Ideia eta koordinazioa: EMAIZE Sexologia Zentroa Diseinua eta maketazioa: Ángel M.ª Remírez de Ganuza © Irakurketa-gida: EMAIZE Sexologia Zentroa © Testua: Nerea García, 2016 © Marrazkiak: Ángel M.ª Remírez de Ganuza, 2016 © Itzulpena: Mario Unamuno, 2016 © Argitaraldi honena: Edicions Bellaterra, 2016 ISBN: 978-84-7290-801-7 Legezko Gordailua: B. 24.249-2016 Inprimatzailea: Impuls45 Gràfica. Granollers (Bartzelona)
Testua: Nerea García Marrazkiak: Ángel M.ª Remírez de Ganuza
Hitzaurrea
Esku artean duzun liburuak haur-transexualitatearen gaia jorratzen du, familia jakin baten ikuspuntutik. Benatako familia da, bere historia konpartitu eta ipuin moldean «kontatu» nahi izan diguna. Liburu honetan Nerearen istorioa kontatzen da, zeinak txiki-txikitatik argi adierazi zuen neska sentitzen zela, nahiz zakila izan, nahiz inguruko guztiek mutil gisa tratatu. Ipuin hau irakurtzerakoan, ondo berezitu behar dira sexu-identitatea (mutiko edo neska sentitzea) eta sexu bakoitzari historikoki esleitu zaizkien rolak. Horrekin esan nahi dugu jolas, arropa edo baita kolore jakin bat lehenesteak EZ duela inor gizonago edo emakumeago bihurtzen. Hutsala da «mutilen gauzen» eta «nesken gauzen» arteko bereizketa, ez da halakorik, nahiz helduok sarritan horrela ikusten ditugun gauzak, eta haurrei sexu-aurreiritzi eta estereotipoz beteriko mezuak helarazten dizkiegun. Ildo horretan egin ditugun aurrerapenak gorabehera, oraindik ere bide luzea dugu aurretik egiteko. Era berean, ohikoa da transexualek, haurtzaroan, zenbait sexu-estereotipo nabarmentzea, beren benetako identitatea ikusarazi eta berresteko tresna gisa. Ipuin honetan ere ikusten da hori tarteka, esaterako haurrak senideei panpinak eta soinekoak eskatzen dizkienean, edo printzesa-jantzia jasotzerakoan pozez zoratzen denean. Hala ere, berrespen hori ez da mutiko eta neska transexual guztien kasuetan agertzen; istorio hau neska eta familia jakin batzuen kasua da. Haur-transexualitatearen errealitatea hurbiltzeaz gain, gure xedea sexu-aniztasunaren onarpenean laguntzea da, hau da, laguntzea ulertarazten ez dagoela mutiko edo neskato (gizon edo emakume) izateko modu onargarri bat eta bakarra, baizik eta pertsona bezain beste. Ipuinaren ostean aurkituko duzun irakurketa-gida laburrak etekin gehiago ateratzen lagunduko dizulakoan gaude. Orain, istorio hau zurea ere bada. EMAIZE Sexologia Zentroa
Esker onak
Protagonistari eskaini eta eskertu nahi diot ipuin hau, nire alaba Nahianeri, sexu-identitatea adieraztean hain ausarta eta indartsua izan delako, ez duelako amore eman. Eskerrak eman nahi dizkiot den bezalakoa delako, eta haren aitari, ahizpari eta niri neuri horrenbeste irakatsi digulako. Eskerrik asko Nahianeren maistra Mila Angulori, etxean gurekin zenean bezala, eskolan ere Nahianegan neskato bat ikusten zuenari. Milak nire alde jarri izan ditu begiak, belarriak, baita bihotza ere. Eskerrik asko eskolan emandako laguntza guztiagatik… eta, jakina, baita Luna bere orangutanari ere. Eskerrik asko hain maila profesional ona, eta, batez ere, gizatasun handia erakutsi diguten Ana Ramírez de Ocáriz eta Joserra Landarroitajauregiri, beldurraren eta ezjakintasunaren aurrean alboan egon zaretelako; eskerrik asko horrenbeste irakasteagatik. Maite zaituztet! Eskerrik asko Eva Witt-i horrenbeste emateagatik, entzun, zalantzak argitu, lasaitu, kontsolatu, ernarazi eta beti-beti gertu izateagatik. Hori bai hori ama kementsu eta nekaezina! Eskerrik asko berriro Ana Ramírez de Ocárizi, ipuin honi bizia emateagatik. Eskerrik asko Angel Remírez de Ganuzari, ipuina haurrentzat hain modu politean ilustratzeko sentiberatasuna izan duelako. Eskerrik asko Mario Unamunori euskarara itzultzeagatik eta, hartara jende gehiagorengana iristeko aukera emateagatik. Eskerrik asko Emaize, Errespetuz eta Chrysallisi, baita senide, adiskide eta ezagunei, ikastetxeari eta bertako gurasoei. Eskerrik asko bereziki eskolako haurrei, aurreiritzirik gabe eta xalotasun osoz hain bidaia natural eta ederra egiteagatik. Iritsi dadila gure seme-alabak errespetatu, ulertu eta diren bezala izaten uzteagatik inori eskerrak eman beharko ez diogun eguna! Hala bedi. Nerea
Behin batean‌ bazen ospitalean pozez gainezka zegoen aitaama bikote bat, haur txiki bat izan zutelako.
ÂŤSeme bat izan duzueÂť, esan zien medikuak.
Gurasoak asko poztu ziren: lehendik bazuten alabatxoa, eta orain, mutikoarekin, bikotea ere bai.
Mutilentzako arropa eta jostailuak erosi zizkioten.*
*  Ez ezazu ahantzi gaur egun ere helduok garela mutilei holako eta neskei halako kolore eta jolasak, propio bereiziak, esleitzen dizkiegunak.
Haurra hazi egin zen. Bi urte zituelarik, gurasoak ohartu ziren ez zitzaiola batere gustatzen bere jostailuekin jolastea,
eta panpinak eta soinekoak erosteko eskatzen zien.
Gurasoek ezetz esaten zioten, horiek ÂŤnesken gauzakÂť zirela.
Oso triste jartzen zen mutikoa, negarrari eutsi ezinik.
Hauxe esan zien semeak bere gurasoei 3 urte bete zituen urteko Gabonetan:
ÂŤOlentzero etortzea nahi dut: neska bihurtzeko eskatuko diot, eta jostailuak eta neskaarropak ekartzekoÂť.
Gabon gaua iritsi zen, eta Olentzerok opari asko ekarri zizkion, baina horien artean ez zegoen eskatu zituenetik ezer. Oso-oso triste jarri zen, negar-zotinka, eta honela mintzatu zitzaion amari: ÂŤAma, ni oso txintxo portatu naiz;
zergatik ez dit Olentzerok eskatutako ezer ekarri?Âť.
Oso kezkatuta zeuden mutikoaren gurasoak eta arreba, benebenetan triste ikusten zutelako. Baina beste opari bat ekarri zion Olentzerok: ohe azpian utzi zuenez gero,
‌umetxoak ez zuen ordura arte ikusi.
Lotarako oheratzerakoan ohartu zen. Oparia ireki zuen eta… hara, zer zen hura?: «Ehhhhhhh!! Zer da hau?? Zeinen ondo!! Aitaaaaaa, amaaaaaa, arrebatxooooo, etorri, etorri…!! Begira zer ekarri didan,
…printzesa-jantzia da-eta!! Behingooooz!!», egiten zuen oihu mutiltxoak, pozez zoratu beharrean.
Ziztu bizian jantzi zuen soinekoa. Ondoren orraztu egin zen, eta ilea biltzeko urkilak ipini zituen buruan‌ Hain zegoen pozik! Behin eta berriz begiratzen zion bere buruari ispiluan, pozez gainezka: Begira, begira!! Zer gertatzen zait aurpegian,
inoiz baino politago nago eta!!Âť.
Egun askoan, etxera iristeko irrikatan egoten zen; printzesaz jantzi eta,
pozarren, jolasean ematen zuen denbora.
Hazi ahala, mutiltxoak «nesken gauzak» eskatzen jarraitu zuen, eta honela mintzo zitzaien gurasoei eta arrebari. «Ni ez naiz mutikoa, neska naiz
…jakin dezatela adiskide guztiek, horixe nahi dut-eta».
Haurra hain triste ikusirik, gurasoek medikuarenera jo zuten, zer gertatzen zitzaien azaltzera. Hauxe esan zien medikuak, umea ikustean: «Hara… damu naiz, benetan damu naiz!! Jaio zenean, mutikoa zela esan nizuen, baina oker nengoen. Neska da. Izena aldatu behar diozue
…eta neska gisa hartu, horixe baita, neska».
Gurasoak eta ahizpa (bai, bai‌ ahizpa!, Nerearen ahizpa, ez arreba) neskatoarekin bildu ziren, eta ordura arte oker zebiltzala azaldu zioten, eta egun horretatik aurrera
‌berak nahi bezala deituko ziotela.
Oso-oso pozik jarri zen.
Behingoz ulertu zutela sentitu zuen, behingoz neska zela kontatu ahal izango zien adiskide guztiei, eta hauxe zuela izena:
Nerea Izen horixe hautatu baitzuen. Egun horretatik aurrera
neska gisa ikusten zuten denek, eta oso zoriontsua izan zen aurrerantzean. Derioko plazan jendea kalabazaren zain geratu zen, ipuin hau EZ baita inolaz ere amaitu.
IRAKURKETA-GIDA Ipuinean irakurri ahal izan duzun bezala, neskato edo mutiko izateko garrantzitsuagoa da norberaren sentitzeko edo pentsatzeko modua, zakila edo alua edukitzea baino.
A. GALDERAK Nola sentitzen dira haurrak ipuina irakurri ostean? Galdera-sorta honek lagunduko dizu haiekin hausnarketa egin eta hitz egiteko. • Nola sentitzen da protagonista ipuinaren hasieran? Eta amaieran? • Zer egiten du hobeto sentitzeko? • Zu zeu, sentitu al zara inoiz triste? Zergatik? Zer egin duzu hobeto sentitzeko? • Nola lagundu diote amak, aitak eta ahizpak gure protagonistari? • Gaizki sentitzen zarenean, nori kontatzen diozu? Nola sentitzen zara kontatzen diozunean? • Zergatik uste duzu protagonista neska sentitzen dela? • Zertan egin zuen huts medikuak? • Ohartu al zara tximeleta oso berezi bat agertzen dela ipuinean? Orrialde guztietan ageri da. Ea topatzen duzun! • Zure ustean, zergatik areagotzen da tximeletaren presentzia ipuinean aurrera egin ahala? • Zertan dute antz tximeletek eta gure protagonistak? Ba al zenekien hegan egin ahal aurretik tximeleta har izan dela, eta baita krisalida ere (hau da, kusku baten barruan egon dela, geldi-geldirik)? Irteteko prest dagoenean, kuskua hautsi eta hegan egitera ateratzen da, bere hego ederrekin. • Zer egin zenezake zuk Nerearen egoeran dagoen norbait ezagutuz gero, ondo eta zoriontsu sentitu dadin? • Ipuin hau ez denez amaitu, nola uste duzu jarraituko duela?
B. INFORMAZIO OROKORRA Ezer baino lehen, har ezazu kontuan ipuinak kontatzea ez dela testua irakurtze hutsa, hori baino gehiago baizik. Denbora-tarte, espazio eta egoera egokiak behar ditugu, haurrak entzuteko prest egon daitezen, gure xedea beraiekin elkarrizketan aritzea lortu nahi dugu. Protagonista gertatzen zaionaz pentsatzen dutena eta zer sentiarazten jakin nahi dugu, eta horri esker, baita bakoitzaren identitatearekin konektatu ere. Izan ere, ipuin honen jatorrian egoera erreal bat dago: ume haren amak idatzi zuen ipuina, alabaren «egiazko» istorioa kontatzeko, eta haren Haur Hezkuntzako maistrak erabili zuen tresna gisa, ikaskideek ulertu ahal zezaten lortu asmoz. Duela oso gutxira arte haur-transexualitatea tabua izan da (kasurik onenean, txarrenean gizarteak ezikusiarena egin izan baitu). Alabaina, profesionalei eta, batez ere, errealitate horrekin bizi diren senideen kontzientziazioari esker, azken hamarkadan gizartea begiak eta gogoa irekitzen hasi da haur horiekiko. Dena den, egiteko asko geratzen da oraindik sexu-aniztasuna izan dadin ez soilik onartu beharreko balorea, baita hazi eta jorratu beharrekoa ere. Hezkuntzaren alorrean, baliabide pedagogiko urriak dituzte oraindik familia eta eskolek gai hau txikienekin lantzeko. Arrazoi horrexek bultzatu du Edicions Bellaterra transexualitateari buruzko ildo editorial bat berariaz sortzera. Horixe da esku artean duzun ipuinaren arrazoia: errealitate honen inguruan hausnarketan laguntzeko tresna izatea, eta haien hezitzaileen artean (azken batean gizarte osoa gara haurren hezitzaile) sexu-aniztasuna aberastasun-iturria den kontzientzia zabaltzea.
Gure protagonista Nerea ulertzeko, aldez aurretik sexu-identitatea zer den ulertu beharra dago. Beste ezaugarri pertsonal asko bezala, sexu-identitatea jaio aurretiko joeren eta bizi-esperientzien uztarduraren emaitza da. Pertsona guztiengan gertatzen den sexuazio-prozesuaren maila bat da, eta horren emaitza gutako bakoitza garen emakume edo gizonezko bakar eta berdingabe hori da. Sexu-identitateak gutako bakoitzak bere burua sexu jakin bateko edo besteko sailkatzeko, bizitzeko eta sentitzeko modua azaltzen du: «mutikoa naiz» edo «neska naiz». Kasu gehienetan, jaiotzean alu edo bulba duena neska gisa sailkatuko dute, eta halako sentituko da; eta zakildun jaiotzen dena mutil gisa sailkatuko dute eta halako sentituko da. Baina errealitatea hori baino konplexuagoa da, EZ baitira genitalak edo gorputz-irudia gizon edo emakume egiten gaituztenak, ezta gustuko ditugun jostailuek edo gure keinuek. Sexu-estereotipoetatik haratago joatera gonbidatu nahi zaituztegu, ulertzera neska eta mutilek ez dutela zertan beti paper berberak jokatu. Zenbat gizon eta emakume garen, hainbeste dira mutil edo neska izateko moduak ere: ez hobeak edo txarragoak, desberdinak baizik. Gizakion sexuaniztasunaren konplexutasuna ulertzeko, ulertu behar dugu, aurretiaz, gutako bakoitzean ezaugarri maskulino eta femeninoak bizi direla elkarrekin, eta horrexegatik, hain zuzen, dagoela mundu zabalean gizaki bezainbeste modu gizonezko edo emakume izateko. Hots, badira alua duten mutilak eta zakila duten neskak, eta hori ulertzeak transexualitatea «okerreko gorputzean jaiotzea» dela dioen ideia gainditzen laguntzen digu. Beraz, kontuz, identitateaz ari gara, eta ez portaera, zaletasun edo jolasez: neska sentitzen den neska batek gustuko izan ditzake futbola, kamioiak, mutikoekin ibiltzea, eta batere ez, esaterako, gona janztea edo xingola eramatea. Eta neska izango da hala ere, neska sentitzen delako. Gauza bera mutiltzat jo den eta bere burua halakotzat duenaren kasuan: agian gustatuko zaio azkazalak margotzea, txiza eserita egitea eta jolas lasaietan aritzea; mutil izango da, bere berezitasunekin, baina mutil. Azpimarratu egin nahi dugu kontu hau, batzuetan nahastu egiten ditugulako jokaerak eta identitatea. Gauza bera gertatzen da desiraren orientazioarekin: haurtzaroko afizio edo jolasetan oinarrituta ezin dugu asmatu mutil edo neska jakin bat mutilek edo neskek erakarriko ote duten kozkortzen denean. Haurtzaroan hautsi egin daitezke neska eta mutilei esleitutako portaerari buruzko arauetako batzuk, baina hortik ezin da iragarri pertsona jakin bat, heldutasunera iristean, homosexuala izango den edo ez. Ondorioz, garrantzitsua da sexu-identitatea (mutil edo neska sentitzea) ez nahastea ez keinu-patroi jakin batekin (hori ere sexu bati edo besteari esleitzen zaio: mutil «maritxua» edo neska «mari-mutila»), ez eta pubertarora arte garatuko ez den desiraren orientazioarekin ere (mutilek edo neskek erakarriko ote duten). Gure gizartean ez du haur jaio berriak berak erabakitzen mutila edo neska den (izan ere, 2-4 urte inguruan hasi gaitezke hori adierazten), baizik eta «kanpo-eragileek» (normalean osasun-langileek), jaio berriaren genitalei erreparatu ostean. Beraz, lehen uneko erabaki horrek –zuzena izan edo ez– ondorio itzelak eragingo ditu haurraren bizitzan, emango zaion izenetik edo erosiko dizkioten arropetatik hasi, eta bere izaera askatasunez adierazteko aukera baimendu edo ukatzeraino. Haurtzaroko lehen urteetan helduek nahastu egin ditzakete norberaren identitatearen adierazpena eta jolas hutsa baino ez dena. Haur transexual askok (Nereak, esaterako) norbere identitatea indartu behar izaten dute, bere sentitzen duten sexuari gizarteak egotzi dizkien jardueretan aritzeko grinaren bitartez. Identitate femeninoaren kasuan, adibidez, etengabe printzesa-jantziak eta arrosa koloreko arropak eskatzea, jolas «maskulinoak» (futbola) errefusatzea… Mutil sentitzen direnen artean, aldiz, txandala jantzi nahi izatea, superheroi-mozorroak eskatzea eta ile luzeari uko egitea. Baina ez dezagun ahantzi «mutilen artean mutilena» edo «nesken artean neskena» agertzeko beharra desagertu egiten dela pertsona horren benetako identitatea onartzen denean, eta pertsona batetik bestera, esperientziak oso desberdinak direla. Izan, bada, genero-adierazpena hain zorrotz erakusten ez duen pertsonarik. Ipuinak erakusten digu protagonista zoriontsua dela soilik den bezala agertzen uzten diotenean, aurreiritzirik gabe adierazten uzten diotenean, inguruan dituen pertsona inportanteenek (amak, aitak, ahizpak) bere benetako izaera onartzen dutenean. Hori funtsezkoa da protagonistaren autoestimuaren eraikuntzan, bere buruarekiko segurtasuna irabaz dezan, eta baita bizitzak aurrerantzean plazaratuko dizkion erronkei aurre egin diezaien. Horixe da ipuinaren orrialde guztietan agertzen den tximeletaren irudiak adierazi nahi duena: paper aktiboa jokatzen duen neurrian, neska gero eta gehiago onartzen dute, eta, aldi berean, tximeletak gero eta presentzia handiagoa dauka.
Desberdintasuna oztopo gisa baino ezaugarri gisa ulertzeak egoera txar eta zorigaiztokoen aurrean indartsuago izaten lagun diezaieke haurrei. Eta bizitza horrelako egoerez gainezka dago. Beraz, hezitzaile garen neurrian, gure zeregina ez da horrenbeste haurrak arrazoizkotik harago bultzatzea (esaterako, izenaren generoa haurrak berak horren beharrik sentitu baino lehen aldatzea), edo bizi dituzten prozesuei mugak jartzea (sentitzen diren bezala adierazten galaraztea), baizik eta LAGUNTZEA, haien lekuan jartzeko gauza izatea, haien alboan egotea, zer behar duten entzutea, haien gaitasunak, autonomia eta izaera berezia indartzea. Hori bezain sinplea da hezitzaileoi dagokigun zeregina, hori bezain konplikatua.
C. GLOSARIOA Ipuina ulertzen laguntzeko asmoa dute definizio hauek: Sexu-identitatea: izaki sexuatu den aldetik, pertsona jakin baten kontzientzia zehazten duen eraikuntza biografikoa da, gorpuztasun jakin batean oinarrituta, norberak bere burua gizon edo emakumetzat jotzearen esanahi subjektiboa. Sexu-identitatea ez da beti besteek esleitzen diguten etiketarekin bat etortzen. Gorputz-irudia: nork bere gorputzaz duen buru-errepresentazioa, horrek norberagan pizten dituen jarrera eta sentimenduekin batera. Desira erotikoa: plazera emango diguten esperientzia erotikoen bila beste izaki sexuatuarengana bultzatzen gaituen emozioa da (hots, beste hori gizon edo emakume delako berarengana bultzatzen gaituena). Desira sexu bereko pertsonenganakoa izan daiteke (homosexualitatea), edo beste sexukoenganakoa (heterosexualitatea). Sexuazioa: horrela deitzen diogu sexu-bereizketaren prozesuari, izaki sexuatu egingo gaituenari, gizon edo emakume gisa osatuko gaituen bidaiari, eta gutako bakoitza modu berezian, paregabean, errepika ezinean. Prozesua ernalketa unean hasten da, eta nahiz eta bizitza osoan garatuko den, benetan pisu handia dauka umetoki barneko bizitzan gertatzen denak. Aldi horretan gure gorputzeko atal asko bereizten dira sexualki, esaterako gonadak, hormonak, genitalak, burmuina… Jaio ostean, eta hil artean, garrantzi handiagoa hartuko dute faktore anbientalek, esaterako norberak jasotako hezkuntza- edo kultur-arauek. Prozesu honek gizon eta emakume berezi eta paregabeko bihurtzen gaitu. Sexu-rolak: gizarteak sexu jakin bati egotzi dizkion alderdi guztiak dira (jokamoldeak, arropa, zaletasunak, keinuak, jolasak…). Rolak eraikin sozialak dira, eta, horrenbestez, desberdinak kulturen eta une historikoen arabera. Hezitzaile garen neurrian, oso garrantzitsua da haurrak sexuaren arabera egotzitako roletara ez mugatzea, eta bai, alderantziz, gaitasun guztiak sustatzea, gizarteak ezarritako etiketei muzin eginez. Transexualitatea: sexu-identitatea (gizon edo emakume sentitzea) ez dator beti bat genitalekin edo beste egitura sexu-egile batzuekin, ez eta besteen sexu-etiketekin ere. Sexu jakin batekin edo bestearekin identifikatzeak ez dauka zerikusirik desiraren orientazioarekin, zeina homosexuala edo heterosexuala izan daitekeen.
D. ESTEKA INTERESGARRIAK Emaize Sexologia Zentroa. www.emaize.com Chrysallis. Adingabe Transexualen Familien Elkartea. www.chrysallis.org.es/ (gaztelaniaz). Chrysallis Euskal Herria. Adingabe Transexualen Familien Elkartea. Arelas. Galiziako Adingabe Transexualen Familien Elkartea.
AEPS (Sexologiaren alorreko Profesionalen Estatuko Elkartea - Asociación Estatal de Profesionales de la Sexología). www.aeps.es/ (gaztelaniaz). Berdindu. Pertsona gay, lesbiana, bisexual eta transexualen arretarako euskal zerbitzua. Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila. Eusko Jaurlaritza. www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus/r45-berdhome/eu/
Rainbow Proiektua. (Arartekoaren erakundeak parte hartzen du europar proiektu honetan). www.rainbowproject.eu/material/eu/index.htm Fundación Daniela. www.fundaciondaniela.org Asociación Internacional Ilga. www.ilga.org/es/ ATRU. Asociación Trans del Uruguay. @atruuruguay
My princess boy. www.myprincessboy.com Ampgyl. www.ampgyl.org Asociación Trans Huellas. @asociaciontranshuellas Edicions Bellaterra. www.es-bellaterra.com Asociación Travestis Transexuales Transgéneros de Argentina. www.attta.org.ar
E. FILM INTERESGARRIAK From Lukas to Luus. Zuz.: Charlotte Hoogakker. Herbehereak, 2005. Film labur dokumentala. Mi vida en rosa. Zuz.: Alain Berliner. Frantzia, 1997. Fikzioko film luzea.
Vestido nuevo. Zuz.: Sergi Perez. Espainia, 2008. Fikzioko film laburra. Tomboy. Zuz.: Céline Sciamma. Frantzia, 2011. Fikzioko film luzea.
F. LIBURU INTERESGARRIAK Helduentzako Transgenerismos, Norma Mejía Transexualidad, intersexualidad y dualidad de género, José Antonio Nieto Transexualidad y la matriz heterosexual, Patricia Soley-Beltran Buscando el final del arcoíris, Fiona Joy Green eta May Friedman [ed.] Intersecciones: cuerpos y sexualidades en la encrucijada, Lucas R. Platero [ed.] Trans*exualidades, Lucas R. Platero Una vida «normal», Dean Spade Tyara. Un vampiro con tacones, Jordi Pujol Transbarcelonas, Rafael M. Mérida Jiménez Por un chato de vino, Lucas R. Platero
Gazteentzako 1, 2, 3, 4… historietas diversas, Susana Martín eta Nac Scratchs Ser h(u)ome*(à), Ian Bermúdez Raventós Transito, Bermúdez eta Cantero No era quien me dijeron ser, Alejandra Inclán Llámame Paula, Concepción Rodríguez
Haurrentzako La festa d’en Blai, Iñaki Tofiño i Sebastià Martín El rancho de Cris, María Gutiérrez La mochila rosa, María Gutiérrez Mi Princesito, Cheryl Kilodavis Soy Jazz, Jessica Herhel eta Jazz Jennings Amar con los pelos revueltos, Syrus Marcus Ware El día de todo al revés, S. Bear Bergman Las aventuras de Tulipán, S. Bear Bergman