Energia konpromisoa

Page 1

ENERGIA KONPROMISOA Eredu energetiko berrirako

eh

eRABAKI hEMEN


Energia herrien bideragarritasunerako zein herritarron bizi duintasunaren mantenurako elementu zentrala bilakatu da. Herritarrok eredu energetiko zaharkitu eta suntsitzaile honen menpe, preso bizi gara. Egun, oligopolio energetikoko multinazionalek euren onurarako erabili, eta mugarik ez duen ustiaketaren bitartez, energia negozio bilakatu dute. Gehiengoaren pobretzeaz baliatuz, energia herritarron eskubide eta ondarea izan ordez, euren aberastasuna handitzeko arma bezala erabiliz. Energiaren gaineko kontrol herritarra berreskuratu behar dugu, ingurua suntsitu eta herritarrak pobretu egiten duen eredutik, eredu energetiko berde, banatu, herritar eta burujabe berri baterantz trantsizio energetikoa abiarazteko. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko proposamena dugu hurrengoa, energia eredu berriaren eraikuntzan, burujabetza helburu, aurrerapausoak emateko konpromisoaren zehaztapena, oinarri sendo eta konpromiso argiekin.

2


"Egungo eredu energetikoa agortua dago"

Hau da gure konpromisoa oinarritzen duen baieztapena. Argia da, nazioartean zein Euskal Herrian eginiko azterketek adierazten dutenez, egungo eredu energetikoa ez dela jada bideragarria. Lehengai fosiletan oinarrituriko eredu honek bere goia jo du, ez dago jada etengabeko hazkundearen behar energetikoak aseko dituen lehengairik. Euskal Herrian bereziki larria da arazoa, kontsumitzen dugun energiaren % 90 baino gehiago kanpotik ekartzen dugulako, Europako tasarik handienetakoa delarik. Petrolioa "estrakzio edo erauzketa gailurra" edo "peak-oil" delakora orain 8 urte inguru heldu zen, hau da, lehengai honen erauzketa tasa globalak goia jo du. Hemendik aurrera ekoizpena beheranzko fasean sartzen da. Honek egungo zibilizazio industrializatu kontsumista kolokan jarri duelarik honez gero. Interes geopolitikoek, lehengaiak kontrolatzeko borrokak alegia, merkatuan sortzen duten gorabehera eta ezegonkortasunek, are ahulagoa bilakatzen dute egungo petrolioan oinarrituriko eredu hau. Ikatza eta gasa bezalako lehengaiek ere ezingo dute prozesu hau gelditu, ez behintzat epe luzera, hauek ere agortze bidean baitaude. Honek ondorio ekonomiko, sozial eta geopolitikoak ekarriko ditu berarekin, munduko herri industrializatuetan bereziki aldaketa oso bat ematearen beharra erreal bilakatuz. Egun ezagutzen dugun zibilizazio paradigmaren aldaketaren aurrean aurkitzen gara.

3


"Kontsumoaren murrizketarik gabe, ez dago eredu posiblerik"

Ez dago egun daukagun bizimodu eta eredu ekonomiko kontsumista sostengatzeko modurik. Hazkundean oinarrituriko azken hamarkadetako ereduak, energia kontsumo izugarria behar du bere sostengurako. Herritarron bizimodutik hasi, elikagaien ekoizpenetik igarota eta industriaren beharretaraino, guztiok lehengai fosiletatik eratorriak diren material eta energiaz menpeko gaude. Gure sistema ekonomiko zein soziala honen oinarrian eraiki da. Ez dago lehengai fosil hauek kontsumo maila berean ordezkatuko dituen bestelako iturririk, eta beraz, ezinbestean, gure ohiturak eta eredu ekonomikoaren aldaketa nahitaezkoa da. Beraz, ariketa kolektiboa da egin beharrekoa, norbanakoetatik hasi, eta eredu industriala, hirigintza eredua, merkataritza, administrazio publikoa, garraioa... alor guztiak eraldaketaren bidean kokatu eta trantsizio energetikoa ahalbidetuko duten tresna eta sistema berriak martxan jarri behar ditugu, beti ere kontsumoaren murrizketaren ikuspegitik.

4


"Lehengai fosiletatik energia berriztagarrietara salto egin behar dugu"

Ingurumen ikuspegitik, zein bideragarritasun ekonomiko eta sozialetik, energia berriztagarrietan oinarrituriko sistema energetikoa eraiki behar dugu, betiere aipaturiko kontsumoaren murrizketa burutuz, bestela ez baita bideragarria izango. Iturri berriztagarriak, haizea, mareak, lur-azpiko tenperatura altuek, eguzkia... ekologikoki sostengarriak izateaz gain, mugagabeak dira, epe ertain-luzean behintzat, eta beraz, hauek denak uztartuko dituen ekoizpen eredua beharrizanak asetzeko aukera erreala bilakatuko litzateke, betiere kontsumoa murriztuz noski. Aukera bakarra dugu trantsizio hau ematea, planeta suntsitu nahi ez badugu behintzat.

5


"Eredu banatua , deszentralizatua eta eskala txikikoa, oligopoliotik alde egiteko"

Oinarrizkotzat jo dugun kontsumo murrizketa eta berriztagarrien aldeko apustuak, ekoizpen eta banaketa eredu deszentralizatu eta banatua behar du bere arrakastarako. Egun, oligopolio energetikoaren esku, multinazional erraldoien esku dagoen sistema osoaren ardatzetako bat da ekoizpen eta banaketa zentralizatua. Zergatik? ekoizpen puntuak, zentral termiko/nuklearrak, gas/petrolio ustiaketak, eguzki panel edota haize erroten izugarrizko plantak... oso lokalizatuak daude puntu zehatzetan, eskala handiko proiektuak izanik gehienak. Hauek beraz, soilik ahalmen handiko baliabide eta tresnak dituzten agenteek kudeatu eta esplotatu ditzakete, oligopolioko multinazionalek alegia. Eredu honek gainera, energia ekoizpen puntuen eta kontsumo puntuen arteko distantzia sekulakoa izatea dakar, eta beraz azpiegitura handiak behar ditu bere garraiorako, autopista elektrikoak deiturikoak edota milaka kilometrotako sare elektrikoa, petrolioa edo gasaren garraiorako egiten diren milaka eta milaka kilometroak ahaztu barik.

6

Eredu energetiko berriak banatua izan behar du, hau da, milaka ekoizpen puntu izango dituen sarea da eraiki beharrekoa. Etxebizitza bakoitza, bloke bakoitza, eraikin bakoitza, industriagune bakoitza ekoizpen zentral txiki bat bilakatuz. Era berean, herri/eskualde mailako proiektuak sortu daitezke, hauek energetikoki sostengatzeko nahikoa produzitu dezaketenak. ekoizpen eta kontsumo puntuak ahalik eta gertuen egoteak, energiaren banaketarako azpiegitura eta garraioa murriztuko luke eta bidean ez litzateke elektrizitaterik galduko, orain ez bezala.


Honek guztiak herritarrek zein instituzioek multinazionalen menpeko izateari utzi, eta tokiko energia garbia produzitu eta kontsumitzeko aukera eskainiko luke.

7


"Sektore produktibo, instituzio zein herritarrongan autokontsumoa sustatu"

Autokontsumo totala emango ez bada ere, aipaturiko sektoreek ahalik eta burujabeen bilakatzeko apustua egin behar da. Eskala txiki/ertainean produzitutako energiak behar guztiak aseko ez baditu ere, saretik hartuko den energia kopurua ahalik eta gehien gutxitzea izango litzateke helburua. Honi esker, oligopoliotik deskonektatzeko aukerak handitzen dira, ahal den heinean, eskualde/herri/eraikin/enpresek kontsumitzen duten energiaren zati bat produzituz. Autokontsumo hau bideragarria izateko bi elementu erkatu behar dira: produzitu baina kontsumitzen ez den energia kopurua (sarera sartzean) eta produzitu ez baina kontsumitzen dena(saretik hartzen dena). Saretik kontsumitzen dena produzitutakoa baino handiagoa denean soilik ordaindu beharko litzateke energia kontsumoa. Hori da balantze neto bezala ezagutzen den metodoa, Europako herrialde askotan indarrean dagoena.

8


"Erregai fosilak ustiatu eta oligopolioa babestu ordez, autokontsumo eta ekoizpen garbiak lehenetsiko dituen lege propioa"

Trantsizio energetikoa balore eta oinarri berrien arabera eraikitzeko, ezinbestekoa izango da herritarron inplikazio eta praktika burujabeak garatzea. Egun espainiar estatuan indarrean jartzekoa den erreforma energetikoak ordea, Europako estatu asko ezartzen ari diren bidearen kontrako norabidean, autokontsumoa saihesteko, herritarron praktika burujabeak penalizatzen ditu. Erreforma horren helburua argia da: oligopolioa osatzen duten multinazional elektrikoen interesak babestu, eta energia eta herritarron gainean daukaten kontrola areagotzea. Energia eredua bultzatu eta sostengatzen duten tresnak, juridikoak zein politikoak, egun Estatuen esku daude. Ereduaren eraldaketa integrala burutzeko beraz, tresna hauek eskuratzea beharrezkoa izango da.

9


"Burujabetza energetikorako, erabakiak hemen hartzeko beharra" Eredu energetikoa, Estatuak botere ekonomikoei men egiteko urteetan erabili duen tresna izan da, herritarron zein naturaren bizkar eredu agortu baten ondorio larriak utziz. Horrela, urteetan zehar ingurumena suntsitu eta herritarrak pobretu dituen sistema izan da indarrean egon dena, nazioarteko merkatuen gorabeheren menpe, eta oligopolio energetikoaren behar eta nahietara moldatuz joan dena. Beraz, eredu honen erdigunean negozioa eta etekinak egon dira, pertsonen bizi baldintzak eta duintasuna beharrean. Pertsonak erdigune izan behar du, ez soilik eskubideen bermerako, eredu berriaren motore bilakatzeko trantsizioa egiteko baizik, burujabetza behar beharrezkoa dugu. Eredu energetiko propioa garatzeko aukera ez duen herriak, modu burujabean bizirauteko zutabeetako baten falta edukiko du. Euskal Herriaren, herritarron zein gure ondare natural zein ekonomikoari eusteko, ezinbestekoa dugu erabakiak hemen hartzea. Burujabetza energetikoa dugu helburu, inoren eta ezeren menpe egon ez gaitezen. Euskal Herriak badu honetarako gaitasuna, bai behintzat gaur egun energetikoki garena baino askoz autosufizienteagoak izateko. Horretarako bada gure eredu propioa garatu behar dugu, oinarri eta balore berrietan eraikia, herritarrak eraldaketaren pieza zentrala bihurtuz eta gure tresna politiko zein sozial guztiak honen mesedera jarriz. Trantsizio energetikoa abiaraztera goaz, gure neurrira eraikitako trantsizioa!

10


Panorama beltza da begi aurrean ageri zaiguna. Egia da bai. Baina herritarrongandik hasita, eta enpresa, merkatari, instituzio zein proiektu herritarretatik igaroz, norabide berean elkarlanean arituz, egoera irauli dezakegu eta pauso txiki baina eraginkorrak ematen hasi, eraikitzeko dugun eredu berri horren bidean. Beraz, guztioi dagokigu gure ekarpen eta praktikak aurrera eramatea. Hona hemen EH Bilduren "Energia Konpromisoa".

1. Efizientzia energetikoaren aldeko konpromisoa EH Bilduren udalerriek, efizientzia energetikorako planak definitu eta beteko dituzte. Daudenak betez, eta ez dauden kasuetan sortuz. Energia kontsumoaren gutxitzea, eta honen ekoizpenerako aukerak aztertzea plan hauen oinarriak izango dira. Azterketa sakon baten ostean, neurriak martxan jarriko dira. Plan energetiko hauek osatzeko, auditoria energetikoak egingo dira lehenbizi, egoera ezagututa, hauen emaitzetan oinarrituriko planak definituz. Covenant of Mayors efizientzia energetikoaren aldeko Europako udalerrien akordioa sinatuko dugu: 2020rako energia kontsumoa % 20 gutxitzeko eta energia berriztagarrien erabilerarako konpromiso zehatzak hartuz. http://www.covenantofmayors.eu/index_es.html

11


2. Energia burujabetzaren aldeko konpromisoa Energia elektrikoaren merkataritza basati eta merkantilista sustatzen duten enpresa energetiko multinazionalen bezero izateari uzteko aukera guztiak aztertuko ditugu. EH Bilduko udalerriek hautatuko dituzten energia hornitzaileek energia burujabetzaren aldeko eredua bultzatzea izango dute helburu, gure menpekotasuna murriztu asmoz.

3. Tokiko merkataritza eta ostalaritzari begirako konpromisoa Udalerrietako plan energetikoak, udalaren menpe egon daitezkeen neurriez gain, herrietako merkataritza eta ostalaritzarekin elkarlanean, hauei begirako programa berezituak lantzeko apustua egingo da. Programa hauek, dendetan ere, kontsumo murrizketa, efizientzia eta energia berriztagarrien aldeko apustua egitea izango dute helburu.

4. Energia berriztagarrien aldeko konpromisoa EH Bilduren udalerrietan erabiltzen den energia elektrikoa (argiztapena, eraikin publikoak...), iturri berriztagarrietatik eratorria izateko neurri zehatzak martxan jarriko dira.

12


5. Eredu energetiko berria garatzea helburu duten proiektuen aldeko konpromisoa EH Bilduk, eredu energetiko berriaren oinarriak barnebiltzen dituzten proiektuak izango ditu lehentasunezko elkarlanerako agente, herritarrek oinarrizko ondasun honekiko kontrola berreskuratzeko helburuarekin: energiaren kontsumo arduratsu eta iraunkorra bultzatzeko eta energia erabilera efizientea sustatzeko proiektuak bultzatuz. Gure udalerrietan, ekoizpenerako proiektuak eta horiek sortutako energia bera ere, aipaturiko proiektu herritarrekin elkarlanean kudeatu eta garatuko ditugu.

6. Tokiko Garapenaren aldeko konpromisoa Energia dependentzia murriztu asmoz, eremu lokalean energia ekoizpenerako proiektuak martxan jartzeko aukerak aztertuko ditugu, proiektu herritarrekin elkarlanean. Proiektu berri horiek lanpostuak eta aberastasuna sortzeko eskaintzen dituzten aukerak aztertuko ditugu.

7. Kontzientziazioaren aldeko konpromisoa Proiektu herritarrekin elkarlanean, EH Bilduk, bere udalerrietan energia eredu burujabearen aldeko kontzientziazio lana egingo du. Hori bultzatzeko herritarrek hartu litzaketen neurri zehatzak aditzera emanez: energia efizientzia hobetzeko balizko neurriak, energia aurrezteko aholkuak, energia berriztagarriak soilik erabiltzen dituzten hornitzaileak eta horien zerbitzuak ezagutzera emanez...

13


Informazioa zabaltzeaz gain, neurri hauek martxan jartzeko eta eredu energetikoaren gaineko formazioa eskainiko du EH Bilduk, nahi duten herritar guztiei irekiak egongo direnak. EH Bilduk, udalerrietan hartuko dituen erabaki guztien berri emango die herritarrei udalez udal, neurriok hartzeko azalpenekin batera.

8. Akordio eta elkarlanerako konpromisoa Trantsizio energetikoa oinarri berrien arabera burutzea herritarren zein indar politiko eta sozial guztien ardura da. Horregatik, EH Bilduren helburua trantsizio hau abiarazteko neurri praktikoak ahalik eta herri gehienetan burutzea izanik, konpromiso hauek gainontzeko indar politiko zein sozialekin batera burutzea izango du helburu. Emango diren pausoak babes eta bultzada zabalenarekin eman daitezen, akordio eta elkarlanerako jarrera zintzoa mantenduko da. EH Bildu oposizioan aurkitzen den udalerrietara ere, konpromiso hauek hartzeko proposamenak helaraziko ditu, elkarlanean aritzeko prestutasun eta ahalegin guztiak eginez. Burujabetza energetikorako, Hemen Erabaki!

14

Gasteizen, 2014ko Abenduaren 20an


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.