Oier

Page 1


OIER

XAN AKA


Obra honen edozein erreprodukzio modu, banaketa, komunikazio publiko edo aldaketa egiteko, nahitaezkoa da jabeen baimena, legeak aurrez ikusitako salbuespenezko kasuetan salbu. Obra honen zatiren bat fotokopiatu edo eskaneatu nahi baduzu, jo CEDROra (Centro Español de Derechos Reprográficos, www.conlicencia.com; 91 702 19 70 / 93 272 04 47). Liburu honek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntza jaso du. Egileak literatur sorkuntza sustatzeko Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren laguntza jaso du liburu hau idazteko.

1. argitalpena: 2018ko urrian

Azaleko argazkia: Aitor Arana Azalaren diseinua: Iturri Maketazioa: Erein © Alaine Agirre © EREIN. Donostia 2018 ISBN: 978-84-9109-222-3 L. G.: SS-1039/2018 EREIN Argitaletxea. Tolosa Etorbidea 107 20018 Donostia T 943 218 300 F 943 218 311 e-mail: erein@erein.eus www.erein.eus Inprimatzailea: Itxaropena, S. A. Araba kalea, 45. 20800 Zarautz T 943 835 008 F 943 130 822 e-mail: edizioak@itxaropena.net www.itxaropena.net


OIER

Alaine Agirre

erein


1 Mantela

–Urtebeteko bizia eman didate. Plausta bota du amak, aurrean inor ez balego bezala, inori zuzendu ez balitzaio bezala. Baina hantxe daude, jangelako mahai handiko alde banatan, aita, ama, anaia eta bera, Oier. Urte batzuk lehenago, gauero-gauero afaltzen zuten mahai horretan, Jon nerabea eta Oier haur txikia zirenean. Amak beti galdetzen zien nola joan zitzaien eskola-eguna eta zer ikasi zuten egun hartan: liburuetatik, baina baita liburuetatik kanpo ere. Eguneko momentu bakarra izaten zen etxeko laurak batzen zirena. Berba egiten zuten. Denen artean jartzen zuten mahaia, eta, afalostean, denen artean jaso. Mantela sukaldeko txoko batean astindu, ogi apurrik gera ez zedin; gero, ondo tolestu, eta kajoian sartu, hurrengo gauean berriz aterako zutela jakinik. Amak egiten zuen hori. –7–


OIER

Oierri gustatu egiten zitzaion amak mantela nola astintzen zuen begiratzea: gogotsu, eta indar dosi perfektuarekin; zabar eta zakar izatera iritsi gabe, baina ganora galdu gabe. Ongi neurtutako energiaz. Eta, txikitako pentsamendu magiko horiengatik-edo, Oierrek uste zuen mantela nola astindu asmatzen zuen modu bertsuan jakiten zuela amak beste gauza guztiak nola egin; baina, batez ere, oso batez ere, bakoitzarekin nola egon eta nola egin. Haurrari iruditzen zitzaion amak mantela astintzen bazekielako asmatzen zuela pertsonei laguntzen. Berari, adibidez. Urteak joan ahala, mahaia erabiltzeari utzi zioten; edo, ia iguala dena: igande batzuetan biltzeko bakarrik erabiltzen zuten. Jon, ikasketak hastearekin batera, hirira joan zen bizitzera; aitak, berriz, aseguruen bulegoa utzi eta udaletxean sartu zen zinegotzi, eta gutxitan bukatzen ziren haren bilerak afalordua baino lehen. Tartean, oraindik txikia zela, amarekin afaltzen zuen Oierrek. Ez, baina, jangelako mahai handian: sukaldeko mahai txikia nahikoa zen bientzat. Eta hasieran bai; hasieran, amak erosi zuen mantel txikiago bat, baita erabiltzen hasi ere. Baina, ez bata ez bestea konturatu gabe, mantelarekin afaltzearen ohitura galdu zuten Oierrek eta amak. Eta horrekin batera, amak mantela astintzea eta semea amari begira geratzea, hori egiten zuen artean.

–8–


ALAINE AGIRRE

Mantelaren kontua dauka buruan Oierrek. Hori, eta nola joaten diren ohiturak ahazten; hain apurka, ezen ohitura horien egileak ez diren kasik ohartzen. Ama da laurak mahaiaren inguruan batzen saiatu izan dena. Beti mantela noiz aterako zain egon izan dena. Gaurkoan, baina, aitak bota die abisua mezu baten bitartez, goizean goiz. “Zerbait inportantea kontatu behar dizuegu. Etorri etxera afaltzera”. Beste azalpenik ez die eman aitak, eta Oierri bururatu zaion lehenengo gauza da gurasoak dibortziatzera doazela. Baina ez dio hori esan anaiari, Jon etxera heldu eta Oierri galdetu dionean, gabon ere esan gabe: –Zer da kontatu behar digutena? –Ez dakit. –Ez al dakizu ezer? –Ez. –Espero dut segituan bukatzea. Ia ordubeteko bidaia daukat bueltan. Eta ez zait gauez gidatzea gustatzen. Jonek beti nahi izan zuen etxetik joan: modulu labur bat ikasi, lan bat bilatu, eta bere kasa bizi. Hala ere, institutua amaitu zuen urtean tratu bat egin zuen gurasoekin: unibertsitatera joango zen,

–9–


OIER

beraiek nahi zuten moduan, baina, trukean, gurasoek ikasle pisu bateko alokairua ordainduko zioten, egunero autobusean joan-etorria egiteko modua izan arren. Karrera bukatuta ere, pisuan jarraitu zuen, curriculumak bidali behar zituela-eta. Udako oporretan ez zen etxera etortzen. Gabonetan eta horrelako jai-egun garrantzitsuenetan bakarrik etortzen zen etxera, turroia bezala. Baina gehienetan ez zen lotara gelditzen. Lana bilatu zuenean, soldataren parte batekin ordaindu zezakeen etxetxo bat alokatu zuen, eta, harrezkero, ez zen herrira bueltatu. Hantxe daude, beraz, laurak. Mahaiaren alde banatan. –Urtebeteko bizia? Jon izan da galdera bota duena. Galdera izan da Oier bere gogoetetatik esnarazi duena. –Baina… zergatik? Zer daukazu, ama? Eta noiztik? –Zuen ama gaizki egon da azken bolada honetan. Medikuarenera joateko esan nion, eta, azkenean, kasu egin zidan –esan du aitak. –Proba batzuk egin dizkidate –erantzun du amak, baina semeei begiratu gabe. Eta orduan konturatu da Oier benetan ari dela gertatzen hau, ez dela ez broma bat, ez amesgaizto

– 10 –


ALAINE AGIRRE

bat: amak hitz horiek esateko aurpegira begiratu ez diela ikusterakoan ohartu da horretaz. Egia da. Amari urtebeteko bizia eman diote. –Zeren probak? Zer diozu, ama? –galdetu dio Jonek, baina badirudi ama ez dela gai galdera horiei erantzuteko. »Nork esan dizu hori? Eta noiz? –jarraitu du Jonek, oraingo honetan aitari ere begiratuz, erantzun bat eskatuz hasieran, exijituz geroago, aita ere isilik dagoela ikusita. »Zergatik ez didazue esan ezer? –berriz ere Jonek, begiak amorruz eta negarrez bete-bete eginda. »Eta zuk? –oraingo honetan Oierri zuzendu zaio–. Bazenekien? Oierrek ez du ezer esan. Oier ez da mugitu ere egin. Ama erosketak egitetik etorri eta poltsak erori zitzaizkionekoa. Ama arratsalde erdian lanetik etxera heldu eta nekatuta dagoela esanez ohera sartu zenekoa. Ama eskaileretan konortea galduta erori zenekoa. Tentsioa, desenkusatu zen ama horiek gertatu ondoren. Hori menopausiarena da, esan zion aitak. Nekea, pentsatu zuen Oierrek, besterik barik. Ez zuen ikusi. Ez zuen ikusi ama gaixo zegoela. Ez zuen ikusi ama hiltzera doala…

– 11 –


OIER

–Oier!! –egin du oihu Jonek, anaia ilargian dagoela ikusita. –Jon –esan dio amak, eta oraingo honetan begietara begiratu dio–, utzi anaia bakean. Badirudi ama bere onera etorri dela. Edo ez: baina, behintzat, egoeraren kontrola hartu berri du. Ez bere seme nagusiarena, ordea. –Zergatik ez didazu deitu! –Oierri–. Eta zuk, aita? Zer da, zinegotzi lanek ez dizutela ama zaintzeko denborarik uzten? –Nahikoa da, Jon! Nahikoa!!! Aldarri egin duena aita izan da, hau ere bere onera etorrita-edo. Zaplazteko bat eman baliote bezala isildu da segituan Jon. Segundo gutxi batzuk egon da geldi, gertatu berri dena asimilatu nahian, antza. Gero negarrez hasi da. Txikitako beste oroitzapen bat etorri zaio Oierri, baina ez du ezer esan, eta gero joan egin zaio gogotik. Aita ere isilik dago. Ama hasi da hitz egin nahian, baina Jon altxatu eta joan egin da. Etxetik. Ama ateari begira geratu da, negarra masailetik dariola, isilik, baina eskatuz bezala bueltatu dadila Jon. Aitak isilik darrai, platerari begira; eta, halako batean, platerekoa hasi da jaten. Oier egoera sinetsi ezinda. Azkenean, berba egin du:

– 12 –


ALAINE AGIRRE

–Ama. –Hitz bakarra atera zaio, baxu, eta sentitu egin du eztarrian nola trabatu zaizkion beste hainbat. –Bai, Oier? –esan dio amak; kariñoz, baina ikaraz ere bai: bigarren semeak ere ihes egingo ote dion ikara da, baina baita bigarrengo honi erantzun egin beharko diolako ere. –Zer daukazu? –lortu du itauntzea Oierrek. Amak ezpainak elkarren kontra zanpatu ditu. Ondoren, senarrari begiratu dio. Ostera ere seme txikiari. Begiak gogor itxi, malko gehiago, begiak ongi ireki: –Leuzemia.

– 13 –


2 Argidun txingurriak

Goizeko argia leihoetatik noiz sartuko zain egon da Oier. Bart ez zituen pertsianak jaitsi; beren etxetik apur bat aparte dagoen herriko argiak ikusi nahi zituen, gaueko iluntasunaren aurrean kikiltzen ez direnak. Badator goiza, ze, hasi dira sartzen errainu eta izpiak, lorik bako bere begiei min pixka bat emanez, argiz bustiz bere gela osoa. Gauaren momenturen batean akordatu da txikia zelarik, herritik zetozen gaueko argi txikiak inurriak iruditzen zitzaizkiola. Norbaiti galdetu ea txingurriak ziren, eta baietz: gauez argia garraiatzen zutela, leihotik ikus zitzaten iluntasunarekin izutzen ziren haur zein helduek. Ama izango zen istorio hori kontatu ziona. Argi apur bat sartzen ikustearekin nahikoa izan du. Jantzi, motxila hartu, eta gosaldu gabe ere, atera – 14 –


ALAINE AGIRRE

egin nahi izan du. Baina lehenengo, gauza bat egin beharra sentitu du. Beheko pisuan oraindik inor ez dagoela ziurtatuta, jangelara joan da. Eta hantxe ikusi du. Mantela, atzo gauean amak astindu ez zuena. Mahai gainean pilatuta, bola bat eginda. Ez zabalik, mahaia estaliz, familia laster batuko delako itxaropenarekin. Baina ezta kajoian gordeta ere, hurrena noiz aterako. Bere buruari onartu dizkio bost segundo: zutik baina geldi geratu da, begiak itxi ditu, mina sentitu du, baina arnasa sakon hartu, begiak ireki, eta ekin. Mantela hartu du. Sukaldera joan eta bertako txoko batean astindu du. Bi besoak luzatuz tolestu du erditik. Eta ostera ere erditik. Eta beste erdi bat, eta beste bat. Horrela, kajoian sartzeko tamaina aproposa izan duen arte. Iruditu zaio oso gaizki geratu zaiola, eta berriz egin beharko lukeela, amak dakien bezala. Baina azkenean horrela utzi du. Eta joan egin da. Kalera irten, eta argidun txingurrien bidean joan da.

– 15 –


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.