“Ondarea, emakumeen emaria� deituriko Europako Ondarearen Jardunaldien aurtengo edizioa dela eta, emakume gipuzkoarrek XVII. mendean inprenta probintziara iritsi zenetik XX.mende hasiera arte berarekin izandako hartuemanaren ibilbide labur bat proposatuko dugu Koldo Mitxelena liburutegitik. Inpresoreen alargunak edo alabak izan ziren gehienetan familiako inprenta jarauntsi eta negozioa aurrera atera behar izan zituztenak. Beste alorretan bezala, emakumearen ikusgaitasun eskasak zaildu egiten du ikertzaileen lana. Azken hauek inprimategien datuak eta inbentarioen transkripzioak besterik ez dituzte askotan dokumentazio iturri bezala. Hala ere, ikerketa berriek azpimarratzen duten bezala emakume hauetako asko ez ziren soilik kudeaketa lanetan ibili, zeregin tekniko eta komertzialetan ere ibili ziren maiz. Beraiek zuzendutako inprentetatik mota guztietako testuak argitaratu ba ziren ere, erlijiozko testuak (euskeraz eta erderaz argitaratutako Doktrina kristauak) eta gai kulturaleko lanak (hiztegiak, bertso-paperak, udalerri ezberdinetako jaien programak) dira nabarienak. Emakumeak edozein esparru profesional eta kulturaletik baztertzen zituen garai eta gizarte batean, eta egunerokotasunean muga sozial eta legal ezberdinei aurre egin behar bazieten ere, aurkeztu zitzaien askatasun zirrikitua aprobetxatu eta haize kontra borrokatzea erabaki zuten emakume ausart hauek.