Azken balada
Obra honen edozein erreprodukzio modu, banaketa, komunikazio publiko edo aldaketa egiteko, nahitaezkoa da jabeen baimena, legeak aurrez ikusitako salbuespenezko kasuetan salbu. Obra honen zatiren bat fotokopiatu edo eskaneatu nahi baduzu, jo CEDROra (Centro Español de Derechos Reprográficos, www.conlicencia.com; 91 702 19 70 / 93 272 04 47).
1. argitalpena: 2016ko apirilean
Azala eta liburuaren diseinua: Iturri Azaleko irudia: Elena Odriozola Maketazioa: Erein © Mariasun Landa © EREIN. Donostia 2016 ISBN: 978-84-9109-039-7 L. G.: SS-387/2016 EREIN Argitaletxea. Tolosa Etorbidea 107 20018 Donostia T 943 218 300 F 943 218 311 e-mail: erein@erein.eus www.erein.eus Inprimatzailea: Itxaropena, S. A. Araba kalea, 45. 20800 Zarautz T 943 835 008 F 943 130 822 e-mail: edizioak@itxaropena.net www.itxaropena.net
Azken balada Mariasun Landa
erein
Lourdes Murua Olaizolari, in memoriam
Maitane ia arratsaldero joaten zen Cristina Enea parkera, ingelesa ikastera joan baino lehen. Ikastetxetik irten eta merienda erdia jana zuen ordurako, baina ogi puska batzuk gordetzen zituen parkeko urmaeleko ahateei emateko. Txikitatik ezagutzen zituen eta bakoitzari izen bat ere jarria zien, nahiz eta Erramunek, parkeko udaltzain zaharrak, bere kontura barre egin: –Ezin dinat sinetsi bereizten ditunanik, Maitane. Nik uste dinat, beltxargak kenduta, beste guztiak antzekoak direla. Baina Maitanek, jadanik ez zion Erramunen txantxei kasurik egiten… –Newton! Zodiako! Kijote! Wendy! Twist! Pitagoras!… –Izenak ahoskatzen zituen urmaelaren egurrezko hesiaren ondoan, eta ahate guztiak gerturatzen zitzaizkion, baita beltxarga tenteak ere. Izen-zerrenda luzea zenez, Erramunek ez zuen denborarik izaten izen haiek ikasteko, bestela, konturatu egingo –9–
Azken balada
zen Maitanek arratsaldero izen batzuk aldatu egiten zituela. Eta ez zuen halakorik aitortu nahi, noski, Erramuni arrazoia ematea izango bailitzateke. Arratsalde batean, ordea, sekulako ezustekoa izan zuen Maitanek. Urmaeletik ez oso urruti, orein pare bat ikusi baitzituen, zelaian lasai eta patxadatsu, burumakur, belarra jaten. –Erramun, zer egiten dute orein horiek hemen? Zoragarriak dira! Ume eta heldu batzuk zebiltzan haien inguruan, begira-begira, aho zabalik. –Azken egunotan ez haiz etorri eta… –Euria ari zuen, badakizu horrelakoetan ez naizela etortzen! Erramun bera hunkiturik zegoen auzo berriekin, disimulatzen saiatzen bazen ere: –Iruñeko Takonera parketik ekarri dituzte, arra eta emea, ikus dezakezunez. Hemen laster egokitzea eta parkera jende gehiago etortzea espero dute… Eta gero, txapela buru gainean zuzen jarriz, harro-harro gehitu zuen: –Eta nire ardurapean zeuden, neu naun Mayi eta Jakesen azken erantzule! –Mayi eta Jakes? –Zer uste dun ba? Hik ahateei izena jarri, eta neuk orein bikotea bataiatu gabe utziko nuela? – 10 –
Mariasun Landa
Maitane ez zen edozer gauzarekin harritzen zen neskatila horietako bat, baina, oraingo honetan, ezin izan zuen jakin-minaren ziztada saihestu: –Eta zergatik izen horiek? –Baina, nola, ez al dakin oreina bilakatu zen neskaren istorioa? Eta haren neba ehiztari amorratuari gertatu zitzaiona? Maitaneri, gehienetan, asko kostatzen zitzaion zerbait ez zekiela onartzea, Erramunen aurrean, bederen. –Um… um… –farfuilatu zuen Maitanek, denbora irabazteko. –Ez zekinat gaur egun zer demontre erakusten duten eskolan! –Matematika… Ingelesa… Teknologia Berriak… –Ondo… Baina euskal baladarik ez? Keinu gogaikarria egin zuen Erramunek: –Baladako neska protagonistak Mayi izena zuen; eta nebak, Jakes. Izan ere, Oreina bilakatu neska, jaso dugun azken euskal balada izango dun, orain dela berrogeita hamar bat urte bakarrik, ez pentsa! Eta orain esango didan baladaren kontua azaltzeko… –Bestetan ere, makina bat istorio kontatu didazu… Baina, Maitaneren harridurarako, Erramun ez zen ezer kontatzen hasi, abesten baizik.
– 11 –
Azken balada
Ura ixuririk sorginen bidean, Dohaina bildu dut Bazko aratsean: Gauaz Mayi nuzu, egunaz oreina, Etxeko zakurrek xerkatzen nutena. –Jakes, nun tuk horak? Eztiat senditzen. –Oihanpean kurri, oreina xerkatzen. –Jakes, deit zakurrak, salbazak arreba! –Ama, nola sinets Mayi daitekela? Jakes zakurreri hasi da xistuka. Oreina hil dute kolpez ausikika. Jakesek kanitaz eman du pusketan: –Aseko ahal da Mayi gurekilan. –Afal, afal, Jakes, ni nuk hor lehena, Ene haragiaz betherik dupina! Ama sala-zolan, nigarra begian, Puñala sartu du bere bihotzean. Oso doinu goxoa eta malenkoniatsua zuen kantak baina “sorgina”, “zakurrak”, “Mayi”, “Jakes”, “afaldu” eta beste hitz batzuk kenduta, gainerako ezer ez zuen ulertu. Beno, azken esaldi osoa ere ulertu zuen, “puñala sartu du bere bihotzean”, eta jakin-mina piztu zion Maitaneri. Intrigatuta geratu zen, baina, bidenabar, ondorio bat atera – 12 –
Mariasun Landa
zuen: balada delako hori oso aspaldiko istorio bat zen, bertsoetan emana eta jendeak askotan kantuz transmititzen zuena. Mayiren eta Jakesen istorioa kontatzeko eskatu zion Erramuni. Hura, hasieran, luzapenetan ibili zen, baina gero baietz esan zion. –Luze joko din honek, Maitane. Arratsalde bat baino gehiago beharko dinagu, bai hik eta bai nik, ezin baititugu geure betebeharrak utzi. Eta beste gauza bat: dagoeneko bazekinat amaiera ez zainala gustatuko... –Hori ikusiko dugu! –erantzun zion Maitanek, Erramunek istorioaren amaiera aldatuko zuen beldur. Arratsalde hartan, ahateak ogi-pusketarik gabe geratu ziren.
– 13 –