen. Gainontzekoa, kontenedore berdera botatzen dugu zaborra izango balitz bezala. Gurearen antzekoak diren Euskal Herriko beste herri batzuetan %90 birziklatzera iritsi direla jakinik, Gatikan askoz hobeto egin dezakegula ondorioztatzen dugu. Hondakinen kudeaketa egokiagoa egiteko, Gatikako Udaletik pausu txiki eta errazak emango dira: kontzientziazio kanpainak egin birziklagarria den guztia birziklatzeko eta baliabideak jarri materia organikoa modu selektiboan batu eta konpostatzeko, etxe konpostaia eta auzo konpostaiaren bitartez (gaur egun ditugun lau kontenedoreak erabiltzen jarraituz). Horretarako, 12.000€ erabiliko ditu udalak aurten. Kostu txikiagoa duelako eta ingurumenarentzat beharrezkoa delako... KONPOSTA DEZAGUN GATIKAN.

► NAZIO ERAIKUNTZAKO PROIEKTUETARAKO, 2.000€ Bildukook beharrezkoa ikusten dugu nazio eraikuntzako proiektuetarako partida hau, EAJk 2014ko aurrekontuen zirriborroan horretarako dirurik proposatu ez zuen arren. Udalbiltza erakunde nazionalaren garrantzia azpimarratu dugu aurten ere, Euskal Herri osoko udal eta udal hautetsiak batzen dituen erakunde publikoa baita Udalbiltza. EAJk udalaz gaindiko beste erakunde batzuei bai, baina ez du inondik inora Udalbiltzari ekarpena egitea onartzen. Eta esan beharra dugu ez gaudela batere ados EAJren jarrera horrekin. Aurten, diru hori euskarazko komunikabide den Hamaika Telebistari eman eta Gatikako baserrien inguruko lana egitea eskatuko zaio.


2014 KO AURREKONTUA Argi dago ez dela guk egingo genukeen aurrekontua (ez forman, ezta edukinetan ere). Alde batetik, aurrekontua herriarena dela eta herritarren partaidetzarekin landu behar dela sinisten dugu. Beste alde batetik, legegintzaldi hasieratik kritikatu ditugun puntuak jasotzen ditu oraindik, eta puntu horien kontra egoten jarraitzen dugu. Hala ere, hiru urte luze hauetan ereindako hazien fruituak batzen hasteko garaia da.

Hainbat herri-bilera egin ostean, herritarren proposamenak eta beharrak eraman ditugu behin eta berriro udalera; horien artean, auzoetako errepideen konponketak, lokalak atontzeko planteamendua eta partida, hondakinen bilketaren inguruko kanpaina, ... EAJ ez zen gure abstentzioarekin konformatzen; lehenago, aurrekontuak erretiratu eta 2013koak indarrean eustea nahiago zuela esan zigun. BILDUk baietza eman die aurrekontuei herritarren proposamen horiek aurrera eraman daitezen. Eta badakigu herriak beste hainbat premia garrantzitsu ere badituela, beraz, horiek lortzeko borrokatzen jarraituko dugu; aurrekontu hauek pausu bat baino ez dira izan.


PLENOAK NORMALTASUNEZ GRABATZEN ARI DIRA Badira ia bi urte EAJk plenoak grabatzea lehenengoz ukatu zuenetik. Ondoren, auzotarrek idatziz egindako eskaera Alkatearen Dekretu baten bitartez ukatua izan zen eta dekretu hori legean oinarritutako argudioekin errekurritua izan zen. Arartekoaren argudiaketari kasu egin gabe, baita Justizia Auzitegi Nagusi eta Auzitegi Goreneko beste sententzia batzuei ere muzin eginez, EAJk eskubide bat debekatzen jarraitzea erabaki zuen: errekurtsoa beste Alkatetza Dekretu baten bitartez ezetsi zuen, horrela, bide administratiboari bukaera jarriz eta administrazioarekiko auziprozesurako aukera soilik emanez. Auzi-prozesua martxan jarri eta orduantxe, Alkateak eten eta grabatzeko eskubidea aitortu egin zuen. Gaur egun plenoak normaltasun osoz grabatu ahal dira Gatikako Udalean. Azaldu beharko lukete, Alkateak eta EAJk, zergatik izan duten jarrera hori, zergatik jarri dituzten horrenbeste oztopo udal gestioari gardentasuna eman beharrean. Era berean, argitu beharko lukete, horrek suposatu dituen gastuak (abokatuak eta auziaren kostuak) gatikar guztion artean ordaindu beharrean euren poltsikotik ordaindu beharko balituzte, ea berdin jokatuko zuten.


LIBERON MUNA BAT KENTZEA ESKATZEN DUTE LIBERON MUNA BAT KENTZEA ESKATZEN DUTE

Apirilaren 30eko plenoa amaitu ondoren, herritar bik hitza hartu zuten Libero auzoan muna bat kentzea eskatzeko. Auzo horretan saneamendu lanak egiten ari direla aprobetxatuz, Artxubi baserriaren atzean dagoen muna kentzea proposatu zuten, bisibilitatea eragozten du eta.

ZEBRABIDEA ELEIZALDEN... BAZEN GARAIA! Parte-hartze prozesuen ondorioa izan zen BILDUk aspaldi egin zuen eskaera hau. Idatziz ere eskatu genuen duela urte bat baino gehiago. Izan ere, bai eskolatik, udaletxetik, frontoitik zein jubilatuen lokaletik erdigunera joatea arriskutsua zen oinezkoentzat.

Horrenbeste denbora pasa ondoren, zebrabidea heldu zaigu azkenean eta asko pozten gara.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.