IBA N
A LDENUR IKOA T HAUR ROK EN BA SOA
Perzebal, 25
Obra honen edozein erreprodukzio modu, banaketa, komunikazio publiko edo aldaketa egiteko, nahitaezkoa da jabeen baimena, legeak aurrez ikusitako salbuespenezko kasuetan salbu. Obra honen zatiren bat fotokopiatu edo eskaneatu nahi baduzu, jo CEDROra (Centro Español de Derechos Reprográficos, www.cedro.org).
Itzulpena: Jesus Mari Lasa Azala eta liburuaren diseinua: Iturri Maketazioa: Erein Azaleko irudia: Juan Luis Landa © J. Pérez-Foncea © EREIN. Donostia 2011 ISBN: 978-84-9746-677-6 L. G.: SS-1507/11 EREIN Argitaletxea. Tolosa Etorbidea 107 20018 Donostia T 943 218 300 F 943 218 311 e-mail: erein@erein.com www.erein.com Inprimatzailea: Itxaropena, S. A. Araba kalea, 45. 20800 Zarautz T 943 835 008 F 943 130 822 e-mail: itxaropena@itxaropena.net www.itxaropena.net
IBA N
A LDENUR IKOA T HAUR ROK EN BA SOA J. Pérez-Foncea
Itzulpena: Jesus Mari Lasa
AUR K IBIDEA
Skerragak datoz! .................................... 9
Errion-Thal arriskuan........................ 75
Arkaneko hotza ................................ 195
Thun lurmuturretik harago ...... 279
Skerragak datoz!
1 Bazen behin, aspaldi, oso aspaldi, Iban Aldenurikoa izeneko mutiko bat. Hamabi urte zituen eta, izenak erakusten duen bezala, Aldenurin bizi zen. Herri koxkor polit bat zen Aldenuri, belardiz eta mendixka basodunez inguratua, Ipar aldetik izan ezik. Iparrera itsaso zabala zeukan, Enden itsasoa. Istorio asko esaten zituzten Aldenuriko marinel zaharrek Enden itsasoari buruz‌ baina horretaz geroago mintzatuko gara. Iban bost senidetatik zaharrena zen. Ferrio eta Ana aita-amekin bizi zen, herrixkatik aparte samar geratzen zen etxe batean, Illunnmendira igotzeko bidearen erdi paretsuan. Alaia eta langilea zen, eta lagun asko zituen. Mutikoaren ile liso, bel-beltzak kontraste deigarria egiten zuen haren begi argi, urdin-berdexkekin. Meharra zen eta altuxeagoa, beharbada, bere adineko mutiko gehienak baino. Ibanen aita, Ferrio, herriko errementaria zen. Sutegiko lanetarako, etxe ondoko erreka-uraren indarra baliatzen zuen. Etxe handia zuten, bere ukuiluarekin, eta hantxe edukitzen zituzten etxeko bost zaldiak eta gainerako abereak. Bizimodu lasaia zen Aldenurikoa. Ez zegoen aldi hartan gorabehera handirik, ohi baino gogorragoko 11
neguren bat edo beste kenduta, orduan otsoak agertzen baitziren herri inguruan. Esan beharra dago, beste garai batzuetan, triskantza bortitzak jasan zituztela itsasotik, kerren izeneko herri etsai gerrazale baten azioak zirela eta. Baina urte asko ziren Aldenuri azkenekoz eraso zutela, eta ia inor ez zen haietaz oroitzen, salbu-eta zaharrenak, haiek gogoan baitzituzten iraganeko gertaera ospetsuak. Haietako batzuek gozatu egiten zuten, ahal zuten guztian, antzinako gertakariak umeei eta hain ume ez zirenei kontatzen, eta hain zeukaten kontatzeko era bizia eta hunkigarria non, aditzen zeudenei, istorio haiek denak beren larruan bizi izan zituztela iruditzen baitzitzaien. Udaren hondarreraino eguraldi zoragarria izaten zen kostaldean. Eguzkia argi-errainutan galbahetua sartzen zen Illunnmendin, haritz eta pago artetik. Herriko neska-mutikoek, Filos maisuaren eskolatik irten ondoren, jolas egiten zuten urrezko urte sasoi horretan, egunaren luzea baliaturik. Aldenuriko haurren jolas maiteena ezkutaketan ibiltzea zen: irudimen pixka batekin, aise aurki zitezkeen toki aproposak, puska batean inork ikusi gabe egoteko modukoak. Iban haritz handi baten gainera igo ohi zen. Ondo baino hobeto zekien adar bakoitza non zegoen eta bixi-bixi mugitzen zen gorakoan bezala beherakoan. Inork ez zuen haren ezkutaleku maiteenaren berri, eta horri esker, jolasean denbora pixka bat zeramatenean, gordelekutik bizkor irten eta arerioek harrapatutako lagunak libratzen zituen. 12
Udaren azkeneko egun haietako batean jazo zen Ibanen bizia errotik aldatuko zuen gertakari harrigarri hura‌ Arratsalde erdia edo izango zen. Hain ongi ezagutzen zuen haritzaren goi adarretan gordeta zegoen Iban eta, denbora pasa, inurri batzuen joan-etorriei jarri zien arreta. Orduantxe ohartu zen zerbait zegoela arbola zuloan diz-diz egiten zuena, bere ezkutalekua baino metro batzuk beherago. Kontu handiarekin jaitsi zen eta, hutsartean besoa sorbaldaraino sarturik, bi behatz-punttarekin gauza hura ateratzea lortu zuen. Oso zikina zegoen eta hotza iruditu zitzaion ukitzean. Eskuan zeukala, lokatza gogortua pixka bat kendu ondoren, ikusi zuen txanpon moduko bat zela, aski handia. Domina bat ere izan zitekeen, ze txulo bat baitzeukan ertzetik hurbil, lokarritik zintzilikatzeko bezala. Hobeto garbitu ostean, metalaren gainean erliebean grabatutako eszena bitxiak ikusi ahal izan zituen: aurkian, animalia adardun arraro bat zegoen irudikatuta, zut-zutik, inguruan ugari zituen –eta bere aldean oso txikiak ziruditen– txoriak harrapatzeko edo uxatzeko jarreran; ifrentzuan, gotorleku edo etxe almenadun moduko bat ikus zitekeen, eta handik beste txori aldra bat hegatzen zen, aurkikoaren modukoa. Argi-errainu dirdaitsua jaisten zen zerutik gotorlekuraino. Dominaren inguru guztian, inskripzio bat zegoen hizki guztiz ezezagunez idatzia. 13
Iban erliebeei begira zegoen arreta handiz, irudi haien esanahia zein izan ote zitekeen pentsatuz. Hain gelditu zen txundituta eta hainbesteraino kontzentratua zegoen non, nola eta zergatik ez zekiela, bat-batean, airean igeri bezala gelditu baitzen, gauza hura aurkitu zuen zuloaren paretsuan, ez hain goian ere‌ baina oso behean ere ez: hiru bat metrora lurretik. Egoeraz jabetzearekin batera, Ibanek kontzentrazioa galdu zuen eta sagar heldu bat bezalaxe erori zen lurrera. Zorionez, harizpeko belar bigunak goxatu zion zerbait erorikoa, eta ez zuen ondorio larririk nozitu. Hala eta guztiz ere, altxatu zenean, ondoez antzean sentitu zen: harri eta zur zegoen. Eta ez zen gutxiagorako. Noiz entzun du inork mutiko bat airean igeri dagoenik? Egia zen, ala ametsa? Ba ote zuen zerikusirik domina bitxi horren aurkikuntzarekin? Burua galtzen ari ote zen? Poztu ordez, oso pentsakor gelditu zen, norbaiti kontatu edo ez erabaki ezinik. Sinetsi nahi zuen hura guztia bere irudimenaren txantxa bat izan zela, baina, aldiz, erorikoaren ondorioz sentitzen zuen oinazea oso benetakoa zen. Burutazio bat izan zuen zalantzak uxatzeko: lehen bezala kontzentratuko zen atzera eta horrela erakutsiko zion bere buruari ez zela halakorik posible. Esan eta egin: bere baitara bildu zen eta, begiak itxirik, airean gora egin zezakeela pentsatu zuen. Hala, bere buruaren harrigarri, igotzen hasi zen, berriro, puxika baten gisan. Aurrena zentimetro batzuk, gero metro bete, metro eta erdi, bi metro‌ Orduan, lehenago bezala 14
braust ez erortzeagatik, betiere kontzentrazioari eutsirik, pixkanaka jaisten hastea pentsatu zuen‌ eta bai lortu ere: apurka jaitsiz joan zen, igoerako erritmo beretsuan. Esperimentu horren ondoren zalantza arrastorik ez zitzaion gelditu eta berri harrigarri hura aita-amei esatea erabaki zuen. Ferrio gizon ona zen izatez, oso txeratsua. Baina ez zituen maite gustu txarreko adar-jotzeak. Komeni zenean, bazekien seme-alabak zigortzen. Hura ezagututa –pentsatu zuen Ibanek– ez zen zuhurra izango bere sekretua aurrena hari kontatzea. Ana, ama guztiak bezala, bihozberagoa zen umeen bihurrikeriekin, baina izutzen errazagoa ere bai, edozein gorabehera edo ustekabekoren aurrean. Horregatik, Ibani ez zitzaion samurra egiten amari esatea ere. Hala ere, garbi ikusten zuen esan beharra zeukala: garrantzitsuegia zen isilpean edukitzeko. Gogoeta luzeen ondoren, ideia hauxe jaio zitzaion: esan ez baino, egin egingo zuen. Gertakari harrigarri hura gurasoei adierazteko egokiera aproposaren bila saiatu ordez, erakustaldia egingo zien. Bai, jauna! Erabakita zeukan: afalorduan aireratuko zen, horixe egingo zuen. Gainera, jangelaren sabaia altua izanik, primerako agertokia izango zuen erakustaldia egiteko. Laster zen afaltzeko ordua eta etxerantz abiatu zen, poliki-poliki. Gogoetatsu zihoan, ez zekien zer ondorio izango zituen egitera zihoanak guraso eta senideengan. 15
2 –Eginda! –entzun zen, bat-batean, eta norbaitek besotik heldu zion Ibani. Zeharo burutik joanda zeukan ezkutaketan zebilela. Nolanahi ere, jolasean segitzeko gogorik ez zeukan batere. Urduri zegoen, berehala egin beharko zuen hegan, etxeko guztien aurrean. –Ez, ni ez nabilek! –erantzun zion Ibanek Hureri, honek baitzeukan besotik helduta–. Berandu duk eta etxera joan beharra zaukaat. –Egia, hamargarren ordua jota duk honezkero! Gu ere bagoazak. Hurerekin batera Leirenn zetorren, haren arreba, hamaika urtekoa, eta anaia, Anthe, zortzikoa. Bata bestearen ondoren, egun hartako jolasak utzi eta nor bere etxera erretiratu ziren Aldenuriko neskamutikoak. Hure, Leirenn eta Anthe Ibanekin batera etorri ziren bide guztian, Illunnmendi gailurrean ibili baitziren jolasean eta haiek ere mendi-hegal hartantxe bizi ziren, Ferrio eta Anaren familia baino beheraxeago. –Zer gertatu zaik, Iban? Galtza guztiak belarrez zikinduta dauzkak. Erori egin al haiz? –galdetu zion Hurek. –Bo! Hutsa: irristatu egin nauk haritz batetik jaisterakoan. –Ba ni etxera hola azaltzen banaiz, ohera bidaltzen naitek batere afaldu gabe. –Joño! Ez zaidak burutik pasatu ere egin. Sartu eta aldatzea izango diat onena inork ikusi baino lehen. 16
Sekulakoa haiz, Hure –esan zion Ibanek, bizkarrean txapladak emanez–, beti esaten duk zerbait interesgarria. –Zerbait interesgarria esan al dut? Niri tentelkeria galanta iruditzen zaidak ba. Gosea izango duk hik handia… –Litekeena! Dena dela, eskerrik asko abisatzeagatik. Leirenn eta Anthe isilik zeuden solasa aditzen. Leirenn isila zen oso, eta lotsatia. Neska polita zen eta gogoetatsua, eta asko miresten zuen Iban, baina ez zirudien hau askorik konturatzen zenik. Ibanen etxe parera iritsi zirenean, agur esan zioten elkarri. –Agur! –Agur Iban, bihar arte! –esan zuen Leirennek ere. Ibanek, zeharo oharkabetua baitzegoen, ez zuen erantzun ere egin. Etxean nola sartu ari zen pentsatzen, albait inork sentitu gabe. Aurreneko begiratuan, ez zen inor ageri ezkaratzean, eta gelara igotzeko eskailera inguruan ere ez. Atea hotsik atera gabe itxi eta behetik gora abiatu zen, oin-puntetan. Gora iritsi zenean, segundo batzuetan adi egon eta, ez zela inoren hotsik aditzen segurtatu ondoren, bere gelarainoko hamar metro inguruko igarobidetik abiatu zen. –Iban! –entzun zuen bat-batean atzetik. Hain zihoan isilik eta artega, non jauzi egin baitzuen bere izena aditzean. Baina lasaitu egin zen Magge zela ikustean, bost urteko arreba. Handik pixka batera, ordea, berriro urduritu zen: ohartu zen Magge han baldin bazebilen, ama ere ez zela urruti izango. Pentsatu 17
eta gertatu: ia arrazoitzen amaitzerako, Anaren ahotsa entzun zuen aldameneko gelatik: –Iban, garbi itzazu eskuak, berehala afaldu behar dugu-ta! Gaur osaba Lander da etortzekoa… Eta zatoz musu ematera! Lasaitu egin zen: osaba Lander etxean baldin bazen, ez zuten ohera bidaliko afaldu gabe, eta arriskurik gabe joan zitekeen amari diosal egitera. –Banoa, ama! –Iban! Hori da kuxidadea! Jakin al liteke zertan ibili zaren? –Ez da ezer… Erori egin naiz ezkutaketan nenbilela. –Tira, zoaz berehala aldatzera eta jaitsi agudo jangelara! Osaba Lander gonbidatua egoteak ez zituen ezertan aldatzen Ibanen asmoak: osaba Lander familiakoa zen. Pertsona batzuek izaten duten dohain hori zuen hark ere: umeek asko maite zuten eta berak ere oso gustukoa zuen gaxte jendea inguruan izatea. Gaztetu egiten zen, esan ohi zuen bezala. Lander Erdaingoa (hori zuen izen osoa) Anaren aitaren senideetan gazteena zen, eta bizi zen bakarra. Osaba Landerrek Erdaindarren etxean bizitzen segitzen zuen, Assen bailaran. Aldenuritik barru aldera zegoen Assen, zaldiz egun erdiko bidean joanda. Ferrio eta Iban batera iritsi ziren jangelara. Denak bildu zirenean, Ferriok mahaia bedeinkatu zuen eta Atania sartu zen erretiluan amuarrainak zekartzala, etxe ondoko errekan harrapatutakoak, hain juxtu. 18
–Amuarrainak! Iufiiii…! –esan zuen Enkelek. Hamaika urte zituen eta Ibanen hurrengoa zen, Kel anaia bikiarekin batera. Denei bezala, hari ere izugarri gustatzen zitzaizkion amuarrainak, baina, kasu honetan, neurrigabeko poz hark bazuen beste arrazoi bat: berak harrapatuak ziren amuarrainok. Arrantzale iaioa zen eta gozatu egiten zuen ikustean bere lana ez zela alferrikakoa. –Enkel… –osaba Landerrek interesa erakutsi zuen–, herorrek harrapatu al dituk? Galantak dituk, alajaina! –Ihes egin didana ikusi bazenu: hemengo hauek baino hiru bider handiagoa bazen! –Askotxo esatea ez al da izango? –sartu zen Ferrio, adar-joka–. Ez dut uste tamaina horretako amuarrainik izaten denik. –Ezetz? –Enkel ttikiak bere burua defendatuz–, ikusiko duzue bihar… –Ikusteko amorratzen nagok, Enkel –jaulki zion osaba Landerrek–; bihar hirekin joango nauk. –Aizu, Lander: zer moduzkoa dator udazkena Erdainen? –egin zuen galde Ferriok, gaia aldatuz. Iban aspertu egiten zen solasgai haiekin: uzta nolakoa zetorren, eguraldiaren gorabeherak, han-hemenka lehortea ote zegoen edo euri gehiegi, edo txingorra ote zetorren, edo izotza… Zentzugabea iruditzen zitzaion egin behar zuen edo ez zuen eguraldiaz hainbesteraino kezkatzea, ze gero, zinetan eta benetan, aurreikuspenek ez baitzuten izaten deus ikustekorik errealitatearekin, edo oso gutxi. Beraz, 19
egokiera onena huraxe zela pentsatu zuen jangelako hegaldiari ekiteko. Kontzentratzen hasi zen, beldur pixka batekin ez ote zuen orain funtzionatuko, baina, handik segundo batzuetara, bere lekuan segitzen baldin bazuen ere, lehen jarlekuaren kontra eusten zion grabitatearen indarrik ez zuen jada sumatzen eta, berehalaxe, arinki goratzen hasi zen. Anak ahoa zabaldu zuen semeari kargu hartzeko aulki gainean zutik jartzeagatik, baina, sinistu ezinik dagoenaren aurpegiz, berehala itxi zuen, ikusirik hankak ez zeudela aulki gainean, baizik eta gora eta gora zihoazela gorputzaren atzetik, eta gero eta gorago jangelako mahaiaren eta afaldarren buruen gainetik. Ordurako begirada guztiak puntu bakar batera bilduak zeuden: Ibanengana. Jangela isil-isilik gelditu zen. Bat edo besteren koilarak edo sardexkak eskutik oharkabean libratu eta, plater gainera erortzean ateratzen zuten hotsa besterik ez zen entzuten. Begirada harrituak itsatsita zituela, Iban, apur bat harroturik, gero eta gorago zihoan, aire solemne batekin, eta sabaiko habeetara arrimatzen ari zen: Ferrio Aldenurikoaren familia txunditua baino sei bat metro gorago zegoen. Orduantxe ohartu zen, bere hirugarren hegaldi hartan, ezker eta eskuin mugi zitekeela, eta aurrera eta atzera ere bai, hartan bizi-bizi pentsatze hutsarekin. Dena oso ondo zihoan harik eta arrebatxoak, Maggek, umeek maiz egin ohi dutena eginez, ozenki aditzera eman zuen arte begien bistan zegoena: –Ama, Iban hegan dabil! 20
Iruzkin xalo horixe aski izan zen Anaren baitan pilatuz zihoan tentsioari gainez eragiteko: bere seme zaharrena airean ikusten zuen, sei metrotara, inon sostengatu gabe, ezin zuen ulertu zer gertatzen ari zen. “Jaitsi hortik oraintxe!” urduri esan eta kordea galdu zuen. Iban, ama zorabiaturik ikusita, biziki kezkatu zen. Kontzentrazioa galdu eta erortzeko zorian egon zen, baina bere burua menderatu eta aulkiaren gainera jaitsi zen, gorakoan bezain emeki beherakoan ere. –Atania, mesedez, ekarri ezki-ur pixka bat! –eskatu zuen Ferriok–. Esna zaitez, Ana, tira! Ana gaixoa bere onera etortzen hasi zen, lehenxeago ikusitakoak aurpegian agerrarazi zion izua artean aienatu ezinik. –Ferrio! Nik ikusi dudana ikusi al duzu? –Lasai, Ana –sartu zen tartean osaba Lander, ahots gozo baina sendoz–. Xelebrea egingo zaizu baina oso ondo dakit zer ari den gertatzen, eta Ferriok ere bai, nik uste. –Ferriok ere bai? Seguru al zaude? –Bai, halaxe nago. Eta esango dizut, gainera, oso oker ez banago, honek baduela zerikusia nire anaia Unkeren ikerketa fisikoekin, hau da, zure aita maitearekin. –Nola…? Zer esan nahi duzu zehazki? –Tira, Ana, hartzazu hau –eta Ataniak ekarritako katilu lurruntsua hurbildu zion–, on egingo dizu. Ez arduratu orain ikusi duzunaz; gero hitz egingo dugu horretaz… Hobeto zaude? 21
–Baietz uste dut. Barkatuko didazue… –esan zuen ahopean eta lotsaz bezala; eta irriño batekin gehitu zuen–: ez nago ohitua nire umeak airean dabiltzala ikusten. –Niri txundigarria iruditzen zait! –esan zuen Enkelek irmo, ahoa zabaldu gabe baitzegoen amuarrainen etorrerak piztutako zer-esana igaro ezkero. –Niri ere bai! –gehitu zuten bateratsu Kelek, Maggek eta Ruthek. Zazpi urteko Ruth zen bikien hurrengoa adinez. –Iban, nola ikasi duzu hori egiten? Denbora asko behar izan al duzu? –galdetu zuen Ferriok, semeari arreta biziz begiratzen ziola. –Ez aita, gaur izan da aurreneko aldia… Nik ezer egin gabe gertatu zait, halabehar hutsez: domina bat aurkitu dut, zer ote zen aztertzen kontzentratu naiz eta… –Eta hegan hasi zara lehenxeago bezala, ezta? –Bai, osaba Lander. –Ikusi al dezaket domina hori? –Bai, bai; patrikan daukat… –Joño! –esan zuen osaba Landerrek harriturik–, jatorri thalikoa du domina honek, aro ertainekoa, inondik ere…! –Jatorri zeeer…? –egin zuten galde Kelek eta Enkelek. –Antzina-antzinako domina da, gure herriaren sorrerako garaietan du jatorria –esplikatu zien osaba Landerrek, domina Ibani itzulirik–. Esaidazu, Iban, beste inork ikusi al zaitu hegan? 22
–Ez, osaba, ez nau inork ikusi. Zuek zarete aurrenekoak. –Horrela behar du: estreinako hegaldiak etxekoentzat egin behar dira… –gehitu zuen Ferriok, lehen baino lasaiago eta broma aire alai batekin–, baina hobe izango dugu Enkelen amuarrainei kolpe egitea, bestela hoztu egingo dira-ta. Izango da astia hegaldi hauetaz jarduteko… Amuarrainak ez ziren hoztera iritsi. Are gose handiagoz afaltzen ari zirela, Ibanen ahalmen berriari buruzko solasa, moteldu ordez, emozioz berotu zen, ttikienen aldetik, batik-bat, jakina. Postrea heldu zenerako, Anarengan ez zegoen jada lehengo urduritasunaren arrastorik, eta Ibanen anai-arreben poza neurriz gainekoa zen. Hainbesteraino non Enkel eta Kel hasi baitziren proposatzen: –Goazen lorategira eta Ibanek egin dezala erakustaldi bat hegan! –Hori, hori! Erakustaldi bat! –erantzun zuten batera gainerako umeek eta osaba Landerrek, izugarri gozatzen baitzuen ttikien istiluarekin bat eginik.
3
Urte sasoia zela-eta, artean egun-argi zegoen ordu horietan. Ferriok eta Anak, beraz, amore eman zuten, eta denak lorategira irten ziren. Osaba Lander 23
zen hitza ateratzen zuena eta umeek hark esandakoa errepikatzen zuten: –Izeietara! Ea iristen den izeien puntaraino! –Seguru al zaudete ez dela arriskutsua? –egin zuen galde Anak ahotsik goratu gabe, kezkak zeharo uxatu ezinik. –Ez kezkatu, Ana. Ikusi duzu jangelan. Ez dago arrisku izpirik –erantzun zion Landerrek zertaz ari den dakienaren tonu lasai berean–; eta, nolanahi ere, komeni zaigu ikustea zer egiten duen Ibanek, aurrerantzean zeri heldu jakin dezagun. –Izeietara!! Izeietara!! –errepikatzen zuten umeek zarata batean. Etxe aurrean ezkerreko aldetik zeuden hiru izei mardulez ari ziren. Denak erreguka eduki gabe, Iban kontzentratzen hasi zen eta leunkiro goratzen, haietako handienaren puntaraino. Pare hartara iritsi zenean, etxekoen aurrean bat-batean irabazi zuen protagonismoak gogoberoturik, bere burua gainditu nahi izan zuen arbola puntetatik gorago eginez: –Izeiak igaro ditut! Hemendik itsasoa ikusten da! –egin zuen oihu pozez zoratzen–. Hodeiak datoz ostertzetik! Eta…! Ahotsa eten zitzaion bat-batean, eztarria itxi balitzaio bezala. Aldameneko etxetik gizon bat zeukan begira, bekosko beltzez. Hugo Gorkhol zen. Hugo Gorkhol ez zen Aldenurin jaioa. Hogei bat urte izango ziren itsasotik heldu zela, baina oraindik kostata mintzatzen zen aldeneraz, Aldenuriko 24
hizkuntzan. Entzuten zitzaion aldi bakanetan, arrotz doinu nabarmenez hitz egiten zuen. Jatorriz kerrena zela zioten batzuek, baina inork ez zekien seguru. Herrira iritsi eta bertan bizitzen geratu zenean, fardeltzar batean zekartzan tresna eta arropekin batera, eskualdean ohikoak ez ziren armak ere bazituen berekin: besteak beste, kasko bat, alde banatan zezen-adar galantak zituena. Herritarren artean zeresana jarri zuen bizilagun berriak, eta tipo bitxi eta kontuz ibili beharrekoaren fama irabazi zuen. Kerren jatorriari buruzko susmoak, arma arrotz haien mehatxuak –beti ateratzen ziren hizpidera jendea Gorkholi buruz berriketan hasten zenean–, haren itxura higuingarriak eta sekula argitu ez ziren gorabehera ilun batzuetan nahastua egon zen usteak giro fidagaitza piztu zuten herrian haren kontra. Saiakera formal bat ere izan zen Gorkhol herritik kanpora bidaltzeko. Ferriok hitz egin zuen batzar hartan –ez gainerakoek baino arrazoi hobeak zituelako hartaz fidatzeko, baizik-eta bidegabea iruditzen zitzaiolako inor zurrumurru hutsengatik erbesteratzea–, eta lortu zuen Gorkholi bizitzen uztea Ferrioren sutegiaren hurrengo etxean. Ordutik aurrera, Hugo Gorkholek ez zuen herrian inorekin traturik izan, ezta Ferriorekin ere. Sekula ez zion errementariari eskerrik eman batzarrean alde atera zitzaiolako. Are gehiago, bazirudien begitan hartu zuela, une hartatik aurrera. Inork ez zekien nola ateratzen zuen bizimodua Gorkholek. Tarteka egonaldi luzeak egiten zituen 25
kanpoan, baina ezin jakin nondik norakoak ziren maiz egin ohi zituen txango haiek. Haietako batean emakume arrotz batekin ezkondu zen, eta harekin azaldu zen herrira. Elgga zuen izena. Hura ere ez zen etxetik ateratzen eta haren izaera guztiz ezezaguna zen Aldenurin. Ana saiatu zen ongi-etorri adeitsua egiten iritsi berriari, baina Elggak etxetik kanpora bidali zuen, oso zakar. Gorkholen umeak ez ziren eskolara joaten, eta jolasean ere ez ziren ibiltzen Aldenuriko beste neska-mutikoekin. Horrela bada, Gorkholdarrak misterio bat ziren eta ia aparteko mundu bat Aldenuriren erdian. Ez da harritzekoa, hortaz, Ibanen begiradak Hugo Gorkholenarekin bat egitean, halako higuin bat sentitzea, inguruan zeukan jai giroarekin nekez uztartzen zena. Begi haien hoztasun izoztuak arnasa eteteraino erasan zion. Ana –Landerren hitz lasaigarriak gorabehera, ez baitzen gehiegi lasaitu– berehala ohartu zen. –Zer duzu, Iban? –Ezer ez, ama! Banoa behera! –Zergatik jarri duzu aurpegi hori? Iban, Gorkhol artean begira zeukala sentiturik, gorritu egin zen eta ez zuen ezer erantzun. Beheraxeago jaitsi eta auzoko gizonaren begirada lotsagabetik libratu zenean, aitortu zuen, ia ahopean: –Gorkhol ikusi dut. –Gorkhol? Zein baina? –egin zion galde Ferriok. –Aita. –Zerbait esan al dizu? 26
–Ez, baina beldurtu egin nau begiradarekin… –Mesedez, Iban! Ez didazu esango auzoko begiluzeek beldurtu egiten zaituztela, ezta? –sartu zen osaba Lander, kontuari garrantzia kendu nahirik. Baina, egia esateko, gorabehera horrek, huskeria bazirudien ere, berritu egin zuen bai harengan eta bai Ferrio eta Anarengan, auzoko gizon bitxi hark sortzen zien kezka…
4
Ghulden Fenndordun hogeita hamabost urteko gizon handi eta sendoa zen. Gaztain kolore argiko ilea zuen eta bizar gorrizta. Begi arreak zituen, sakon begiratzen zutenak. Hain zeukan lodia ahotsa non putzu-zuloren batetik zetorrela baitzirudien, eta ezagutzen ez zuena ikaratu bezala egiten zen. Persona alaia zen, ordea, eta umore finekoa, nahiz-eta bere bizitzan zenbait ezbehar gogor nozitzea suertatu zitzaion. Ezkondu eta urtebetera, emaztea galdu zuen, Irian, mutiko jaioberri bat uzten ziolarik, orain hamabi urte zituena. Astuur zuen izena, eta amarengandik zetorkion ile horia. Gainerakoan, bizarra gorabehera, aitaren kopia txiki bat zen. Ghulden gogotik saiatu zen semea ez zedin hazi mundutik aparte, eta horregatik joan ohi ziren sarri Eekklo eta Uross auzo herrietara. Semea noizbait hara bidaltzea pentsatua zeukan, bolada baterako, 27