Getxoko kultur sortzaile eta artistei bultzada emateko proposamena
0. Sarrera Bizitzen ari garen osasun-krisiak oso ondorio larriak sortu ditu gure gizartearen arlo guztietan. Larriena, zalantzarik gabe, herritarren osasunarekin lotutako ondorioak dira, eta horrek izan behar du erakunde eta eragile sozialen lehentasuna: herritarren bizitzak babestea, elkarlan eta zaintzaren bidez. Osasunean eragindako krisiaz gain, egoera berezi honek ere ondorio larriak sortu ditu gure herriko ekonomian: dendari txikiak, autonomoak, industria, zaintzetako langileak eta abar. Beharrezkoa da horientzat guztientzat erakundeetatik neurriak hartzea. Eta baita kultur sortzaile eta artistentzat ere. Kultura da, zalantzarik gabe, krisi honek gogorren kolpatu duen sektoreetako bat: ikuskizun guztiak bertan behera, entsaioak egiteko ezintasuna, prekarietatea handitzeko arriskua... Hainbat erakundeetan neurriak zabaltzerako orduan, kultura bigarren mailakotzat jo da, lehen mailako lehentasuna izango ez balitz bezala. Bada, berrogeialdia kulturak duen garrantziaren ispilua izan da: ikusten ari garen film eta telesailak, musika, sarean eskegitako antzezlanak eta abar. Hori dela eta, Getxoko EH Bildutik honako proposamena luzatu gura diogu Getxoko Udal Gobernuari: 1. Berrogeialdi garairako proposamena -Berrogeialdia irauten duen bitartean "online" agenda bat sortzea; agenda osatzeko Getxon erroldatutako artista eta kultur sortzaileek lehentasuna izango dute. Aitzitik, udalerriko sortzaileen proposamenik egongo ez balitz, beste herri batzuetako sortzaileen proposamenak aztertuko dira. Agenda "online" hori internet bidez gauzatuko da, Getxoko Udaleko kanaletatik (Youtube, Facebook, Twitter, Instagram edo www.getxo.eus). - Emanaldiak askotarikoak izango dira: musikari baten zuzeneko kontzertua, ipuin kontalari baten emanaldia, bertso-saio bat, masterclass bat, magia ikuskizuna, bakarrizketa bat... Arte disziplina ezberdinak kontuan hartuko dira, eta asteroko egitaraua osatuko da. - Kontratazioak Getxo Kulturatik edota Euskara Zerbitzutik egingo dira. Euskaraz sortutako lanei lehentasuna emango zaie, are gehiago ume eta nerabeei begirako ikuskizunetan. Izan ere, ume askok euskararekin duten lotura bakarra eskolan dute, eta, beraz, ezinbestekoa da lotura hori mantentzea.