14 minute read
ZUBEROAN. Mixel Etxekopar
BERTSO IBILBIDEA
TESTUA: MIXEL ETXEKOPAR, GOTAINEKO HAIZE EPAILEA ARGAZKIAK: JOANES ETXEBARRIA
Advertisement
1 ETXEBARRE
2 BARKOXE
3 BARKOXE
4 LARRAINE
5 LARRAINE
6 IRURI-MAULE
7 MAULE
1.GELTOKIAZUB / ETXEBARRE
BERTERRETXEREN KANTOREA (XV. MENDEA)
Agur Xiberoa, bazter guzietako xokori… berdeena, xuriena, gorriena, beltzena ere, zein egunetan gertatzen den. Goazen EHko iparralde ekialde urrun hartara. Zuzen ez dakigu batzuetan non garen, zeren Etxahunen ondokoek, gure etxetik hegoaldera begiratuz, Orhi gainea baitugu iparrorratza! Lehenik autobidez, gero autobiaz, bidez eta, azkenik, xendraz heltzen gara Zuberoara, Xiberora, batzuetan Siberiara erran genezake, hain hurbil izanik hain urrun sentitzen garelako! Gurera bizitzera datorrenak batzuetan berrogeita hamar bat urte pasa dezake lekuko altxorrera, euskal hitzera hots, hurbildu gabe! Horrek pena ematen du, dakigularik mende bakoitzak utzi duela ontasun ederrik, airean kantatutako poesietan, gure bardoek mendez mende asmatu eta errepikatu errima haietan. XV. mendeko Berterretxeren atorraren koloreaz beharrik axolatzen diren, garen batzuk, eta, gehiago dena, lau haizeetara zabaltzen, XXI. mende hiperkonektatu honetan. Oilo bat gripez eztulka Maltako uhartean eta baietz hiru minutu barne jakin, baina Etxebarreko Ezpeldoi aldeko harriaren berririk ez! Zorionez, harri hura bera mintzo da, isil-isila, oihuz. Ezpeldoia Etxebarre herri bazter batean dago, eta harria han datza, Zalgizeko erretorea zen Roger Idiarti esker, iragailearen bistan. Agerian da larraintarra hil zuen balezta ere... Berterretxe gaztea oraindik harrian harritua dago, bera hil zutenetik kasik sei mende geroago gertakari latz hura
kantuz aipatzen dugulako. Berak orduan haatik axola guti zukeen Andozeko ibarra hatsalbo zeharkatu zuenean, haboroziz Marisantz ama belaunak herresta lasterka heldu zenean Lakarri Büztanobira bere semea hil ala bizi zen jakin nahian…
Baina batek bertso kronika ondu, eman zuen, beste batek entzun eta ikasi, ama batek sutondo zokoan haurrari xuxurlatu, artzain batek olhan oihuztatu, ahoz aho kurritu zen gutara heltzeko. Haltzak ez du bihotzik, baina oinak urean laket da eta ostoetarik odola omen dario, Margarita alabaren negarra, Larraine Berterretxeko seme maitalea galdurik. Haltzen erregea ere ez zatekeen Berterretxe, baina atorra xuriak gorritu ziren Ezpeldoiko bokata hartan, bugada bearnesek diotenaz, lixiba hots. Ibilaldian Etxebarre non den jakin nahian bazaudete, erranen dizuete munduaren bazterrean dela, ez da egia, aitoren semeek ere gezurra diote, zeren munduaren abiapuntua baizik ez baita, goazen…
BEROA
BERTERRETXEREN KANTOREA
Haltzak ez dü bihotzik / Ez gaztanberak hezürrik Ez nüan uste erraiten züela aitunen semeek gezurrik
Andozeko ibarra / Ala zer ibar lüzea Hiruretan ebaki zeitan armarik gabe bihotza.
Berterretxek oheti / Neskatuari eztiki «Abil, eta so egin ezan gizonik denez ageri».
Neskatoak berhala / Ikusi zian bezala Hiru dozena bazabiltzala borta batetik besteala.
Berterretxek leihoti / Jaun konteari goraintzi Ehün behi bazereitzola beren zezena ondoti.
Jaun konteak berhala / Traidore batek bezala «Berterretxe haigü bortala ützüliren hiz berhala».
«Ama indazü atorra / Mentüraz sekulakoa Bizi denak orit ükenen dü Bazko gaüerdi ondoa.
Marisantzen lasterra / Bosmendietan behera Bi belaünez herresta heltü da Lakarri Büztanobila.
«Büztanobi gaztea / Ene anaie maitea Hitzaz honik ez balinbada ene semea joan da».
«Arreba, hago ixilik / Ez otoi egin nigarrik Hire semea bizi bada, Maulera dün joanik.
Marisantzen lasterra / Jaun kondearen bortala «Ai, eia jauna non düzüe ene seme galanta».
Hik bahüana semerik / Berterretxez besterik Ezpeldoi altean dün hilik habil eraikan bizirik». Ezpeldoiko jenteak / sendimentü gabeak Hila hain hüllan üken eta deüs ere ez zakienak.
Ezpeldoiko alaba / Margarita deitzen da Berterretxen odoletik ahürka biltzen ari da.
Ezpeldoiko bukata /Ala bukata ederra Berterretxen atorretarik hirur dozena ümen da.
2.GZ / BARKOXE
BEÑAT MARDO (XVIII. MENDEA)
Etxebarretik Barkoxera, Maidalena mendia gaindi goaz, han dagoen Errauts Gorri Xehe jainkosa agurtuz, Erromatarren Aroan kaperan grabatua utzi baitzuten. Nor ote zen ez jakin, baina bere garrantzia zukeen harrian egoteko. "Hautsak errautsak bezain", gure Itxaro Bordak dioen legez. Zenbat bertso, zenbat neurtitz ez da erraustu, ahantzi. Barkoxen ere koblakari famatuak ziren, hala Beñat Mardo, eta pentsatzen ahal da haren bertso gehienak erraustu direla. Alta, Jaun Baru batentzat egin zituenak ez dugu urterik pasatzen ostatu zokoan oihuztatu gabe, ez Xiberoan, ez
Orioko bardoari esker zabaldu zena. Gatü jaleen kantore pollita ere berak sortu omen zuen. Barkoxeko merkatu egun hartan desafio airea zen XVIII. mende hartan, eta bertso horietan nabaritzen dena da Mardo ez zela bakarrik, Museina bertsolaria zuela ihardesle. Koblakari bat ez litzateke koblakari ez balu inguruan lehia, purfudia, nehor hari erantzuteko. Goazen entzutera, begiak itxi eta filma ikusi, joslea zintzarrigilearen aitzi, merkatu betean, Barkoxeko bertso-kale-borroka:
BEÑAT MARDO: NI DEITZEN NÜK BEÑAT MARDO
Ni deitzen nük Beñat Mardo, Barkoxe Basabilako Otoitzen haüt ez dizadala kantorerik hont haboro Ez dakika ni nizala bürüzagi hartako?
Kantore hontzale hizalakoz düka hartzen banitate? Aprendizik etzaik ez jinen Gainetarik batere Basabilako laurentako nihaur enük ahalke.
Kobla horren emailea ezta laboraria Zonbait markis edo konte edo kardinalea Bürdüñarik düanean zintzarri egilea.
Zintzarri egile nizala ez hadila ez düda Alta ez haüt interronpitü izigarri ardüra Bürdüñaren txerkara jinik hire magasiala.
Hitzaz gütük estonatzen Museñako kontia, Zerentako hartzen düan Gainetarren altia Ar'eta nik ere eztiat hiretako antsia.
Konte markis kardinale ezin izan gintake Hobe diagü bai egonik hartü gabe banitate Hi tallür hizan bezala ni zintzarri egile
3.GZ / BARKOXE
ETXAHUN BARKOXE (XIX. MENDEA)
Merkatua urrendu zen, Mardo eta Museina luzatu ziren ostatuan, Mardoenean menturaz, orain berriki arte ostatu baitzen Barkoxe erdi-erdian. Bertso andana galdu zen, baina hazia egon zen zeren XXI. mendean oraindik dantzari, kobla eta pastoralzale sutsua dago etxe hortan!
Barkoxe herri zabala, Basabila ez da Burgua, biak Txapela eta Gaztelondo auzoetarik urrun daude. Mardok ez zuen Pierre Topet Etxahun Barkoxekoa ezagutu, azken hau 1786an sortu baitzen, Etxahunean. Etxegune zela ezin uka, nahiz eta orain gunea bai, baina etxerik ez izan... Eskerrak Barkoxtarrei haren memoria minbera gogoan atxiki dutelako, harrian bai eta gehiago kantoreak errepikatuz, pastoralak eginez. Bitxia, zeren bazatekeen arrazoin gehiago Barkoxeko Etxahunen ahanzteko, Beñat Mardo baino, beharbada… Etxe ona zela aldiz ez daiteke erran poeta dohakabe honen bertsoei paratzen bada. Bizitzearen kantorea izenekoak berrogeita zortzi ahapalditan berrogeita zortzi urteko zorte tristea kontatzen du, bat aipatzekotan! Poeta madarikatutik bazuen segur ere, Jon Etxaide Ithartek bere fikzio historikoan ezinago ederki harilkatzen duen bezala, baina satira-kitzika ere erabiltzen zuen maisuki. Ene ustez horrek zion preseski arrakasta ematen, XIX. mendeko jendarte pisu hartan ziri zirrikitu leihoak egiten baitzituen…
«Gaztelondo handian agitü niz arrotz…». Etxahun Barkoxe arrotza zen bere herrian, bizi osoan arrotz. Baina «ahaide deliziusetan» zenbat berset, zenbat bertso ez digu utzi ! Goazen berriz begiak zerraturik, filma hastera doa, Gaztelondo auzoko etxe aberats batetan nolako bazkaria eginen duen gure koblakariak:
GAZTELONDO HANDIAN
Gaztelondo handian agitü niz arrotz Apairü bat egin düt ez beitzen gorgotz Ontsa barazkaltüren nintzala nintzan botz Kümitazalea aberats nilakoz Zopak nütin artoz salda ahül gatxotx Godalea hur hotz Eta hetarik landa bi pattako erhotz
Zopa jan nüanean ni alde orori so Zer ote ükenen nüan pattako hekiko Etxeko andereak ekarri züan arto Ogirik ez beitzüan apairü hartako Zieta nüan sako gatülüa manddo Küilera zurezko Tahalla beltz ta xatar bat lunjetarako
Etxeko anderea aberats zira zü Jeneros ere bai arrotza handi badüzü Bena nahi bazina izan ohoratü Ez zünükean behar ttipiez trüfatü Zük butilla hartü Besteer butillatü Haier ez eskentü Holako konpainetan ez niz agitü
Bazkari ürrentzean bi paper nik hartü Bazkaria beitzeitaden eman pakü Zük etxekanderea ordüan ardu hartü Orori butillatü eni ez eskentü Nik hura galtatü Nahiz ardu hartü zük ez konprenitü Hartakoz lau berset horik üken dütüzü
Filma itzali da, oraindik Lohidoi pastoral aktorearen ahots ozena dugu gogoan, hark hiru aldiz "Etxahun zaharraren" kargua hartu baitzuen hain ederki!
4.GZ / LARRAINE
JB BORTHIRI SALA (XX. MENDEA)
Bidea har eta goiti Larrainera.
Etxahun 1862. urtean hil zen, zahartzaroan bere etxekoak urrikaldu eta etxondoan harturik. Urte ttipi batzuk geroago Prusia handiak Frantzia handiagoa umiliatzen du, eta koadroa marrazten XX. mende odoltsua iragartzeko. Ez dakit zer oihartzun zuten Xibero Basaburuko Larraine Salan, nola aurkezten zioten Batista Borthiri Sala ttipiari (1889 –1974), haurtzaro urosa bizi zuela etxondoan. Haatik gaztegaztetatik bere haragian ikasi zuen gerla zer zen, eta etxean ikasi koblakak on egin zion gerrako aberekerien ondotik bizirauteko. Batzuetan bertsoek beste dimentsio bat hartzen
dutela dirudi. Berrogeita bat bertsotan bere zorigaitzaren kronika zabaltzen du. Gure ibilaldian, hemen, hamar batetan mugatuko gara; horietan, bizia eta heriotza arteko marra odol kolorekoa ikusi duela sentitzen da... Etxe anitzetan bezala, Larraine Salan lau seme izan ziren gerlan. Batek bizia galdu zuen, gure Batista elbarri itzuli zen eta Bordelen bizi berri bat abiatu zuen zerotik. Zahartu ondoan Atharratzeko ospitalean eman zuen azken hatsa, eta ez Craonneko bonben azpian, hiltzat utzia izan zen bezala alemanek bildu zutenean… Goazen "Chemin des Dames" xendra gorbeltz hartara:
Pedro Migel Alonsorena.
HAMALAU-HAMAZORTZIKO GERLA
(1919an onduak – airea: Ahaire delizius hontan)
Zorteak zer ekarri deitan / ene gaztetarzünian Turmentü eta eskernio / enetzat bazen mündian Sobera badüt ikusirik / edükiteko bürian Breset zonbait adela eta / igorten tüt üngürian
Ezpiritü airusa nüan / hasirik gazte gaztetik Denbora hetan irus nintzan / aitetama aurrideki Ardüra nintzan deskantsüan / ene gazte lagüneki Damürik ez beitüt ordüan / ez profeitatü hobeki
Obligazione bat beita / gizon gaztearentako Legeak eraman nündüan / hogei urtetan soldado Bi urte han igaran eta / beste biez berantago Gazteko ene egün ederrak / han izan dira akabo
Mila bederatzü ehün ta / hamalaugarren urtea Agorrilaren bigarrena / orhit edükigarria Europa sütan ezari düe / hartarik mündü güzia Pizteko aski izan beita / bi gizonen ürgüllia
Alagera egin beharrez / partitü nintzan etxetik Ama nigarrez ützi eta / aita begiak beterik Lau aurride gazteak ere / baratü ziren tristerik Sor leküaren hola üzteak / ez zeitan egin plazerik
Bilagarroa da mintzatzen / goizean argi azkorrian Heben orroaz hasten kanuak / Craonneko bixkarrean Txoririk ez habo(ro) pausatzen / Hurtebiseko oihanean Zühain adarrak beitirade / mila frisetan lürrean
Bere malürrez ohartzetik / nahiz ez den profeitürik Oren hau ez zait ez seküla / joanen pentsamentütik
Kolpatürik erori baiko / etsaiez üngüratürik Ez nüan besterik pentsatzen / nintzala baizik galdürik
Oren tristerik balinbadü / norbaitek üken mündian Gaü egünak han igaran tüt / lagün bat hilik aldean Berek hiltzat ützirik naüe / altxatü bihamenean Zainetan odol güti bena / hatsa orano banian
Egünak doatza ondozka / bena ez algar üdüri Gizonak ere ez dirade / ez oro bardin bühürri Batak nündin botatü nahi / nonbait hurilat zübüti Nahiz etsai bestea ere / ez dü egitera ützi
Ez hil ez bizi eraman naüe / nonbait Frantzia gaineala Larraine Salan aldiz tristerik / berri gabe aitetama Gaixo ainera hi abil hoa / otoi mezüler bezala Etsaien aztapar pean bena / orano bizi bizia
Breset horietan aipatü düt / nolako zen ene xantza Hala ez denik hitz bat ez da / segürrago zerbait falta Diskrezione hau düt galtatzen / nola beitüt esperantza Nihauren aitzinean otoi / ihork ez ditzala kanta
Bertsoak normalean kantatzeko eginak dira, kasu honetan haatik Borthiri Salak berak haren aitzinean ez kantatzea eskatzen du, eta aise konprenituko dugu, bai eta orain eskertuko guri hain hitz ederrez gauza hain itsusiak zabaldurik.
5.GZ / LARRAINE
LOUIS LIGETX (XX. MENDEA)
Ibil gaitezen, beti Larrainen, herri ttipia izanik lurrez zabalenetarik baitugu, Andozeko ibarretik Orhi gainera. Ligetxea, justuki, Andozeko ibar hartarik ez da urrun, nahiz mendi malda goratik bazterrak miresten dituen. Louis Ligetx (1901-1940) gazteegia zen hamalauko sarraskian sakrifikatua izateko, baina, garai hartako guziek bezala, hark ere pairatu zuen gerraren eragina: aurride bat galdu, funtsean orok izandako ordain minimoa, Larrainen berean 47 mutiko gazte hil baitziren, hau odolustea... Louisttori gaztetatik ernatu zitzaion koblakako ganoa, bai familiatik bai eta Larrainen zebiltzan langile nafar batzuei esker ere; haietan Oxobi izeneko inkatxero bertsolari bati omen... Nolanahi ere, bera bat-batean eta idatziz garaiko hoberenetan agertu zen, bai eta hasi plazetan ibiltzen. Diote Etxahun Iruriri ere koblakako pindarra piztu zitzaiola Zalgizeko besta gau batez, Ligetxi beha... Zorigaitzez, gazterik zendu zen, zenbat bertso egiteke utziz, eta Etxahun ihardeslerik gabe abandonatuz! Beharrik, perla sorta batzu egon zaizkigu zahar-gazte guzien ezpainetan; Buneta eta txapela famatua, besteak beste. Ibilaldi honetan haatik ezin burutik kendu gerraren herexa gorria Larraineko alhagia berde marduletan. Beraz, Ligetxen amets bati para gaiten:
GERLONDOKO AMETS BAT (1914-1918ko gerraondoan) Urzo lepo xuria hona hiz apalik hirekila jin nintek nik banü ahalik Zohardi diagü eta airea epelik Ez dük bardin aitzina joaiteko ahalik Pausa hakit aldean ez dük ene axolik
Ihizlari gaixoa mintzo hiz ejerki Bena ez nük abiatzen sobera arinki Hire deseina zer den oitean baneki Axolik ez düdala segürtantxareki Pausa nintek hireki mila plazereki
Ene deseina zer den nahi deat agertü Plazer düalarik mement bat behatü Nahi deat lehenik gaüza bat galtatü Gerla lekü horietan hizanez pausatü Eta gero zer düan han aperzebitü
Igaran den urtean ez nündüan pausatü Bazter orotan tiroz beinüdüen ohiltü Aurten isiltarzün bat diat ezagütü Ene ustez ber güneetan izan nük abüsatü Bena hanko tiroek ez naüe anbüratü
Ez hüan ez aurtenko kolpeen axolik Zonbait egün hontan dük gerla akabirik Bitoria badiagü ontsa kostarik Biga bost maleruski hantxe baratürik Frantziaren salbatzeko amak dolü eginik
Nahi deat nik erran han zer den ageri Norat nahi so eginik orotan hil herri Kürütxe beltz elibat zahar eta berririk Bürdün txapel bedera bürüan jauntsirik Ari dütük emaiten esküak algarri Pena egiten deitak bihotza(re)n erdian Kürütxe beltz horietzaz mintzo hizanean Anaie bat badiat hetarik batean Plazer badük lili bat e(r)aman ützültzean Nahi haüt ontsa hazi aurtenko negüan
Hirekin egonen nük negüan gustian Ogi bihi jan eta lo hegatz pean Liliarekin joanen daigün bedatsean Hura moskoan eta nigarra begian Pausatüren dioat xüxen kürütxe gainean
Haren kepia dükek kürütxe gainean Ürre galu batekin alde aitzinean Ezar ezok lilia ontsa agerian Jenteek ikus dezaten ebilten di(r)enean Hetaz ohartzen di(r)enak badi(r)ela mündüan
Eta lehen lilia zeikünean jelki Urzo gazte xuria aidatü tristeki Larraine ere kitatü bost haspereneki Eraman dü lilia moskoan ejerki Gure eskerrik hobe(r)enak besarka handieki
6.GZ / IRURI-MAULE
ETXAHUN IRURI (XX. MENDEA)
Zelai haietako gurutze beltzak utziak, beude han goian, edo Frantzian behean hobeki erran, goazen Larrainetik behera Maulera buruz, gure hiriburu nagusira; erran nahi baita, herrixka ttipitxo hartara. Bide bazterrean, Iruriko plazan, gure harrizko Etxahuni keinu bat eta Mauleko plazan gurutze bat dago, zuria aldi honetan. Leku hartan intxaurrondo bat zegoen eta haren azpian justizia zen egiten hainbat gizalditan; behin zuhaintze hura eihartu omen zen eta gurutze zuria ezarri zuten. Hain zuzen, hau izan zen zuzengabeko justiziaren lekuko 1661. urtean: zuberotarren oldarra eraman zuen Matalaz mitikiltar apezari burua moztu zioten leku hortan berean, herritarren odola hotzarazi nahian. Lortu zuten ez dakit, baina argi dena da Mitikileko seme zen Bernard Goihenetxekoaren izen eta izanak ospea bildu zutela XX. mendea arte. Matalaz pastorala ondu zuen gure Etxahun Iturrik historiaren ixtorio hura kontatuz eta Matalaz apez izatetik mitora pasatu zen! Bai, eta ondotik Iruriko kontea (Le Comte de Tréville) pastoralean Etxahunen dohainak bi kantu sartu zituen Zuberoako "estandarretan" sartuko zirenak: bat, De Trevilleren azken hitzak eta bestea, etsai zuen Matalazen hiltzea. Honen gozatzera goazen, zauriak lore gorri bihurtuz:
MATALAZEN HILTZEA Argi leinürüa hasi zaikü agertzen / Lextarreko plazan kürütxe xurian Erregeren ordrez harat Matalaz doa / tristerik gaixoa bi guarden artean Bi eskü(a)k kateaz nolaxe tinkatürik / kriminelen gisa thiran bizkarrean Aizkora handiari bürüz hori zer lazkeria / izigarrikeria ez denean ogendant.
Ene Mitikile oi zer lekü maitea / banüan desira lüzaz bizitzeko Zure boztarioan zure bake handian / zure besoetan ontsa gozatzeko Jaun konte tzar batek ürgüllüz ekintüa / sobera zeitadan popülüarentako Orai hil behar düt bena nahiago düt / hola eziz bizi jaun horren esklabo.
Adios Xibero zazpi probintzietako / ene uste orotan xokorik hobe(re)na Orai heltürik da düdarik gabetarik / jüjatü bezala ene azken orena Dener parkatzen düt Jinkoarek bezala / begira dezaien ene orhitzapena Borreroak züer orai gomendatzen niz / egin ezazüe orai züen lana.
"Dolü gabe dolü gabe hiltzen niz..." horrela hil omen zen Matalaz, horrela idatzi omen zuen... Nik fax bat izan nuen haren ganik mende hau hasi berrian, otoizten baigintuen jagoiti bertsioa alda genezan holaxe kantatzeko:
"Dolü gabe dolü gabe bizi niz / hiltzea Xiberoarentako ohiltzen baitut / segurra segurra azkorrian / jeikirik dira egiazko xiberotarrak / egiazko Euskaldunak besteen artean bizitzeko".
Barkatuko duzue lore bezainbat elorri baldin bada ibilbide honetan, baina XX. mendea, guretzat behintzat pasa den hurbilena, izan da frantziar-frantses egin gaituen bortitzena. Horretarako, Matalazen mezu honki jina zabaldu nahi izan dizuet, ortzadar gisa…