3 minute read

“Kirolaz gozatzea da nire helburua”

Duatloi kros eta triatloi kros modalitateetan Munduko Txapeldun tituluak lortu berri ditu Paul Bereziartua kirolariak, Eivissan jokatu diren Kirol anitzeko Munduko Txapelketan. 22 urteko gazte durangarrak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikasketak amaitu ditu eta, triatleta profesionala baino gehiago, irakasle edo entrenatzaile moduan ikusten du bere burua.

-Espainiako txapelketak eta bestelako tituluak badituzu baina Eivissan lortu duzuna izugarria da, ezta?

Advertisement

-Bai. Orain bost urte, kadete mailakoa nintzela, Espainiako txapeldun titulua lortu nuen, baina azken aldian ez dut titulu aipagarririk eskuratu. Orain, 24 urte arteko kategorian lehiatzen dut, amateur mailan, eta Eivissan Elite mailaren hurrengo kategorian lortu ditut Munduko tituluak.

-Bi txapelketak irabazi ondoren, profesionaletara pasatzeko irrikarik sortu zaizu?

-Nire asmoa ez da kirol honetatik bizitzea eta ez dut triatleta profesionala izateko asmorik. Hala ere, Elite mailako lasterketaren baten lehiatzea gustatuko litzaidake. Iaz, Sorian egin zen proba baten, Elite mailako triatloi kroserako sailkapena lortzen saiatu nintzen, baina ez nuen lortu zeren zirkuitua ez zen ondo moldatzen nire ezaugarrietara. Orain, Eivissako lasterketako ezaugarriak onak ziren niretzat: bizikletan zein arineketan egiteko zirkuitu teknikoa zen, eta hori lagungarria izan zen nire errendimendurako.

-Triatloiko profesionala ez, baina Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikasketak amaituta, kirol arlora bideratuta duzu etorkizuna, ezta?

-Profesionala izateak eskakizun handiak ditu; erabat lotuta zaude kirol horretara eta beste afizioak, beste lanak edo eginbeharrak baztertu behar dituzu. Triatloia eta bizikleta oso gustukoak ditut, baina afizio moduan hartzen ditut.

Karrera egin nuen eta datorren hilabetean irakaskuntza masterra amaituko dut. Kirolari profesionala izatea baino gehiago, neure etorkizuna irakasle edo entrenatzaile moduan ikusten dut. Oraindik ez dakit nondik bideratuko dudan, baina irakaskuntza gustatzen zait.

Entrenamenduak

-Entrenamenduei dagokienez, badago desberdintasunik ohiko triatloia edo kros modalitatea prestatzerakoan?

-Kontuan hartu behar da bata errepidean korritzen dela eta krosa mendian egiten dela. Beraz, kros modalitaterako prestaketa mendian egiten dut, bai bizikletarekin bai korrika. Entrenamenduak antzerakoak dira; aldatzen dena, prestaketa egiten den lekua da eta komenigarria da hori horrela izatea.

-Zure prestaketa, beraz, kros modalitatera bideratzen duzu.

-Modalitate biak lantzen ditut, baina mendira joatea asko gustatzen zait, eta bat aukeratu beharko banu, agian, krosa aukeratuko nuke. Baina errepideko entrenamenduak ere egiten ditut, bai bizikletan zein arineketan.

-Eta igeriketa zelan prestatzen duzu?

-Durangon itsasorik ez daukagu, baina, zorionez, insta- lakuntza oso egokiak ditugu Landakoko kiroldegian bertan problema barik igeri egiteko. Ludikotasuna

-Etxetik datorkizu triatloiaren pozoia?

-Mugarra Triatloi Eskola hasi zenean hasi nintzen praktikatzen, zortzi urterekin. Hasierako saioak ludikotasunera bideratuta zeuden, inolako entrenamendu espezifikorik egin barik. Aitak eta biok afizio berdina izatea lagungarria da. Nahiz eta afizio bardina partekatzen dugun, berak bere entrenamenduak egiten ditu eta nik nireak. Lasterketa berdinetara joaten bagara, elkarrekin joan ahal dugu, eta lehiatzerako orduan batak bestea animatzen du.

-Orain zeu zara Mugarra Triatloi Eskolako monitorea.

-Bai. Orain ere 8 urteko umeekin hasten gara eta adin tarte horretako umeekin ez dugu saio espezifikorik egiten, nahiz eta bizikletan irteten garen, korrika egiten dugun eta piszinan ur jolasak egiten ditugun. Orain ere, arlo ludikoa lantzen dugu, eta kadete mailara heltzen direnean eurek erabakitzen dute konpetitzen hastea edo ez.

-Zein da zure hurrengo erronka?

-Ekainean mendiko beste triatloi bat egiteko asmoa dut, Gironan egingo den Xterra Costa Brava 2023. Maila nahiko altuko lasterketa izango da eta bertan mundu osotik etorritako partaideak izango dira. Aurreragorako ez dut ezer pentsatuta; datorrena datorrela, baina kirolaz gozatzen dudan bitartean, aurrera.

Argazkia: Zabalafoto.

This article is from: