2 minute read
LOGELAK Molde naturalak
Advertisement
MOLDE NATURALAK LOGELETAN
JOERA RUSTIKO-MODERNOAK, LOREDUN ESTANPATUAK ETA KOLORE NEUTROAK AZPIMARRATU BEHAR DIRA LOGELETAKO DEKORAZIOAREN JOERETAN.
Logelaren dekorazioari dagokionean hainbat estilo nabarmendu dituzte adituek 2021 urterako. Aukerak anitzak dira, baina orokorrean lasaitasuna eta naturaltasuna iradokitzen dituzten diseinuak azpimarratu behar dira aurtengo joerei dagokionean.
Logela rustiko-modernoak estilo erromantiko klasikoaren berrinterpretazioa dira. Egurrezko altzari rustikoak gailentzen dira logeletan, material naturalez eta oihal leun eta erosoez jantzita. Kutsu modernoa ukitu-industriala duten osagarriekin gehituko zaie, beti ere diseinu soila duten piezak aukeratuta. Joera rustiko-modernoa erosoa, sinplea eta dotorea da.
Loredun estanpatuak ere indarra hartuko dute diseinuari dagokionean. Mantetan, kuxinetan, alfonbretan, gortinetan edo tapizatutako altzarietan ere ikusiko ditugu, baina batez ere, oheak jantziko dira lorez. Estanpatu handiak eta deigarriak izango dira, koloretsuak. Horregatik, dekorazio sinple eta kolore neutroekin konbinatzea komeni da.
Altzariei eta osagarriei dagokienean, diseinu linealak bogan jarraitzen dute aurten ere, pasa den urteetako joerei jarraituz. Altzari aerodinamikoak baina sinpleak nabarmenduko dira. Forma borobilak eta karratuak elkarren artean konbinatuko dira, loreontzi borobilak, ispilu dotoreak, lanpara sotilak eta estilo lineala duten osagarriak, adibidez.
Koloreei dagokienean, tonu neutroen aldeko apustua egin da berriz ere. Grisa izango da nagusi, bere aldaera guztietan, baita xanpaina edo beixa ere. Grisak eta beixak elkarren artean konbinatuta bake sentsazioa eta armonia gailenduko dira logelan. Kolore puntua osagarriekin emango zaio osotasunari. Berde-menda udaberrirako egokia izan daiteke, urdin ilunak udararako eta berde ilunak aproposak dira neguko hilabeterik hotzenak gozatzeko.
Oherako jantziekin eta koloreekin jarraituz urdina ere nabarmenduko da logeletako dekorazio joeretan. Urdinak ez du zertan hotza eta deserosoa izan behar. Kolore argiko egurrezko altzariekin konbinatuz gero, emaitza dotoreak lortzen dira. Egurra tratatu gabea eta ahalik eta naturalena izatea gomendatzen da, bai lurrean, bai gainontzeko altzarietan ere.