5 minute read

Ziberbulyingaren biktima batentzako dekalogoa

Hezkuntza Sailak ikerketarako eraikin berri bat bultzatuko du

Eusko Jaurlaritzak bikaintasuneko oinarrizko ikerketara zuzendutako 6.000 m²-ko eraikin berri baten eraikuntza bultzatuko du Donostian

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Eva Ferreira UPV/EHUko errektorearekin, Eneko Goia Donostiako alkatearekin eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin batera, ikerketa zientifikora zuzenduta Donostiako Ibaeta campusean eraikiko den eraikin berria aurkeztu zuen. 6.000 m²-ko eraikinak bi urteko exekuzio epea izango du eta 80 laborategi izango ditu. Kostua, 12 milioi eurokoa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatuko du. UPV/EHUk Ibaetako campusean lagatako lursail batean eraikiko da, eta unibertsitate publikoak ere espazioa izango du bertan. Hezkuntza Sailaren aurreikuspena da lanak urte amaitu baino lehen hasi ahal izatea.

Eraikin berrian Eusko Jaurlaritzaren IKUR Estrategian zehaztutako giltzarrizko ikerketa-esparrruetan diharduten talde zientifikoak kokatuko dira. Zehatzago esanda, konputazio kuantikoari, neutronikari, superkonputazioari, kimika aurreratuari, material berriei eta polimeroei atxikitako 300 ikertzaile bilduko dira guztira. Era berean, eraikin berriak polimero aurreratuen ikerketan diharduen BERC Polymat bikaintasunezko ikerketa-zentroaren laborategi berriak izango ditu.

Azpiegitura zientifiko berri honen eraikuntza bat dator Eusko Jaurlaritzak bikaintasunezko zientzia bultzatzen jarraitzearen alde egindako apustu sendoarekin, Euskadin punta-puntako ikerketa-talde berriak errotzeko asmoz. Euskadiko ekoizpen zientifikoa bikoiztu egin da azken hamarkadan. Ikerbasqueko komunitate zientifikoak 300 ikertzaile baino gehiago ditu dagoeneko, eta horien ikerketa-taldeetan 1.300 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatutako BERC bikaintasunezko ikerketa-sareko 9 zentroek 1.200 ikertzaile dituzte egun, azken hamarkadan izan duten hazkundeari esker. Euskadik talentu zientifikoa erakarri eta finkatzearen alde egin duen apustu honetarako, behar-beharrezkoa da ikerketa-talde berrientzako gune eta ekipamendu egokiak sortzea. Inbertsioa eremu estrategikoetan

Eraikin berria kokatuko den lursailean bertan izan den aurkezpenean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak nabarmendu zuen azpiegitura berri honek Euskadik nazioartean eta ikerketan erreferente izaten jarrai dezan duen garrantzia. “Hemen egingo dugun inbertsio handiari esker, mundu mailan zientzian estrategiko diren arloek erreferentzia garbia aurkituko dute Euskadin. Komunitate zientifikoarentzat polo erakargarria gara, eta horrelaxe izaten jarraitu nahi dugu. Hezkuntza Sailaren IKUR estrategiak bere gaitasun guztia garatu ahal izango du eraikin berri honetan”. Sailburuaren esanetan, azken urteetan Euskadi zientzian lortzen ari den emaitza onak dira “zientziari bultzada emateko eta abangoardiako ikerketaren alde egiten Eusko Jaurlaritza ari den politiken bermerik onena. Horixe da jarraitu beharreko bidea.”

Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak esaera ezagun bat hartu zuen hizpide, eraikin berrian izango den lankidetza irudikatzeko. “Azkar joan nahi baduzu, bakarrik ibili; urrutira iritsi nahi baduzu, lagunekin joan. Eraikin honetan hainbat taldek eta erakundek egingo dute lan ikerketaren alorrean. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertaldeek eraikin honetako solairu oso bat beteko dute, eta sinergiarako eta lankidetzarako aukerak sendotu egingo dira. Horrela, beraz, urrutirago iritsiko gara”.

Eraikin berriaren ezaugarriak

Eraikin berria Tolosa hiribidean kokatuko da, egungo Korta eraikinari atxikita, eta eraikitako 6.000 m² izango ditu lur gaineko 5 solairutan eta soto batean banatuta, solairu bakoitzak 1.100 m² inguruko azalera duela.

Eraikinak ingurumenari dagozkion irizpiderik aurreratuenak betetzen ditu, eta eraikuntza arloko soluzio berritzaileez baliatu da energia-eraginkortasunaren inguruko eskakizunak betetzeko eta ikerketalaborategien behar funtzionalik zorrotzenei erantzuteko. Fatxadaren kanpoko azalak eguzkiaren argia leundu eta eraikinaren kontrol termikoa egiten laguntzen dio elementu metaliko bertikalez osatutako saretari.

Eraikinak berehala irakur daitekeen itxura arineko bolumen sinplea du, egungo Korta eraikinari erantsitako oihal neutro eta irmoa. Bi eraikinak hormarte batek banandu eta lotzen ditu aldi berean, bien arteko juntura materialarena eginez, eta alde batetik besterako fatxada-aldaketa harmonizatzeko aukera errazten du.

Konputazio kuantikoan, neutronikan, superkonputazioan, kimika aurreratuan, material berrietan, polimeroetan eta antzeko esparruetan diharduten 300 ikertzailek lan egingo dute guztira

Eraikina bi urtetan amaituko da eta bertan 80 laborategi izango dira

Eskola jazarpenaren bilakaera Euskadin, 2020-2021 ikasturtean

Joan zen 2020-2021 ikasturtean 129 jazarpen kasu identifikatu ziren Euskadin; Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako 966 kasuen % 13,35

Lucia Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak 20202021 ikasturtean eskola-jazarpen kasuek Euskadin izan duten bilakaera aurkeztu zuen martxoaren 18an Bilbon, Hezkuntza Ikuskaritzak bildutako datuak ezagutaraziz. Zeregin horretan, Maite Ruiz Hezkuntza Ikuskaritza zerbitzuko ikuskatzaile nagusia izan zuen lagun zuzendariak. Igoera aztertutako kasuetan 2020-2021 ikasturtean, eskola-jazarpen gisa identifikatutako 129 kasu egon dira Euskadiko ikastetxeetan; hau da, Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak aztertutako 966 kasuen % 13,35. Aurreko ikasturteko datuekin alderatuta, aztertutako kasuen kopuruan igoera nabarmena izan dela ikus daiteke (795etik 966ra egin du). Ondorioz, jazarpen gisa identifikatutako kasuetan ere gorakada ikusten da (100etik 129ra).

Dena den, ehunekoetan, jazarpen moduan identifikatutako kasuen portzentajea azken urteetan egonkortu egin dela ikus daiteke: aztertutako kasuen % 12 eta % 14 tartean.

Horrela bada, nabarmentzekoa da azken hamarkada pasatxo honetan Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako kasuen kopurua hamar aldiz biderkatu dela (2009-2010 ikasturtean 89 kasu izatetik, joan den ikasturtean 966 izatera); hala ere, ez da gauza bera gertatu jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopuruan: 32 kasutatik 129ra, hamabi ikasturteko epe berean.

Sentsibilizazio handiagoa

Datu hauen atzean aurki daitekeen azalpen nagusia, hezkuntza komunitatean eta gizartean, oro har, bullying-arekiko dagoen gero eta sentsibilitate maila handiagoa da, jazarpen kasuen gorakada bat baino gehiago. Ikastetxeek eta Hezkuntza Ikuskaritzak arreta handiagoa jarri dute gai honetan, eta, horren ondorioz, zalantzarik txikienaren aurrean, balizko kasu oro aztertu egiten da. Halaber, datu hauek azaltzen dituzten arrazoien artean nabarmentzekoa da Ikuskaritzak azken urteetan gai honen aurrean hartu duen jarrera aktiboagoa ere.

Jazarpen gisa identifikatutako kasu gehien Bigarren Hezkuntzan gertatu dira: 129 kasu horietatik 78 etapa honi dagozkio (1218 urte), kasu guztien % 60,5.

Azpimarratzekoa da, bestalde, identifikatutako 129 kasu horietatik 41ean (% 31,7) jazarpena nagusiki Internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoren baten bidez gertatu dela. Ziberbullying kasuak esaten zaie hauei.

Bizikasi ekimena

Azken ikasturteko datuak aurkeztearekin batera,Torrealday zuzendariak Bizikasi ekimena ere hizpide izan du, duela bost urte Hezkuntza Sailak abian jarri zuen eskolajazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako ekimena. Bullying-ari aurre egitea du helburu ekimen honek, ikastetxeak eta ikasleak eurak ere ahaldunduz. Xede horrekin formazioa, orientazioa eta erremintak ematen dizkie ikastetxeei.

Horretarako, urte hauetan hezkuntza komunitate osoari prestakuntza emateko lan handia egin dela gogorarazi du sailburuordeak. Lehenik, BAT (Bullying-aren Aurkako Taldea) izeneko taldeak sortu ziren eta prestakuntza eman zitzaien. Ikastetxe bakoitzeko talde arduradunak dira hauek. Ondoren, ikastetxe publikoetako irakasle guztien prestakuntzarekin jarraitu zen, baita familien eta irakasle ez diren langileenarekin ere. Jazarpenari aurre egiteko prestakuntza hori, hala eskatu duten itunpeko ikastetxeetan ere eman da.

Ekimen honen baitan, elementurik berriena, Hezkuntza Sailak osatu duen bizikidetza positiborako curriculuma izan da, ikasleak ahalduntzeko xedez. Hau da, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara arte, ikasleek jazarpena lantzeko eta jorratzeko material espezifikoa dute, ikasle bakoitzak, bere heldutasun mailaren arabera, bizikidetzaren garrantzia landu dezan.

Jazarpenari aurrea hartzeko eta bizikidetza positiboa lantzeko sortu den material hori guztia Bizikasi ekimenaren webgunean dago eskura. Ikastetxeentzat, familientzat nahiz interesik duen ororentzat irekia dagoen www.bizikasi.euskadi.eus webguneak, eskola jazarpen kasuen aurrean jardunbide egokia izateko informazioa, orientabideak, materialak nahiz tresnak eskaintzen ditu. Webgune bizia da, etengabe elikatzen dena, eta jazarpenaren aurkako lana ahalik eta ondoen egiteko erraztasunak eskaintzea du helburu.

Kongresua, martxoaren 30 eta 31n

Ikastetxeetako bizikidetza ardatz hartuta, eta Bizikasi ekimenaren baitan, zuzendariak aurreratu zuela Hezkuntza Saila kongresua ari zela antolatzen martxoaren 30 eta 31rako Bilbon, “Ongizate emozionala eta bizikidetzarekin denok bat” leloarekin. Euskalduna Jauregian izan zen.

Bizikidetzan eta bizikidetzarako hezteko erronkari eta erantzukizunari buruz gogoeta egiteko elkargunea izan nahi zuen kongresu honek. Erronka hori lortzen laguntzeko asmoz prestatu den programan bat egin zuten maila goreneko hizlariek, bizikidetza positiboa eraikitzeko tresnen aurkezpenak eta helburua lortzeko lanean jarraitzeko esperientzia pedagogiko inspiratzaileak.

Hezkuntza Sailak Kongresua antolatu zuen martxoaren 30 eta 31rako Bilbon: ‘Ongizate emozionala eta bizikidetzarekin denok bat’

This article is from: