Euskara Sustatzeko Ekintza Plana 2013-2023
Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUAren ekarpena.
Uztaila, 2012
ESEP (2013-2023) – Kontseiluaren ekarpena
ATARIKOA 2012ko maiatzaren 24an ekin zitzaion ESEP 2013/2023 – Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren gizarteratzeko prozesuari, eta Kontseiluak hasieratik baloratu du ekarpena egin behar zuela. Dokumentu garrantzitsua dela iritzi dio Kontseiluak, besteak beste, hurrengo hamar urteotan EAEko hizkuntza-politikaren jarduna ardaztuko baitu. Horrela, dokumentuaren garrantziaz ohartuta Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUAk dokumentuari ekarpenak prestatzeari ekin zion. Halere, gurea bezalako erakunde batean horrelako prozesuek denbora-tartea behar dute. Finean, erakundeen erakundea izanik ahalik eta adostasun handiena izango zuen proposamena kaleratu nahi genuen. Gauzak horrela, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako epea horren laburra izanik, bertako arduradunekin harremanetan jarri ginen, Kontseiluko zuzendaritzaren eskariz, proposamena aurkezteko epea pare bat astean luzatzeko. Tamalez, ez da aukerarik eskaini proposamena pare bat aste beranduago aurkezteko. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako arduradunen arabera, oso epe estuak eta zorrotzak zeuden ezarrita, eta hortaz, ez zegoen epe horiek luzatzerik. Hori horrela izanik ere, Kontseiluko zuzendaritza-batzordeak proposamenarekin aurrera egitea deliberatu zuen, eta halaxe egin dugu. Arestian esan bezala Kontseilua osatzen duten hainbat sektoreren eta bazkideren ekarpenak txertatu ditugu, eta hortaz, berandu bada ere, kontuan hartu beharreko dokumentua delakoan gaude. Bertan jasotzen diren ekarpen gehienak, honez gero, Kontseiluak onartu dituen dokumentuetan daude oinarrituta, besteak beste, Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen, Hizkuntza politika berri eta eragingarria edota Hizkuntza-politika indartzeko hamar ildo nagusiak. Horien guztien muina Euskara XXI oinarrizko txostenari Kontseiluko idazkari nagusi ohi eta egungo ohorezko presidente Xabier Mendiguren Bereziartuk aurkeztutako ekarpenean dago jasota; hartara, ez dira arrotzak ESEP 2013-2023 dokumentuaren inguruan egindako proposamenak. Esan bezala, Kontseiluak eskuartean duzun proposamena zabaltzeari ekingo dio eta eragileekin partekatzeko asmoa du. Askotan entzun izan dugu, eta halaxe uste dugu, hizkuntza-politika dinamikoa dela, eta beraz, denbora egongo da bertan agertzen diren proposamenak berandu baino lehen kontuan hartzeko.
Paul Bilbao Sarria Idazkari nagusia 1
ESEP (2013-2023) – Kontseiluaren ekarpena
1. Sarrera Euskara azken hamarkadetan Azken hamarkadetan, euskararen normalizazioaren bidean aurrerapausoak eman badira ere, helburu horretatik urrun gaude oraindik. Herritarrek eta herritar antolatuek bereziki, zailtasun eta oztopo ugariri aurre eginez, aurrerabidea bilatzen jakin dute. Proiektuen eraikuntzan, mota guztietako bitartekoen eskuratzean, sentsibilizazio lan iraunkorrean aritu dira eta haiei dagokie prozesuak orain arte eskaini duen arrakasta erlatiboa. Hala ere, argi eta garbi esan behar da euskararen normalizazioa zeregin politiko eta soziala den neurrian, herri ekimena ez dela nahikoa aurrean dugun lan konplexua burutzeko. Horretarako, behar-beharrezkoa dugu instituzioek bultzatutako hizkuntza-politika eragingarria eta hori, zoritxarrez, azken hamarkadetan ez dugu izan. Hona hemen politika horrek izan dituen hutsunerik handienak: 1. Euskararen normalizazioak instituzio guztien parte hartze koordinatua eskatzen du, toki administraziotik administrazio nagusirainoko koordinazioa. Instituzioek zeinek bere aldetik jokatu du eta haien arteko koordinazioa oso defizientea izan da. Une honetan, toki administrazioari dagokionez, Kontseiluak aztertu ahal izan duen bezala, desoreka handiak daude udalek aplikatzen dituzten politiken artean eta kasu askotan, politika horiek oinarrizko hutsunez beterik daude. Hau da, planak falta dira edo ez dira betetzen, arautegirik ez dago, ez da egoki ebaluatzen, kontrol eskasa aplikatzen da, baliabide urriak esleitzen dira eta helburu eta epe zehatzik gabe lan egiten da. Administrazio orokorren artean ere ez dago koordinaziorik eta hizkuntza-komunitatea hiru zati handitan banatuta egoteak koordinazio hori zaildu egiten du. Egoera horren ondorio zuzena da bakoitzak bere aldetik jokatzen duela prozesuan beharrezkoak diren indar biltzeak nabarmen zailduz. 2. Hizkuntza-politika beti egiten da, era kontzientean edo inkontzientean. Izan ere, euskararen aldekoa ez denean, gaztelania edo frantsesaren aldekoa da baina, saihestu ezina da hizkuntza-politika. Beraz, sektore eta sail guztiek eta instituzio guztietan egiten dute hizkuntza-politika baina, euskararen normalizazioa kultura edo hezkuntza sailetan kokatu da historikoki gainerako sail eta sektoreetan eragitea nabarmen eragotziz. Hori ere hizkuntza-politika da. Horrek prozesuaren desoreka ekarri du eta funtsezkoak diren sailetan ez denez gaia egoki lantzen, sektore batzuetan azken hamarkadetan egindakoa hutsaren hurrengoa da. Bereziki larria da, esate baterako, alor sozio-ekonomikoan ezagutu dugun aurrerapen eskasa. Politika horren ondorioz, espazioen euskalduntzean ez da aurreratu eta hezkuntza sistemak, familia transmisioak eta helduen euskalduntzeak eskaintzen dizkiguten euskaldunak, gizarte espazioek erdalduntzen dituzte. Une honetan euskara erabiltzea espazio erdaldunek eragozten dute nagusiki. 3. Euskararen normalizazioak, prozesua den neurrian, izaera progresiboa du, alegia, egoera ezin da aldatu egun batetik bestera. Hala ere, azken hamarkadetan aplikatu den hizkuntza-politikak ez ditu helburuak eta epeak egoki kudeatu eta arautegia arian-arian, progresiboki, emeki-emeki bezalako kontzeptuek bete dute, helburu eta epe zehatzek beharrean. Gainera, ebaluazio-sistema zorrotz baten faltan “euskararen alde� egite hutsa bihurtu da askotan instituzioen zeregin bakar. Horri, adierazlesistema eragingarri baten falta gehitu behar diogu. Izan ere, adierazleen kontrol 2
ESEP (2013-2023) – Kontseiluaren ekarpena
4.
5.
6. 7.
8.
9.
10.
11.
publiko, garden, oso, zorrotz eta eragingarririk gabe ezin da hizkuntza-politika sendorik egin. Euskara normalizatzeko baliabideak behar dira eta horiek kasu askotan ez dira nahikoak izan eta, gainera, ez dira egoki inbertitu. Oraindik ere, kontratatu egiten dira euskara ezagutzen ez duten pertsonak, geroago haiek euskalduntzen dirutzak gastatzeko. Alferrikako xahuketa horiek ez dituzte baliabideak liberatzen uzten beste zeregin batzuetarako eta gainera, herritarren hizkuntza-eskubideak etengabe urratuak izateko bide dira. Azken hamarkadetan, ideia nagusi batek zuzendu du hizkuntza-politika, ideia okerra bestalde. Pentsatu izan da pertsonen euskalduntzea nahikoa zela gizarte espazioak euskalduntzeko. Gaur egun, ordea, espazioek erdaldundu egiten dute, euskaldunari eragotzi egiten baitiote euskara erabiltzea. Ideia oker horrek hizkuntza-politika erabat desorekatu du eta, gaur egun, espazioak euskalduntzeko proiektuak guztiz aski ezak dira. Horren haritik, ez da posible izan, 30 urteko epean ere, erabilera sozial normalizatua eskuratzea, euskara berreskuratu nahi duen edozein hizkuntza-politikaren helburu ukaezina. Euskara normalizatzeak, prozesu sozial eta politikoa den neurrian, instituzioen eta gizarte eragileen artean koordinazio estua behar du, bereziki Euskalgintzarekin. Azken hamarkadetan, ordea, koordinazio hori ez da egokia izan, kasurik hoberenean diru-laguntzak banatzera mugatu dira, txarrenean gatazka onartezinak bizi izan ditugu. Instituzioak maiz kezkatuago egon dira lidergo itxura ematearekin konplizitatean, oinarritutako elkarlana sustatzearekin baino, eta horrek ondorio kaltegarriak izan ditu emaitzetan. Hizkuntza-politika egokiak ikuspegi osoa izan behar du. Gauza jakina da erabakiak hartzea politika egitea dela eta era berean, ez hartzea ere bai. Une honetan ordaintzen ari gara, garesti ordaindu ere, beste garai batean erabakitakoa edo ez erabakitakoa. Hau da, gure osasun sistemak ez omen du profesional euskaldunik kontratatzeko aukerarik ez omen dagoelako eta bitartean, gure fakultateetan karrera osoki euskaraz egiteko aukerarik ez dago. Prozesua den neurrian, etorkizunean zer beharko dugun jakiteak oraina antolatzen lagundu behar digu eta hori ez da egoki egin azken hamarkadetan. Gure hizkuntza-komunitatea administratiboki zatiturik dago eta horrek, euskararen normalizazio-prozesua biziki zailtzen du. Euskal Herri osoan aplikatzeko moduko hizkuntza-politika ez dugu ezagutu eta horrek desberdintasun geografikoak handitu ditu. Orain arteko hizkuntza-politikaren ezaugarri nabarmena arauaren bidea erabili nahi ez izana da. Sustapena, borondatea eta laguntza izan dira ardatzak. Araua erabili ezean ez dugu aukerarik izango euskara normalizatzeko, beste gauza batzuen artean, bai Espainiako estatuak bai eta Frantziakoak ere, zorrozki arautzen dutelako haien hizkuntzen alde euskararen eta euskaldunon kalterako. Une honetan, hizkuntzaren estatusari dagokionez, esate baterako, euskararen estatusa frantsesak eta gaztelaniak dutenarekin alderatuz apalagoa da, eta horrek berak oztopoak ezartzen dizkio gure hizkuntzaren normalizazioari. Azkenik, esan dezagun azken hamarkada hauetan ez dugula aukerarik izan kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politika egiteko eta bi Estatuek haien tresna juridikoak eta judizialak erabili dituztela gure nahi eta asmoen kontra. Beharbeharrezkoa dugu nahi dugun hizkuntza-politika egiteko eskubidea kanpo-eskuhartzerik gabe.
3
ESEP (2013-2023) – Kontseiluaren ekarpena
Gauzak horrela, azken hamarkadetan euskararen normalizazioan aurrera egin ez badugu, ez da izan herritarren borondatearen faltarengatik, instituzio nagusien lidergo faltarengatik eta aplikatu dituzten hizkuntza-politika desegokiengatik baizik.
2. Gutxienekoak: Euskararen estatusa eta kanpo-eskuartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea Euskarak berezko duen espazio fisikoa, Euskal Herria, funtzionalki erabat garaturik dauden bi hizkuntzekin konpartitu behar du era desorekatuan, ez baita posible euskal hiztunarentzat gizarteko funtzio guztiak euskaraz burutzea. Garrantzitsua da esatea ez dela inongo kasutan euskararen berezko komunikazio-gaitasuna gutxitze horren arrazoia baizik eta urteetan euskararen berezko garapena eragotzi duen hizkuntza-politikaren aplikazioa. Euskararen normalizazioak, beraz, hizkuntza gutxituari, euskarari dagokion funtzionalitatea itzuli behar dio eta zeregin horretan garrantzi handia du arkitektura juridikoak. Lehenengo pausoa euskarari estatus egokia ezartzea da. Egokitasuna erlazionaturik dago balantza euskararen alde jartzeko gaitasunarekin, alegia, euskarari ezartzen zaion estatusak euskararen alde hautsi behar du oreka normalizazio-prozesuan zehar hartu beharko diren neurriek oinarri legala izan dezaten. Oreka hori hausteko gakoa lehentasunezko izendatzean datza. Euskara izango da, beraz, Euskal Herrian, euskararen berezko lurraldean, lehentasunezko hizkuntza. Ondorioz, neurriren batek zalantza sortuz gero, euskara lehentasunezkoa den neurrian balantza horren alde egingo du kasu guztietan. Modu horretaz bakarrik lortuko dugu orain galdurik edo ahuldurik dituen alor funtzionalak biziberritzea. Bestalde, euskarak ofiziala izan behar du, harreman administratiboetan dagokion lekua irabaz dezan eta neurri horiek denek aurkitzen dute justifikazioa euskara berezkoa delako. Horrek esan nahi du berezkoa delako dela ofiziala eta gutxitua delako lehentasunezkoa. Azkenik, eta lehian dauden hizkuntzek gaur egun duten estatusa zein den kontuan hartuz ezagutu beharrekoa ere izan behar du estatuz. Hori horrela egin ezean, ezinezkoa izango da euskararen garapen funtzionala. Gaztelania ez dela ezagutzen ezin da legez argudiatu eta horrek ondorio praktiko zuzenak ditu eguneroko bizitzan, bai harreman ofizialen arloan nola alor pribatuan ere. Soilik euskara ezagutu beharrekoa dela erabakiz orekatuko ditugu estatusak eta beharrezko babes legala eraiki ahalko dugu euskararen normalizazioaren aldeko arkitektura juridikoan. Gai hau proposatu dugun bakoitzean “inposizio� hitza erabili izan da. Horren harira gauza pare bat esan behar dugu: alde batetik, ez dela onargarria euskara ezagutu beharra inposiziotzat jotzea gaztelania edo frantsesaren ezagutu beharra aldarrikatzen dutenen aldetik eta bestaldetik, esan beharra dago estatusa definitzeko moduaz ari garen neurrian bere eraginik garrantzitsuena epe laburrean ez duela herritarren artean, corpus juridikoaren sorkuntzan baizik. Horrekin esan nahi dugu, euskararentzako estatus horrek modulatu egingo duela euskararen alde arautegi osoa eta zaildu egingo dituela hizkuntza nagusien aldeko jarrera elebakarrak. Horrekin batera, hizkuntza-politika definituko du, aurreiritzi horren arabera diseinatu beharko delako. Euskararen estatus egokia, beraz, lau kontzeptuk osatzen dute: euskara Euskal Herrian berezko hizkuntza da, ofiziala eta lehentasunezkoa eta bertan bizi diren herritar guztientzat ezagutu beharrekoa.
4
ESEP (2013-2023) – Kontseiluaren ekarpena
Halaber, berretsi behar dugu hizkuntza-komunitateek eskubidea dutela beren hizkuntza normalizatzeko politika definitzeko eta garatzeko inolako kanpo eskuhartzerik gabe. Gaur egun, hizkuntza-politika eragingarria abaian jartzeko edota euskarari estatus egokia esleitzeko oztopoak daude. Euskararen hizkuntzakomunitatetik kanpoko esku-hartzeak eta erabakimenak baliogabetu egingo lukete. Arestian esandakoari segituz, euskararen estatusa aldatua izan dadin beharrezko tramiteei hasiera emango zaie.
3. Plan berriaren helburu nagusiak Plan berri honen helburu nagusia euskararen normalizaziora eramango gaituen hizkuntzapolitika berri eta eragingarriaren oinarriak jartzea da. Gaur egun, abian diren hizkuntzapolitikek ez dute epe onargarri batean euskara normalizatzeko inolako aukerarik eta horregatik, behar-beharrezkoa da pauso sendoak ematea. 10 urteko tarte honetan, beraz, euskara epe onargarrian normalizatzea ahalbidetuko duen hizkuntza-politikaren zorua ezartzea izango da helburu nagusia. Hortaz, euskararen normalizazioaren bidean urrats sendoak ematea ahalbidetuko digun hizkuntza-politika eragingarrirako oinarria jartzea da helburu nagusia. Hizkuntza-politika horrek bi ardatz nagusi izango ditu: euskararen zein ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea bi horiek ezinbestekoak direlako euskararen erabilera sozial normalizatua lortzeko. Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa Batetik, familia bidezko transmisioa; bestetik euskararen irakaskuntza, eta azkenik, eta helduen euskalduntzea edota euskalduntze-alfabetatzea, euskaldun iturria osatzen duten hiru zutabeak dira. Euskararen ezagutza nabarmen handitzea da helburu nagusia eta ondorioz hiru zutabeok sendotzea. Euskararentzako espazio sozialak Hizkuntza eroso eta erraz hitz egin eta erabiliko bada, gizarte espazioak irabazi behar dira. Alor sozio-ekonomikoa eta aisialdia, kirola barne, hizkuntza-politika berriaren helburu nagusiak izango dira. Euskararen aldeko motibazioa Hizkuntza bat normalizatzea gizartea bera aldatzea da. Zentzu horretan, oso garbi izan behar dugu gizartea aldatzeko pentsamendu eta portaerak direla aldaketaren motorrak. Gure kasuan, pentsamendu eraldatzaile eragingarriena euskaraz bizitzeko nahia da, izan ere, behin gure egiten dugunean ideia hori orduan bihurtzen gara eragile efektibo euskara erabiltzeko unean, beste batzuei irakasterakoan edo hizkuntza-eskubideen urraketaren aurrean. Zentzu horretan, bai instituzioek bai eta herri mugimenduak ere, ideia hori ardatz duen jardun komunikatibo intentsiboa landuko dute gizarteko alor guztietan. 5
ESEP (2013-2023) – Kontseiluaren ekarpena
Euskararen zabalkunde soziala Euskararen normalizazioak osagai geografikoa ere izan badu. Izan ere, euskal hiztunentzat Euskal Herri osoan gizarte-espazio desberdinetan euskara erabiltzeko aukera hedatzeari muzin egin gabe, normalizazioaren sendotzea arnasguneen hedapenak emango du, dudarik gabe. Hortaz, arnasguneak hedatzea eta haien inguruko herrietan ezagutza tasak handitzea eta espazioak euskalduntzea da biderik eragingarriena gure hizkuntza normalizatzeko. Beraz, esan liteke bi direla ibili beharreko bide nagusiak: arnasguneen hedapena inguruko herrietara ezagutza handituz, eta espazioak euskaldunduz zabaltzea. Egoera hori kontsolidatzen dugun neurrian, gainerako herrietan aukera funtzionalak irabaztea. Hizkuntza-eskubideak Hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa bukatzea izango da ekintza-plan honen beste helburu bat. Alor publikoan, aldiaren bukaeran, urraketa sistematikorik ez egotea da helburua eta inoiz gertatuz gero, puntuala izatea, era isolatuan, alegia. Gainera, hizkuntzaeskubideen urraketei, sistematikoei automatikoki eta kasu isolatuei ere dagokien neurrian, berehala konponbidea jarriko zaie, berriro errepika ez daitezen. Alor pribatuan, hizkuntza-eskubideen urraketarekin bukatzeko politika eragingarriaren oinarria jarriko da eskubidea arauetara eramanez.
4. Ekintza planak izango dituen esparruak eta zehar-lerroak Plana esparruka dago antolatua, eta esparruak, alde batetik, egoeraren azterketa jasotzen du eta bestetik egin beharrekoa. Neurri zehatzak proposatzen dira: 4.1. Familia bidezko transmisioa
a) Gaur egungo egoera Familiaren bidez euskara geroratzeko aukera gero eta sendoagoa da. Guraso euskaldun berrien artean ere, bikote mistoak barne, hazten ari da haurrei etxean euskara irakasten eta hitz egiten dietenen kopurua. Belaunez belauneko transmisio horrek oso lotura zuzena du, datuek adierazten dutenez, euskararen erabilerarekin. Lurralde guztietan erabileraren proportzioak lotura zuzen hori erakusten du amahizkuntzarekin eta oso gertu egon ohi da ama-hizkuntza euskara dutenen edota euskara ere badutenen ehunekotik.
b) Egin beharrekoak 1. Euskara transmititzen duten familien zentsua egitea laguntza espezifikoak bideratu ahal izateko. 2. Arnasguneetan etxebizitza eskuratzeko lehentasuna izango dute pertsona eta familia euskaldunek, bai eta euskalduntzeko konpromisoa hartua dutenek ere. 3. Euskaldundu gabeko pertsona bakarra duten familiek erraztasunak izango dituzte haien lantokietan pertsona hori euskaldundu ahal izateko. Horretarako, inplikatutako enpresekin hitzarmenak egingo dituzte instituzioek. 6
ESEP (2013-2023) – Kontseiluaren ekarpena
4.2. Irakaskuntza
a) Gaur egungo egoera Hezkuntza sistemak ez du lortzen belaunaldi berriak osorik euskalduntzea beste gauza batzuen artean, oraindik ere indarrean daudelako euskalduntzea lortzen ez duten ereduak. Murgiltze-ereduak ere erreforma sakona beharko luke helburu horretara iristeko. Ezinbestekotzat jotzen da irakasle askoren hizkuntza-arloko eguneratzea edo birziklatzea egitea, Haur Hezkuntzakoena bereziki. Halaber, tratamendu berezia behar lukete ama-hizkuntza euskara ez duten ikasleak nagusi direla osatutako ikasgela guztiek; bai eta ikasle horien gurasoek ere, seme-alabekin batera euskaldunduz joateko. Lanbide Heziketaren alorrean euskarazko lerroak ez daude oraindik ondo errotuta. Materialgintzan egindako lanak aipamena merezi du, baina oro har zer egin handia dago lanbide heziketan. Alor sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioak dituen gabeziak kontuan hartzen baditugu berehala ohartuko gara garrantzi handiko zeregina dela hori, alegia, estrategikoa etorkizunerako. Unibertsitateei dagokienez ere, euskalduntze prozesuak areagotu behar dira euskaraz ikasteko eskubidea errealitate bihurtzeko. Etorkizun hurbilean behar ditugun goi-mailako profesional euskaldunak sortzeko gauza izan behar du Unibertsitateak euskara ez dakien jendea kontratatzeari ahal bezain pronto uzteko
b) Egin beharrekoak 1. Belaunaldi berriak osorik euskalduntzea ahalbidetuko duen eredua indarrean jarriko da lehentasunez. Horretarako erreforma sakona egingo da Kontseiluak jada ezagutarazi duen bidetik doana. 2. Unibertsitateak eta Lanbide Heziketak 10 urteko epean haien eskaintza osorik euskaraz eskainiko dute. 3. Hezkuntza sistemak hemendik aurrera egingo dituen kontratazio guztietan, euskara ezagutzea derrigorrezkoa izango da, lanpostu bakoitzari dagokion mailaren arabera. 4. Hezkuntza sistemaren lan-hizkuntza euskara izango da. Horretarako, zirkuitusistema jarriko da abian. 5. Hezkuntza-sistemaren barruko ikastetxe guztietan curriculum egokia erabiliko da azpimarra honako gai hauetan jarriz: hizkuntza-eskubideen ezagutza, normalizazio-prozesuaren kontzientzia, euskal kulturaren ezagutza eta azkenik, Euskal Herriaren beraren ezagutza. 6. Arestiko puntu guztiak Hezkuntza Lege berrian jasoko dira. 4.3. Euskalduntze-alfabetatzea
a) Gaur egungo egoera Duda izpirik gabe, esan dezakegu euskalduntze-alfabetatzeak irauli duela euskararen patua. Duela berrogei urte, oso euskaldun gutxi ziren gai euskaraz irakurri eta 7
ESEP (2013-2023) – Kontseiluaren ekarpena
idazteko eta are erdaldun gutxiagok zuten egiazko interesa euskararekiko. Euskalduntze eta alfabetatze mugimenduaren sorrera mugarri izan zen Euskal Herriaren historian. Euskaltegiei esker, euskarak inoizko bultzadarik indartsuena izan du. Euskarazko literatura inoiz baino gehiago hedatu ahal izan da haiei esker. Dozenaka mila euskal herritar pasa dira euskaltegietako geletatik. Euskaraz ez zekitenek ikasi egin dute eta zekitenek hobetu eta findu. Maldan behera zihoan hizkuntza maldan gora joaten hasi da eta oraindik ez da gailurrera ailegatu.
b) Egin beharrekoak 1. Euskara ikastea doakoa izango da eskola bitartez ikasterik izan ez duen herritar ororentzat, etorri berrientzat barne. 2. Helduen euskalduntze eta alfabetatzearen sektoreak, beste hezkuntza eta prestakuntza sektoreek bezalaxe, onarpen osoa behar du horrek dituen legeondorio guztiekin: lokalak, curriculumak, irakasleak,… beste edozein arlotakoak bezala araututa badaude, irakaskuntza honetako mailaz mailako emaitzak ere besteak bezain homologatuak izan beharko lirateke. Bada garaia sektore honi zor zaiona aitortzeko eta esanetatik ekintzetara pasatzeko eta behar dituen baliabideekin hornitzeko. 3. Diru-laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresek erraztasunak eskainiko dizkiete euskara ikasi nahi duten langileei. Halaber plan bat egin eta abian jartzea eskatuko zaie enpresan euskara mailaz maila sartzen joateko, komunikaziorik arruntenetatik hasi eta lan-prozesuak euskalduntzeraino, epeak jarri eta ebaluazioak eginez helburuak betetzeko. 4. Instituzioek bermatuko dute euskara norberaren etxebizitzatik gertu ikasteko aukera. Horrela, nahitaezkoa da helduen euskalduntzearen mapa osatu eta baliabideak egokitu eta arrazionalizatzea 4.1. Euskaltegien eta auto-ikaskuntza zentroen markoa gainditu, eta HABE, AEK, Udal Euskaltegiak, Euskaltegi Homologatuak, Hizkuntza Eskola Ofizialak, IRALE, IVAP, Arkaute, EHU eta gainontzeko agenteen arteko osagarritasuna aztertu eta sendotzea. 4.2. HABEren eta beste erakunde batzuen eta euskaltegien arteko lankidetza sustatzea
5. Arestiko puntu denak Hezkuntza Lege berrian jasoko dira. 4.4 Administrazioaren euskalduntzea
a) Gaur egungo egoera Herri-administrazioei, bereziki, dagokie herritarren hizkuntza-eskubideak zaintzea, herritarrak egiten duen hizkuntza-hautuari modu egokian erantzun behar diotelako, besteak beste. Arreta zerbitzua eskaintzeaz gain, lana ere euskaraz egiteko neurriak hartu behar ditu administrazioak EAEn. Bost urte irauten duten plangintzaldien bidez bultzatzen da euskararen erabileraren normalizazioa herri administrazioetan. Hizkuntza-eskakizunez gainera bestelako esparruak ere —hizkuntza-irizpideak, euskara bultzatzeko neurriak, eta abar— arautzen dira plan horien bidez. Lanean euskara erabiltzeko planak egin beharko dituzte. 8
ESEP (2013-2023) – Kontseiluaren ekarpena
Gaur egun Administrazioek, oro har, eta haien artean desberdintasun nabarmenak daudela jakinda, hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratzen dituzte. Urraketa horiek bereziki larriak dira osasun arloan, justizia arloan eta herrizaingoan, kasu horietan hizkuntza-eskubidearen urraketak oinarrizko beste eskubide batzuk ere urratzea dakarrelako. Kasu horiek konpontzeaz gainera, Administrazioek eta Sailek beren artean euskaraz lan egiteko eta harremanak euskaraz garatzeko planak abiatu eta garatu behar dituzte.
b) Egin beharrekoak 1. Administrazioek euskara dakiten pertsonak kontratatuko dituzte. 2. Administrazio-sail bakoitzak euskalduntzeko data zehaztuko du, zein bere abiapuntua eta ezaugarriak kontuan hartuz. 3. Euskaldundu bitartean, zirkuitu-sistema ezarriko da herritar euskaldunen hizkuntza-eskubideak babesteko. Dagoeneko euskaldunak direnak euskaraz lan egingo duen zirkuituan sartuko dira. 4. Zirkuituak izan ditzakeen hutsuneak betetzea lehentasunezkoa izango da lehen urteetan. 5. Administrazio sail guztiek instituzio guztietan izango dituzte barne euskalduntze planak, helburu eta epe zehatzekin, ebaluazio sistemekin eta beharrezko baliabideekin. 6. Administrazioen euskalduntze prozesua eta plangintzen betetze maila auditoria independente batek aztertuko du. Emaitza gardena eta publikoa izango da. 7. Arduradun politiko izateko, bi hizkuntza ofizialak derrigorrez ezagutu behar dira. Ezagutzen ez dituztenek 3 urteko gehienezko muga izango dute, hasiera batean, ez dakiten hizkuntza ofiziala ikasteko. Aurrerago, hauteskunde lege batek bi hizkuntza ofizialak jakitea eskatuko du. 8. Administrazioaren hornitzaile izateko hizkuntza-irizpideak bete beharko dira. Irizpideok lege batek zehaztuko ditu. 9. Diru-laguntzak jasotzen dituzten enpresek eta gizarte eragileek hizkuntzairizpideak beteko dituzte. Irizpideok lege batek zehaztuko ditu. 10. Administrazioek egiten dituzten azpikontratazio denek hizkuntza-irizpideak beteko dituzte. Irizpideok lege batek zehaztuko ditu. 11. Administrazioek sortuko dituzten egitura berri guztietan, (administrazio atalak, erakunde publikoak etab) hasieratik euskara izango da lan hizkuntza. 12. Osasun arloak, herrizaingoak eta justizia zerbitzuak plangintza eraginkor berezituak izango dituzte, une honetan eskubide urratzaile nagusiak baitira. 13. Aurrekontuetan Sail guztiek aparteko programa izango dute eta bertan kokatuko dira sailaren euskalduntzeari dagozkion diru-sail guztiak. Horrela, saileko diru-inbertsioak gardentasunez ezagutu ahalko dira. 14. Euskararen normalizazioaren gaia zehar-lerroa denez, dagokion instituzioaren organigramako goi mailan kokatuko da sail guztietan eragiteko moduan. Instituzio nagusien kasuan Lehendakariordetzan kokatuko da.
9
ESEP (2013-2023) – Kontseiluaren ekarpena
4.5. Gune geografiko euskaldunenak
a) Gaur egungo egoera Euskarak, eremu urriko hizkuntza guztiek bezala, arnasguneak behar ditu. Gune euskaldunenak euskararen birikak dira. Euskararen normalizazioa bertan hasten da; izan ere, euskararen hedapenak izan baduelako osagai geografikoa, ez bakarrik funtzionala. Beraz, arreta berezia jarriko zaio ez bakarrik gaur egun arnasgune den lur eremu horri, muga-mugan kokatuta dauden gainerako herriek ere aparteko tratamendua eskatzen dute hedapena errazteko.
b) Egin beharrekoak 1. Gune euskaldunetan kokatutako herri-administrazio guztiek eskaintzen dituzten zerbitzuetan euskara lan- eta zerbitzu-hizkuntza izango dela bermatu behar da, bai eta haren presentzia hizkuntza-paisaian ere. 2. Udalez gaindiko proiektuek hizkuntza-komunitatean zer eragin izango duten aztertu beharko da kasu guztietan eta legezko eskaria izango da proiektuak burutu ahal izateko. 3. Herritarren mugimenduek hizkuntza-komunitatearen orekan eragin ez dezaten, familia euskaldunek izango dute lehentasuna arnasguneetan etxebizitzak eskuratzeko unean, bai eta euskara ikasteko konpromisoa hartzen dutenek ere bertakoak badira. 4. Udalerriotan euskaraz bizitzea eragozten duten errealitateak gainditzea lehentasunezkoa izango da arnasguneetan aplikatuko den hizkuntza-politikan. 5. Udalerri euskaldunen legea sortuko da horien jarduna babesteko. 4.6. Arlo sozio-ekonomikoa
a) Gaur egungo egoera Ezinezkoa da euskararen normalizazioa alor sozio-ekonomikoan ez badira aurrerapauso sendoak ematen. Orain arte, alor horretan egindakoa guztiz aski eza da kontuan hartzen badugu oso enpresa gutxi direla euskalduntze lanetan ari direnak. Sentsibilizazioa, sustapena, borondatea eta sedukzioa ez dira nahikoak izan alor horretan euskarak lekua egiteko. Enpresak normalizazioaren bidean sartzeko sortutako Dekretuari Eusko Jaurlaritzak zehapenak kendu izana oso mezu desegokia da hizkuntza-eskubideen urraketa doakoa dela adierazten baitu. Ezinbestean arautu beharra dago sektorean aurrera egin ahal izateko.
b) Egin beharrekoak 1. Euskararen presentzia publizitatean eta etiketetan bermatuko duen legea sortuko da Euskal Herrian salerosten diren mota guztietako produktuei dagokiena. Lehen urteetan arreta berezia jarriko zaie ohiko kontsumo gaiei. 10
ESEP (2013-2023) – Kontseiluaren ekarpena
2. Alor sozio-ekonomikoaren euskalduntzea gidatzeko egitura berri bat sortuko da. Bertan administrazioak, enpresariak, sindikatuak, kontsumitzaileak eta Euskalgintzako kideak egongo dira. Prozesua aztertu, ebaluatu eta proposamenak egingo ditu egitura horrek. 3. Kalitate ziurtagiriak eskuratu (Q, ISO, FQM‌) ahal izateko euskarazko zerbitzua ematea ezinbestekoa izango da. Euskarazko zerbitzu horrek kalitatezkoa izan beharko du eta horretarako hizkuntzaren erabilera egokia gomendatzeko eta kontrolatzeko Kabinete bat sortuko da. 4. Normalizazio-planak abiatzen dituzten enpresek onura fiskalak izango dituzte. 5. Lan Sailek enpresei eskaintzen dizkieten zerbitzuak gutxienez ere euskaraz eskainiko dituzte. 6. Administrazioek eskaintzen dituzten mota guzietako laguntzak eskuratu ahal izateko enpresek hizkuntza-irizpideak aldez aurretik beteko dituzte. 7. Industria Sailek homologatzen dituzten eta zerbitzu publikoa eskaintzen duten mota guztietako enpresek euskarazko zerbitzua bermatuko dute. 8. Kontsumitzailearen eta erabiltzailearen hizkuntza-eskubideak babesteko legea sortuko da. Kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzen ez dituzten enpresek zehapenak izango dituzte. Legeak sektore guztiak hartuko ditu bere barruan, bai eta lurralde guztiak ere. 4.7. Aisia eta kirola
a) Gaur egungo egoera Aisialdian eta kirolean ere gora doa euskararen erabilera, oinarritik hasita gainera, alegia, haur eta gazteengandik hasita. Belaunaldi berriak euskalduntzen diren neurrian haien aisia euskaraz eskaintzea garrantzi handiko bihurtzen da espazio horiek herritarrak erdalduntzea nahi ez badugu. Hortaz, aisia, kulturaren kontsumoa eta kirola lehentasunezkoak dira
b) Egin beharrekoak 1. Eskolaz kanpoko jarduerak automatikoki euskaraz izango dira. 2. Kirol- eta aisialdi-jardueretan, jendaurreko ekitaldi eta agerpenak antolatzen direnean, ahoz zein idatziz ematen diren mezuetan euskararen presentzia bermatuko da. 3. Esparru hauetan euskararen erabilera indartzeko hiru lan-ildo nagusi taxutuko dira: berariazko materialen sorkuntza eta hedapena, begiraleak zein entrenatzaileak trebatzeko eta haientzako titulu ofizial eta ez ofizialak lortzeko ikastaroak eta, azkenik, sentsibilizazio-kanpainak eta zabalkunde orokorra zein herri mailakoa egitea. 4.8. Kulturgintza
a) Gaur egungo egoera Haurrak eta gazteak dira euskarazko kulturaren hartzaile potentzial nagusiak. Haiei zuzentzen zaizkie dagoeneko kultur jarduera asko, antzerkiaren eta bestelako ikuskizunen esparruetan, adibidez. Helduentzako kultura eskaintza, literaturaz aparte, apalagoa da gaur egun, eta hainbat alorretan (zinea kasu) nahiko ahula dela esan daiteke, beraz, helduentzako eskaintza handitu beharra dago. 11
ESEP (2013-2023) – Kontseiluaren ekarpena
b) Egin beharrekoak 1. Euskararen presentzia bermatzeko banatzaileei eta zine aretoei kuotak ezarriko zaizkie arau bitartez. 2. Administrazioek antolatzen dituzten kultur ekitaldi guztietan euskararen presentzia bermatuko da mota guztietako euskarrietan. Hala nola, sarrerak, kartelak, megafonia, aurkezpenak eta beste edozeinetan. 3. Administrazioak antolatutako zein lagundutako 30 urte artekoei begirako euskarazko kultur eskaintza euskaraz izan behar du. 4.9. Hedabideak
a) Gaur egungo egoera Hedabideak sektore estrategikotzat jo izan dira beti hizkuntzaren normalizazioaren bidean. Haien ekarpena ezinbestekoa da hizkuntzaren erabilera indartzeko eta, aldi berean, hizkuntza horretan gauzatzen diren kultur jarduerak proiektatzeko. Une honetan, hedabideen mundua krisi desberdinek astintzen dute. Alde batetik, internetek eragindako eredu krisia, bestaldetik, krisi ekonomikoak berak eragindakoa eta azkenik, instituzioen laguntza-murrizketa. Gauzak horrela, sektorea lagundu beharra dago.
b) Egin beharrekoak 1. Euskara hutsezko prentsaren bideragarritasuna bermatuko dute Administrazioek horretarako mota guztietako baliabideak esleituz; bai eta baliabide ekonomikoak, administratiboak eta eredu berriak bilatzeari begirako giza baliabideak ere. 2. Administrazioek euskara hutsezko hedabide espezializatuen sorrera eta iraupena bermatuko dute. 3. Gainerako hedabideei arau bitartezko kuota sistema ezarriko zaie Administrazioaren baliabideak edo publizitatea jaso nahi badute. Ezagutza tasa + %10 izango da kuota hori. 4. Teknologia berrien alorrean proiektu berriak sortu ahal izateko beharrezko laguntzak eskainiko dituzte Administrazioek. 4.10. Beste eremu administratiboekiko koordinazioa
5. Baliabideak Hizkuntza-politika eraginkorrak osagai orekatuak behar ditu, arauak eta diru-baliabideak, erdi eta erdi. Diru-inbertsioak egin behar dira prozesuak azkartzeko, beharrezko zerbitzuak bermatzeko, eskaintzaren kalitatea handitzeko, aditu profesionalak prestatzeko, sentsibilizazio-kanpainak egiteko, bestela iristerik izango ez genukeen alor estrategiko eta espezifikoetara iristeko; arauak, aldiz, behar dira eskubideak bermatzeko behar dira. Ezin da eskubide bat utzi hirugarren baten borondatearen baitan eta ezin da ordaindu eskubidezkoa dena bermatzeko. Hortaz, alor bakoitzean azterketa zehatza behar da jakiteko zer arautu behar den eta diru-inbertsioak non eta zertarako egingo ditugun. 12
ESEP (2013-2023) – Kontseiluaren ekarpena
Lan hori definitzen ari garen aldiaren lehen urteetan egingo da. Edozein kasutan, erreferentzia gisa edo, Administrazioek gaur egun inbertitzen dutena bikoiztu beharra dago.
6.- Euskararen normalizazioaren aldeko arautegiaz Arau guztiek zehatzak izan behar dute, irizpide horien argitze sektorialak egiteko erabili behar dira eta kasu guztietan herritar euskaldunaren hizkuntza-eskubideen bermea ahalbidetu behar dute interpretazioetarako tarte txikia utziz. Arau dinamikoak behar ditugu, normalizazio-prozesuak bere bidean izango dituen errealitate desberdinetara azkar egokitzeko. Normalizazio-prozesua bidea den neurrian. Legeak eta arauak ezinbestean modu dinamikoz ulertu behar dira prozesuaren zerbitzuan eta herritarren zerbitzuan dauden tresna juridikoak besterik ez direlako. Arau eta legearen irizpideak iraunkorrak behar dira ordea. Gorabehera politikorik gabeko hizkuntza-politika egonkorra da egokiena eta hori ez dago izaera dinamikoarekin kontraesanean. Izan ere, irizpide iraunkorren egokitze dinamikoa da elementu juridiko horiek eskaini behar digutena. Helburu eta epe zehatzak izango dituzte tresna juridiko horiek. Kasu guztietan behar ditugun mota guztietako baliabideak esleiturik daudela abiatuko dira arauak. Baliabide-gabeziak ez du lege eta arauen garapena gelditu behar. Une honetan indarrean dauden arauak ezaugarri horien arabera aztertuko dira eta beharrezko aldaketak txertatuko dira. Bestalde, hutsune legalak eperik laburrenean beteko dira aipaturiko ezaugarrietan oinarrituz.
7.- Ebaluazio sistema Hizkuntza-politikak ebaluazio-sistema zorrotza behar du, sistema independentea, mota guztietako baliabidez ongi hornitua. Politika planifikatua den neurrian eragin adierazleak estuki kontrolatu behar dira unean uneko politika errealitate sozialera egokitu ahal izateko. Garrantzi handikoa da epeak ongi kontrolatzea, sektoreak era orekatuan garatzea, adierazleen garapena ere orekatua dela ziurtatzea eta, datu horietan oinarrituz, etorkizuneko proiekzioak egitea. Hartara, hizkuntza-politikaren arrakasta ebaluazio-sistema independente eta zorrotzak ziurtatuko du neurri handi batean. Alor ekonomikoan egiten den bezalaxe, urteroko auditoria-sistema bitartez, hizkuntza-politika ere urtero auditatu behar da maila, alor eta sektore guztietan garapena egokia eta orekatua ote den jakiteko eta, horren ondorioz, politikak egokitzeko. Alor publikoa eta pribatua, biak ebaluatu behar dira eta hala barne egoera nola kanpo eskaintza ere. Ebaluazioak arreta bereziz aztertuko du euskalduntzeplana nolakoa den, betetzea ari ote den, lege-hausturarik ote dagoen, hizkuntza-eskubideak urratzen ote diren eta txosten bat sortuko du zuzendu beharrekoak garbi zehaztuz. Ebaluazioaren ondorioz egin beharreko zuzenketak egingo dira hurrengo ekitaldirako edo urterako. KONTSEILUko zuzendaritza-batzordeak 2012ko uztailaren 12an IruĂąean onartua 13