Galtzaundi, Galtzamotz eta Galtzajario

Page 1


GALTZAUNDI, GALTZAMOTZ ETA GALTZAJARIO


Obra honen edozein erreprodukzio modu, banaketa, komunikazio publiko edo aldaketa egiteko, nahitaezkoa da jabeen baimena, legeak aurrez ikusitako salbuespenezko kasuetan salbu. Obra honen zatiren bat fotokopiatu edo eskaneatu nahi baduzu, jo CEDROra (Centro Español de Derechos Reprográficos, www.conlicencia.com; 91 702 19 70 / 93 272 04 47). Liburu honek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntza jaso du.

1. argitalpena: 2020ko urrian

Maketazioa: Erein Azala eta barruko irudiak: Jokin Mitxelena © Antton Kazabon © EREIN. Donostia 2020 ISBN: 978-84-9109-594-1 L. G.: D 1120/2020 EREIN Argitaletxea Tolosa Etorbidea 107 20018 Donostia T 943 218 300 e-mail: erein@erein.eus www.erein.eus Inprimatzailea: Itxaropena, S. A. Araba kalea, 4520800 Zarautz T 943 835 008 e-mail: itxaropena@itxaropena.net www.itxaropena.net


ANTTON KAZABON

GALTZAUNDI, GALTZAMOTZ ETA GALTZAJARIO Marrazkiak: Jokin Mitxelena

erein


idazlea

anttonkazabon

Antton Kazabon Amigorena Haurtzaroan eta gaztaro hasieran ametsek eta ilusioek estaltzen zidaten, lurruntzen, errealitatea. Laster hasi ziren, ordea, ametsak eta ilusioak errealitate gordinaren sasipean ezkutatzen. Errealitatea gogorregi, ilunegi zaidanean fikziozko beste errealitateak sortzen hasten naiz, eta neu ere bertan murgiltzen. Zoragarria da fikziozko historiak sortzea, badakidalako gaztetxoek irakurtzen dituztenean, haiek ere nirekin batera historia horietako partaide direla.


jokinmitxelena marrazkilaria

Jokin Mitxelena Xomorroak marrazten nituen umetan. Zenbat eta nazkagarriagoak, orduan eta interesgarriagoak ikusten nituen zomorroak, zapoak eta kakalardoak. Egun batean esan nuen: «Biologoa izango naiz!». Jakin nuen, ordea, biologoek xomorro gutxi eta oso txikiak ikertzen dituztela. Tamainaz mikroskopikoak. Eta tripa irekitzen dietela. Zomorroak begiko nituen, bai, bainan itxura nazkagarriagatik bakarrik! Hobe izango nuen, hortaz, xomorroen kontuarekin jarraitu nahi banuen, lehen bezala haiek marrazten jarraitzea. Hori bai: zomorro batzuek pertsonen itxura daukate!


1

A

itzol, Leire eta Oinatz lagun handiak dira. Beti elkarrekin ibiltzen dira hirurak. Ikastola berean dabiltza eta auzo berean bizi dira, baina halere, egunean ordu asko ematen dituzte elkar ikusi gabe. Izan ere, Aitzol 3. mailan dabil oraindik, zortzi urte besterik ez baititu. Leirek, berriz, hamaika urte ditu eta 6. mailako ikaslea da. Eta Oinatz, 5. maila egiten ari da eta hamar urte ditu. Aitzoli Galtzaundi deitzen diote, eta pentsatuko duzue zergatik. Leireri, berriz, Galtzamotz. Zergatik ote? Eta Oinatz, auskalo zergatik, Galtzajario da bere lagunentzat.


10

Galtzaundi, Galtzamotz eta Galtzajario

Esan bezala, ikastola berean, baina maila eta ikasgela ezberdinetan daude. Ikastolatik irten orduko, ordea, laster elkartzen dira hirurak, batera edo bestera joateko, edo deabrukeriaren bat prestatzeko. Batzuetan, berriz, ez dira inora joaten, ez dute inolako planik egiten, sekulako eztabaidak izaten dituztelako elkarren artean. Lagun handiak izan arren oso ezberdinak dira, bai izaeraz, bai pentsaeraz. Eta baita adinez ere, dakizuen bezala. Nahiko arraroa da hamaika urteko neska eta 3. mailako zortzi urteko mutikoa lagun minak izatea eta beti elkarrekin ibiltzea, baina horrelaxe da. Leire oso gustura sentitzen da bera baino lagun txikiagoekin, eta Aitzol ere bai, bera baino handiagoekin. Oinatzi, berriz, berdin zaio, baina azken aldian, batez ere Leirerekin sentitzen da gustura. Aitzolek ez du metro erdirik ere neurtzen, oso txikia da, baina berak ez du hori uste. Sekulako mutil puska dela uste du. Bere ustez gizontxoa da dagoeneko. Hor ibiltzen da tente-tente jarrita bi metroko mutila balitz bezala, bi metroko pausoak emanez, lepoa bi metro luzatuta, inon ezin kabiturik.


ANTTON KAZABON

11

Lagunak ere, jakina, bera baino handiagoak eta zaharragoak dira. Kasik ez du bere adineko lagunik. Beti handiagoekin, zaharragoekin ibiltzea gustatzen zaio, horrela, bera ere handiagoa sentitzen delako, nonbait. Leire, aldiz, handiagoa da, garaiagoa eta helduagoa, baina berak ez du hori uste. Leirek oso txikia dela esaten du, ez dela handia, oraindik nexka koxkorra


12

Galtzaundi, Galtzamotz eta Galtzajario

dela, besterik ez, nahiz eta badituen hamaika urte. Horregatik ibiltzen da beti bera baino lagun txikiagoekin, gazteagoekin. Oinatzi, berriz, berdin zaio handia izan edo txikia izan. Bost axola Aitzoli kontu horrek. Bueno, kontu horrek eta beste kontu askok ere bost axola. Oinatz lasai asko bizi da bere mundu lasaian, arazorik gabe. Hori bai, hobeto Leire ondoan badauka. Leire alboan duen bakoitzean aurpegia alaitzen zaio, begiak argitzen zaizkio, irribarrea irteten zaio. Oinatzek ez du ulertzen Leirek zergatik ez duen handia izan nahi, ez du ulertzen zergatik txikia izaten jarraitu nahi duen beti. Eta antzeko zerbait gertatzen


ANTTON KAZABON

13

zaio Aitzolekin ere. Ez daki zergatik ez duen txikia izan nahi. Ez du ulertzen zergatik handia izan nahi duen, hain txikia izanik.


14

Galtzaundi, Galtzamotz eta Galtzajario

Askotan izaten dituzte eztabaidak gai horretaz, batzuetan haserretzeraino. –Kaixo, Galtzamotz! Amuarrainak harrapatzera noa. Etorri nahi al duzu nirekin? Goazen errekara arrantza egitera! –Ez, Galtzaundi. Ni ttikia naiz arrantzara joateko. Gainera, laster ilundu egingo du. Eta ilunpetan izutu egiten naiz. –Ttikia? Hamaika urte dituzu eta. Nola izango zara ttikia? Zuk galtzak dituzu ttikiak, neska, galtzak. Baina zu handia zara. –Zuk esan nahi duzuna, baina ni ttikia naiz. Hamaika urte ditut, eta oraindik oso ttikia naiz. Arrunt ttikia ere, Galtzaundi. –Zaude isilik, neska! Ni zortzi urterekin handia naiz, eta zu nola izango zara, ba, ttikia hamaikarekin? Zu handia zara, Galtzamotz, handia, ni bezalaxe. Biok gara handiak. –Zuk egin nahi duzuna, baina ni etxera noa. Aitatxorekin irakurri egin behar dut afaldu aurretik. –Aitatxorekin irakurri? Baita zera ere! Hau lotsa! Horretarako neska handia zara, Galtzamotz. Zuk ez duzu aitaren beharrik irakurtzeko.


ANTTON KAZABON

15

–Eta afaldu ondoren, amarekin beste pixka bat irakurri behar dut, Galtzaundi, loak hartu baino lehen. –Hor konpon, egin nahi duzuna, neska. Ni handia naiz, eta bakarrik noa arrantza egitera. Agur! –Eta errekara erortzen bazara? –Igeri egin eta aterako naiz. Esan dizut handia naizela. Jada baditudala zortzi urte, neska! –Zu ez zara handia, Galtzaundi. Zuk galtzak dituzu handiak, baina zu ttikia zara. Zortzi urte besterik ez dituzu eta. –Bai, bai. Oso ongi. Nik, handia naizelako, janzten ditut galtza handiak. Aitarekin eta amarekin irakurtzen oraindik? Horiek umekeriak dira, ttikitako kontuak. –Eta zuk zergatik ez duzu ttikia izan nahi, Galtzaundi? Hain da polita ttikia izatea! –Baina zer ari zara esaten, neska? Utzi bakean, eta agur berriro! Banoa errekara iluntzen hasi baino lehen. Ni ttikia izan nintzen, eta orain handia izatea tokatzen zait. –Eta iluntzen badu? Ez al zara izutuko?


16

Galtzaundi, Galtzamotz eta Galtzajario

–Izutu? Baita zera ere! Zertarako daukat, ba, linternatxo hau? Zatoz nirekin, neska! –Ezetz! –Handitu zaitez behingoz, Galtzamotz, handitu zaitez! Zergatik jarraitu nahi duzu beti ttikia izaten? –Utzi bakean! Agur!


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.