1 minute read
AGURRA
GORA AMA GUADALUPEKOA! GORA HONDARRIBIA!
Laugarren urtez jotzen dut zuengana gure hiriko jaiek hasi behar duten momentuan. Laugarren urtez jaietako egitaraua aurkezteko, eta udal ordezkari nahiz langileon izenean jai-egun onak pasa ditzagun opa izateko, bai familian, bai lagunartean eta baita gure kale-plazetan ere. Hondarribiarrok horretan ere badakigunez, igaro ditzagun egunok konten, errespetuz eta ospakizuna eta atsedenaldia uztartuz.
Advertisement
Ilusioz ari gara lanean eta ilusioz jarri dugu denen eskura hiriko hainbat taldek eta Udalak elkarrekin listatutako ekitaldien eskaintza aberatsa. Nire esker ona adierazi nahi diet beste herritarron izenean urte guztian zehar eta jaietan bereziki jo eta ke ari diren guztiei. Izan ere, Hondarribia bizia izango bada, ezinbestekoa baita bakoitzak bere eremuan proposamenak egin eta lankidetzan garatu eta gauzatzea. Eta horretan ere badakigula frogatua dugu hondarribiarrok aspaldi. Mila esker, herritarrok herritarrokin, eta etortzen diren bisitariekin, gure kale eta plazetan jai-giroa eta sentimendua partekatuz aritzeko aukera eskaintzeagatik.
380 urte joan dira gure aurrekoek Guadalupeko Amabirjinari hitza eman ziotenetik. Badakit erantzukizunez, gizalegez eta errespetuz beteko dugula orduan egindako hitz ematea, eta herri-lotura sendotzea denon gogo-bihotzetan izango dugula.
Jai atsegin eta zoriontsuak izan ditzagula denok, egunerokotasunetik itzuri joateko balia ditzagun, gure elkartasuna jaso dezatela jaiok bestela bizitzea egokitu zaien hondarribiar guztiek eta har ditzagun gogoan gurekin ez daudenak.
Txomin Sagarzazu Ancisar
Alkatea/Alcalde