REE S.A. enpresak 2011ko abuztuan Tafalla, Deikaztelu eta Itsaso lotzen dituen goi tentsioko proiektua aurkeztu eta hiru urteren buruan, estatuko administrazioak gaia bideratzen jarraitzen du, herritar gehienen borondatearen aurka eginez. Era berean, foru gobernuak eta erkidegoko gobernuak herritarren aldarrikapenei ez diete oraino inolako erantzunik eman, nahiz eta borondate hura defendatu eta ordezkatu beharko luketen. Azken hiru urteotan gero eta biziagoa izan da proiektuaren aurkako aldarrikapena, eta hura baztertzeko eskatu genuenok ez gara esku-hutsik itzuli. 2011ko abenduaren 17an, 470 hautetsi bildu ziren Berriozarko batzar batean. Hain zuzen ere, Estatuko, Nafarroako eta Erkidegoko gobernuei eskatu zieten proiektua bertan behera uzteko, horren eragina pairatuko luketen 220 udalek eta kontzejuek onartutako mozioei hitza emanez. Handik urtebetera, 2012ko abenduaren 16an, Altsasuko Adierazpena aurkeztu zen, osasun, kultura, hezkuntza eta kirol alorretako 417 pertsona ezagunek sinatua. Adierazpen hartan "gure herrien etorkizuna bermatzeko eta horietan duintasunez bizitzeko konpromisoa" aldarrikatu zuten. Ekonomiaren etorkizuneko aukerak eta elektrizitatearen eskaeraren aurreikuspenak betetzen ez zirenez, 2013ko maiatzaren 15ean Estatuko Gobernuak garraio elektrikoko azpiegitura berriak bertan behera utziko zirela iragarri zuen, orduan, 174 alkatek eskatu zuten goi tentsioko linearen proiektua gelditzeko eta hura jendaurrean ez jartzeko, harik eta 2014-15ko planifikazio elektriko berria onetsi arte. Industria eta Energia Ministerioak ez zuen aintzat hartu eskaera, eta erantzun bakarra maiatzaren 31n heldu zen, egun hartan proiektua jendaurrean jarrita, horri alegazioak aurkezteko hilabeteko epea eman baitzuen. Berehalakoa izan zen erantzuna; eragina pairatuko luketen 40 herrien batzarrek herri galdeketak egin zituzten ekainaren 16an, eta erantzuna eredugarria izan zen. Erroldatutako biztanleen %63k parte hartu zuen. Boto emaileen %99,32k, erroldatuen %62,61ek, proiektuaren aurka bozkatu zuen, eta %0,1ek alde. Proiektuaren aurkako mugimendua inoiz baino indartsuago agertu zen uztailaren 19an, egun hartan 14.000 alegazio aurkeztu baitziren Estatuko Gobernuak Nafarroan eta Gipuzkoan dituzten delegazioetan. Erantzun handia izan zen hura, herritarrek ez ezik, udalek, kontzejuek eta mota guztietako elkarteek ere sinatu zutelako. Alegazio horiek hainbat arrazoi jasotzen zituzten batere justifikaziorik ez duen proiektu horren aurka egiteko. Gogora dezagun proiektua 127 km-ko autopista elektrikoa dela eta 85 dorre dituela. Gainera, Natura 2000 Sareko hainbat guneri eta hango espezie babestuei eraginen lieke, eta milaka zuhaitz moztu beharko lirateke. Era berean, Europar Batasunaren Arretaren Printzipioa urratzen du, eremu elektromagnetikoek osasunari nola eragiten dioten babesten duena, 16 herrigune goi tentsioko lineatik 500 metrora edo gutxiagora egonen liratekeelako. Bestalde, proiektua eginez gero, gurutzatzen dituen eskualdeen etorkizuneko lurralde planeamendua eta aurreikuspenak deuseztatu, eta ekoizpen ehuna, turismoa eta lehen sektorea hondatuko ditu. Hala ere, alegazio eta arrazoi horiei ez diete oraindik erantzun. 2014ko martxoaren 30ean, 247 kate begi zituen giza kate handi batek Itsasoren eta Deikazteluren artean dauden 127 kilometroak lotu zituen, "Lurkide Konpromisoa" kanpainari hasiera emanda. Horren bidez, mota guztietako 247 elkartek konpromisoa hartu zuten lurra defendatzeko, dorreak jartzeko aurreikusi dituzten lekuetan. Gizarte ehunaren aniztasuna ederki ordezkatzen duen herri sare handi horrek benetan parte hartzeko tresnak eta gatazkak konpontzeko bideak eskatzen ditu, eta, era berean, zera galdetzen du: Zer gehiago egiten ahal dugu herritar gehienen borondatea aintzat har dadin? Herritar gehienek adierazi duten aurkako joera masiboa ordezkatuta, adierazpen hau sinatu genuen herrietako hautetsiok eta gizarte taldeok planifikazio elektriko berrian proiektu hori ez sartzeko eskatzen diegu foru eta erkidegoko gobernuei. Era berean, Estatuko Gobernuari proiektua bideratzeko egiten ari diren izapideak gelditzeko eskatzen diogu, hura izanen baita goi tentsioko linea behin betiko baztertzeko eginen den aurreneko urratsa. Hori guztia egin ezean, burla eginen zaio erabateko legitimotasuna duen herritarren ordezkaritza demokratikoari. "Lurkide Konpromisoa" adostu zuten herrietako hautetsi eta gizarte talde guztiek sinatu beharreko adierazpena.