11 minute read

OROIMEN TXATALAK

Next Article
OBRAK

OBRAK

Advertisement

KULTURBILTZA

LARRABETZUTIK ERE SORTUKO DA GEURETIK SORTUAK

Kultura, segurua ez ezik, beharrezkoa delako, Larrabetzuko Udalak kulturaren aldeko apustua berretsi du; eta ez bakarrik udalerri barrura begira, baita Euskal Herrira begira ere. Horrela, Larrabetzuk, Euskal Herri osoko beste hainbat herrirekin batera, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoan parte hartuko du, euskara hutsean egindako sormena Euskal Herriko bazterretara eramango duen ekimena. 2021. urte osoa eta 2022aren lehen erdia hartuko dituen kultur proiektu berria da eta euskara hutsean sortutako literatura, antzerkigintza eta zinemagintza lehen lerroan jartzea du helburu.

2021eko lehen erdian deialdi publiko bat aterako du Udalbiltzak kulturgileak hautatu ahal izateko. Kulturgile bakoitza herri bati esleituko zaio eta hainbat aste igaroko ditu herri horretan, bere artelana sortzeko: eleberri labur bat literaturaren kasuan, film labur bat zinemagintzaren kasuan edo antzezlan bat antzerkigintzaren kasuan. Artelana 2021eko azken hiruhilekoan eta 2022ko lehen erdian burutuko da. Herri bakoitzean proiektu honen bitartez sortutako lan guztien emanaldiak eta aurkezpenak egingo dira, Euskal Herri osoan kultur zirkuitu bat sortuz. Honakoak dira aterako diren obrak: eleberri laburrekin egindako bilduma bat, 4 antzezlan inguru, eta sortutako film laburrak barnebiltzen dituen film luze bat. Eleberri laburren bilduma egingo duen argitaletxea, film luzearen muntatzailea eta antzerki obrak mugituko dituen areto-teknikaria kontratatzeko beste deialdi publiko bat egingo da fase honetan.

Larrabetzurekin batera honako herri hauek hartuko dute parte oraingoz: Durango, Usurbil, Oiartzun, Zuia, Artziniega, Oñati, Leitza, Lesaka, Bera, Lexantzu-Zünharre, AmasaVillabona, Zestoa, Arrigorriaga, Zaldibia, Tafalla, Uztaritze, Etxarri-Aranatz, Bergara, Mendabia, Lodosa, Sartaguda eta Andosilla.

EUSKARALDIA 2020 LARRABETZUN

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egin zen Euskaraldiko bigarren edizioan parte hartzeko bi modu egon ziren. Batetik, Ariguneak sortu ziren; modu horretan, Ariguneetako kideok, Ahobizi eta Belarriprest moduan parte hartu bagenuen ere, modu kolektiboan, euskaraz lasai egiteko”arigune” legez ere egin genuen ariketa. Eta, bestetik, aurreko edizioan bezala, norbanako legez izena eman genuen, Belarriprest edo Ahobizi rolekin, euskaraz GEHIAGO, GEHIAGOREKIN ETA GEHIAGOTAN egiteko.

Bigarren edizio honetan parte hartzeko 19 Arigunek eman zuten izena Larrabetzun: Gaztelumendi Abesbatza, Bideko Aterpe Koop. E, Bizkargi Dantza Taldea, Darabilgu, Hori Bai Gazte Asanblada, Ines janari-denda, Itallen Bertso Eskola, Kutxabank SA, Laboral Kutxa, Larrabetzuko EAJ, Larrabetzuko EH Bildu, Larrabetzuko Udala, Uras estetika eta masajea, Oguiza Hortz Klinika, Olarreta Pilota Elkartea, Txinpasmendi Guraso Elkartea, Txokoan Emakume Pilotarien Elkartea, Xaker Kirol Zerbitzuak, Zutunik! Talde Feminista.

Guztira 432 larrabetzuarrok eman genuen izena Belarriprest edo Ahobizi aritzeko: 358 Ahobizi, eta 74 Belarriprest. Aipagarria da horietatik 81ek lehenengoz parte hartu dutela Euskaraldian. Eta ez da marka txarra. Izan ere, nahiz eta aurreko edizioan baino gutxiago izan (521), kontuan hartu behar da, batetik, pandemiak izugarri baldintzatu duela girotze-lana; eta bestetik, aurtengo edizioan ez direla aintzat hartu errepikatuta egon diren izen-emateak. Solasaldiak Euskararen Egunean, eta Euskaraldiaren azken egunean

Euskaraldiaren azken bi egunetan bi saio antolatu zituen Darabilguk: Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, euskararen jatorriari buruzko berbaldia Josu Naberanen eskutik Hori Bain.

Abenduaren 4an, Euskaraldiari amaiera emateko ekitaldian, elkarrizketa Maialen Arteaga gazte zornotzarrari, Gaztealdian parte hartu zuen Euskal Herri osoko 9 gazteetako bati, Angulerin.

Biak ala biak arrakastatsuak, 30 lagunetik gora bildu ziren saio bakoitzean.

EUSKARAREN ALDIA, 365 EGUNEKOA

• Azaroaren 25ean Larrabetzuko Udalak,

Osoko Bilkuran, aho batez onartu zuen adierazpen instituzionala Euskararen

Eguna zela eta. Bat egin zuen besteak beste EUDELek eta UEMAk aurkeztu zuten testuarekin, eta honako konpromisoak hartu ziren:

1- Gure herrian euskararen ezagutzaren, erabileraren eta sustapenaren alde lan egiten duten elkarte eta erakundeak laguntzen segitzeko konpromisoa. 2- Larrabetzuarrei euskara ikasteko eta erabiltzeko aukera zein laguntzak ematen jarraitzeko konpromisoa. 3- Larrabetzuko Udalean euskara zerbitzu hizkuntza, lan hizkuntza eta komunikazio hizkuntza izan dadin urraturiko bideari eusteko konpromisoa.

• Larrabetzuko Udalak, Udalaren Euskara Planaren baitan, honako erabakiak hartu ditu: Errolda-agiriak eta bestelako jakinarazpenak euskaraz bidaltzea, besterik adierazi ezean; arian-arian txosten teknikoak euskaraz sortzen joatea; adieraztea Jaurlaritzari, BFAri eta Mankomunitateari hemendik aurrerako idatzizko harremana euskaraz izatea gura duela Larrabetzuko

Udalak; eta egiten diren kontratazio guztietan hizkuntza baldintzak sartzea. Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, saio bat egin zen udal-langileekin hartutako neurriak azaltzeko.

• Abenduaren 3an, Euskararen Eguna izan zela baliatuz, LH2ko haurrek euskararen inguruko tailerra jaso zuten Larrabetzuko eskolan UEMAko teknikarien bidez. Saioan haurrek beraien inguru hurbilean zein hizkuntza erabiltzen eta entzuten dituzten identifikatu zuten. Tailerrari buruzko bideoa ikusgai dago http://www.larrabetzukoeskola.eus webgunean. • Darabilgu elkarteak eta UEMAk gure herriko saltoki batzuen paisaia linguistikoaren behaketa egin zuten azaroan eta, horren ondorioz, erdaraz zeuden hainbat kartel, ohar… euskaratu eta saltokietako arduradunen esku utzi dira.

• Beste talde bat hasi da Larrabetzun euskara ikasten, hasiera-mailatik hasi ere. Gaur-gaurkoz, hiru talde ari dira gure herrian euskara ikasten: Hasiera mailakoa astearte eta ostegunetan, 16:30etik 19:00etara; B1 maila, astelehen eta asteazkenetan, 18:00etatik 20:30era; eta

B2 maila, astelehen eta astearteetan 09.30etik 12:30era.

Larrabetzuko Udalak matrikularen %80 ordaintzen die ikasleei.(izena emateko deitu 607598794 telefonozenbakira). Eskolak Gure Etxea tabernako goiko solairuan ematen dira.

OROIMEN HISTORIKOA MEMORIA HISTORIKOAN OINARRITUTAKO PROIEKTU ARTISTIKOAK GARATUKO DIRA LARRABETZUN

Larrabetzuko Udalak eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateak hitzarmena sinatu dute Larrabetzuko memoria historikoan oinarritutako proiektu artistikoak garatzeko. 1936ko gerra eta gerra osteko diktaduraren garaia eta gerraren gizadimentsioa izango dira abiapuntu, orduko andre, gizon eta umeen egoerak eta bizipenak gaurkora ekartzeko, eta berauei aitortza justu eta egiazkoa egiteko.

Ekimen honetan parte hartu ahal izango dute, lehiaketa bidez, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean ofizialki matrikulatutako ikasleek (Gradu eta Graduondoko ikasketeetan), azken bi urteetan Arte Ederren Fakultatean ikasketak amaitu dituztenek, eta Arte Ederren Fakultatean ikasketak burutu dituzten larrabetzuarrek.

Proiektuak Larrabetzun garatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek, artearen ikuspuntutik herriaren testuinguruan sakontzeko. Edozelan, parte-hartzaileek euren lanak herritarren nahiak kontuan hartuta egin beharko dituzte, eta irabazlea Larrabetzuko herritarrek aukeratuko dute, dialdian zehaztuko den moduan.

Geroago publikatuko den deialdian, hain zuzen ere, zehaztuko dira epeak, baldintzak, dirulaguntzak eta lehiaketaren nondik norako guztiak.

GYM BERDEA: AIRE ZABALEAN SASOIAN JARRIETA GURE HERRIA EDERTU

Duela egun batzuk itxi genuen Gym Berdea Larrabetzuko ikastaroa. Eta bost urte igaro dira lehen kartelak jarri genituenetik eta galdetu ziguten: “Baina, zer da hori?”.

Dakizuenez, basoan eta lorategian gure osasuna sustatzeko elkartzen garen pertsona talde bat gara. Herriko espazio publikoetan esku-hartzeak egiten eta mantentzen ditugu, eta ondo sentitzen gara, pixkanaka lurzoruen emankortasuna berreskuratzen dugulako, gure herriari kolorea ematen diogulako eta pertsonak naturarekin lotu daitezkeen espazioak sortzen ditugulako.

Deia sentitzen baduzu, egin zaitez gymberdezale: otsailaren 10ean hasiko dugu 2021eko ikasturtea. Izena eman edo informazio gehiago eskatu nahi baduzu, deitu Kekori, 699 73 98 51 zenbakira. Lerro hauetan, ikastaro honetako gauzarik garrantzitsuena hurbildu nahi dizugu. Lehenik eta behin, esan behar dizugu, azkenean, udalerriko mozteak eraldatzea lortu dugula, belardi altuak mantentzeko, intsektu eta hegazti talde ezberdinak elikatzeko. Bestalde, bide bat ireki dugu hiltegi zaharreko basoko mantxatxoan, bereziki txikienentzat pentsatua. Oraindik ere txakurrak eta ontzi ugari ageri dira parterretan, baina, horrez gain, landatu berri diren gune batzuk zapaldu dituzte, zuhaitz batzuk apurtu dituzte eta behin eta berriz desagertu dira seinaleztatzeko eta hesitzeko hesolak. Hesolak kentzen ari diren mutil talde batekin hitz egin arren, eta haien jolasetarako materialak eskaini arren, ez dugu dinamika hori geldiaraztea lortu. Hemendik, zuen laguntza eskatzen dizuegu arazo hau konpontzeko.

Baina zuei kontatzeko dugun berrikuntza nagusia basoarekin lotuta dago. Sasine, orain arte, esku hartzeko gune bat zen, eta bertan lan egiten genuen pixkanaka urtero. Bada, konfinamenduan partzelan igarotako denboratik, hainbat bizilagunen ekimenetik eta Udalaren laguntzatik sortu da SASINEBASO proiektua: biodibertsitatea berreskuratzen dugun baso bat, hura zeharkatzen duen eta zuhaitzen artean ibiltzeko eta korrika egiteko aukera ematen digun bide bat, eta hainbat eremu ireki, non irakurtzeko, hausnartzeko, jateko, jolasteko... gelditu gaitezkeen. Pandemia-egoerak ahalbidetzen duen heinean, 2020. urtearen hasieran planifikatu genuen auzolanaren dinamikari ekingo diogu. Bizitza luzea SASINEBASOn.

GYN BERDEA: somos un grupo de personas que nos unimos para fomentar nuestra salud en el bosque y en el jardín. Realizamos y mantenemos intervenciones en espacios públicos del pueblo y nos sentimos bien porque, poco a poco, recuperamos la fertilidad de los suelos, vamos dando color a nuestro pueblo y creamos espacios donde las personas pueden conectarse con la Naturaleza. Si sientes la llamada, hazte gymberdezale: empezaremos el curso 2021 el próximo 10 de febrero. Si quieres apuntarte o pedir más información, llama a Keko, al 699 73 98 51.

LARRABETZU HERRI HEZITZAILEA

“Hiria umeentzako aproposa baldin bada, guztiontzako ere aproposa izango da”

Tonucci, 1996. Haurren Hiria.

Martxoaz geroztik, mundua astindu duen COVID-19 gaitzak, gure egunerokoa aztoratu du: den dena aldatu du, hasi gure lan egiteko modutik eta gure harremantzeko moduetaraino.

Osasuna erdigunean kokatuz, protokoloek eta kontingentzia planek protagonismo handia hartu dute. Baina bizitzak aurrera darrai eta mahai gainean genituen proiektu eta asmoei berriro ateak zabaldu beharrean gaude. Horietako bat da Larrabetzu Herri Hezitzaileen mapan kokatzeko dugun asmoa.

Argi daukagu gure herriak dituen ezaugarriek bat egiten dutela herri hezitzaileen ikuspegiarekin. Herri hezitzaileez ari garenean ez gabiltza soilik hezkuntza formalaz ari, baita komertzio sistemaz, elikagaiaz, kulturaz, aisialdiaz, hirigintzaz, ingurumenaz eta hauek tokiko garapenaren protagonistak diren agenteekin (erakundeak, eragileak, jendarteak,…) lantzeko moduaz ere.

Nolanahi ere, ez dugu norabidea galdu behar, eta egunerokotasunean balorean jartzen ditugun ezaugarri horiek mantendu edo galdu nahi ez baditugu, hauek elkarlotzea eta berauen kontzientzia hartzea beharrezkoa dela deritzogu.

Bide honetan aurrera urratsak eman nahi ditu Larrabetzuko Udalak, eta pandemia egoeraren baldintzak hobetzearekin batera, ekitaldi sorta egitea du xede. Horretarako, OINHERRI ELKARTEA gure artean izango dugu, HERRI HEZITZAILEen filosofiaren baitan, haurren eta nerabeen aisia-ereduaren eta euren proposamenaren lan-ildoen berri emateko asmoarekin. Bestalde, HERRI HEZITZAILEen sarean dauden herrien esperientziak entzuteko foroak zabalduko ditugu, eta saretuta egotearen onuraz jardun ahalko gara bertan. Oraindik jardunaldietarako data zehatzik jarri ez den arren, urte hasieran egitea da asmoa.

Bestalde, eta ikuspegi hezitzailearekin jarraituz, Udal Gobernuak Eskolako komunitateak abian jarriko duen ESKOLAKO KANPOKO ESPAZIOAren ERALDAKETA proiektua lagunduko du eta 2021ean sentsibilizazio eta formakuntza saioak antolatuko dira eragileei zein norbanakoei zuzenduta. Egitasmo honek eskolako kanpo espazioa eraldatzeaz gain, herriko espazioen polibalentziaz kontzientzia hartzeko eta hausnartzeko balio izango digu.

Heziketa herriaren testuinguruan gertatzen da eta denok dugu horren ardura: herritar, herri elkarte, herri mugimendu zein eskolak; denok dugu zer esan eta zer egin.

Baina...

1.- Herri hezitzailea, zer da? Herri Hezitzailea, herritar guztiak barnebiltzen dituen herri eredu bat da.

Bakoitzak bere izaera galdu gabe, ipar komun baterantz lan egiten duen herri eredu bat. Herri hezitzaileak herriari/herritarrei ere aitortzen die, sarri eskola eta familien gainean erortzen den hezkuntza eragile figura, eta, herriak eta herritarrak hezkuntzan txertatzen ditu, bakoitza beretik, elkarrekin hezkuntza komunitate bat eraikitzeko.

2.- Zer da OinHerri elkartea? Herri Hezitzailearen filosofiaren baitan, Euskal Herri osoko hezkuntzako, euskararen arloko eta aisialdiko 14 eragilek bat egin eta OinHerri elkartea sortzen dute, oinarrizko 7 balio lantzeko.

3.- Zeintzuk dira 7 balio horiek?

1.- Haurtzaroaren kultura aitortzea eta errespetatzea. 2.- Parte hartzea eta erabakitzeko ahalmena eskaintzea. 3.- Aisialdi hezitzailea bermatzea. 4.- Harremanetan, euskara lehenestea. 5.- Aniztasunean berdin eta parekide heztea. 6.- Ingurune kulturala eta kultura zaindu. 7.- Komunitate sarea eta auzolana bultzatzea.

“Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea. Izan ere, herri hezitzaileak sustatzeko elkarteak herritar oro berez hezitzaile direla aitortzen baitu”.

4.- Zer da Herri Hezitzaileen Sarea? Haurren aisialdi parte hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra osatzen duen arlo teorikotik abiatuz, herri hezitzaileen sarea sortu dute Euskal Herriko hainbat udalerrik. Larrabetzuk gertutik jarraitu du Herri

Hezitzaileen Sarearen ibilbidea, eta egin dituzten jarduerak bultzatu ditu. Nolanahi ere, Sarean sartzea eta herrian bertan aurrera urrats zehatz eta praktikoak egitea da orain eztabaidagaia.

5.- Eta Larrabetzun, zer? Herri hezitzaileen filosofia bere egina du Larrabetzuk aspaldidanik. Pixkanaka, baina bidea urratu du azken urteetan.

- Larrabetzuko Umeen Kontseilua da horren adibideetako bat. 2016ean abiatu zen. Alkateari aholku ematen dion 6 neska eta 6 mutilen lantaldea da, 9 eta 12 urte bitartekoak. Helburu bikoitza du

LUKek: haurrak herriaren eraikuntzan subjektu aktibo izatea, batetik; eta, komunitatean hartzen diren erabakien partaide egitea, bestetik. Herriko hainbat espazio egokitu eta eraldatu dira bertan hartutako erabakiak ardatz hartuta. - Larrabetzuko eskolako irakasleek, gurasoek eta udal ordezkariek osatutako Hezkidetza Batzordeak ere eskolako patioaren edo eraikinaren inguruko espazioaren eraldaketa gauzatzeko lanean ari da. 2021erako egitasmoaren berri emateko ekintzak egingo ditu. - ´Orain arte herri honen nortasunari hainbeste eskeini dioten herri mugimenduek, eragileek, elkarteek eta kulturbilguneak, beharrezkoak eta ezinbestekoak izaten jarraitzen dute herri hezitzaileen bidean

OROIMEN TXATALAK

Argazki, dokumentu eta objektuen bilketa egiten ari gara: Larrabetzuko Oroimena proiektua garatzeko 1936ko gerrako (edo aurreko) eta diktadura sasoiko materialak (argazki, eskutitz, eskola liburu, objektu…) identifikatu eta bildu nahi ditugu. Etxean zerbait baduzu, eraman itzazu Anguleri kultur etxera. Argazkia atera edo eskaneatu ondoren itzuliko dizugu.

Argazkiak: Alberto Albaizarrek emandakoak dira

This article is from: