Nafar parlamentua iritzi artikulua euskaraz

Page 1

UPN, I-E, PSN, GEROA BAI vs EUSKARAZKO IRAKASKUNTZA Euskararen liburu beltzeko orri berriak idazten ari dira egunero-egunero Nafarroan. Hego eta Erdialdeko biztanleei beren hizkuntza denik ere ukatu egiten die Gobernuak: inposatutako marra baten hegoaldera bizi direnez, herritar ez vascofonoak izendatu ditu dekretuz, nafarrak ez baina zaragozakoak edo burgosekoak bailiran. Iru単errian, euskal lerroak irekitzeko hamaika oztopo jartzen ditu Gobernuak. Euskaraz ikasi nahi duenak zailagoa du: leku falta, masifikazioa, auzoan eskaintzarik ez... Horrekin nahikoa ez eta ingeleraren ikaskuntza bermatzen omen zuen TIL ereduaren iruzurra martxan jarri zuten. Gutxieneko helburuak bete ezin zituztela ikusi eta PAI programarengatik aldatu dute. Azken urteetan ezarpen meteorikoa izan du programa honek, ikasturte honetan 60 ikastetxe baino gehiagotan ezarrita, gehienetan inposatuta, dagoelarik. Barcinak Madrilen aitortu duenez, D ereduaren prestigio sozialari aurre egiteko asmoz bultzatzen ari dira, estrategikoak diren auzoetan, PAI eredu hori. Asmakizun horren benetako emaitzek axola gutxi UPNkoei. Berriki Carlos III Madrileko Unibertsitateko ikerketa batek ondorioztatu du TIL ereduak eragin kaltegarriak dituela ikasleen ikaskuntza prozesuan. Bide honetan ezin dugu ahaztu, asmakizun eta esperimentu hauek guztiak hezkuntza publikoan egiten direla. Testuinguru honetan, pasarte harrigarria bezain larria suertatu da, pasa den astean, Nafarroako Parlamentuan. Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako mozio baten inguruan batera azaldu zaizkigu UPN, PP, PSN, Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerra bera. Mozioaren bidez, Nafarroako Parlamentuak Gobernuari zera eskatzen dio: eredu ezberdinetako ikasleak ikas-zentro berdinean bil ditzala eta jarduera komunak sustatu ditzala, zertarako eta elkarbizitza sustatzeko. Harridura sortzen duen lehenengo gauza zera da: egungo hizkuntza politikaren diseinatzailea, UPN, eta horren kontra omen dauden alderdiak, Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerra, mozio batean batera azaltzea. Zer esan nahi du? UPNk bere politika aldatu duela? Ala Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerra dira UPNri mesede egiten dion jarrera hartu dutenak? Zoritxarrez, bigarrena gertatu delakoan gaude. Deigarria da ikustea non jartzen duten arreta ereduei buruz hitz egiterakoan. Elkarbizitza arazoa sortzen omen du euskarazko ikastetxeak eta erdarazkoak bereizita mantentzeak. Hori baieztatzen dute Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Baik, norekin eta, neskak eta mutilak ikastetxe ezberdinetan bereiztearen alde dagoen UPNrekin. Sinestezina! Elkarbizitza arazoa sortzen omen du euskarazko ikastetxeak eta erdarazkoak bereizteak. Aldiz, milaka nafarrei ingelera bai baina nafar hizkuntza ez irakasteak, ez omen du elkarbizitza arazorik sortzen. Edota euskaraz ikasi nahi duten ehunka herritarrei horretarako aukera ukatzeak, ez omen du elkarbizitza arazorik sortzen. Itxurakeria galanta UPNrena eta itxurakeriari babes emate lotsagarria Izquierda-Ezkerra eta Geroa Bairena.


Elkarbizitza arazoa sortzen omen du euskarazko ikastetxeak eta erdarazkoak bereizteak. Baina batean nahiz bestean ikasitako herritarrek beste hamaika espazio konpartitzen dituzte, liburutegiak, igerilekuak, lantokiak. Ez dirudi sinesgarria, hortaz. Baina eta hel diezaiogun beste aferari: zer gertatuko litzateke, baldin eta Izquierda-Ezkerrak, Geroa Baik eta UPNk eskatu duten bezala, euskal eta erdal lerroak ikastetxe berean nahastuko balira? Euskal lerroko haurrek oraindik eta oztopo handiagoak izango lituzkete euskaraz bizi eta hezteko. Erdal lerrokoek, aldiz, ez lukete euskaraz ikasiko. Erdal lerrokoen kasuan, G eta A ereduak baitira euskaraz heztea ezinezko egiten dutenak eta beraz G eta A ereduak ezabatu beharko lirateke erdal lerrokoak euskaran murgildu nahiko balira. Baina argi dago UPNren helburua ez dela erdal lerrokoan euskaran murgiltzea, baizik eta euskal lerrokoen euskalduntzea oztopatzea. Zergatik egiten dute bat, orduan, Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Baik berarekin? Bere jarrera justifikatzeko, Izquierda-Ezkerrak esaten du hasieran D eta G ereduak ikastetxe berean zeudela eta 90. hamarkadatik aurrera bereizi zituela UPNren Gobernuak. Beraz, mozioarekin UPNren Gobernuak jarrera aldatuko luke, euskararen aldeko neurri bat babestuz. Honek ez du ez buru ez buztanik. 90. hamarkadan bereizketaren alde egin bazuen, ez zen izan euskalduntzearen alde egiteko, baizik eta D ereduarekin ghettoak egiten saiatzeko. Aldiz, estrategia horrek ez zion funtzionatu: D ereduak hazten jarraitu zuen eta hainbat auzotan erdal ikastetxeak husten joan ziren, euskal ikastetxeen mesedetan. Horren aurrean, beste estrategia batzuei heldu behar izan zien UPNk, besteak beste TIL ereduen, orain PAI denaren ezarpena bultzatuz. Estrategia berri horretan ez datorkio gaizki D eredua berriro ere erdal ereduekin nahastea eta nahaste horren erdian PAI delakoa indartzen jarraitzea, non eta D eredua eskaintzen den ikas-zentro berberetan eskainiz. Baina eta zer gertatuko litzateke, Errotxapeako Patxi Larraintzar ikastetxe publikoan edo eta Txantreako Bernart Etxepare ikastetxe publikoan beste ereduak barneratuko balituzte? Anitzagoak lirateke, euskaldundu egingo lirateke edo erdaldundu egingo lirateke? Guztiok dakigu aniztasuna eta hizkuntz aniztasuna bermatzen duen eredu bakarra euskara barnebiltzen duen eredua dela. Beraz, besteak beste aniztasuna bada bermatu nahi duguna, zergatik ez dugu ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen eredua bultzatzen? Gu prest gaude nahi duenarekin bide honetan lanean jarraitzeko.

Garikoitz Torregrosa Armendariz Aiora Epelde Agirre Sortzen-eko kideak


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.