Getxoko EH BILDUK eta PSOEk Eskuz Esku, Algortako Bilgune Feminista, Mujeres Con Voz, Roda eta Gizatiar plataformen izenean aurkezten duten mozioa: KONTZILIAZIOAREN BIDEAN, HAURTZAINDEGI ZERBITZUA UDAL EKINTZETAN Egun gutxi barru, martxoaren 8an, mundu osoan, baita Getxon ere, Emakumeon Nazioarteko eguna ospatuko dugu. Erakundeetatik zein gizarte zibiletik, ospakizun horren aitzakia erabili ohi dugu, emakumeen eskubide urraketak salatu eta eskubide berdintasuna aldarrikatzeko. Zaintza eta gizarte bizitza zein lan bizitzaren arteko partekatze osasuntsua da mugimendu feministatik zein erakundeetatik azken urteetan jorratu den lan ildoetako bat: kontziliazioa. Argi dago, zaintza lanen barruan, mota askotakoak sartzen ditugula: pertsona nagusien zaintza, gaixotasunak dituzten pertsonen zaintza… baita semealaben zaintza ere. Azken honi dagokionez, oraindik ere emakumeak dira kasu gehienetan seme-alaben zaintzaren parte handienaz arduratzen direnak. Hori aldatzeko pauso txikiak eman eta pauso handiagoak borrokatzen ari badira ere, errealitate bat da oraindik ere gaur egun. Errealitate horrek askotan, soldatapeko lanarekin, lan bolondresarekin, militantzia politikoarekin, kirolarekin zein beste bizitza esparruekin bateratzeko arazoak sortzen dizkie emakumeei. Udal honetan adibidez, emakumeei ere zuzenduak dauden hainbat tailer, kirol ekitaldi, hitzaldi, “parte hartze” foro eta bestelakoak antolatzen dira. Baina, oraindik ere, ez da kontuan hartzen badagoela jende asko, seme-alaben zaintzaz arduratu behar izateagatik, horietan parte hartu ezin duena, gehienetan ez baita haurtzaindegi zerbitzua jartzen. Berriki jakin dugunez, Getxoko ikastetxeetan ematen diren “Guraso eskoletan” ere ez dela zerbitzu hori eskaintzen. Arazo horrek konponbide erraza du: haurtzaindegi zerbitzua eskaintzea udalak antolatzen dituen ekimen guztietan. Horrela eskatu dute behin baino gehiagotan herri honetako zenbait emakume elkartek zein herritarrek. Udal honen kontziliazio politikan salto kualitatiboa suposatuko lukeen neurri honek bi helburu beteko lituzke: kontziliazioaren bidean, getxoztarrei (eta batez ere emakumeei) udalak antolatzen dituen ekimenetan parte hartzeko bidea zabaltzea alde batetik eta, lanpostuak sortzea bestetik. Horregatik ondoko proposamena luzatzen diogu Osoko Bilkurari onartua izan dadin: 1. Getxoko Udalak diru partida bat gorde dezala 2015ean, udalak antolatzen dituen foro, hitzaldi, tailer eta bestelako ekintza guztietan, haurtzaindegi zerbitzua eskaini ahal izateko.
2. Lan poltsa bat zabaldu dezala, beharrezko baldintzak zehaztuz, nahi duten pertsona guztiak izena eman dezaten begirale lana egiteko. 3. Neurri hau Berdintasun Kontseiluaren onespenaz egin dadila, hurrengo bilerara proposamen bezala eramatea bertan aztertu eta egokia ikusiz gero, onetsia izan dadin.
Getxon, 2015ko apirilaren 28an
Maitane Nerekan Umaran EH Bilduren taldearen bozeramailea
Luis Almansa Rubio PSE/EE taldearen bozeramailea