2010eko Udaberriko Txostena - Bake Prozesuaren Behatokia

Page 1


Aurkezpena

2009ko uztailaren 23an aurkeztu zuen Lokarrik, hau da, akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren Sareak, bake-prozesuaren egoerari buruzko txostena, iazko udaberriari zegokiona. Horrenbestez, bakeranzko prozesuaren Behatoki Sozialak lanari ekin zion berriro. Behatokiaren eginkizuna da herritarrek parte hartzeko gune bat sortzea, bakeari eta elkarbizitzari buruz dituzten iritzi aberasgarriak, ideia eta proposamen berriak askatasun osoz azal ditzaten, hartara giza eskubideak bermatzeko eta auziak bake-bidez eta demokratikoki konpontzeko bidea eraikitzearren. Azken urtebete honetan, bost galdetegi banatu ditu Lokarrik, guztiak ere bakea lortzeko prozesuari buruzkoak. Lau txosten argitaratu ditugu harrezkero (bost, 2010eko udaberriari dagokion honako hau zenbatuz gero). Bost mila erantzun inguru jaso ditugu, eta jasotako ekarpenak aintzat hartuta egin dugu txosten bakoitza. Ez da, berez, galdeketa zientifikoa, baizik eta milaka lagunen iritzi-bilketa eta horien azterketa. Galdera-sortak erantzun dituztenek, bestalde, 11.500 ideia zehatzetik gora proposatu dituzte, guztiak ere egoeraren azterketa egiteko oso lagungarriak. Banatu ditugun galdetegiak ez ezik, Tokiko Behatokiak ere tresna oso baliotsua izan ditu bakeranzko prozesuaren Behatoki Sozialak. Lokarriren jardueretan laguntzen duten elkarrizketa- eta entzute-taldeetan 120 lagunek dihardute, eta hainbat gai jorratu dituzte, bakeari eta elkarbizitzari laguntzeko ezinbestekoak: biktimak eta berradiskidetzea, Ezker Abertzalearen barruko eztabaida, eta egoera desblokeatzeko eta indarkeria elkarrizketa bidez amaitzeko proposamenak. Zenbait ikuspegitatik azter daitezke bakeranzko prozesuaren Gizarte Behatokiko herritarren partaidetzaesperientziak eta haien emaitzak: - Gizarteari dagokionez, herritar guztientzako partaidetza-eremu bat sendotu da, non bakeaz eta elkarbizitzaz iritzia eman nahi duen edonork duen aukera hitz egiteko eta bere ideiak besteei jakinarazteko. - Komunikazioari dagokionez, bakeranzko prozesuaren Gizarte Behatokia erreferentzia bihurtu da gai honekiko (bakea lortzea) interes handiena ageri duten gizarteko sektoreen iritzia jasotzeko. - Alderdi politiko eta erakundeei dagokienez, guztiei bidali zaizkie Lokarriren egoera-azterketak eta gomendioak. Honenbestez, ideia eta proposamen zehatzak sortzen dituen ekimena dugu bakeranzko prozesuaren Behatoki Soziala, bakea lortzeko eta elkarbizitza hobetzeko ekarpenak egiten dituena. - Barne-ikuspegitik begiratuta, oso aberasgarria zaio Lokarriri Behatoki Sozialaren lana, gure herritar-sare honen lana interesatzen zaienen iritziak hobeto jasotzen laguntzen baitigu. Horri esker, egoera bakoitzean helburuak zehaztasun handiagoz finkatu ahal izan ditu Lokarrik. Bestalde, jasotako proposamen guztien irakurketak eta azterketak ideia berriak ekarri dizkiote Lokarriri, hobeto lan egiteko lagungarriak guztiak ere.

2


Aski dugu adibide bat Behatoki sozialaren balioaz jabetzeko: argitaratutako txostenak ikuspegi ezin hobea ditugu azken hamabi hilabeteotan egoera nola aldatu den ohartzeko. 2010eko udaberriko txostenean aztertu dugu ideia hori. Izan ere, 2009ko udaberrian zaila zen egoera, eta are gehiago hondatu zen udan; udazkenean, ordea, aukera berri batzuk azaldu ziren, eta gizartearen itxaropena suspertu egin da horiei esker. Eskerrak ematen dizkie Lokarrik Behatoki Sozial honetara beren ideiak bidali dituzten guztiei. Gure iritzian, bete ditu bakearen aldeko ekimen honek, hein handi batean, duela urtebete ezarritako helburuak. Denen iritzia entzun eta jasotzen duen lekua izatea Behatokia nahi genuke.

2010eko Udaberriko txostena Oraingo honetan, bakeranzko prozesuaren Behatoki Sozialaren txostena egiteko oinarritzat galdetegi bat erabili dugu. Ekainean banatu genuen, eta 1.057 lagunek erantzun zuten. Tokiko Behatokiek ez dute bilerarik egin, Lokarriren sarea Bruselako Adierazpenaren aldeko kanpainan aritu baita buru-belarri, hura hedatzen eta haren aldeko atxikimenduak bilatzen. Hiru atal ditu txostenak: 1- Bakeranzko prozesuaren egoera. Galdetegiak emandako emaitzen azterketa. 2- Bakeranzko prozesuaren egoeraren azterketa. 3- Lokarriren gomendio eta konpromisoak bake prozesu berri bat bultzatzeko. Txosten hau argitaratu egingo du Lokarrik, eta alderdi politikoei, erakunde publikoei eta eragile sozialei ere bidaliko die, galdetegia erantzun dutenek bake-prozesuaren egungo egoeraz duten iritzia eta egiten dituzten proposamenak bertatik bertara ezagut ditzaten.

3


Bakeranzko prozesuaren egoera Galdetegiak emandako emaitzen azterketa 1. Zer iritzi duzu bakerako prozesuaren egoeraz? “Hala-moduzkoa” da bakerako prozesuaren batez besteko balorazioa, lehenbizikoz Lokarrik Behatoki Sozial hau suspertzeari ekin zionetik. Duela urtebete, 3,5 zen batez besteko nota; oraingoan, 5era igo da. Goranzko joera izan du balorazioak hiruhilekoz hiruhileko. Emaitzen xehatzeari dagokionez, parte hartzaileen %63k uste du egungo egoerak 5a edo hortik gorako puntuazioa merezi duela; egoera txartzat/oso txartzat (1etik 4rako puntuazioa) dutenen portzentajea, berriz, %37 da (Neguko Txostenean, %43). Igoerarik handiena egoera ona/oso ona dela (7-tik 10-erako puntuazioa) deritzon portzentajeak izan du, eta %22ra iritsi da oraingoan. Nabarmena izan da igoera: duela urtebete, %4 zen portzentajea; azkeneko txostenean, %12ra igo da. Bakerako bidean pausoak ematen ari direla edo itxaropentsu egoteko arrazoirik badagoela uste dutenetatik gehienek diote hiruhileko honetako aurrerapen handiena hau izan dela: ETAtik bereizteko Ezker Abertzaleak egindako mugimenduak. Aitzitik, kezkagarria iruditzen zaie Bruselako Adierazpenari ETAk erantzunik eman ez izana. Bestalde, nolabaiteko itxaropena mantentzeko, positibotzat jotzen dituzte EA eta Ezker Abertzalearen arteko elkarlan-estrategia berria, bake-prozesu berri bati buruz Jesus Egigurenek eginiko adierazpenak eta iazko abuztuaz geroztik ETAk atentaturik egin ez izana, besteak beste. Aldiz, ikuspegi ezkorra (1-etik 4-ra arteko balorazioa) azaldu dutenek arrazoi hauek aipatu dituzte: inolako mugimendurik ez dela atzematen azken hilabeteotan bake-prozesuan; eragile politiko nagusiek mesfidati jarraitzen dutela elkarrekiko; benetako elkarrizketa-borondaterik eza, itxurakeriaz gaindi, eta Ezker Abertzalearen mugimenduen ostean Espainiako gobernuak duen jarrera itxia.

2. Duela urte bat baino aukera gehiago dago bakea lortzeko? Baikortasun handiagoa nabari da gai honi dagokionez. 2009ko udaberriko txostenak zioenez, %21ek uste zuten bakea lortzeko aukera gehiago zegoela; oraingo txostenaren arabera, ordea, hiru aldiz handiagoa da uste horrekin bat datozenen portzentajea (%66). Duela urtebete baino aukera gutxiago dagoela dio %25ak (2009ko udaberrian, %62k; neguan, %37k). Ez dakite edo erantzun ez dutenen portzentajea %9koa da. Hiru arrazoi nagusi aipatzen dituzte bakea lortzeko duela urtebete baino aukera gehiago dagoela orain diotenek, batik bat “Zutik Euskal Herria” agiriaren onarpenarekin eta bide hutsik politikoen aldeko konpromisoarekin Ezker Abertzaleak irekitako bidea, “Lortu arte” agirian adierazitako EArekin gauzaturiko akordioarekin osatua. Jasotako ekarpenetako askok diote, bestalde, estrategia berri horrek zaildu egiten diola ETAri indarkeria erabiltzen jarraitzea. Aurreko txostenetan bezala, beste arrazoi batzuk ere aipatzen dira: ETAk atentaturik egin ez izana azkeneko urtebete honetan, eta Bruselako Adierazpenean adierazitako nazioarteko elkartasun-mugimendua. Bakea lortzeko duela urtebete baino aukera gutxiago dagoela diotenek, berriz, arrazoi hau aipatzen dute: ez ETAk ez Espainiako gobernuak ez dutela inongo mugimendurik egin ezker abertzalearen azkeneko adierazpenen ostean. Aipatzekoa da, halaber, jende askok uste duela kontuz ibili beharra dagoela, aurreko bake-prozesuaren hausturak eragin zuen frustrazioa gogoan baitute oraindik. 4


3. Bake eta normalizazio gaia orain dela urte bat baino gehiago edo gutxiago interesatzen zaizu? Aldaketa handirik ez da izan bakeaz euskal gizarteak duen ardurari dagokionez, eta 2009ko udaberriko txostenean jasotakoen oso antzekoak dira emaitzak: %71k dio lehen adina arduratzen duela gaiak; %26k, lehen baino gehiago arduratzen duela orain, eta %3k, lehen baino gutxiago. Azkena aipatutako portzentaje horrek egin du gehien behera (2009ko udaberrian, %9; udan, %6; udazkenean, %3).

4. Seinala itzazu zure iritzian bakea lortzeko dauden oztopo nagusiak Errepikatu egiten dira aurreko galdeketetako erantzun-joerak: elkarrizketarik eza (%69) eta ETAren indarkeria (%56). Bigarren gai horri dagokionez, aipatzekoa da asko jaitsi dela 2009ko udaberritik hona oztopo nagusitzat zeukan herritarren portzentajea, orduan %72a zelarik. Hirugarren oztopoari —ilegalizazioak— dagokionez, gora egin du oztopotzat daukatenen portzentajeak ( %47, 2009ko udaberriko txosteneko %30aren aurrean). Horren atzetik datoz presoen sakabanaketa (%15) eta tortura (%10), eta zerrendaren amaieran ageri dira hautetsi publikoen aurkako mehatxuak (erantzunen %7). Azkenik, “Beste zenbait� atalean oztopo hauek daude, %17aren iritziz: alderdi politikoen interesak, alderdien eta ETAren borondaterik eza, nortasun-gatazka behar bezala ez kudeatzea, liderrik eza, Ezker Abertzaleko zenbait kideren espetxeratzea, eta Euskal Herriko eragileen arteko konfiantza edo enpatiarik eza.

5. Zure iritzian, badago giro egokirik beste bake-prozesu bati ekiteko? Balorazio positiboak gora egin du, pixkanaka, alor honetan ere: inkestatuen erdiak uste du badagoela giro egokirik beste bake-prozesu bati ekiteko; %26k, aldiz, ez du hala uste. Datu positibo honek bere biziko garrantzia du aurreko txostenen emaitzekin alderatzen badugu: inoiz ez da izan %35etik gorakoa baietz erantzun dutenen ehunekoa, 2009ko udarako datua, %24koa alegia, portzentajerik baxuena izan zelarik.

5


Beste bake-prozesu bat abiarazteko giro egokirik badagoela diotenek uste dute Ezker Abertzalearen jarrera berria aurrerapauso garbia dela bakearen bidean, eta nazioarteko babesak (Bruselako Adierazpena) sendotu egin duela urrats hori. Iazko udaz geroztik ETAk atentaturik egin ez izana eta borroka armatuari gizarteak ematen dion babesa murriztu izana ere alderdi positibotzat jotzen dituzte baikorrek. Beste bake-prozesu baterako giro egokirik ez dagoela diotenen artean, berriz, zuhurtzia da nagusi. Izan ere, aurreko bake-prozesuaren hausturak itxaropen asko zapuztu zituen. Ezker Abertzalearen aurrerapausoen ostean ETA isilik geratu izana da ezkor ageri direnen beste arrazoietako bat, baita Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako gobernuaren elkarrizketarako borondaterik eza ere.

6.1 Gobernuek bakeari eta normalizazioari eginiko ekarpenei buruzko balorazioa Beste behin ere, Nafarroako gobernuak jaso du baloraziorik eskasena: batez beste 1,8 nota eman diote, eta txartzat edo oso txartzat jo du haren ekarpena galdetegia erantzun dutenen % 93k. Haren atzetik —eta hurbil— datoz Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza (batez besteko notak, 2,19 eta 2,47, hurrenez hurren). Horrenbestez, txartzat edo oso txartzat jo du Espainiako gobernuaren lana galdetutakoen %92k, eta %87k Eusko Jaurlaritzarena. Gobernu horien lanarekin bat ez datozenek bakeari oztoporik ez jartzeko eskatzen diete, eta bereziki Eusko Jaurlaritzari, beste bake-prozesu bat gidatzeko ausardia.

6.2 Alderdi politikoek bakeari eta normalizazioari eginiko ekarpenei buruzko balorazioa Eusko Alkartasunak (batez besteko nota, 6,72), Aralarrek (6,47), Ezker Abertzaleak (5,76) eta Ezker Batuak (5,65) jaso dituzte baloraziorik onenak bakeari eta normalizazioari eginiko ekarpenak direla eta. 6


Nabarmena da, zenbait alderdien balorazio positiboaren (6tik 10era bitarteko puntuazioa) igoera eta beste batzuen beherakada. Lehenengo kasuan ditugu, Eusko Alkartasuna, honek galdetutakoen %53en balorazio positiboa jaso zuen 2009ko udaberrian; oraingoan, berriz, %75ena, balorazio onena jaso duen alderdia bilakatuz, eta Ezker Abertzalea, oraingoan alderdi honek % 53ren balorazio positiboa jaso du, eta 2009ko udan %64ren balorazio txarra edo oso txarra izatetik %30era jaitsi da udaberriko txostenean. Bigarren kasuan, balorazio positiboaren beherakadarekin, dugu EAJ, 2009ko udaberrian izandako %48tetik %36ra jaitsi da oraingo txosten honetan. Beraz, % 66k uste du txarra/erdipurdikoa (3tik 5era bitarteko puntuazioa) izan dela haren ekarpena azkeneko seihilekoan, hortaz, 4,95 du batez besteko nota txosten honetan. Baloraziorik okerrena jasotzen duten alderdiei dagokienez, berriz, ez dago aldaketa handirik: PSE-EE/PSNk, UPDk eta PPk 2,53, 1,36 eta 1,30eko puntuazioa jaso dute, hurrenez hurren. Eusko Jaurlaritzari eta PSE-EEri buruzko balorazioa oso antzekoa da, eta PPk jasotzen du baloraziorik txarrena.

Bake-prozesuaren eta normalizazioaren aldeko ekarpenak hobetzeko alderdiei egiten zaizkien proposamenetatik, bestalde, interes alderdikoien aurretik bakea lehenestea eskatzen zaie guztiei, eta gehiago pentsatzea irabazteko dugun horretan galdu litekeenean baino. Bazterketarik gabeko eta inposaketarik gabeko elkarrizketaren aldeko apostu argia eskatzen zaie, non alderdi politikoek behar diren arriskuak beren gain hartu ditzaten eta ausardiaz aritu daitezen bakea lortzeko ekinean.

6.3 Lokarrik bakeari eta normalizazioari eginiko ekarpenei buruzko balorazioa Lokarriren lanari buruzko balorazioari dagokionez, 8,08 izan du batez besteko nota. Oro har, ontzat/oso ontzat (7tik 10era bitarteko puntuazioa) jotzen dute erantzunek Lokarriren lana (%84), baita beharrezkotzat eta ikuspegi zabalekotzat ere; dena den, egiten dugun lanak eraginkortasun handiagoa izatea nahi dute herritarrek. Azkenik, hainbat eskaera ere egiten dituzte galdetegiari erantzun diotenek: beste talde batzuekin aliantzak egitea, alderdi politikoen jarduera eskasa bizikiago salatzea, sentikortasun handiagoa ETAren mehatxupean bizi diren hautetsiekiko...

7


7. Zure ustez, ETAk su-etena aldarrikatuko du datozen hiru hilabeteetan? Galdetegiari erantzun diotenen %23k uste dute su-etena aldarrikatuko duela ETAk, eta, horrez gain, ETAren zati batek ez duela onartuko su-etena eta erakunde hori zatitu egingo dela. %22k, bestalde, uste du Bruselako Adierazpenari jaramon egingo diola ETAk. Laburbilduz, erantzun dutenen ia erdiak uste du laster su-etena izango dugula. Uste horrekin bat ez datozenetatik, berriz, %21ek diote su-etena ez dela izango hilabete gutxi barru; %5ek, azkenik, ETA ez dagoela prest indarkeria uzteko. Aipatzekoa da %19k “ez daki/ez du erantzun� laukia hautatu duela.

8. ETAk su-etena aldarrikatzen badu, gobernuak erantzun egokia emango diola uste duzu? Galdetegia erantzun dutenen %43k uste dute gobernuak ez diola erantzun egokirik emango ETAren su-eten aldarrikapenari, esana baitu jada ez duela indarkeriaren aurkako estrategia aldatuko. %34ren iritziz, berriz, su-etena behin betikoa dela bermatzen bazaio emango du gobernuak erantzun egokia; %7k, berriz, ez daki/ez du erantzun, eta %5ak bakarrik uste du baliatuko dela gobernua su-etenak sor lezakeen aukeraz. Azkenik, %11k “Beste hainbat� laukia hautatu du. Bi iritzi desberdin ageri dira multzo horretan: batzuen ustez, gobernuak erantzun egokia emango du, azkenean, su-etena mesedegarri gerta baitakioke hauteskundeetan; beste batzuek diote, aldiz, bereari eutsiko diola gobernuak, PPren eta botoak galtzearen beldur delako.

9. Bakea lortzeko itxaropena egiaztatuz gero, prest zeundeke parte hartzeko? 2009ko neguko txostenean, galdetutakoen %87 zegoen prest era batera edo bestera parte hartzeko prozesuan bakea lortzeko aukera sendotuz gero; oraingoan, aldiz, %84ra jaitsi da portzentajea. % 84 horretatik, %53 mobilizatzeko prest legoke aukera berria zapuztu ez dadin; %31k, berriz, gertatzen denaz informazioa behintzat izan nahi luke. Ehuneko 8k dio agian hartuko lukeela parte, baina garbi diote prozesua bide onetik eramateko erantzukizuna ez dela euskal gizartearena, baizik eta ETArena, gobernuarena eta alderdi politikoena; %6, berriz, prest legoke mobilizatzeko baldin eta zerbaitetarako balio duela garbi ikusten badu; %2, azkenik, ez dago ezertan parte hartzeko prest, nahikoa etsipen jasan omen dute-eta jada.

8


Egindako ekarpen batzuk

Batez ere konturatu horrelako momentuak ezin dirala bere honetan usteltzen utzi...mesedez!!! Utopian sinetsi: bakea, hizki nagusiz, ideologia eta interes guztien gainetik jarri ETAk suetena eman beharko luke Alderdi bakoitzak bere identitatea eta egiteko moldeak atxiki behar baldin baditu ere, gero eta gehiago bakea lortzeko estrategia amankomunak jorratzera jo beharko lukete Lokarri kanpora lehio bat da, argia sartze usten duena, baina airea ere behar dugu, hortan zabiltzatela usted dut, zulo txikiak izan arren itotzetik salbatzen gaituztenak sortzen Hitz egin eta akordioetara iritsi beharko lukete eta ez hortan dabiltzatenak zigortu Alde guztietako pertsona minduak zaindu, sufrimendua elkarrizketaren muina bilakatu gabe Atzera bueltarik ez duen egoera berri bat sortzen ari da Bakea lehenengo helburua izan behar du beti

9


Bakeranzko prozesuaren egoeraren azterketa

Bakea lortzeko prozesuaren egoeraz hiru hausnarketa egiteko aukera eman digu bakeranzko prozesuaren Behatoki Sozialaren txosten honetarako zabaldu genuen galdetegiaren azterketak. Lehenbiziko hausnarketa atzera begira egin dugu, 2009ko udaberrian zegoen egoerarekin egungoa alderatuz; bigarrengoa, berriz, gaur egungo egoerari buruzkoa da; hirugarrena, azkenik, geroak ekar lezakeenaren aurreikuspena.

Alderaketa eta azterketa 2009ko udaberriaz geroztik argitaratutako bost txostenen alderaketak garbi erakusten du azken urtebetean izan den aldaketa: egoera zaila, lehen; orain, itxaropenaren berpiztea. 2009ko udaberrian, izan ere, egoera ilunean zegoen bakerako prozesua, blokeatuta, ez aurrera ez atzera. Ikuspegi ezkorra zuen gizarteak, eta ez zuen bakea iristeko aukerarik sumatzen. Inondik ere ez zuen uste gizarteak beste prozesu bat abiatzeko girorik zegoenik. Udan, berriz, okerrera egin zuen egoerak; blokeoa areagotu egin zen, eta oztopoa besterik ez zegoen bidean, aukera guztiak trabatzen. Gizartearen iritziz, gero eta okerragoa zen egoera, batez ere ETAren atentatu-kanpainagatik eta elkarrizketarik ezagatik. Udazkenean, egoerak ez zuen nabarmen egin hobera, ez baitzen aurrerapauso aipagarririk izan, baina azaldu zen berrikuntzaren bat —Ezker Abertzalearen barruko eztabaida, ETAren atentaturik eza...— , eta, horrekin batera, aukera berriak. 2010eko neguan, areagotu egin berrikuntza-giroa, eta baikorrago ikusten zuen gizarteak bake-prozesua. Are gehiago: beste bake-prozesu baterako baldintzak zehazten hasiak ziren, Mitchell Printzipioak onartu egin baitzituen Ezker Abertzaleak, batetik, eta ETAk su-etena aldarrikatzeko itxaropena baitzegoen, bestetik. Gizarteak, ordea, aukera berri horiek hornitzeko egintza zehatzak ere eskatzen zituen.

2010eko udaberriko egoera Bakea lortzeko eta elkarbizitza hobetzeko aukeraren hobekuntza hori berretsi egin du jasotako erantzunen azterketak. Hiru ardatz hauek ditu gizartearen uste horrek:

10


1- Egonkorra da bakerako prozesuaren egoera. Positiboa da egoera hori, batez ere duela urtebeteko hondamenarekin alderatuta. 2- Garrantzizkoena da duela urtebete baino aukera gehiago dagoela orain bakea lortzeko, eta horretarako giroa gero eta hobea dela. Uste horren euskarri nagusi dira datu hauek: Ezker Abertzaleak bide hutsik demokratiko eta politikoen alde egin izana; atentaturik eza; Bruselako Adierazpena (nazioartearen babesa) eta alde batzuen eta besteen arteko lankidetza-eremu berriak. 3- Beste bake-prozesu bat abiarazteko bidea irekitzen laguntzen du horrek guztiak. Nolanahi dela ere, zuhurtziaz jardun behar dugu, berriro ere etsipenak itxaropenak lausotu ez ditzan. Horretarako, hiru eremuotan behar dira aurrerapausoak: 1) elkarrizketa (oraindik ere uko egiten baitiote hitz egiteari bi gobernuek); 2) indarkeriaren amaiera (ETAk ez du txintik ere esan Bruselako Adierazpenaz eta Ezker Abertzalearen erabakiaz), eta 3) Ezker Abertzalearen legeztatzea, inor bazterrera utzi gabe elkarrizketari ekiteko eta Ezker Abertzaleak gainerakoen parean jarduteko politikagintzan.

Geroak zer ekarriko ote Bruselako Adierazpenak —nazioarteko zenbait buruzagik eta gatazka-konponketan aditu diren hainbatek sinatua— bi urrats hauek proposatzen ditu bake bidezkoa eta iraunkorra izateko: ETAren su-eten iraunkor eta egiaztagarria, eta gobernuak erantzun egokia ematea su-eten aldarrikapenari. Hilabete asko igaro baino lehen ETAk su-etena aldarrikatzea espero da, baina ETAko zati batek su-etenarekin bat ez egiteko eta erakundea zatitzeko arriskua ere hor daude. Dena den, ikusteko dago oraindik zer erantzuten dien ETAk su-eten eskariei. Gobernuen ekarpenari dagokionez, negatiboa izan da orain artean; oztopo gehiago ari dira jartzen bidean, eta ez dute beste bake-prozesu bati ekiteko batere asmorik edo gaitasunik ageri. Beraz, ez dago argi zer jarrera hartuko duten ETAk su-etenik aldarrikatzen badu. Indarkeriaren amaiera behin betikoa dela ikusten badute gobernuek, agian orduan egin lezakete ekarpen positiboren bat aukera berriez baliatzeko.

11


Lokarriren gomendio eta konpromisoak bake prozesu berri bat bultzatzeko Bakea lortzeko aukerak sendotu egin dira udaberrian, eta emandako urratsek areagotu egin dute uste hau: bakea erdiesteko aukera hurbilago dago. Dena den, apirilaren 3an (Behatokiaren 2009ko neguko txostenean) Lokarrik eginiko gomendioak berriz irakurtzen badituzue, oraindik ez direla bete ohartuko zarete. Proposatzen genuen, zehazki, Bruselako Adierazpenaren edukiak aintzat hartzeko ETAk eta gobernuak, hots, ETAk su-etena aldarrikatzeko eta gobernuak erantzun egokia emateko. Bi urrats horiekin, tinko egingo genuke aurrera bakerako bidean. Honenbestez, bakerako prozesuaren egoera aztertuta eta bakeranzko prozesuaren Behatoki Sozialak banatutako galdetegiaren erantzunetako ideiak aintzat hartuta, gomendio hauek egiten ditu Lokarrik:

1- ETAren su-eten aldarrikapena Bruselako Adierazpenaren aldeko 10.000 sinaduren aurkezpenean garbi esan zuen Lokarrik ahalik eta azkarren erantzun behar liokeela ETAk Adierazpenari, su-eten iraunkor eta egiaztagarri batekin erantzun ere. Aukera garbia dago orain blokeoa gainditu eta bake-prozesu erabakigarri eta itzulerarik gabeko baterantz jotzeko. Erantzuna asko berandutzen bada, aukera hau galtzeko arriskua dago. Lokarriren iritziz, lehenbailehen erantzun behar du ETAk, eta irailaren 30a baino lehen ez badu hala egiten, zaila izango da sortutako konfiantza eta ilusioari eustea handik aurrera, areagotu egingo baitira ETAren jarrerari buruzko zalantzak. Bestalde, ETA isilik egoteak ez lioke batere lagunduko Ezker Abertzaleari estrategia berria eraikitzen. Bruselako Adierazpenari azkar eta baietz erantzuteko behin eta berriro eskatuko dio Lokarrik ETAri, hala nahi baitu gizarteak. Su-eten iraunkorra, egiaztagarria, da lehenbiziko urratsa behin betiko bakea lortzeko eta konponbide-garai berri bati ekiteko.

2- Gobernuen eginkizuna: prozesuari ekitea eta hura gidatzea Espainiako, EAEko eta Nafarroako gobernuek oztopoak besterik ez dituzte jartzen konponbide-garai berri honetan: ez dituzte onartzen azkenaldi honetako aldaketak (Ezker Abertzalearen barrukoak, batik bat), eta lehengo estrategiari (bakeari batere laguntzen ez diona) eusten diote. Estrategia aldatu eta bakearen eta elkarbizitzaren aldeko bidean gidari izan daitezen eskatuko die Lokarrik hiru gobernuei, bi hipotesi hauek aintzat harturik: 1- ETAk su-eten iraunkorra eta egiaztagarria aldarrikatzen badu, gobernuen erantzun egokia lortzen saiatuko da Lokarri, Bruselako Adierazpenak proposatzen duen legez: agiri bat bidaliko die gobernuei, non bakearen alde gogotsu zergatik jardun behar duten azalduko dien, eta gizartea mobilizatzen saiatuko da, aukera berriaz baliatzeko eska diezaien agintariei.. 2- ETAk ez badu su-etenik aldarrikatzen, agiria bidaliko die Lokarrik gobernuei, jarrera proaktibo baten aldeko zenbait proposamen zehatzekin.

12


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.