“Así termina la Vida y comienza la Supervivencia” (Suwamish tribuko Seattle buruzagia)*
Film baten grabazioaren aurrean gaude. Izenburua jarri (gazteleraz) eta bertan parte hartuko duten pertsoinaiak aurkitzeari ekingo diogu. Hoietako bat ni neu izango naiz. Nire Herriko Udalak, 1855. urtean Estatu Batuetan presidente zenaren (Franklin Pierce) papera beteko du; herriko beste “basati” asko eta gure taldea ordea, Suwamish tribuko partaideak izango gara, gutako batek liderraren rola egingo duelarik, Seattle buruzagiarena hain zuzen ere. Udalak, Jasangarritasunaren izenean (erlijio bat bailitzan erabilia egiten den guztia justifikatzeko) herri inguruan gelditzen diren mendi apurrak zulatuko ditu, autoak herritik pasa ez daitezen eta kutsadura maila igo ez dadin ezinbestekoa delako. Gainera, industrigune berriak sortuko ditu lau behi besterik gelditzen ez diren zelaietan, Garapen Iraunkorra hiru hanka dituen mahaia delako eta, garapen sozio-ekonomikoa dakarrelako ingurumenaren zaintzarekin batera. Hau da, Estatu Batuetako presidenteak, “gure” lurrak erosiko ditu bertan denontzat onurak dakartzan lanak aurrera eramateko, eta guk “gutun” bat idatziko diogu gure ignorantziatik “basatiak baikara eta ezin baititugu gauzak ulertu”. Baina erantzunik izango ote du gure gutun horrek? Estatu Batuetako presidenteak emango ahal dio garrantzirik lur horietan antzinatik bizi izan diren basatiei? Onartuko ahal du lur horiek direla gure jabe eta ez gu beraien jabe? Gaian oso jantzia dagoen presidenteak jakingo ahal du bizirik iraun nahi beharrean, bizitzea nahi dugula eta horretarako diruaz gain dauden beste ondasun preziatuagoak beharrezko ditugula? …Orain bueltatu gaitezen filmetik gure bizitza errealera, ez ahal zarete inoiz film honetako protagonistak bezala sentitu? Ez ahal duzue inoiz gaur egungo “jasangarritasun” horren aurrean zuen postura erakutsi eta basati hutsak bezala ikusiak izan? Filmaren bigarren zatia grabatzeko ordua heldu delakoan nago. Beste askotan ez bezala, oraingo honetan estreinatzear dagoen pelikularen atal hau, lehenengoa baino hobea izango da, eta “basatiok”, presidenteari “gutun” bat idazteaz gain, benetan Jasangarria den garapen bat posible dela erakutsiko diogu eta ez bakarrik “jasangarria” izena duena. Beraz… 3, 2, 1… GRABATZEN!!!!! Filmeko pertsonaien konparaketak ulertzeko, interesgarria den beste testu bat irakurtzea gomendagarria da, nahiz eta seguruenik gehienek ezagutuko duzuen: “Carta del jefe indio Seattle” http://www.guelaya.org/textos/jefe%20indio.htm Oihana Larrea