2 minute read
OIHALAK Nortasuna emateko
OIHALAK ETXEARI NORTASUNA ETA GOXOTASUNA EMATEKO
OIHAL NATURAL ETA ORGANIKOETARAKO JOERA ARGIA DA AZKEN URTEETAN. KOLORE NATURALAK ETA ESTANPATU GUTXI DUTENAK NABARMENDU BEHAR DIRA.
Advertisement
Oihalek eta ehunek pisu handia dute etxe bat dekoratzerako orduan. Dekorazio prozesuan aukeratzen diren azkenetariko elementuak badira ere, ez dira garrantzi gutxien dutenak, ezta gutxiago ere. Funtsezkoak dira adierazi nahi dugun estiloa eta itxura definitzeko, baita edozein espaziori izaera jakin bat emateko ere.
Agurtzane Iturbe dekoratzaileak bi alderdi azpimarratu ditu zentzu horretan. Haren iritziz, oihalek «nortasun handia» ematen diote etxeari. «Gaur egun, altzariak estandarragoak dira, linealagoak. Oihalen bitartez, testura eta bolumena ematen zaio dekorazioari, baita kolorea ere» . Dagoen aukera zabalaren artean, bakoitza tonu, koloregama edo ehundura jakin batzuekin beste batzuekin baino gehiago identifikatzen da. «Horregatik diot nortasuna ematen diotela etxeari; norberaren ukitua emateko bitarteko ezin hobea direlako» .
Nortasuna batetik, baina goxotasuna ere bai, bestetik. «Oihalak jartzen diren momentuan etxeak beste izaera bat hartzen du, goxoagoak bihurtzen dira. Oihalik ez dagoen etxeetan oihartzun gehiago egoten da, adibidez» ..
FILOSOFIA BERA ETXE GUZTIRAKO
Garai batean etxebizitza bateko gela bakoitzak bere dekorazio propioa izatea ohikoa zen bezala, gaur egun, etxeak bere osotasunean jarraikortasun bat izatea lehenesten da, baita oihalekin dekoratzerako orduan ere. «Gela bakoitzak izan dezake nortasun propioa, noski; baina oinarria, hau da, oihalen kalitatea, sentsazioa edo filosofia bera izango da etxe guztian» , zehaztu du Iturbek.
Oihalgintzan joerak ez dira urte batetik bestera aldatzen, «urteetan markatzen joaten den zerbait da» . Gaur egun, dekorazioan orokorrean bezala, oihaletan ere naturaltasuna bilatzen da, horregatik ehun naturalek hartu dute protagonismo guztia. «Kotoia, lihoa eta ehun organikoak» dira gehien erabiltzen direnak, Iturberen arabera. «Oihalek ukitzera gonbidatu behar dute, ikusi eta ukitzeko sentsazioa piztu behar dute» . Ehundura aldetik aberatsak izaten dira.
Kuxinetan, ohegainekoetan edo izaretan oihal sintetikoak baztertu dira. Zentzu horretan, pentsatzeko modua ere aldatu da: «Lihoa, adibidez, beti egon izan da, baina garai batean ia pentsaezina zen lihozko ezer etxean jartzea. Asko zimurtzen zirelako ospea zuten, besteak beste. Gaur egun, zimur horiek beste begi batzuekin ikusten ditugu, politak ere iruditzen zaizkigu» .
AGURTZANE ITURBE · Dekoratzailea
Koloreei dagokionean lur-koloreak, edo kolore naturalak gailendu dira. «Estanpatuak ere bai, baina dosi txikietan. Difuminatuak, loreak edo motibo organikoak ugaritu dira aurten» . Geometrikoak ere jarraitzen dute, baina pasa den urteetan baino modu apalagoan.
Iturberen iritziz, gaur egun oihal gutxiago erabiltzen da dekoratzeko. «Garai batean oihalak edozer forratzeko erabiltzen ziren, tulipak, pertsianen kaxak, gortinak..., gaur egun beste neurri batean erabiltzen dira» .
Amaitzeko, kalitatean inbertitzea garrantzitsua dela uste du Iturbek. «Gehiago irauten dute, eta lihoa edo kotoia hondatzen badira ere, beste grazia batekin egiten dute. Azken batean, kalitatezko materialek zahartze hobea dutela uste dut» .