MEZU EZKUTUALed ZeppelinIVAtlantic, 1971Zorabiatuta sentitu naiz une batez. Beti gertatzen zaidan moduan. Gero, begiak ireki eta kokatzen saiatu naiz. Nire aurrean, morroi bat lurrean eserita, ipurdiz behera erori izan balitz bezala. Ondoan, Philips plato bat, binilo beltza kontrako norabidean jiraka. Berehala ulertu dut. Berriro ere “Stairway To Heaven”. Inbokazioa. Astunak dira gero.–Satan al zara? –galdetu dit mutilak.–Nor bestela? –erantzun diot–. Atzeraka ipini duzu kanta, ezta?–Bai, baina…–Eta hemen agertu naiz, sufre-hodeien artean, ezta?–Bai, baina…–Ez al dut Deabru itxurarik, ala?–Ez da hori, baina…–Ba orain ikusiko duzu zertarako gai naizen –egin dut orro, nire ahots latz-sakonenaz, eta hatzarekin seinalatu dut: nire madarikaziorik boteretsuena bota behar diot amateur ergel honi.Orduan, ezer burutzeko astia izan aurretik, berriro nabaritu dut: hodi batetik xurgatuko banindute bezala. Luze. Gelditu naiz azkenik, edo gelditu naute. Berriro zorabio laburra.