Pertsona bat gehiago ala gutxiago, ORAINGOAN BADU GARRANTZIA
Manifestazio batera inoiz ez bazara joan, honetan parte har ezazu; manifestazioetara joan ohi bazara, ez galdu larunbat honetakoa
Nafarroaren etorkizuna kolokan dago. Elite ustel eta lotsagabea jendartearen kontura aberastu da. Ordu beteko bilera batengatik 5.360 euroko dietak jasotzen zituzten Barcina eta enparauek, Nafarroako Kutxa desagertarazten zuten bitartean: mende batez langileen aurrezkiez sortutako Kutxa, La Caixako zatitxo bat besterik ez da gaur egun. Hori gutxi balitz, bere garaian UPNk izendatutako Ogasuneko zuzendari ohiak Parlamentuan emandako lekukotzaren berri izan dugu egun hauetan; berak azaldu duenez, Goicoechea lehendakariordeak eta Barcinak berak presionatu egin zuten, Foru Ogasunetik informazio konfidentziala eskuratu eta gertuko enpresariei mesede egiteko. Denok garela Ogasuna, horixe esaten ziguten: gezurretan ari ziren. Bien bitartean, nafar herritargoaren lan eta bizi baldintzak zeharo okertzen ari dira. 50.000 lagun baino gehiago dago langabezian eta enplegua dutenen lan baldintzak kaxkarragoak dira orain. Osasunbidean itxaronzerrendak luzatzen doaz, osasun sistema
publikoa eraisten ari dira; eskolak gainezka daude, gizarte laguntzak desagertu dira eta Nafarroaren bideragarritasun ekonomiko bera arriskuan dago. Jende asko haserre dago, nola ez da ba egongo, gertatzen ari denaren aurrean. Baina gauzak aldatu daitezen, larunbat honetan kalera ateratzea ezinbestekoa da. Kontuz! Kontsumitzaileen elkarteak manifestazioa antolatu du, ustelkeriaren amaiera exijitu, berritze demokratikoa aldarrikatu eta hauteskundeak dei daitezen eskatzeko. Dozenaka sindikatu eta eragile sozialek bat egin dute deialdiarekin. Geure herriak pairatzen duen lapurretari amaiera eman eta aldaketa sozialari ateak ixteko, ahalik eta herritar gehien manifestazioan parte hartzea ezinbestekoa da. Mobilizazio historikoa behar dugu, mugarri izango dena. Egin zeure ekarpena, bat egin ezazu gehiengo sozialarekin. Pertsona bat gehiago ala gutxiago, larunbat honetan garrantzia baduelako.
USTELKERIARI EZ