Esku artean duzuen lan hau Mungiako institutuko DBH 4. mailako ikasleekin egindako idazketa proiektuaren emaitza da. Ikasleek Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biok eleberria irakurri zuten 2017an eta 2018an. Eleberrian, beste gai batzuen artean, aitona-ilobaren arteko harreman estua erakusten da, eta horrekin batera oroimena, Gerra Zibilaren garaiko oroimenaren berreskurapena eta transmisioa. Eleberriaren irakurketan eta horren inguruan egindako literatur solasaldietan ikasleak eta irakaslea batean baino gehiagotan gogoratu dira aitita-amamekin izandako berriketez.
Horren harira sortu zen proiektu hau. Eleberriko Lilik egiten duen moduan, geure gazteek ere beren aitita-amamen guda eta gudaoste garaiko oroimena gogora ekartzeko aukera izan dute. Lurperatutako mamuak agerian jartzeko eta ahaztutzat utzitakoa azaleratzeko.