Behin batean, tigre txikia herrenka irten zen basotik. Ezin zuen gehiago ibili, zutik ere ezin zuen egon, eta lurrera erori zen. Eta hantxe geratu zen, lurrean etzanda, belardiaren erdian.
Hartz txikia berehala etorri zen korrika eta oihu egin zuen:
–Zer gertatzen zaizu, Tigre, gaixo al zaude? –Bai, oso gaixorik nago –esan zuen tigre txikiak–, ia ezin naiz mugitu. –Ez da hainbesterako izango –esan zuen hartz txikiak–, neuk sendatuko zaitut. Tigre txikiak ez zuen perretxikorik bildu, txangoaren erdian ez zion gutunik idatzi hartz txikiari, eta ez zuen bere tigre-ahatea arrastaka eraman.
–Non duzu mina, gutxi gorabehera? –galdetu zion hartz txikiak–. Erakutsi! –Hemen –esan zuen tigre txikiak, eta beso bat erakutsi zion lehendabizi–.
Eta hemen, beste besoan. Eta zangoetan ere bai, eta aurrean eta atzean, eta eskuinean eta ezkerrean, eta goian eta behean.
–Toki guztietan? –galdetu zuen hartz txikiak–. Orduan besoetan eraman beharko zaitut. Eta besoetan hartu eta etxera eraman zuen.
–Baina zuk bendak ipini behar dizkidazu! –oihukatu zuen tigre txikiak.