2 minute read

“Atzerrira noa, ingelesez filmatuko den telesail baten parte hartzera”

Eneko Sagardoy buru belarri egon da azken asteetan Paul Urkijo zuzendariaren ‘Irati’ pelikularen promozioa egiten, bera baita filmeko protagonista. Hala ere, joan zen barikuan zineetan estreinatutako filmaz gain, bere lehen laburmetraia zuzentzeko eta muntaia egiteko denbora hartu du, baita durangon.comekin hitz egiteko ere. Baina nekeak ez du lekurik aktore durangarraren izaeran eta laster atzerrira joango da ingelesez egingo den telesail baten errodajean murgiltzeko.

-Goya saria irabazi eta gero, ez al dizu bertigo puntu bat eman ‘Irati’ pelikularen promozioaren zurrunbiloak?

Advertisement

-Ez, ez dit bertigorik ematen, guztiz kontrakoa. Gogo handia dut pelikula estreinatzeko. Oso lasai nago pelikularekin; oso pozik. Gainera, euren artean oso desberdinak diren lau festibaletan, publikoak emandako lau sari irabazi ditugu. Eta horrek esaten digu pelikulak baduela ondo funtzionatzen duen zerbait. Alde horretatik trankil nago, eta gainera uste dut hain pelikula epiko eta ikusgarria izanda, publikoak harridura handiz jasoko duela.

-Zine zuzendari moduan egindako lehen laburmetraia amaitu duzu. Zer moduko esperientzia izan da ‘Betiko gaua’ zuzentzea?

-Egun hauetan muntaketa egiten nabil. Oso esperientzia ona izan da eta gehiagorako gogoarekin gelditu naiz. Lagunekin eta aspaldiko lankideekin inguratu naiz, eta horrek beste ziurtasun bat ere eman dit. Oso ondo pasatu dut, eta aktore izatetik zuzendari izatera pasatzea oso modu naturalean sentitu dut; inongo pretentsio barik egia esan, eta leku horretatik istorioak zelan sortuko nituzkeen arakatzeko gogoz.

-Beraz gogotsu zaude norabide berriak jorratzeko?

-Bai, ez dakit norabide berri bat den. Proiektu hau egitea nahi nuen, eta ez dakit gero beste proiektu batzuk etorriko diren. Baina sentitzen dut aktore lanaren norabide berdinean doala. ‘Moto-Membra

Jesu Nostri’ ikuskizuna idatzi nuen eta urrian estreinatu genuen Arriagan; gero ‘Betiko gaua’ etorri da…, eta uste dut dena ibilbide bardinaren parte dela, nahiz eta ofizio desberdinak izan.

-‘Betiko gaua’n emakume biren arteko istorioa kontatzen duzu, ezta?

-Bai. Oso sinple esplikatzen dut. Miren, kotxean doan emakume gazte bat, alokatutako kotxe baten doan emakume bat ezagutzen du, eta jarraitu egingo du gasolindegi batera heldu arte, eta bertan topo egiten dute.

-Elena Irureta eta Miren

Gaztañagarekin lan egindakoa zara, baina oraingoan bien zuzendaria izan zara. Asko aldatzen da ikuspuntua?

-Errodajean lasai egon naiz, zeren ez dut aurpegia eman behar. Eurek asko ezagutzearen alde ona, bizkor erantzuten zutela nire eskakizunetara izan da. Konexio handia eduki dugu eta eurek oso eskuzabalak direnez, nireganako konfiantza izan dute, nahiz eta lehenengo lana izan den. Eta horrek, lana errazteaz gain, asko aberastu du laburmetraia.

Egunez egun

-Antzerkian eta zinean daramazun ibilbidea laburra baina oparoa da. Non zaude erosoago, kamera eta publiko aurrean edo kameren atzealdean?

-Hamaika urte dira hasi nintzenetik, eta gehien ezagutzen dudan lekua aktorearen lekua da. Sentitzen dut alde horretan askoz ere erraminta gehiago ditudala eta seguruago nagoela. Baina, dena dela, zuzendari moduan pentsatzen nuena baino gusturago egon naiz. Hala ere, ni aktore bezala definitzen naiz eta aurrerantzean beste zerbait zuzentzen badut ere, nire burua aktore moduan ikusten dut.

-Eta beste arlo batzuk jorratzeko irrikarik bai?

-Ez dut ideia zehatzik egia esan. Joango naiz ikusten, eta momentu bakoitzean dudan gogoaren arabera, gauza bat edo beste egingo dut.

-Antzezleok epe laburrerako egitasmoak izaten dituzue. Zeintzuk dira zure proiektuak?

-Bai. Epe luzera begiratuz gero, zalantza asko sortzen dira eta nerbioso jartzen zara. Nahiago dut egunez egun joatea.

-Baina zu ezagututa, zerbait izango duzu esku artean. -Bai, astelehenean hasten dut telesail bat atzerrian. Ingelesez izango da, eta horretan ibiliko naiz datozen hilabeteetan.

-Beraz, beste urrats potente bat.

-Niretzat oso inportantea da. Oso pozik nago. Hilabete batzuk izango dira eta horren ostean antzezlan bat egingo dut Madrilen.

This article is from: