Manifestua euskaraz bizi eta ikasi

Page 1

MANIFESTUA H E R R I

E K I M E N A

EUSKARAZ BIZI ETA IKASTEKO ESKUBIDEA NAHI DUGU! Hamaika dira azken urteotan aurrera eraman ditugun dinamikak, baina gure aldarrikapenak esaldi bakarrean laburtu ditzakegu: gure seme-alabentzat nahi dugun hezkuntza erabakitzeko eta euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea. Asko gara euskararen aldeko hautua egin dugunok, eta horregatik, gure haurrek eredu euskaldunean ikas dezaten nahi dugunok. Hala ere, hautu hau indartu eta lagundu beharrean, orain arte trabak eta mugak baino ez dizkigu jarri Nafarroako Gobernuak. Oraingo eta etorkizuneko belaunaldiak euskaraz nonahi eta noiznahi bizi daitezen ezinbestekoa da euskaraz ikasteko eskubidea bermatzea. Baina Nafarroa Garaiko legeak ez digu horretarako aukera handirik eskaintzen. “Zonalde ez euskalduna eta mistoa” izendatutako eremuetan bizi garenok munduan beste inon ezagutzen ez diren mugak bizi ditugu egunero. Vascuencearen legearen ondorioz lerro batek banatzen gaitu euskaraz ikasi ahal izateko eskubidetik. Muga horrek jendartearen zati bat egunero kilometro mordoa desplazatzera behartzen du, horrek sortzen duen gastu ekonomikoarekin eta errepidean egunero bizi duten arriskuarekin. Hizkuntza batek aurrera egiteko beharrezkoa du berau erabili eta biziko duen herri bat. Eta herri horrek bizirauteko eta aurrera egiteko ezinbesteko du babestu eta bultzatuko duen lege bakarra, aukeratze askatasunari bide emango diona. Hizkuntza eskubideen bermea oinarri, euskaraz bizitzea helburu izango duen Ofizialtasuna behar du euskararen herriak. Ofizialtasunaren bidean urratsak emateko nahitaezkoa deritzogu “zonifikazioarekin” amaitu eta euskaraz ikasteko eskubidea Nafarroa Garai osoan bermatzea. Gobernuak eta alderdi politikoek arduratsu jokatu behar dute, eta milaka nafarrok egiten dugun aldarrikapena bideratzeko neurriak eta epeak jarri behar dituzte. Guztiagatik, Nafarroako Gobernuak Vascuencearen Legea lehenbailehen indargabetu behar du euskararen ofizialtasuna eta aukeratze nahiz erabilera askatasunak Nafarroa osoan bermatzeko. Euskaraz Bizi eta Ikasi Herri Ekimena 2013ko Azaroan


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.